21. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

1E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Arazuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa xehatuaren espedientea, etxe-sailen zehaztapen geometrikoari buruzkoa eta etxe-sail guztien fitxa xehatuen eranskin bat gehitzen duena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 9ko 101E/2021 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Arazuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko bi espedienteren tramitazioari: bata, balio anitzeko erabilerari eta 6. etxe-sailari buruzkoa, eta bestea, gauzatutako bideen egokitzapenari eta etxe-sailen zehaztapen geometrikoari buruzkoa, non integratzen baita Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez onetsitako xehetasun azterlanaren edukia. Bi espediente horiek Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu ditu.

Ebazpen hori 2022ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3koan.

2022ko abenduaren 1ean, Nasuvinsak, ikusirik lehen aldaketaren tramitazio aldia luzeagoa izan litekeela, eskabide bat aurkeztu zuen, bi espedienteen ebazpena bereizteko eskatuz.

Aztergai dugun aldaketa-espedientea goian aipatutako bigarren espedienteari buruzkoa da, eta UPSaren I. zonari baino ez dio eragiten. Haren helburua da Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko osoko bilkuraren erabakiaren bidez onetsitako xehetasun azterlanaren edukia erregularizatzea. Azterlan hori irregularki tramitatu zen, xehetasun azterlan baten irismenetik eta xedetik harago dauden determinazio arautzaileak zituelako eta Udalak ez zuelako horretarako legitimaziorik.

Xehetasun azterlana tramitatu zen Arazuri-Orkoiengo UPSan ezarritako lerrokadurak benetan egikaritutako bideen banaketara egokitzeko xedez, eta, I. Zonako – A eta B eremuak – etxe-sailen zehaztapen geometrikoan sartzen diren aldaketen ondorioz, UPSaren araudiko 36., 37., 38., 53., 56., 63. eta 67. artikuluen aldaketa ere jasotzen zuen, baita etxe-sail bakoitzerako fitxa xehatuen eranskin bat ere.

Aldaketa-espediente honetan, denboraren joanak eta atzemandako akatsak zuzentzeko beharrak eragindako aldaketa txiki batzuk ere sartu dira.

Espedientearen jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren tramiteen barruan –aldi berean egin dira bi tramite horiek–, Oltza Zendeako udalek eta Orkoiengo Udalak alegazio-idazkiak aurkeztu zituzten. Bi idazkiak lehenengo aldaketa-espedienteari buruzkoak dira, balio anitzeko erabilerari eta 6. etxe-sailari dagokiona. Idazki horiek aztertu eta ebatziko dira espedienteari amaiera ematen dion ebazpenean, baina ez dute inolako alegaziorik biltzen ebazpen honen xede den espedienteari buruz.

Espedientean, Ingurumen Eraginaren Atalaren 2021eko urriaren 8ko txostena jaso da, zeinaren arabera jarduketa ez baitago sartuta ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan.

Era berean, Iruñerriko Mankomunitatearen, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aldeko txostenak daude, hurrenez hurren, 2021eko irailaren 22an, azaroaren 11n eta azaroaren 23an emanak.

2022ko maiatzaren 2an, Nasuvinsak aldaketa-dokumentu berria aurkeztu zuen, hasierako ebazpenean ezarritako gogoetei erantzunez. Horien ondoriozko aldaketei dagokienez, adierazi behar da aldaketa-espediente honetan sartu direla, halaber, 10. etxe-sailaren lerrokadurak, zeinak Oltza Zendeako Udalak 2001eko otsailaren 8an egindako bilkuran onetsitako xehetasun azterlanean jaso baitziren, erregularizatzeko asmoz eta, bereziki, indarrean jarrai dezaten aldaketa-espediente hau onetsitakoan; izan ere, aldaketa-espediente honetan beste lerrokadura batzuk finkatzen ziren etxe-sail horretarako.

Azken batean, espediente honek Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko eta 2001eko otsailaren 8ko osoko bilkuretan hartutako erabakien bidez onetsitako xehetasun azterlanen edukia erregularizatzen edo integratzen du.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2022ko abenduaren 21eko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea Arazuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren espedientea, etxe-sailen zehaztapen geometrikoari buruzkoa, eta etxe-sail guztien fitxa xehatuen eranskin bat gehitzen duena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

2. Sustatzaileak espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko du.

3. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

4. Ebazpen hau, espedientearen araudiarekin batera (eranskin gisa jaso da), Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Onetsitako dokumentua Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuragarri egonen da.

5. Ebazpen hau Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 10ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2300568