205. ALDIZKARIA - 2023ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNTZUKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen duena herri-ondasunen aprobetxamendua. Behin betiko onespena

2023ko uztailaren 28an, Untzuko Kontzejuko Auzo Batzarrak hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena herri-ondasunen aprobetxamendua.

Behin behineko onespen hori argitaratu zen 2023ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 8an. Jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik egin gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Untzun, 2023ko irailaren 21ekoa.–Alkatea, Cristina Aguinaga Mendioroz.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Untzuko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, zehazki 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Untzuko Kontzejuaren ahalmenak dira herri-ondasunak erabiltzea, administratzea, aprobetxatzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Untzuko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Untzuko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Untzuko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari; zehazki, 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Untzuko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Untzuko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik letraduaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Untzuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

10. artikulua. Untzuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, baldin transakziorik egin nahi bada ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Untzuko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, hain zuzen ere sortu direnak baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako baliatuz ahalmen hertsatzaileak. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Untzuko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala jarriko dira indarrean, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Untzuko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Untzuko Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-lurzatien aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Untzuko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.

16. artikulua. Oro har, Untzuko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Txulapaingo Udaleko erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urte lehenagotik.

c) Kontzejuan gutxienez urtebete jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Egunean izatea Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak.

17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

II. KAPITULUA.–HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

18. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamendua zuzenean adjudikatuko zaie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei.

19. artikulua. Untzuko Kontzejuak kanon bat ezarriko du erregu edo finka bakoitzeko; aprobetxamenduaren hasieran zehaztuko da.

Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko inguru horretan dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Ordenantza honetan ezarririko kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren herri-lurren balio errealari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Hurrengo kontratua sinatu baino lehen aldatuko dira kuotak, betiere. Nolanahi ere, kanona egonen da balio erreal horren %80tik %90era bitartean, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluari.

20. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzeko epea hamar urtekoa izanen da.

21. artikulua. Untzuko Kontzejuak ezarriko du herritar bakoitzari adjudikatuko zaion larre-azalera, kontuan harturik zenbat herri-lur dagoen.

22. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili –Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe– adjudikaziokoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako, hala nola artoa edo soja hazteko, berotegiak jartzeko eta abar.

23. artikulua. Adjudikaturiko herri-lurretan itxiturak egiteko, beharrezkoa izanen da Untzuko Kontzejuaren baimena. Debeku da itxiturak egitea fabrika-obraz, adreiluz edo hormigoi-blokez.

24. artikulua. Ezin izanen da trukatu herri-lurren aprobetxamendua onuradunen artean, interesdunek ez baldin badute aldez aurretik eskatzen eta Kontzejuak ez badu baimenik ematen.

25. artikulua. Norberak zuzenean aprobetxatuko ditu herri-lurrak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

26. artikulua. Nahitaezko baldintza izanen da urtean behin, gutxienez, ebakitzea eta ongarritzea. Baliabide mekanikoak erabiliz eginen da ebaketa, azienda bazkan ibili bada ere.

27. artikulua. Lurzatien errentariaren kontura izanen da konpontzea atakak, itxiturak eta elementu propioak.

Mendiko larreen aprobetxamendua

28. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak (foru lege horrek hizpide du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko ditu foru lege horretako nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak.

29. artikulua. Debeku da zerri-azienda bazkatzea larrean.

30. artikulua. Untzuko Kontzejuak urtero finkatuko du, aurrekontu arruntean, larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda mota bakoitzerako eta larratzeko eremu bakoitzerako.

Epaitzen aprobetxamendua

31. artikulua. Mendian aski baldin bada, eta Nafarroako Gobernuak baimendu ondoan, Untzuko Kontzejuak epaitzak edo egur-loteak banatuko dizkie familia-unitateei, baldin betetzen badituzte ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak, salbu b) apartatuan ezarritakoa; kasu horretan, urtebeteko antzinatasuna eskatuko da.

Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu, jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

32. artikulua. Untzuko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Untzuko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

33. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

Epaitzako aprobetxamenduko egurra ateratzeko epea izanen da entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, eskubidea du epe hori luzatzeko, baita epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko ere, eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk ere egin ditzake. Epealdi hori iraganik, epaitzak egiaztatuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

34. artikulua. Kontzejuak ez du kanonik ezarriko epaitzen aprobetxamendurako, baina hau urtero aldatzen ahal du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

35. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak biltzera eta metatzera, egurra eraman eta gero; betiere, hondar horiek ezin izanen dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten beste toki batzuetan. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

36. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie Nafarroako Gobernuko basogintzako administrazioari edo Kontzejuan lan horretaz arduratzen diren langileei. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

37. artikulua. Epaitzaren eskaera urtero eginen da. Lehenik eta behin, aztertuko da aurreko urteko epaitzen nondik norakoa, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.

38. artikulua. Erabat debekatuta dago zaborra, bidoiak edo edonolako hondakinak mendian uztea.

V. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

39. artikulua. Ehiza barrutiak eratu baldin badira herri-lurrak sartuz, hango ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraikiz 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei.

40. artikulua. Untzuko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. TITULUA.–ADJUDIKAZIORAKO PROZEDURA

41. artikulua. Kontzejuaren erabakiaren ondotik eta iragarki-tauan ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da, eskabidea aurkez dezaten herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskubidea dutela uste dutenek.

42. artikulua. Aprobetxamendu eskabideei erantsiko zaie honako hauen gaineko zinpeko deklarazioa:

a) Kontzejuko bizilaguna izatea, gutxienez hiru urte lehenagotik, eta Kontzejuan urtebetean bederen bizitzea.

b) Familia-unitatea osatzen duten kideen kopurua, familia-liburuaren fotokopia erantsiz.

c) Eskatzaileak egunean izatea Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Untzuko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatu beharrez.

43. artikulua. Eskaerak ikusita, Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, aprobetxamendu tokia edo lotea adierazita.

44. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da jendaurrean behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

45. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak egonez gero, Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetarako behin betiko bizilagun zerrendak onetsiko ditu, aprobetxamendu tokiak edo loteak adierazita.

VII. TITULUA.–ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK

46. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-lurren aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea galtzea hiru urterako.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ere ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

Halakoetan, hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

d) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea bizilagunentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Lursailak urtean behin gutxienez ez ebakitzea eta ongarritzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30,00 euro ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren kargura, osorik) eta sortutako kalte-galeren ordaina.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua aplikatuko zaizkie ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten beste egitate edo egintza guztiei edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten egitate edo ekintza guztiei, bai eta zehapena ekartzen duten egintza guztiei ere. Zehazki:

–Zehapenak izanen dira produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak. Ezin denean kalkulatu aprobetxatu denaren balioa edo sortutako kaltearen balioa, zehapena izanen da 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa.

–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, konfiskatuko dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantzak oro.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Iragarkiaren kodea: L2313599