1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
10E/2023 FORU AGINDUA, irailaren 26koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko 2023. urteko Gazteria Sarien deialdia egiten duena, eta saria ematea arautzen duten oinarriak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 718538.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.4 artikuluak xedatzen duenez, "gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Gazteria Sariak emanen dira horretarako".
Otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak; beren helburua da aitortza ematea gazteriaren arloan zerbitzuak ematen egindako ibilbide bati eta izan diren jarduketa nabarmenei, berdin pertsonek, elkarteek, instituzioek eta entitate publiko zein pribatuek eginak izan. Era berean, 4. artikuluan ezartzen da emateko prozedura, eta berariaz adierazten da, 2. apartatuan, Gazteria Sarien deialdia egiten duen foru aginduan hauek zehaztuko direla: kategoriak, hautagaitzak aurkezteko epeak eta emateko prozedura. Aipatu foru dekretuaren azken xedapenetako lehengoak ahalmena ematen dio gazteriaz arduratzen den departamentuari hura garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.
2023an Gazteria Sariak emateko prozedura arautu eta artikulatzeko asmoz, beharrezkoa da sari horiek emateko deialdiaren oinarriak ezarriko dituen foru agindu bat onestea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea 2023. urtean Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak ematea arautzen duten oinarriak, zeinak foru agindu honen eranskinean ageri baitira.
2. Gehienez 7.500 euroko gastua baimentzea, sarien hiru kategoriei dagozkien sariak emateko, Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorretako "Sariak, lehiaketak eta sariketak" izeneko 090002 09100 4809 232105 partida ekonomikoaren kontura.
3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu hau Nafarroako Gazteriaren Institutura, idazkaritza tekniko nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, eta departamentuko kontu-hartzailetza delegatura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko irailaren 26an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 2023.
URTEKO GAZTERIA SARIAK
OINARRIAK
1.–Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko 2023. urteko Gazteria Sarien deialdiaren oinarriak ezartzea.
Sari horien helburua da pertsonen edo kolektiboen (formalki eratu gabeko taldeak, elkarteak, erakundeak eta entitate publiko edo pribatuak) ibilbideak eta lanak nabarmentzea, Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia, berdintasuna eta bizi-kalitatea bultzatzeko balio izan dutenak.
2.–Hautagaitzak aurkeztea.
Erakundeek, entitateek, elkarteek eta edozein pertsona fisikok edo juridikok aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak.
Honako hautagaitza hauek aurkezten ahal izango dira sari horiek lortzeko:
–Gazteak, norbanaka hartuta.
–Gazteriaren arloan aritzen den edozein entitate publiko edo pribatu.
–Gazteriaren arloan aritzen diren elkarteak edo elkarturik ez diren pertsona taldeak.
3.–Kategoriak.
1. Sariak kategoria hauetan emanen dira:
–Gazteari saria. Nafarroako 14 eta 30 urte arteko gazte bati emanen zaio, zeinaren ibilbidea balio sozialei (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizimodu osasungarria, e.a.) lotuta baitzaie, eta beste gazte batzuentzat erreferentea baita.
–Parte-hartze sozialaren saria. Gazteriaren parte-hartze soziala edo garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean parte-hartzea bultzatzen duen talde edo elkarte bati emanen zaio. Haren jarduketa-eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Beste lurralde batekoa bada, haren jarduerak inolako zalantzarik gabe Nafarroarekin lotuta egon beharko du.
–Saria erakunde edo entitate bati. Erakunde edo entitate publiko edo pribatu bati emanen zaio, nortasun juridikoa duena eta helbidea Nafarroan duena, gazteriaren alde aritzen dena, eta gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzen dituena. Haren jarduketa, lehentasunez, Nafarroako gazteei zuzendua izanen da.
2. Aurrekoa ukatu gabe, Nafarroako Gazteriaren Institutuak zilegi izanen du, nahi izatera, aipamen bereziaren saria ematea, gazteriaren arloan eragin esanguratsua eduki duten gertaerak nabarmentzeko.
3. Halaber, aipatutako kategoria bat edo batzuen saria eman gabe uzten ahal da.
4.–Agiriak eta aurkezteko epea.
1. Sariak emateko proposamenak eskaera-orriaren bidez aurkeztuko dira (II. Eranskina). Orri hori Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrian dago (www.juventudnavarra.es/eu). Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hautagaitza behar bezala ebaluatzeko, eskatzen ahalko ditu egoki jotzen dituen dokumentazio edo argibide guztiak.
2. Sariak emateko proposamenak aurkeztu ahal izanen dira oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita eta 2023ko urriaren 31 arte. Proposamenak lehentasunez Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira. Horrez gain, eskaera aurkez daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuta.
5.–Sariak emateko prozedura.
1. Sari horiek emateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketako zuzendaritzak batzorde tekniko bat izendatuko du, eta ebazpen baten bidez aholkularitza batzorde bat eratuko du. Batzorde horretan gazteriaren arloan aritzen diren pertsonak eta entitateen ordezkariak egonen dira. Batzorde hori bere funtzionamendu-arauei jarraituz artituko da. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketako zuzendaritza izanen da batzordeko burua.
2. Batzorde teknikoak aztertuko du jasotako proposamenak bat datozen oinarri hauetan ezartzen denarekin eta otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen diren irizpideekin, eta gehienez ere hiru proposamen hautatuko ditu, kategoria bakoitzean. Batzorde teknikoak ahalmena izanen du proposatzeko, hala badagokio, aurkeztutako hautagaitzen kategoria-aldaketa, beren izaera kontuan hartuta, eta proposamena egin duen pertsonari edo entitateari kontsultatu eta gero. Aholkularitza batzordeak baloratuko ditu batzorde teknikoak hautatzen dituen proposamenak.
3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak deialdia eginen du aholkularitza batzordea biltzeko, zehazten duen tokian eta egunean. Batzorde honek finalera iritsi diren proiektuei puntuak emanen dizkie, bertan aurkitzen diren merezimenduen arabera. Gehienez ere 50 puntu emanen dizkio proiektu bakoitzari. Kategoria bakoitzean punturik gehien lortzen dituen hiru proiektuak onlineko bozketarako aldira pasatuko dira.
4. Onlineko bozketak. Nafarroako Gazteriaren Institutuak bozketa sistema bat paratuko du bere web-orrian; bertan, Nafarroan Europako gazte txartela daukaten 14 eta 30 urte arteko gazteek hautatzen ahalko dituzte saria merezi duten hautagaitzak. Kategoria bakoitzean botorik gehien lortzen duten hautagaitzek 50 puntu irabaziko dituzte. Gainerako hautagaitzen puntuazioa lortzeko, puntuazio handiena lortu duen hautagaitzak zenbat boto lortu dituen, eta horren proportzioan kalkulatuko da. Bozketa epea zabalik izanen da zazpi egun naturalez, horretarako ezartzen diren datetan.
5. Aholkularitza batzordeak ematen dituen puntuei onlineko bozketan lortutako puntuak gehituta, puntuaziorik handiena lortzen duten hautagaitzek saria irabaziko dute.
6.–Sariak.
Kategoria bakoitzean irabazten duten hautagaitzei egiaztapen-diploma bat eta 2.500 euroko diruzko saria emanen zaizkie. Behar den atxikipena eginen da diru kopuru horretatik PFEZrako.
7.–Ebazpena.
Epaitza ikusita, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketako zuzendaritzak, ebazpenaren bidez, onetsiko du Gazteen arloko sariak ematea. Ebazpena sarituei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian argitaratuko da (www.juventudnavarra.es/eu).
8.–Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten eskumenak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, aurkaratzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko, eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari.
Argibide gehiago jasotzeko:
https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es-1.pdf
9.–Antolatzailearen erantzukizuna.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egoten ahal diren kontuak ebazteko.
10.–Harremanetarako datuak.
Nafarroako Gazteriaren Institutua.
Yanguas y Miranda kalea 27.
31003 IRUÑA.
Tel.: 848 423 900.
juventud@navarra.es.
www.juventudnavarra.es/eu.
ANEXO II.–/II. ERANSKINA
Formulario de candidatura para los Galardones de Juventud
de la Comunidad Foral de Navarra 2023
2023ko Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria arloko sarietarako hautagaitza-formularioa
Datos de quien presenta la propuesta de candidatura.
Hautagaitza-proposamena aurkezten duenaren datuak.
Nombre / Izena | | DNI / NANa | |
Domicilio / Helbidea | | Fecha nacimiento / Jaiotze data | |
Email / Helbide elektronikoa | | Teléfono / Telefonoa | |
Si presentas tu propuesta en representación de una entidad, rellena lo siguiente / Zure proposamena entitate bat ordezkatuz aurkezten baduzu, bete ezazu honako hau:
Entidad / Entitatea | | NIF / NANa | |
Modalidad para la que se presenta la candidatura (marcar con una X) / Hautagaitza zer modalitatetarako aurkezten den (markatu X batez):
| A la persona joven / Gaztea |
| A la participación social / Parte-Hartze Soziala |
| A la Institución o entidad / Erakundea edo entitatea |
Datos de la candidatura / Hautagaitzaren datuak:
Nombre de la persona joven, entidad o acción que se propone para el galardón / Sarirako proposatzen den gaztearen, entitatearen edo ekintzaren izena |
|
Breve explicación de por qué la considera merecedora del galardón / Saria zergatik merezi duen azaltzeko azalpen laburra |
|
Documentación que se adjunta (opcional) / Erantsitako dokumentazioa (aukerakoa) |
|
Fecha y firma / Data eta sinadura
Iragarkiaren kodea: F2313868