21. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1350E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Otsagabiko Arau Subsidiarioak 2. poligonoko 558. lurzatian aldatzeari buruz, Jacar Logística SLk sustaturik.

Aldaketa hori Otsagabiko Udalak 2022ko irailaren 13an onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 29koan. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalak horri buruzko txostena eskatu dio Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Espedientearen dokumentazioan hirigintza-memoria (2022ko abuztua) eta planoak bildu dira, bai eta I. eranskina ere, autokontsumorako proiektu fotovoltaikoaren bideragarritasun azterlanari dagokiona (2021eko martxoa).

Aldaketaren helburua da hiri-lurzoruan ezarritako hotel-instalazioa instalazio fotovoltaiko batetik datorren energia berriztagarriko iturri batez hornitzea. Instalazio fotovoltaiko hori 2. poligonoko 558. lurzatian kokatuko da. Horretarako, herriko arau subsidiarioak aldatu behar dira, eta lurzoruaren azpikategoria aldatu: baso-lurzorua izatetik, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaina duen lurzorua izatera.

Lursaila Muskilda mendiaren mendebaldeko hegalean dago, Zatoia ibaiaren ibarraren hondoaren eta Muskilda inguruko basoen arteko trantsizio-espazio batean. Mendi-mazelaren ertzeko lur horiek, nekazaritza-jarduera utzi ondoren sastrakadi eta larre bihurtuak, trantsizio-espazioak dira eta baso itxura handiagoko inguruneen berezko ezaugarriak dituzte, horietatik sartzen baita zuhaixka-geruza, eta, aldi berean, nekazaritza- eta abeltzaintza-eremuetakoak. Beraz, aldaketa-proposamenak ez du ingurumen ukipenik eragiten, eta lurraren ezaugarrietara egokitzen da.

Sustatzaileak, aldaketa justifikatzeko, LAP-1eko irizpideak aplikatu ditu, 558. lurzatia barne hartzen duen "Zuhaixka-formazioak eta belar-formazioak" ingurumen unitateari buruzkoak. Horrela, eguzki-energiari loturiko jarduketak baimengarriak lirateke, betiere ongi orientatuak badaude eta balio handiko landare-formaziorik ez badago.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar bezala egin dela, eta proposatutako aldaketaren aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea proposatu du, uste baitu ez duela ingurumen ukipen nabarmenik eraginen, deusetan galarazi gabe Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak paisaiaren gainean egin ditzakeen gogoetak, planteatutako aldaketa baimentzean.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Otsagabiko Arau Subsidiarioak 2. poligonoko 558. lurzatian aldatzeari buruz, Jacar Logística SLk sustaturik, ingurumenaren gainean ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita, deusetan galarazi gabe Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak berak egin ditzakeen gogoetak. Ondorioz, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.2 artikuluan oinarrituz, ez da bidezkoa proposatutako aldaketari buruzko ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalari eta Otsagabiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2300269