21. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1302E/2022 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen deialdia: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Tokiko Agenda 2030eko Tokiko Ekintza Plana gauzatzeko 2023. urtean". DDBN identifikazioa: 663015.

Tokiko Agenda 2030 udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikorako prozesu bat da, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Tokiko Ekintza Plana onartu ondotik, tokiko erakundeei dagokie plan hori garatu eta ezartzea. Nafarroako Gobernuak, ordea, interesgarri deritzo instituzio guztien jarduera bidera dadin jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa lortzera eta, beraz, egokia da agendako ekintzetarako laguntzen deialdi hau onartzea.

Hori dela eta, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi hau onestea, Tokiko Agenda 2030eko –lehengo Tokiko Agenda 21– Tokiko Ekintza Planaren proiektuak gauza ditzaten 2023. urtean.

2.–Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3.–Baimentzea 155.000 euroko gastua, transferentzia arruntetako proiektuetarako, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea" izeneko 740001 74100 4609 456303 partida, kreditu egokia eta nahikoa egoteko baldintzapean betiere.

4.–Baimentzea 260.000 euroko gastua, kapital transferentzietako proiektuetarako, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea" izeneko 740001 74100 7609 456202 partida, kreditu egokia eta nahikoa egoteko baldintzapean betiere.

5.–Ezartzea 150.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidarako, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea" izeneko 740001 74100 4609 456303 partida; horren arrazoia da aurrekontu kreditu erabilgarria handitzeko aurreikuspena.

6.–Ezartzea 200.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidarako, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea" izeneko 740001 74100 7609 456202 partida; horren arrazoia da aurrekontu kreditu erabilgarria handitzeko aurreikuspena.

7.–Aurrez aipatu diren gehieneko zenbateko gehigarri horiek ezartzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Gehikuntza hori izan dadila eskuragarri dagoen aurrekontu kreditua sortzearen, areagotzearen edo erantsi izanaren ondorio.

–Aipatutako kreditu gehigarri hori deialdi hau onartu eta baimendu duen organo berak onartu izana.

–Aipatu baimen hori deialdi honetako baldintza berberetan argitaratzea.

–Argitalpen hori deialdi honen ebazpena eman aurretik egitea.

8.–Deialdi hauek bidaltzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

8.–Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki erakundeei Tokiko Agenda 2030eko proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak emateko deialdiarenak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da laguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, horien bidez sustatzeko toki erakundeek 2023. urtean gauza ditzaten Tokiko Agenda 2030eko –lehengo Tokiko Agenda 21– Tokiko Ekintza Planetan jasota dauden proiektuak edo ekintzak. Helburua da tokiko kudeaketa modu integratuan eta jendearen parte-hartzearekin hobetu eta toki erakundeen jasangarritasuna areagotzea.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1.–Diruz lagungarriak izanen dira toki erakundeen Tokiko Agenda 2030eko Tokiko Ekintza Planetan jasota dauden proiektuak edo ekintzak, eta, horretarako, honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Jarduketak Tokiko Agenda 2030eko Tokiko Ekintza Planekoak edo Tokiko Agenda 21ekoak izatea.

b) Jarduketa bakoitzarekin batera, hura gauzatzeko beharrezkoak diren aurretiazko baimenak edo administrazio baimenak aurkeztu beharko dira.

c) Jarduketek izan behar dute jasangarriak eta estrategikoak, herritarrentzako eredugarriak eta, toki erakundearen kudeaketa jasangarriari begira, transferigarriak. Jarduketa bakoitzean, jasangarritzat hartzeko alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak justifikatuko dira.

d) 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 2ra bitartean gauzatu eta ordaindu beharko dira.

2.–Proiektuek eta ekintzek hurrengo multzo hauetako batean sartuta egon beharko dute:

a) Klima-aldaketa: arintzea eta horretara egokitzea.

b) Azpiegitura berdeko proiektuak: paisaia lehengoratzeko jarduketak, naturaguneei balioa ematea eta hiriguneak naturalizatzea.

c) Aurrezki eta efizientzia irizpideak baliabideen kontsumoan, eta hondakinak minimizatzea.

d) Uraren kudeaketa: ur-sareen efizientzia (kontrol-gailuak eta kontagailuak).

e) Hurbileko kontsumoa. Elikadura eta energia burujabetza. Tokiko ekonomia jasangarria.

f) Mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna.

g) Gizarte kohesioa eta integrazioa: honako hauek bultzatzeko ekintzak: gutxiengoen integrazioa, gizarte berdintasuna, gizartetik baztertuak izateko arriskuan daudenak kontratatzea, genero berdintasuna, gizarte-harremanak, aisialdiko harremanak, adinekoek ariketa fisikoa egitea eta abar laguntzen duten ekintzak.

h) Adinekoekin atseginak diren herriak, hiriak eta auzoak (aire zabaleko hiri espazioak, eraikinak, etxebizitza, garraioa, komunikazioa eta informazioa).

i) Herrien despopulazioa eragozteko jarduketak.

Hirugarrena.–Erakunde onuradunak.

1.–Tokiko Agenda 2030 onetsia duten Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, horretarako eskumena duen udal organoak edo udalez gaindiko organoak hartutako erabakiaren bidez.

2.–Nafarroako Foru Komunitateko mankomunitateen kasuan, onuradun izan daitezke, baldin eta laguntza eskatzen badute zeinek bere Tokiko Agenda 2030 onetsian sartuta dituen udalez gaindiko proiektuak gauzatzeko.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo tokiko korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, eta hogei egun naturaleko epean aurkeztuko da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nahitaez telematikoki aurkeztuko dira dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Bosgarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio batzorde tekniko batek ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

Batzordeko burua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Batzordeko idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Batzordeko kidea: Europako Proiektuen eta Tokiko Jasangarritasunaren Ataleko burua, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Seigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1.–Eskaera harturik, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztia erantsi ote den egiaztatuko da. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2.–Balorazio Batzorde Teknikoak txosten arrazoitua eginen du proiektu bakoitzari emandako puntuazioei buruz.

3.–Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

4.–Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu baten bidez eman edo ukatuko dira dirulaguntzak. Laguntzak puntuazio-hurrenkeraren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektu diruz lagungarrirako diru aski ez badago aurrekontuan, dagoen zenbateko erabilgarria emanen zaio aurrekontuko saldoa ahitu arte.

Aurrekontuan aski kreditu ez egoteagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten erakunde onuradunen zerrenda agertuko da ebazpenean.

5.–Prozeduraren gainean ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zazpigarrena.–Laguntza motak eta proiektu kopurua.

1.–Transferentzia arruntetako eta kapital transferentzietako proiektuetarako eskatzen ahalko dira dirulaguntzak. 2. eranskinean adierazi beharko da hori.

2.–Oro har, tokiko agendaren onuradun izateko eskatzaile bakoitzak tokiko agendako hiru proiektu edo ekintza aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, gehienez:

a) Tokiko Agenda 2030eko edo 21eko proiektuentzako kapital transferentzietako bat.

b) Tokiko Agenda 2030eko edo 21eko proiektuentzako transferentzia arruntetako bi.

c) Hamar udalerri edo gehiago biltzen dituzten agendek bi eskaera aurkezten ahalko dituzte kapital transferentzien proiektuetarako eta lau transferentzia arrunten proiektuetarako.

3.–Aurrez adierazitakoak baino eskaera gehiago aurkeztuz gero, agenda bakoitzari dagokion gehieneko kopurua adina onartuko dira, honako irizpideen arabera:

a) Lehenik, agendaren erakunde titularrak aurkeztutakoek izanen dute lehentasuna.

b) Ondotik, lehentasuna izanen dute deialdi horretako dirulaguntzarik jaso gabe denbora gehien daramaten erakundeek.

c) Azkenik, lehentasuna izanen dute aurrekontu handiena duten proiektuek.

Zortzigarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, ondoko dokumentazio hau erantsiko zaio eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharreko eskaerari:

1.–Dirulaguntza aplikatu nahi zaion proiektuaren memoria teknikoa; bertan honako informazio hau agertu behar da, gutxienez:

a) Sarrera, justifikazioa.

b) Helburuak. Tokiko estrategiekiko lotura.

c) Ekintzak.

d) Kronograma.

e) Espero diren emaitzak.

f) Aurrekontua: gastuaren kontzeptua zehaztuta.

2.–2.eranskina: Agenda 21eko proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea, guztiz beteta.

3.–3. eranskina: dagokion fitxa eta balorazio irizpideak egiaztatzeko behar diren dokumentuak. Puntuak jaso behar dituela aurreikusten den ataletan justifikazio labur bat idatzi behar da, gehienez 40 hitzekoa.

4.–4. eranskina: alderdi hauen gaineko erantzukizunpeko adierazpena:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

b) Bigarren oinarrian, 1.a eta 1.b puntuetan, jasotzen diren aurretiazko baldintzak betetzea.

5.–5. eranskina: erakunde eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, erakunde interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean (eskabide orokorra), adieraziz zer dokumentu den eta zer administrazio espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalen bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haietan sartzeko.

Bederatzigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuak, ekintzak edo obrak bukatutakoan, eta betiere 2023ko azaroaren 2ra arte, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan:

1.–Egindako jardueraren memoria, emaitzen adierazleak barne. (gutxienez 2 adierazle)

2.–Egindako ekintzak erakusten dituzten argazkiak. (gutxienez 3 argazki)

3.–Jarduerak aurrera eramatean editatutako material grafikoa, halakorik bada.

4.–Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda, udaleko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturetarako, eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada, zuzenbideak onartutako edozein bitartekoren bidez.

5.–6. eranskina, betea eta sinatua.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

Hamargarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak: transferentzia arruntetako proiektuak.

Eragiketa arrunten ondoriozko jarduketak behar dute izan, aurkeztutako proiektuarekin lotutakoak, hala nola azterlanak edo proiektuak, langileria-gastuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar.

Hamaikagarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak: kapital transferentzietako proiektuak.

Inbertsiotzat hartzen diren jarduketak behar dute izan, hau da, bideratuak daudenak honako hauek sortu edo eskuratzera: kapital-ondasun edo zerbitzu inbentariagarriak, beharrezkoak direnak zerbitzuen funtzionamendu operatiborako, eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak. Inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira. Horrenbestez, kanpoan geldituko dira langileria gastuak eta gastu arruntak.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.–Proiektu edo ekintza bakoitzerako dirulaguntza izanen da Balorazio Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren %70ekoa. Puntuazio handienetik txikienera banatuko dira, zazpigarren oinarrian adierazitakoaren arabera, dagoen aurrekontua bukatu arte.

2.–Azken proiektu edo ekintzarako behar beste kreditu ez badago onartu zaion aurrekontuaren %70 emateko, aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua emanen zaio.

3.–Transferentzia arruntetako proiektuen kasuan, proiektu edo ekintza bakoitzari emanen zaion dirulaguntza ez da inoiz 7.000 eurotik gorakoa izanen.

4.–Kapital transferentzietako proiektuen kasuan, proiektu edo ekintza bakoitzari emanen zaion dirulaguntza ez da inoiz 20.000 eurotik gorakoa izanen.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1.–Deialdi honen xede diren transferentzia arrunten proiektuetarako dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidan dagoen aurrekontu kreditua bukatu arte; partida hori 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea izanen da: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Agenda 21eko/Tokiko Agendak 2030eko ekintza planetarako: NELS sarea" izeneko 740001 74100 4609 456303 partida.

2.–Deialdi honen xede diren kapital transferentzien proiektuetarako dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidan dagoen aurrekontu kreditua bukatu arte; partida hori 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea izanen da: "Toki erakundeentzako dirulaguntza, Agenda 21eko/Tokiko Agendak 2030eko ekintza planetarako: NELS sarea" izeneko 740001 74100 7609 456202 partida.

3.–Transferentzia arruntetako proiektuek eta kapital transferentzietakoek balorazio irizpide berdinak izanen dituzte. Honako hauek dira:

Jasangarritasuna baloratzeko irizpideak: gehienez ere 60 puntu:

1. azpiapartatutik 20.era artekoetan, azpiapartatu bakoitzean zero puntu emanen da baloraziorik merezi ez duenean, puntu bat balorazio txikia badu, bi puntu balorazio ertaina badu, eta hiru puntu balorazio handia badu.

a) Ingurumen arloko onura:

1.–Hondakinen kudeaketan.

2.–Mugikortasunaren kudeaketan.

3.–Uraren kontsumoaren kudeaketan eta murrizketan.

4.–Biodibertsitatearen sustapena eta espazio degradatuen lehengoratzea eta kontserbazioa.

5.–Ingurumena eta horren ezagutza errespetatzen duten ohiturak sustatzea.

b) Onura ekonomikoa:

6.–Ondare publikoaren hobekuntza.

7.–Tokiko ekonomiarako onura.

8.–Lanpostuak sortzea.

9.–Karbono gutxiko ekonomia sustatzea.

10.–Ekonomia zirkularra sustatzea.

c) Onura soziala:

11.–Genero berdintasuna eta sexu joera.

12.–Jatorri, arraza edo adinagatiko diskriminazioaren aurkako ekintzak.

13.–Pobrezia energetikoaren kontrako ekintzak.

14.–Garraio publikoaren hobekuntza eta mugikortasun inklusibo eta jasangarria.

15.–Zahartze aktiboaren aldeko ekintzak eta bizimodu osasungarriak sustatzea.

d) Proiektuaren balorazio orokorra:

16.–Erakundearen plangintzarekiko koherentzia.

17.–Berrikuntza.

18.–Eragina, eraldatzeko gaitasuna.

19.–Transferitzeko, egokitzeko eta errepikatzeko aukerak.

20.–Publikoak ez diren entitateen inplikazioa, eta erabakiak hartzeko orduan dagoen parte-hartze komunitarioa.

Balorazio orokorrerako bestelako irizpideak:

a) Proiektuaren eremuaren tamaina: 2 puntu gehienez.

1.–2 puntu: 5.000 biztanle baino gutxiagoko erakundeak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

b) Udal lankidetza: 2 puntu gehienez.

1.–2 puntu: udalerri bat baino gehiago ukitzen duten proiektuak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

c) Euskararen erabilera edo tokiko ondare immaterialaren sustapena: 2 puntu, gehienez.

1.–2 puntu: euskararen erabilera bermatzen duten edo tokiko kultur ondare immateriala sustatzen duten proiektuak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

d) Despopulatze- eta zahartze-indizeak: 2 puntu, gehienez.

1.–2 puntu: kilometro karratuko 25 pertsona baino gutxiagoko populazio dentsitatea duen eskualde bateko erakundeen ekintzak.

2.–2 puntu: 60 urtetik gorako biztanleen portzentajea %25etik gora duten eremuetako proiektuak.

3.–0 puntu: beste kasu batean.

e) Sareetako kide izatea: 2 puntu, gehienez.

1.–2 puntu: Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeetako jasangarritasun sareetako, Adinekoekiko Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Sareko edo antzekoetako entitateen agendetako proiektuak eta Klimaren eta Energiaren Aldeko Alkate Ituna izenpetu duten erakundeenak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

f) Aparteko puntuazioa: 5 puntu, gehienez.

Transferentzia arrunten proiektuen zein kapital transferentzien proiektuen artean, hurrengo proiektuei bost puntu gehigarri emanen zaizkie.

1.–Klima-aldaketaren arloko proiekturik onena.

2.–Mugikortasun jasangarriaren arloko proiekturik onena.

3.–Azpiegitura berdearen edo biodibertsitatearen arloko proiekturik onena.

4.–Ekonomia zirkularraren arloko proiekturik onena.

Puntuazioetan berdinketarik balego, aintzat hartuko litzateke a) apartatuko irizpidearen balorazioa, eta berriro berdinduz gero, b) apartatukoa, eta horrela, hurrenez hurren, ordena alfabetikoari jarraikiz, berdinketa hautsi arte.

Hamalaugarrena.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

1.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatzea, gertatzen den unean, proiektuaren gauzatzean izandako edozein gorabehera, berekin dakarrena aldaketaren bat edukian edo kostuan. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, salbu berariaz bere gain hartzen badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko du, idatziz, edozein aldaketa proiektua gauzatzean, aldaketa funtsezkoa nahiz formazkoa izan.

2.–Proiektuak edo ekintzak 2023ko azaroaren 2a baino lehen gauzatu eta ordaintzeko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak toki erakundearen aldeko ordainketa agindua 2023ko ekitaldian eman dezan, toki erakundeak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3.–Dirulaguntza jasotzen duten proiektu edo ekintzen kontrataziorako prozedura tramitatzeko konpromisoa, horren fase guztietan, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik gauzatzeko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak egitekoa ere; hori guztia, lanen hasieratik haien behin betiko harrera egin arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzule bakar-bakarra izanen da, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

Edonola ere, erakunde onuradunak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte kontrata dezake.

4.–Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea:

a) Onartzea organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek –Espainiakoek nahiz Europar Batasunekoek– egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

b) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

5.–Proiektu edo ekintza guztiek, dirulaguntzen deialdi honen babesean egiten badira, genero ikuspegia hartu beharko dute kontuan, testuetan eta irudietan diskriminazioa dakarren elementurik erabili gabe.

Hamabosgarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Laugarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako zenbatekoa duen dirulaguntza ordainduko da. Ez bada frogatzen onetsitako proiektuaren arabera egin direla lanak, dirulaguntza gutxitu eginen da, gauzatutako proiektuaren proportzioan.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, erakunde onuradunak helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Era berean, erakunde onuradunak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eman beharko dio jasotzen dituen dirulaguntza ez bestelako diru sarrera eta finantzabide guztien berri, diruz lagundutako jarduketaren finantzaketa gehiegizkoa izan ez dadin.

Hamazazpigarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Erakunde publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hemezortzigarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko, edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Hogeigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da.

Hogeita batgarrena.–Erakunde onuradunaren publizitate betebeharrak.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da proiektua Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatuta dagoela.

Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez aldatu baitzen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena. Logotipoa erabili aurretik, dirulaguntzaren onarpena tramitatu duen instrukzio unitateari jakinarazi beharko zaio. Zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko dirulaguntzek zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko estrategiaren logotipoa eraman beharko dute gauzatzen dituzten ekintzetan.

Kasua bada, kartelen kostua proiektuaren kostuaren barrenean sartzen ahalko da.

Hogeita bigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea.

3. eranskina.–Balorazio irizpideak egiaztatzeko fitxa.

4. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

5. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea.

6. eranskina.–Adierazpena, honako hauei buruz: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzea eta gastuak eta diru-sarrerak.

Deskargatu 2., 3., 4., eta 6. eranskinak (DOC).

Deskargatu 5. eranskina

7. ERANSKINA

Tokiko Agendako ekintzak gauzatzeko laguntzen deialdian puntuazioa emateko prozedura eta balorazio irizpideak

Deialdiaren balorazioa bere bost atalen arabera egiten da:

1.–Ingurumenari buruzko atala.

2.–Atal ekonomikoa.

3.–Atal soziala.

4.–Proiektuaren balorazio orokorrari buruzko atala.

5.–Beste balorazio-irizpide batzuk.

6.–Puntuazio gehigarria.

Atal bakoitzean bost azpiatal daude. Atal bakoitzeko puntuazioa lortzeko, bost azpiataletan lortutako puntuak batu behar dira.

Bosgarren atalean irizpide bakarra da erakundeak eta proiektuak azpiatal bakoitzean deskribatutako irizpidea betetzen duten.

Puntuazio gehigarria emanen zaie Klima Aldaketa, Mugikortasun Jasangarria, Azpiegitura Berdea edo Biodibertsitatea eta Ekonomia Zirkularra arloetan ondoen baloratutako proiektuei.

Lehenengo lauetan, honako prozedura honi jarraituz emanen da puntuazioa, eskatzaileak bigarren eta hirugarren eranskinetan aurkeztutako informazioa eta lotutako memoria teknikoa kontuan hartuta:

–Zero puntu, proiektuak ez badu lotura tematikorik kontuan hartutako azpiatalarekin.

–Puntu bat, lotura duenean, baina puntuazio handiagorik merezi ez duenean.

–Bi puntu, lotura badu eta puntuazio handiagoa merezi badu.

–Hiru puntu, azpiataleko gaia bada aurkeztutako proiektuaren xede nagusia, eta puntuazio altua merezi badu.

Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

a) Ingurumen arloko onura:

AZPIATALA

BALORAZIO IRIZPIDEA

1. Hondakinen kudeaketan.

Lehentasuna ematea hondakinen sorreraren prebentzioari eta minimizatzeari; ondoren, hondakinak berrerabiltzea eta, azkenik, birziklatzea.

2. Mugikortasunaren kudeaketan.

Mugikortasuna murriztea eta mugikortasun-sistema kolektiboak garatzea sustatzea eta energiaren eta materialen erabileran haien efizientzia hobetzea.

3. Uraren kontsumoaren kudeaketan eta murrizketan.

Uraren kontsumoa murriztea, galerak minimizatzea eta kudeaketaren efizientzia hobetzea.

4. Biodibertsitatearen sustapena eta espazio degradatuen lehengoratzea eta kontserbazioa.

Naturaguneak edo gune naturalizatuak sustatzea, bereziki hiri-eremuan eta hiri-periferian. Herritarrek horiei buruz eta zerbitzu ekosistemikoen garrantziaz duten ezagutza hobetzea. Hiri-espazio edo hiri-periferiako espazio degradatuak lehengoratzea edo birnaturalizatzea.

5. Ingurumena eta horren ezagutza errespetatzen duten ohiturak sustatzea.

Natura-ondarearen ezagutza sustatzea, hirikoa nahiz hiritik kanpokoa, baita herritarren ekintzak ondare horretan eta kliman duten inpaktua eta ondare hori kontserbatzen edo hobetzen laguntzen duten ohiturak ere. Bereziki, klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari dagokionez.

b) Onura ekonomikoa:

AZPIATALA

BALORAZIO IRIZPIDEA

6. Ondare publikoaren hobekuntza.

Ondare material publikoa hobetzea eta kontserbatzea, diruz lagundutako jarduerak zuzenean eraginda.

7. Tokiko ekonomiarako onura.

Zirkuitu laburrak, tokiko produktuen kontsumoa eta tokiko establezimenduetan kontsumitzea sustatzea. Tokiko ekoizpena eta, bereziki, turismo jasangarria sustatzea.

8. Lanpostuak sortzea.

Diruz lagundutako jarduerak eragin positiboa izanen du kalitatezko lanpostuak sortzeko edo kontserbatzeko, jarduera gauzatzen den alditik harago.

9. Karbono gutxiko ekonomia sustatzea.

Energia-kontsumoa murrizten duten jarduera ekonomikoak sustatzea, energia-kontsumoaren efizientzia hobetzea, energia berriztagarriak ekoiztea eta mugikortasun elektrikoa sustatzea.

10. Ekonomia zirkularra sustatzea.

Materiaren, uraren eta energiaren zikloak ixten dituzten jarduera ekonomikoak sustatzea. Materialak partekatzea, berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea esan nahi du. Bizi-zikloa hobetuz, hondakinen ekoizpena minimizatuz eta ziklo ekonomikoan txertatzeko baliabide gisa balioetsiz.

c) Onura soziala:

AZPIATALA

BALORAZIO IRIZPIDEA

11. Berdintasuna generoaren eta sexu joeraren alorrean.

Eskubide-berdintasuna sustatzen duten ekintzak, emakumearen eta LGTBI kolektiboen irudia hobetzen dutenak, haien ahalduntzea sustatzen dutenak eta desberdintasunak salatzen dituztenak.

12. Jatorri, arraza edo adinagatiko diskriminazioaren aurkako ekintzak.

Etorkinen, pertsona arrazializatuen eta adinekoen kolektiboen eskubide-berdintasuna, irudia hobetzea, haien ahalduntzea sustatzen duten eta desberdintasunak salatzen dituzten ekintzak.

13. Pobrezia energetikoaren kontrako ekintzak.

Pertsona zaurgarriek energia-horniduran dituzten zailtasunak arintzeko ekintzak.

14. Garraio publikoaren hobekuntza eta mugikortasun inklusibo eta jasangarria.

Garraio publikoa, mugikortasun partekatuko sistemak eta beste irtenbide batzuk sustatzea, arrazoi ekonomikoengatik, osasunagatik, adinagatik eta abarrengatik zailtasunak dituzten pertsonentzat, batez ere despopulatze- eta zahartze-maila handia duten eskualdeetan.

15. Zahartze aktiboaren aldeko ekintzak eta bizimodu osasungarriak sustatzea.

Bizi-kalitate hobea lortzeko ohitura osasungarriak ezagutu eta bereganatzea sustatzea, batez ere adinekoen artean. Osasunarekin, gizarte-harremanekin eta ongizate afektibo, sozial eta ekonomikoarekin lotua.

d) Proiektuaren balorazio orokorra:

AZPIATALA

BALORAZIO IRIZPIDEA

16. Erakundearen plangintzarekiko koherentzia.

Ekintza bat dator tokiko eta eskualdeko estrategiekin: tokiko agenda 2030, PACES, S4, eta beste batzuk

17. Berrikuntza.

Ekintza berritzailea da Nafarroan, toki erakundearen eskualdean edo toki erakundean bertan.

18. Eragina, eraldatzeko gaitasuna.

Ekintzak aldaketa iraunkorrak eragiten ditu prozesu sozial eta ekonomikoetan, eta benetako berrikuntza soziala sustatzen du. Aldaketak hezkuntzan, antolaketan, ezagutzan, prozesuetan, etab.

19. Transferentziarako, egokitzeko eta errepikatzeko aukerak.

Ekintza ulergarria da, dituen ezaugarriengatik inguruko eta Nafarroako beste herri batzuetan ezar daiteke, eta komunikatzeko moduak deskribatzen dira.

20. Publikoak ez diren entitateen inplikazioa, eta erabakiak hartzeko orduan dagoen parte-hartze komunitarioa.

Herritarrak ordezkatzen dituzten eta espazio publikoan parte hartzeko duten gaitasuna bideratzen duten entitateek parte hartzen dute ekintzan. Ekintza publikoan herritarren iritzia kontuan hartzen da.

Iragarkiaren kodea: F2217119