21. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1258E/2022 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Utergako Arau Subsidiarioen aldaketari buruz (lurzoru urbanizaezina), Utergako Udalak sustaturik, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita.

Udalak 2022ko abuztuaren 23an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zen, dagokion epean, iragarkia argitaratu baitzen 2022ko 184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 15ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren helburua da udal eredua sendotzea, nekazaritza- eta baso-lurzoruek, ibai-sareak eta bide-sareak osatzen dutena, udalerriko ingurumen-, ekoizpen-, kultura- eta paisaia-balioa zaintzeko eta babesteko. Horretarako, lurzoru urbanizaezineko kategorien erabilera-araubidea aldatzea proposatzen da, energia berriztagarriak (eolikoa zein fotovoltaikoa) ezartzeari dagokionez. Beraz, aplikazio eremua lurzoru urbanizaezina da. Zehazki, aldaketa batzuk proposatzen dira gai hauei buruzko artikuluetan: baso-lurzorua (43. artikulua), nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaina duen lurzorua (44. artikulua), ukipen espezifikoak dituen lurzorua (45. artikulua) eta 47. artikulua (Eraikuntzako jarduerak eta erabilerak), instalazio fotovoltaikoak eta eolikoak ezartzea debekatzeko.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Utergako Arau Subsidiarioen aldaketari buruz (lurzoru urbanizaezina), ingurumen ukipenik ez duela iritzita. Sustatzailea Utergako Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Utergako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2300270