2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BIURRUN-OLKOTZ
Udalkideen ordainsariak eta dedikazio araubidea
Udalak, 2023ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:
ERABAKIA:
Kontuan hartuta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 56. artikuluak xedatzen duela Nafarroako toki erakundeek diru kopuruak kontsignatzen ahal dituztela aurrekontuetan, bertako kideei ordainsariak edo kalte-ordainak emateko, karguan aritzeagatik.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75 bis eta 75 ter artikuluetan, egungo testuaren arabera, toki erakundeek diru kopuru horiek ezartzeko bete behar dituzten prozesua eta baldintzak zehazten dira.
Aurretik xedatutakoa garaturik dago Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 13. artikuluan (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez).
Kontuan hartuta abenduaren 27ko 18/2017 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen den konpentsazio ekonomikorako sistema, udalkideei karguan aritzeagatik ordainsariak edo bilkura-sariak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzat (foru lege horren bidez ezartzen da Toki Ogasunek Nafarroako Tributuetan duten Parte-hartzearen Funtsaren zenbatekoa eta banaketa, transferentzia arrunten bidez, 2018. eta 2019. urteetarako), Udalbatzak bertaratu guztien adostasunez honako hau erabaki du:
Lehena.–Udalkideentzako ordainsari araubide hau ezartzea:
Alkatea eta zinegotziak: 100 euroko diru-konpentsazioa bilkura egiaztatu bakoitzeko, osoko bilkuretara edo kide anitzeko beste organo batzuetara joateagatik. Behar den atxikipena eginen da diru kopuru horretatik PFEZrako. Orobat, karguan aritzean sortzen diren gastuak ordainduko dira dieta gisa eta joan-etorrien ordain gisa, horiek justifikatu eta dagozkien fakturak aurkeztu ondoan.
Bigarrena.–Erabaki hau atzeraeraginez jarriko da indarrean, 2023ko ekainaren 17tik aurrera. Hori dela eta, egun horretatik aurrera indarrik gabe geldituko da lehenagoko beste edozein erabaki. Indarrean egonen da, osoko bilkuran horri buruzko beste erabaki bat hartu arte.
Hirugarrena.–Erabaki hau argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko ekainaren 21eko 22/2012 Foru Legearen 20.3 artikulua), eta argitaratzen den unetik sortuko dira ordainsariak eta sariak, atzeraeraginez, erabakian xedatutakoari jarraikiz.
Biurrun-Olkotzen, 2023ko irailaren 22an.–Alkatea, María Luisa Serrano Echaves.
Iragarkiaren kodea: L2313621