206. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ENKANTE PUBLIKOA, Adoaingo "Perotx etxea" higiezina.

Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 1/2023 Ebazpenaren bidez, onetsi zen enkante publiko bidez besterentzea Adoainen (Urraulgoiti) dagoen "Perotx etxea" izeneko higiezina, Nafarroako Foru Komunitatearen jabetzakoa (GP 2023/100).

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 38.4 artikuluan xedatutakoa betetzeko, lizitazio prozeduraren iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, zehazki, "Ondasunen xedapen eta aprobetxamendu egintzak" atalean. Halaber, publizitatea ziurtatuko duen beste edozein hedabidetan argitaratzeko aukera jasotzen du aipatu manuak.

Ondorio horietarako, enkantean parte hartzeko interesa duen orori honako hau jakinarazten zaio:

1. Enkantean jarriko den ondasuna:

Hirikoa.–"Perotx" izeneko etxea, Adoainen (Urraulgoitiko Udala) dagoena, San Esteban kaleko 5.ean. Eraikin nagusiak beheko solairua eta bi solairu ditu, etxebizitzarako direnak, eta guztira seiehun eta hamabost metro koadro eraiki dituztenak, eta teilatupeko solairu bat, ganbara, berrehun eta bost metro koadro eraiki dituena. Eraikin nagusiaren iparraldeko fatxadari erantsita, berrogeita sei metro koadroko ataripea du, eta behe solairuko eraikin bat ere bai, pilotalekua, ehun eta berrogeita bi metro koadro eraikikoa. Azken horren iparraldeko fatxadari atxikita, behe solairuko eraikin bat dago, ukuilu eskorta bat, berrogeita hamabost metro koadro eraikikoa. Eraikinek, guztira, laurehun eta berrogeita zortzi metro koadroko azalera okupatzen dute, eta mila eta hirurogeita hiru metro koadro eraiki egiten dute. Eraikin nagusiaren mendebaldeko fatxadaren ondoan, ehun eta zazpi metro eta hamahiru dezimetro koadroko eremu eraiki gabe bat dago. Horrez gain, eraikinen atzealdean, finkaren iparraldeko ertzean, bostehun eta lau metro eta hemezortzi dezimetro koadroko azalera duen larrain bat dago. Finkaren azalera, guztira, mila eta berrogeita hemeretzi metro eta hogeita hamaika dezimetro koadro da. Mugak: iparraldean, Urraulgoitiko 8. poligonoko 420. lurzatia; ekialdean, "Camino de la Sierra" bide publikoa eta San Esteban kalea; hegoaldean, San Esteban kalea; eta mendebaldean, Urraulgoitiko 8. poligonoko 544. lurzatia eta Lapuxa sakana. IDUFIR/CRU N.º 31001001382584.

Agoizko 1. Jabetza Erregistroan inskribaturik dago: 3648 liburukia, 81. liburua, 97. orria, 1206. finka, Urraulgoiti.

Katastroko erreferentziak: Urraulgoitiko 8. poligonoa, 6. lurzatia, 1. azpilurzatia eta 1., 2., 3., 4. eta 5. hiri unitateak, eta Urraulgoitiko 8. poligonoa, 342. lurzatia, A. azpilurzatia, Lezapeko parajea.

Nafarroako Foru Komunitatearen Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorrean sartuta dago, 3391-06 zenbakiarekin, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia dago.

2. Enkantea elektronikoa izanen da, Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atariaren bidez. Enkantearen ID zenbakia 3100300123100 izanen da, eta hara sartzeko helbidea, honako hau:

https://subastas.boe.es/ds.php?id=SUB-GA-2023-3100300123100

3. Iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik eskaintzak egiteko aldia hasi arte, enkantea "Laster irekiko da" egoeran izanen da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialaren Enkanteen Atarian ikusgai egonen da, atariaren erabiltzaile guztientzat.

Eskaintzak egiteko aldia hasten denean "Abian da" egoeran izanen da. Enkantearen egoera horretan, Enkanteen Atariaren erabiltzaileek hogei egun naturaleko epea izanen dute beren gordailuak eta eskaintzak egiteko.

Enkanteari buruzko informazio gehiago ikusteko eta gordailuak eta eskaintzak egiteko, aldez aurretik Enkante Elektronikoen Atarian erregistratu beharra dago, hemen adierazitakoaren arabera:

https://subastas.boe.es/infoRegistro.php

Iruñean, 2023ko irailaren 28an.–Ondare Zerbitzuko zuzendaria, Marta Echavarren Zozaya.

Iragarkiaren kodea: F2314008