206. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1980/2023 EBAZPENA, 2023ko irailaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2023-2024 ikasturterako doktoretza aurreko kontratuetarako 4 laguntzaren deialdia onetsi eta gastua baimentzen da, Estatuko I+G Planeko Ramón y Cajal programaren gaikako ildoei atxikiak. DDBN identifikazioa: 716874.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak, 2023ko martxoaren 29an egindako bileran, Estatuko I+G Planeko Ramón y Cajal programaren gaikako ildoei atxikitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2023-2024 ikasturterako doktoretza aurreko kontratuetarako 5 laguntzaren deialdia onestea erabaki zuen. 2023ko uztailaren 17an, ordea, Ramón y Cajal programaren arlo bateko ikertzaile nagusiak —Ikerketa Batzordeak 5 kontraturen deialdia egiteko onetsi zituen arloetako batekoak— uko egin zion doktoretza aurreko kontratuaren deialdia ikasturte honetarako onesteari; hortaz, guztira 4 kontratu izanen dira ikasturte honetan deitu beharrekoak.

Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria.

Ikusirik Ikerketako errektoreordeak egindako doktoretza aurreko kontratuen deialdirako proposamena.

Kontu-hartzailea orain bere karguan ez dagoenez, a posteriori eginen dira kontu-hartzea eta fiskalizazioa.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituak ditudan eskudantziez baliatuz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2023-2024 ikasturterako doktoretza aurreko kontratuetarako 4 laguntzaren deialdia, Estatuko I+G Planeko Ramón y Cajal programaren gaikako ildoei atxikiak. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira. Kontratu bakoitzak lansari hauek izanen ditu:

–Kontratuaren lehenbiziko eta bigarren urteetan: 1.260,83 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren hirugarren urtean: 1.350,89 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren laugarren urtean: 1.688,62 euro gordineko 14 lansari.

Bigarrena.–Deialdiak osotara 413.478,28 euro-ko gastua sortuko du, betiere horretarako diru-hornidura nahikoa baldin badago aurrekontuetako partida hauetan:

2024

330/30009694/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 17.651,62euro.

330/30009694/16000 Gizarte Segurantza 5.279,81 euro.

330/30009697/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 17.651,62 euro.

330/30009697/16000 Gizarte Segurantza 5.279,81 euro.

330/30009696/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 17.651,62 euro.

330/30009696/16000 Gizarte Segurantza 5.279,81 euro.

330/30009693/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 17.651,62 euro.

330/30009693/16000 Gizarte Segurantza 5.279,81 euro.

2025

320/3000/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 70.606,48 euro.

320/3000/16000 Gizarte Segurantza 21.119,24 euro.

2026

320/3000/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 75.649,84 euro.

320/3000/16000 Gizarte Segurantza 21.598,36 euro.

2027

320/3000/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 106.998,36 euro.

320/3000/16000 Gizarte Segurantza 25.780,28 euro.

Hirugarrena.–Aurreikuspenen arabera, 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko dira kontratuak.

Laugarrena.–Aukera egonen da laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko, deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.

Bosgarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, laguntzen zuzendariei, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Irakaskuntza Zerbitzuari, Gizarte Kontseiluari eta Kontu Hartzailetzari.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko ohol elektronikoan argitara dadila agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta, bere aurka eta bere oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2023ko irailaren 15ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO DOKTORETZA AURREKO KONTRATUETARAKO 4 LAGUNTZAREN DEIALDIA, ESTATUKO I+G PLANEKO RAMÓN Y CAJAL PROGRAMAREN GAIKAKO ILDOEI ATXIKIAK

1980/2023 Ebazpenaren eranskina

Ramón y Cajal kontratuak I+G+B Talentua eta Enplegagarritasuna Sustatzeko Estatuko Programaren barruan sartzen dira. Programa horren helburua da I+G zentroetan ibilbide nabarmena duten ikerlariak lanean hastea sustatzea. Horretarako, batetik, bost urteko iraupena duten laguntzak emanen dira lan-kontrataziorako, eta, bestetik, egiten den ikerketa-jarduera gauzatzeko finantzaketa gehigarria emanen da.

Ramón y Cajal Programaren 2021eko deialdiaren barruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 5 ikertzaile sartu zituen ikerketa-indartzeko edo ikerketa-lerro berriak abian jartzeko. Ramón y Cajal programako laguntzek diru-kopuru gehigarria ematen diote kontratatutako ikertzaile bakoitzari ikerketaren garapenarekin lotutako gastuetarako, eta horren barruan sartzen da aldi baterako langileak kontratatzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa bultzatu eta sustatzeko politikaren barruan, Ikerketa Batzordeak ikertzaile gazteen prestakuntza beharrezkotzat jo du beti lehentasunezko jarduera gisa. Zalantzarik gabe, orain arte erabilitako tresna eraginkorrena 1999az geroztik urtero egiten den deialdia da, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko laguntzak ematen dituena. Prestakuntza-politika horrekin jarraituz, beharrezkotzat jotzen da ibilbide nabarmena duten ikertzaileek, Ramón y Cajal programan hautatuak izan direnek, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatu ahal izatea garatzen ari diren ikerketa-lerroen barruan, doktoretza aurreko prestakuntza-kontratuen kostua kofinantzatuz Unibertsitatearen eta Ramón y Cajal laguntzen diru-kopuru gehigarriaren artean.

Hori guztia kontuan hartuz, doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko laguntzen deialdi hau onestea proposatu du Ikerketa Batzordeak.

1.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko NUP-RYC doktoretza aurreko ikertzaileak prestatzeko eskaera berriko 4 laguntzaren deialdia, 2023-2024 ikasturterako, deialdian dauden xedapenek arautuko dute. Laguntzak emateko, behar adinako aurrekontua egon behar da.

Deialdian laguntza hauek daude:

–1 laguntza Nekazaritzako eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arloan, landareen onddo fitopatogenoekin eta gaixotasunekin lotutako Biologia Molekularraren eremuan. Laguntzaren zuzendaria: Miriam Osés Ruiz.

–1 laguntza Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arloan, mahastizaintzako lurzoruen kudeaketaren eremuan. Lurzoruaren biologiaren inguruko inplikazio fisiologikoak eta agronomikoak. Laguntzaren zuzendaria: Nazareth Torres Molina.

–1 laguntza Informazioaren Teknologien eta Komunikazioen arloan, haririk gabeko komunikazioaren eremuan. Laguntzaren zuzendaria: Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras.

–1 laguntza Psikologiaren arloan, neurozientzia molekularraren eta jokabidearen eremuan. Laguntzaren zuzendaria: Zuriñe Miguel Malaxechevarria.

2.–Baldintzak.

2.1. Izangaiek bete beharrekoak.

Eskatzaileek doktoretza aurreko laguntzaren gaiaren jakintza-arloari lotutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartuak egon behar dute laguntza eskatzeko epean.

NUPeko doktoretza-programa batean onartuak ez badaude, NUPeko doktoretza-programa baterako onarpena eskatua izan behar dute eskaerak aurkezteko epearen barnean, eta, gainera, baldintza hauetako bat bete beharko dute:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean sartzeko gaitzen duten aurretiazko ikasketak izatea.

b) 2022-2023 ikasturtean doktoretzarako sarbidea emanen duen master batean matrikulatua egotea. Izangaiak masterra 2022-2023 ikasturtean amaitzeko beharrezkoak diren kreditu guztietan matrikulatua egon behar du, baita Masterraren Amaierako Lanaren kredituetan ere. Kasu horretan, 2023ko urriaren 9a baino lehen amaitu beharko ditu masterreko ikasketak.

Laguntza esleitzeko hautatuak izanez gero, eskatzaileek 2023-2024 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean matrikula egin dutela egiaztatu beharko dute laguntzen behin betiko esleipena argitaratzen denean ezartzen den epean.

Deialdi honetan ezin izanen dute parte hartu eskaera egiteko epea ixten den egunean doktoretza-tesi bat egiteko bestelako laguntza homologagarriren bat jaso dutenek, baldin eta 12 hilabete edo gehiagoko laguntzak izan badira.

12 hilabete baino gutxiagoko laguntza homologagarri baten onuraduna izan bada, murriztu eginen da deialdi honetan jasotako doktoretza aurreko kontratuaren eta bere luzapenen gehieneko iraupena kontratatua egon den denboran (hilabeteak eta egunak), Zientziaren Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Murrizketa hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailea zenbat denbora egon den kontratatua deialdi honetako doktoretza aurreko kontratua formalizatzen den egunera arte.

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1. Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuetan ezartzen den beste edozein (2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako estatutuak).

3.2. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoretza aurreko kontratuak.

3.3. Kontratatutako pertsona laguntza-zuzendari bakoitzaren ikerketa-talde eta -institutu berari esleituko zaio.

3.4. Deialdi honetan jasotzen diren laguntzek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetako parte-hartze baimenduak, eta 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak (2007ko apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen aipatu legea).

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak, betiere Ikerketako errektoreordearen ustez emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez badiote.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Ezinbestean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Unibertsitatearen Erregistro Elektronikoan, Prozeduren Katalogoan horretarako ezarritako prozeduraren bidez. Bertara Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da, eta esteka honetan dago eskuragarri:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ramon-y-cajal-doktoretza-aurreko-kontratuak?languageId=100001

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren betebeharrak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Inprimaki normalizatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren prozeduren katalogotik jaisten ahalko dena.

Lortu nahi den laguntza zein den jasoko da inprimakian.

Eskaera bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu beharko da Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a.

c) Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

d) Ikasketen ziurtagiriaren fotokopia, doktoretzarako sarbidea ematen dieten ikasketena eta, masterraren kasuan, aldez aurreko ikasketena. Horietan, lortutako kalifikazioak eta noiz lortu diren zehaztuko dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

e) Doktoretzan sartzeko ikasketetako eta, masterra bada, aurreko ikasketetako promozioaren batez besteko notaren ziurtagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

f) Doktoretza-ikasketak egiteko sarbidea ematen duen tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina hala dela adierazi beharko dute idazki batean. Idazki horretan, zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen identifikatu behar dute.

Masterra 2022-2023 ikasturtean amaitu duten ikasleen kasuan aurreko ikasturteko promozioaren batezbestekoa onartuko da 2022-2023 ikasturtekoa egiaztatzen ez bada.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eskatzen ahal da:

http://www.educacionyfp.gob.es/servicios-al-ciudadano/catalogo/gestion-titulos/estudios-universitarios/titulos-extranjeros/equivalencia-notas-medias.html

Ziurtagiri horiek ez badira aipatutako edukiarekin eta adierazitako epean aurkezten, kalifikazioak ez dira kontuan hartuko. 0 punturekin baloratuko dira.

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

6.–Izangaien hautaketa.

Hautapen Batzorde hauek hautatuko dituzte izangaiak:

6.1. Nekazaritzako eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arloari atxikitako laguntzak, landareen onddo fitopatogenoekin eta gaixotasunekin lotutako Biologia Molekularraren eremuan.

–Estíbaliz Larráinzar Rodríguez.

–Idoia Ariz Arnedo.

–Miriam Osés Ruiz.

6.2. Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arloari atxikitako laguntzak, mahastizaintzako lurzoruen kudeaketaren eremuan. Lurzoruaren biologiaren inguruko inplikazio fisiologikoak eta agronomikoak.

–Luis Gonzaga Santesteban García.

–Carlos Miranda Jiménez.

–Nazareth Torres Molina.

6.3. Informazioaren Teknologien eta Komunikazioen arloari atxikitako laguntza, haririk gabeko komunikazioaren eremuan.

–Francisco Javier Falcone Lanas.

–Antonio Jesús López Martín.

–Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras.

6.4. Psikologiaren arloari atxikitako laguntza, neurozientzia molekularraren eta jokabidearen eremuan.

–Raul Cacho Fernández.

–Pablo Ruisoto Palomera.

–Zuriñe Miguel Malaxechevarria.

7.–Hautaketa egiteko irizpideak.

Atal honetan ezarritakoari jarraikiz hautatuko ditu laguntza bakoitzeko Hautapen Batzordeak izangaiak:

a) Izangaiak doktoretza-programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espedientearen batezbestekoa: 7 puntu gehienez ere.

Batez besteko nota ponderatua honela kalkulatuko da:

Non IN ikaslearen batez besteko nota den eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati eskatutako laguntzan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots: DN=5(IN-NT)/Dmax.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Laguntza Akademikorako eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuak emanen baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den ponderazio formula.

Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa aurkeztea aipatutako ponderazio formula aplikatzeko. Promozioko batez besteko notaren (NT) ziurtagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei lortu nahi duten laguntzako eskatzaileei aplikatutako notarik altuena aplikatuko zaie promozioko batez besteko nota gisa.

Masterreko ikasketen kasuan, doktoretza-programan sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko ikasketen batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira laguntza bakoitzean. 7 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Laguntza eskatzeko inprimakian doktoretzako ikasketetara zein titulazioren bidez sartzen den adieraziko da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan.

Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Ʃ(irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)

titulazioaren kreditu kopurua guztira

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

–Ohorezko matrikula: 10.

–Bikain: 9,25.

–Oso ongi: 7,75.

–Gainditua: 5,75.

Eskatzaileek espediente akademikoaren batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, laguntza ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.

b) Banakako elkarrizketa ezagutzen eta gaitasunen egokitasunari buruz: 3 puntu gehienez ere.

Elkarrizketa Hautapen Batzordeak eginen du, gehienez ere ordubeteko iraupena izanen du eta bertan baloratuko dira izangaiek beren curriculum vitae-an alegatutako ezagutzak eta gaitasunak, eskatutako laguntzaren xede diren ikerketa-lerro eta -gaiekin lotutakoak:

–1 laguntza Nekazaritzako eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arloan, landareen onddo fitopatogenoekin eta gaixotasunekin lotutako Biologia Molekularraren eremuan.

–1 laguntza Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientzien arloan, mahastizaintzako lurzoruen kudeaketaren eremuan. Lurzoruaren biologiaren inguruko inplikazio fisiologikoak eta agronomikoak.

–1 laguntza Informazioaren Teknologien eta Komunikazioen arloan, haririk gabeko komunikazioaren eremuan.

–1 laguntza Psikologiaren arloan, neurozientzia molekularraren eta jokabidearen eremuan.

8.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean, tramitera onartutako eta eskatutako laguntzarako ezarritako eskakizunen bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko da, Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan 5 egun balioduneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.

8.2. Hautapen Batzordeek aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko dituzte, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko diote tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, bere aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena onetsiko dira Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta gehienez ere 5 egun balioduneko epea izanen dute interesdunek erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.4. Hautapen Batzordeek erreklamazioak ebatziko dituzte, eta puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsi, eta behar den proposamena bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari.

Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez, deialdi honetako laguntzen behin betiko puntuazioak eta esleipenak onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, bere aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.5. Unibertsitateko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa?opcion=2&languageId=100001

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

9.–Doktoretza aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

9.1. Laguntzaren xedea doktoretza aurreko kontratu bat gauzatzea izanen da, doktoretza-tesi bat egiteko. Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutu edo defendatu duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, laguntza ukatzea ekarriko du horrek.

9.2. Kontratuaren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean onartuak izateko aukera ematen dien titulua dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berritzaile baten barnean. Kontratatuak prestakuntzan dauden doktoretza aurreko ikertzaileak izanen dira.

Kontratuaren xedea doktoretza ondoko orientabidea ematea izanen da hamabi hilabetez gehienez. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena lau urtekoa izanen da gehienez.

Prestakuntzan dagoen doktoretza aurreko ikertzaileak, langilea den aldetik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, lana ematen duena den aldetik, gauzatuko dute kontratua. Kontratuari doktoretza-programan onartu dutela adierazten duen agiria erantsiko zaio, programaren unitate arduradunak emana, edo doktoretzako edo graduondoko eskolak, hala badagokio. Kontratuek eta luzapenek lau urte iraunen dute gehienez.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta, hasiera batean, lau urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezkoa izanen da urtero doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordeak aldeko txostena egitea, edo, bestela, doktoretza-eskolak, ikertzaileak programan irauten duen bitartean. Lau urteko iraupen hori laburragoa izanen da aurretik doktoretza aurreko laguntza paretsuko bat izan duten onuradunen kasuan, baldin eta laguntza hori kontratatuak egon diren bitartean jaso baldin badute. Doktoretza-tesia eta doktoretza-programako matrikula arduraldi osokoak izanen dira.

Doktoretza-titulua lortzeak amaiera emanen dio ikertzaileen prestakuntza-etapari, eta, une horretatik aurrera, doktoretza ondoko etapari heltzen ahalko zaio, zeinak, gehienez ere hamabi hilabetez, doktoretza-ondoko orientazioa ematea izanen baitu xede. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena ezin izanen da aurreko paragrafoan adierazitako gehienekoa baino luzeagoa izan.

9.3. Laguntza emateko aldia honako kasu hauetan bukatuko da:

–Laguntza emateko gehieneko epea betetzen denean.

–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzen denean edo tesiaren defentsa egin baino lehen doktoregaia doktoretza-programan matrikulatua ez badago.

–Doktoregaiak doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren aurkako txostena jasotzen badu.

9.4. Doktoretza aurreko kontratuak lau urteko iraupena du gehienez ere, eta bitarte horretan laguntzen zenbatekoak ez du gaindituko 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa.

–Kontratuaren lehenbiziko eta bigarren urteetan: 1.260,83 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren hirugarren urtean: 1.350,89 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren laugarren urtean: 1.688,62 euro gordineko 14 lansari.

Hileroko kopuru horretatik nahitaezko kotizazioari dagokion kuota kenduko da, eta Unibertsitateak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzako enpresa-kuotak, lege indardunetan ezarritako moduan.

10.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Onuradunak laguntza onartzeak deialdi honetan ezarritako arauak onartzea dakar berekin, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

10.2. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez badira, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean sinatzen ez bada.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, laguntzaren zuzendariaren oniritziarekin, sarrera atzeratzeko baimena ematen ahal du, horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean. Bateraezintasun egoerak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen lanean hasteko eguna atzeratzeko.

Ikertzaileren batek lan-baimena ematen duen bizileku-baimena eskuratu behar badu, 4 hilabeteraino luzatzen ahal da jardunean hasteko epea.

b) Esleituriko ikerketa-taldean eta -institutuan beren lana aprobetxamenduz egitea.

c) Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, laguntzaren zuzendariaren baimenik ez badute.

d) Egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak bidaltzea laguntzaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari.

e) Doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.

f) Urtero, eskatzen zaien epean, lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua aurkeztea.

g) Laguntzak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan aipatzea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Estatu Planeko Ramón y Cajal programak finantzatu dituela.

h) Ikerketa-emaitza guztiak sarbide irekian jartzea, NUPen Academia-e biltegi instituzionalean gordez argitaratutako artikulu guztien kopia bat edo argitaratzeko onartu den azkeneko bertsioaren kopia bat (postprint bertsioarena), artikulua argitaratzen denetik sei hilabetera beranduenez ere. Ahal dela, halaber, ikerketan sortutako datuak ikerketako datuen biltegi batean gordeko dira.

Hona hemen gai horri buruzko xehetasun gehiago:

https://www.unavarra.es/biblioteca/ikerketarako-laguntza/sarbide-irekia?languageId=100001

i) Laguntzaren aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztea, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera. Doktoretza-tesiaren defentsa eta onarpena egiaztatzeak txostena aurkeztea ordezkatuko du.

j) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik lau urteko epean.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, laguntzaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.

10.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, emandako laguntza ukatzea eta baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

10.4. Erdietsitako laguntzari uko egiten diotenek laguntzaren zuzendariaren sinadura daukan idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman. Laguntzari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.

Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dituzte kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak eta uko egiteak, laguntzak emateko behin betiko ebazpenean onetsitako balorazioan ezarritako ordenaren arabera betiere.

10.5. Laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote laguntzaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie, lortzen lagundu duten emaitzen gainekoak, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan betiere.

11.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte laguntzen onuradunek.

12.–Laguntzak etetea.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako egoeretan eten eginen da kontratuaren denboraren konputua: arrisku handiko haurdunaldia, amatasuna, adopzioa edo harrera, arriskua bularra ematean, aitatasuna eta aldi baterako ezgaitasuna bi hilabetez jarraian. Kasu horietan, kontratua luzatzeko eskatzen ahalko da, kontratuaren konputua eteteko arrazoiak iraun duen denboran. Luzapen hori egiteko beharrezkoa izanen da behar adinako aurrekontua egotea. Eskaera Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, kontratua amaitu baino bi hilabete lehenago beranduenez.

13.–Irakaslanetako lankidetzak.

13.1. Laguntza hauen onuradunek baimena eskatzen ahal dute unibertsitateko sail batean irakaskuntza-lanetan laguntzeko, prestakuntzarako xedez, betiere laguntzaren zuzendaria eta ukitutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu hartzen ahal ditu lankidetza horrek, eta gehienez ere 180 ordu kontratuak gehienez irauten ahal duen lau urteetan.

13.2. 2022ko apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Laguntza Administratiborako Unitatean, aipatu prozeduran ezarritakoaren arabera.

14.–Datuen babesa.

Parte-hartzaileek deialdi honetan ematen dituzten datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa.

Tratamendu honen xedea ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta oinarri juridikoa, berriz, interes publikokoa izatea, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluaren arabera. Ikertzaile gazteei prestakuntza emanen zaie prestakuntzaldian dauden ikertzaileentzako laguntzen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer laguntza esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

15.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan ere.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2313606