205. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

318E/2023 EBAZPENA, irailaren 26koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurrekontua handitzen baita eta 12. oinarria eta I. eta III. eranskinak aldatzen baitira honako deialdi honetan: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". DDBN identifikazioa: 574654; 597225; 597302; 597306.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak uztailaren 6an emandako 51E/2021 Ebazpenaren bidez, izen hau duen dirulaguntzarako deialdia onetsi zen: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan".

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 58E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 12. oinarria aldatu zen.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 114E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 4.5 oinarria aldatu zen.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 175E/2022 Ebazpenaren bidez, honako deialdi honetarako aurrekontua handitu zen, eta deialdiko 8. eta 10. oinarriak aldatu ziren: "Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa (MOVES III programa), Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". DDBN: 574654; 597225; 597302; 597306.

Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua (IDAE) MP enpresa-erakunde publikoko presidentearen ebazpen baten bidez, handitu zen mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programarako (MOVES III programa) aurrekontua. Programa hori apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ebazpen horretan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontua handitzea onartu zen, hain zuzen ere 17.840.000,00 euroan.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak proposatu du deialdiko aurrekontua aldatzea (3. oinarria), bai eta deialdiko 12. 0inarria eta I. eta III. eranskinak aldatzea ere.

Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua (IDAE) MP enpresa-erakunde publikoko presidentearen 2023ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, bigarrenez handitu zen mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programarako (MOVES III programa) aurrekontua. Programa hori apirilaren 13ko 266/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ebazpen horretan Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako aurrekontua handitzea onartu zen, hain zuzen ere 5.347.300,00 euroan.

Aurrekontua handitzea onartu ondoren eta zeharkako kostuak eta zuzeneko inbertsioak kenduta, deialdi honen zuzkidura ekonomikoaren handitzea 5.082.447,85 eurokoa da. Zenbateko hori 1. eta 2. jardueren artean banatuko da, modu honetan:

2023

2024

2025

GUZTIRA

1. jarduera 820001 82500 7819 425208 MRR MOVES III laguntzen deialdia

582447,85-

-

582447,85-

2. jarduera 820001 82500 7819 425208 MRR MOVES III laguntzen deialdia

4.500.000,00

-

4.500.000,00

Guztira

5.082.447,85

-

5.082.447,85

Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programaren (MOVES III programa) deialdiari buruzko uztailaren 6ko 51E/2021 Ebazpenaren 12. oinarria ("Onuradunen betebeharrak") aldatu egin behar da, Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoari egokitzeko. Aldaketa hori aplikatuko zaie, hain zuzen, ebazpen hau indarrean sartzen denetik aurrera aurkeztutako eskaera berriei.

12.1 b) oinarriak honako testu hau izanen du:

"Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaz, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen dute kobratu onartutako dirulaguntza (dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izanaren deklarazioa)".

Maiatzaren 29ko 406/2023 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen apirilaren 13ko 266/2021 Dekretua. Errege dekretu horrek onetsi zuen zuzeneko laguntzak ematea autonomia erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa), betiere Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Zehazki, 266/2021 Errege Dekretuaren hiru alderdi aldatu zituen.

Horrenbestez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 70/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programa gauzatzeko (MOVES III programa) deialdiaren aurrekontua handitzea 5.082.447,85 euroan (820001 82500 7819 425208 partida).

2. 3. oinarria aldatzea, deialdiaren aurrekontu-zuzkidurari dagokionez, aurrekontua handitzea onartu baita, ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan.

3. 12.1. b) oinarria aldatzea. Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaz, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen dute kobratu onartutako dirulaguntza (dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izanaren deklarazioa)".

4. I. eranskina ("Dirulaguntzarako onartzen diren jarduketen baldintzak") aldatzea. Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

I. eranskineko "1. pizgarri-programa: Ibilgailu elektriko konektagarriak eta erregai-piladunak erostea" epigrafeko 1. apartatutako bigarren paragrafoa honela idatzita agertuko da:

"Halaber, dirulaguntzarako onartuko da M1, N1, L3e, L4e eta L5e kategorietako erregai-piladun ibilgailu elektrikoa erostea, gehienez ere hamabi hilabeteko antzinakotasunekoa (erakusketako ibilgailua), lehen matrikulaziotik honako data hauetatik lehenengora arte zenbatuta: salerosketaren fakturaren data edo eskaeraren erregistroaren data. Ezinbestekoa da titularra ibilgailua laguntzaren azken jasotzaileari saltzen dion fabrikatzailearen edo inportatzailearen kontzesionarioa edo salmenta-puntua izatea. Honelako kasuetan, ibilgailua kontzesionarioak edo salmenta-puntuak ibilgailu berri gisa erosita egon behar da. Deialdi bakoitzean gehienez laurogeita hamar erakusketa-ibilgailu onartuko dira titulartasun berarekin (aurrean azaldutako titulartasuna).

Bestalde, dirulaguntzarako onartuko da M1, N1, L3e, L4e eta L5e kategorietako erregai-piladun ibilgailu elektrikoa erostea, gehienez ere hamabi hilabeteko antzinakotasunekoa (ibilgailu ia berriak), lehen matrikulaziotik honako data hauetatik lehenengora arte zenbatuta: salerosketaren fakturaren data edo eskaeraren erregistroaren data. Ezinbestekoa da lehenbiziko titularra izatea fabrikatzailea bera (EJSNko taldea: 291) edo renting edo rent a car mota enpresa bat (EJSNko taldea: 771). Honelako kasuetan, ibilgailua lehen aipatutako titularrek ibilgailu berri gisa erosita egon behar da; fabrikatzaileari edo inportatzaileari erosia, hain zuzen. Deialdi bakoitzean gehienez berrehun eta berrogeita hamar ibilgailu ia berri onartuko dira titulartasun berarekin (aurrean azaldutako titulartasuna)".

5. III. eranskina ("Laguntzen zenbatekoa") aldatzea. Hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

III. eranskineko "1. pizgarri-programa: Ibilgailu elektriko konektagarriak eta erregai-piladunak erostea" epigrafeko 1. apartatutako azken paragrafoa honela idatzita agertuko da:

"2.2 oinarriko 2. puntuan azaltzen diren jasotzaileen laguntzaren muga honako hau izanen da: ibilgailu bat jasotzaileko deialdi bakoitzean. 2.2 oinarriko 3. eta 5. puntuetan azaltzen diren azken jasotzaileen kasuan eta administrazio autonomikoen zuzeneko inbertsioetan, laguntzaren muga honako hau izanen da: berrehun eta berrogeita hamar ibilgailu azken jasotzaileko urtean".

III. eranskineko "1. pizgarri-programa: Ibilgailu elektriko konektagarriak eta erregai-piladunak erostea" epigrafeko 2. apartatutako azken-aurreko paragrafoa honela idatzita agertuko da:

"Laguntzaren muga honako hau izanen da: berrehun eta berrogeita hamar ibilgailu azken jasotzaileko urtean".

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko irailaren 26an.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2313753