Iragarkia
204. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
–GAYARRE ANTZOKIA UDAL FUNDAZIOA–
Estatutuen aldaketa, ekainaren 30eko Nafarroako Fundazioen 13/2021 Legera egokitzeko
Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren zuzendari kudeatzaile Gregoria Navarro De Luisek jakinarazi du 2023ko apirilaren 5eko osoko bilkuran Iruñeko Udalak honako erabaki hau hartu zuela:
PLE 05-ABR-23 (6/CC).
Ikusirik Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren 2023ko martxoaren 16ko Patronatuko Batzarrean hartutako erabakia eta espedientean dauden agiriak, erabaki da: onestea Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren estatutuen aldaketa egitea Nafarroako Fundazioen ekainaren 30eko 13/2021 Legera egokitzeko, erabaki honi atxikitako agiriak ezarritako baldintzei jarraikiz.
Iruñean, 2023ko irailaren 18an.–Zuzendari kudeatzailea, Gregoria Navarro De Luis.
GAYARRE ANTZOKIA UDAL FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Iruñeko Udalaren borondatez eratu da Gayarre Antzokia Udal Fundazioa, Udalak 1998ko martxoaren 13ko osoko bilkuran erabakitakoari jarraituz eta haren babesean.
2. artikulua.
Honako hauek arautuko dute Fundazioa: estatutu hauek; 21/2019 Legea, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren konpilazioa edo Foru berria aldatu eta eguneratzekoa; 13/2021 Legea, Nafarroako fundazioei buruzkoa; aplikatzekoa den beste edozein foru lege, eta, foru araurik ezean, beharrezkoa balitz, Estatuko legeria. Tributu araubideari dagokionez, aplikatzekoa da Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritako tributu araubide berezia.
3. artikulua.
1. Gayarre Antzokia Udal Fundazioak nortasun juridiko propio eta independentea du.
2. Fundazioa interes sozialekoa da, irabazteko inolako asmorik gabea.
3. Fundazioak erabateko gaitasun juridikoa du; orobat, jardutekoa, bere helburuak lor daitezen.
4. artikulua.
Gayarre Antzokiaren kudeaketa eta administrazioa ditu xede Fundazioak, antzerkia, musika, dantza eta horien antzeko beste jarduera batzuk bultzatu, sustatu eta hedatzearren. Oro har, antzerki eta musika ikuskizunak sustatu eta antolatzea du xede, Antzokiaren jarduerekin lotutako argitalpenak egitea, baita beste edozein arte jarduera ere, Antzokiak berak bultzatutako kultur adierazpenak ezagutaraztea eta hedatzea bada xedea, Gayarre Antzokian bertan gauzatu edo ez. Xedea bere gain hartzen du Udalaren zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketak.
5. artikulua.
1. Xedeak behar bezala betetzeko, Fundazioak, nagusiki, honako jarduera hauek gauzatuko ditu:
a) Edozein diziplina artistikorekin lotutako edozein emanaldi.
b) Edozein diziplina artistiko iragarri eta horren hartzaile berriak erakartzeko edozein jarduera.
c) Tokiko kulturaren sektorea dinamizatzeko edozein jarduera.
d) Edozein diziplina artistikori buruz ikertu eta sortzeko edozein jarduera.
e) Kultur bitartekaritzara bideratutako edozein jarduera.
f) Xedeak betetzeko beste edozein jarduera, aurretik jaso ez dena.
2. Fundazioak enpresa jarduerak egiten ahalko ditu baldin eta horien helburua fundazioaren xedeekin loturik badago edo xedeekiko osagarria nahiz gehigarria bada.
6. artikulua.
Fundazioak bere xedeei eta jarduerei buruzko behar bezalako informazioa emanen du, balizko onuradunek eta gainerako interesdunek horien berri izan dezaten.
7. artikulua.
1. Fundazioaren xedeak onuragarria izan behar du gizartearentzat. Zehazki, Fundazioaren prestazioen onuradunak izan daitezke Patronatuaren iritziz onurak jasotzea merezi duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.
2. Patronatuak hautatuko ditu onuradunak, inpartzialtasunaren eta bereizketarik ezaren irizpideei jarraikiz eta ezaugarri hauek dituztenen artean:
a) Fundazioaren arreta jasotzen duen biztanleriaren sektorearen parte izatea.
b) Fundazioak eskaintzen ahal duen prestazioa edo zerbitzua eskatzen duten pertsonak izatea.
c) Haien merezimenduak, gaitasuna, premia edo onuraren arabera hautatuak izatea.
d) Bestelako baldintza batzuk betetzea, berariaz ezar daitezkeenak.
3. Inork ezin izanen dio alegatu Fundazioari edo Patronatuari, ez bakarka ez taldean, onura horiek izateko eskubidea horiek eman aurretik, ez eta pertsona jakin batzuei edo jende talde zehatzei esleitzeko beharra inposatu ere.
4. Inolaz ere ezin izanen dira onuradun izan banako batek izendatutako pertsonak.
8. artikulua.
Fundazioa Nafarroako Foru Komunitatekoa da eta egoitza du Antzokian, Karlos III.a Noblearen etorbidea 1 zenbakian.
9. artikulua.
Fundazioak jarduerak Iruñean egitea lehenetsiko du.
10. artikulua.
Fundazioa muga egunik gabe eratu da, 33. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe; pertsona juridikoa da eta eraketaren eskritura publikoa Fundazioen erregistroan inskribatzen denetik aurrera abiatuko ditu bere jarduerak.
II. TITULUA.–FUNDAZIOAREN ORGANOAK
I. KAPITULUA.–PATRONATUKO BATZARRA
11. artikulua.
Patronatuko Batzarraren esku utzi dira Fundazioaren gobernua eta administrazioa. Iruñeko Udalak osoko bilkuran izendatuko du hura, estatutu hauetan xedatutakoari jarraikiz.
12. artikulua.
Batzarrak independentzia osoz beteko ditu bere eginkizunak, oztopo eta mugarik gabe, estatutu hauetan eta indarrean dagoen legerian xedatutako baldintzak baino.
13. artikulua.
Patronatuko Batzarreko kidetzak ohorezkoak eta dohainekoak dira, kideei karguan aritzean izandako gastuengatik kalte-ordaina emanen bazaie ere.
14. artikulua.
Patronatuko Batzarrean gutxienez hiru pertsona egonen dira eta emakume eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua egotea sustatu beharko da. Zehazki, honako kide hauek egonen dira:
–Batzarburua: Iruñeko alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia, zeina, gainera, bere udal talde politikoaren ordezkaria izanen baita.
–Kideak: Gutxienez hiru, udal talde politiko bakoitzak edo atxiki gabeko zinegotzi bakoitzak gainerakoen ordezkaritza bera izanen du.
Hala ere, ezin izanen dira Patronatuko Batzarreko kide izan Alderdi Politikoei buruzko 6/2002 Lege Organikoan edo Zigor Kodean xedatutakoa aplikatuta, ondoren deuseztatu edo legez kanpokotzat jo diren edo jarduera eten behar izan duten alderdi politiko edo hautesle-elkarteetako hautesle-zerrendetako kideak izan direnak.
Patronatuko Batzarreko idazkari izanen da udaleko legelari bat, eta hitza izanen du, baina botorik ez.
15. artikulua.
1. Batzarreko kideek kidetza utziko dute izendatu edo hautatu zirenean zuten kargua edo postua galtzean. Horretarako, Patronatuko Batzarrerako udal talde politiko bakoitzak ordezkari bat izendatu beharko du, baita horren ordezko bat ere, titularrak Batzarraren bileretara joan ezin duenerako.
2. Patronatua eratzen dutenek beren zereginak beteko dituzte, ordezkari leial baten arduraz.
3. Patronatuko kideek deitzen diren bileretara joan beharko dute eta beren jardunean bete beharko dituzte indarrean dauden legezko xedapenak eta estatutu hauek.
4. Patronatuko kideek independentziaz erabiliko dituzte beren ahalmenak, oztopo edo mugarik gabe, eta haien ebazpen edo erabakiak hartzeko ezin izanen zaie inolako baldintzarik ezarri, estatutuetan eta indarrean dagoen araudian berariaz jasota daudenez harago.
5. Patronatuko kideak erantzule solidarioak izanen dira Fundazioari dagokionez, araudiaren edo estatutuen aurkako egintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galeren kasuan, edota eginkizunak dagokien ardurarik gabe egindakoen ondorioz sortutakoen kasuan. Horrez gain, erantzule izanen dira Fundazioari dagokionez, inbentarioan dagoen ondasunen bat galtzen bada behar bezala ez inbentariatzeagatik, besterentzeagatik edo zorrak ordaindu aurretik behar ez bezala aplikatzeagatik, baita hartzekodunei gehiegi ordaintzeagatik ere. Ez dute erantzukizunik izanen erabakiaren aurka bozkatu dutenek edo, erabakia hartu eta gauzatzeko esku hartu gabe, erabakia zegoenik ez zekitenek edota, horren berri izanda, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo, gutxienez, berariaz aurka egin dutela frogatzen dutenek.
6. Fundazioari buruzko informazio konfidentziala isilean gorde beharko dute, kargua utzi ondoren ere.
7. Ezin izanen dute Patronatuaren kide izatea erabili onura pertsonal edo materialak lortzeko.
8. Beren kargua gauzatzean edozein jarduera irregularren berri badute, organo eskudunei jakinarazi beharko diete.
16. artikulua.
Patronatuko kideak beren eginkizunak gauzatzen hasiko dira izendapena -eta kargua, kasua bada- berariaz onartu ondoren. Karguak onartzeko hiru modu daude: agiri publiko bat egitea, notariotzak legeztatutako sinadura duen dokumentu pribatu bat egitea edo Nafarroako Fundazioen Erregistroan horretarako berariaz eginiko agertzea. Era berean, Patronatuaren aurrean onartzen ahalko dira, idazkariak emandako egiaztagiriarekin identitatea akreditatuta.
17. artikulua.
Patronatuko Batzarrak gutxienez hiru ohiko bilera eginen ditu urtean zehar.
18. artikulua.
Batzarrak bilkura bereziak eginen ditu batzarburuak edo botoen laurden bat gutxienez lortzen duten batzarkideek eskatuta.
19. artikulua.
Batzarreko bileren burua batzarburua izanen da, eta ez badago edo ezin bada bilerara joan, batzarburuordea izanen da.
20. artikulua.
1. Batzarraren bilkura baliozkoa izateko, kideen gehiengo arrunta edo soila elkartu beharko da lehen deialdian. Bigarren deialdian, ordu erdi bat geroago, aski izanen da batzarburua, kide bat eta idazkaria elkartzea.
2. Kideek ordezkatzen duten zinegotzi zenbatekoaren araberako boto kopurua izanen dute.
3. Patronatuak aurrez aurre edo urrutitik egiten ahalko ditu bilerak, eta kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere, bide elektronikoen bidez egiaztatu daitekeenean haien nortasuna, adierazpenen edukia eta noiz gertatzen diren. Horrez gain, interaktibitatea eta interkomunikazioa bermatu behar dira denbora errealean, eta ziurtatu behar da baliabide horiek saio guztian zehar eskuragarri daudela.
21. artikulua.
Bileren emaitzen aktak eginen dira eta bildutako guztiek sinatuko dituzte.
Idazkariak aktetako erabakien ziurtagiriak eginen ditu, batzarburuak edo estatutuen arabera ordezkoa denak ikus-onetsita.
22. artikulua.
Patronatuko Batzarrak honako eskudantzia hauek izanen ditu:
1. Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren zuzendaritza eta administrazioa.
2. Fundazioaren helburuak eta xedeak ahalik eta hobekien betetzen direla zaintzea.
3. Proposatu eta hastea estatutuetan beharrezkoak edo komenigarriak diren aldaketak, Fundazioaren xedeak hobeki bete daitezen.
4. Fundazioaren jarduera guztiak ikuskatu, zaindu eta bideratzea.
5. Aldez aurretik onestea batzarburuak prestatutako aldian aldiko jarduketa programak eta urteko aurrekontuak.
6. Fundazioaren xedeen artean erabilgarri dauden funtsen banaketari eta aplikazioari buruzko ildo orokorrak finkatzea.
7. Onestea urteko balantzea, Fundazioaren jardueren memoria, urteroko kontuak eta zuzendaritzak aurkezten dion aurrekontuaren likidazioa.
8. Zuzendaritzaren kudeaketa onetsi edo ezestea. Hala bada, behar den erantzukizuna eskatuko du.
9. Fundazioaren ordezkari izatea era guztietako harreman, erabaki eta hitzarmenetan Estatuarekin eta beste entitate eta erakunde publikoekin zein pribatuekin, nazioan edo nazioartean, baita auzitegietan, magistraturetan eta pertsona juridikoekin zein partikularrekin ere, eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak baliatuz, baita tramite, eskabide, gorabehera eta errekurtsoak ere; orobat, Fundazioaren eskumenekoak edo interesekoak diren prozedura, espediente, erreklamazio eta epaiketak, behar diren ahalordeak emanez, auzibideetako orokorrak barne direla.
10. Edozein modutan eskuratzea Fundazioaren xedeak betetzeko ondasun higiezinak, higigarriak eta material suntsikorra zein kontsumigarria; halaber, egin beharreko gastuak baimentzea, 90.152,00 eurotik goitikoak badira.
11. Jardueretarako ezarritako tarifak, matrikulak eta prezioak onestea.
12. Nazioko eta nazioarteko erakunde eta organismoekin itunak eta hitzarmenak egitea Fundazioaren xedeei loturik dauden gai edo jarduerei buruz.
13. Bankuko era guztietako eragiketak egitea pertsonen, erakunde edo entitate publikoen, banketxeen eta pertsona fisiko edo juridiko pribatuen aurrean. Kontu korronteak eta aurrezki kontuak ireki, erabili, horien jarraipena egin, itxi eta bertan behera uztea kredituko edozein establezimendu publikotan edo pribatutan. Taloiak, txekeak, agindu-txartelak, transferentziak eta edozein ordainketa modu sinatzea eta horien laburpenak onestea. Merkataritzako kanbio letrak edo merkataritzako igorpen edo trafikoko beste edozein agiri libratu, onartu, abala eman, endosatu, protestatu, kobratu, deskontatu, hartu, adierazi eta biltzea.
14. Zuzendari kudeatzailea hautatu eta kargutik kentzea, batzarburuak edo Patronatuko Batzarreko kide batek proposatu ondoren.
15. Orokorrean, Fundazioaren ondasunak gobernatu, administratu, kontserbatu eta zaintzeko eginkizun guztiak betetzea, eta Fundazioaren barreneko eta kanpoko funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.
16. Fundazioaren zerbitzuko langileak hautatu, izendatu eta kargutik kentzea.
17. Edukiak eta iraupena zehaztuta, batzarburuaren esku uztea espresuki 1, 2, 4, 9, 10, 13, 15 eta 16. ataletan aipatutako ahalmenak.
II. KAPITULUA.–BATZARBURUA
23. artikulua.
Batzarburuak eskudantzia hauek izanen ditu:
1. Patronatuko Batzarraren bilkuretarako dei egitea, haietan buru izatea, bertan behera uztea eta bukatzea, eztabaidak zuzentzea eta berdinketak haustea kalitate botoarekin.
2. Patronatuko Batzarraren erabakiak bete daitezen zaintzea.
3. Zuzendari kudeatzailea lagun duela, Fundazioaren aurrekontuaren proiektua prestatzea, azken horrek prestatutako aurrekontua oinarri hartuta.
4. Aurrekontuan sartutako gastu arruntak onestea, ondasun higiezinak, higigarriak eta material suntsikorra eskuratzea eta 90.152,00 euro bitarteko kontratuak egitea.
5. Ordainketak agintzea.
6. Fundazioaren ordezkari izatea auzitegi, epaitegi eta magistraturetan, udalbatza, agintari, notario eta partikularren aurrean; ordezkaritza erabiltzeko aginduak eta ahalak ematea eta ordezkari jardutea bidezkoa den kasuetan.
7. Bidezko ekintza judizialak zein administratiboak erabiltzea premiazko kasuetan, eta haien berri ematea Patronatuko Batzarrari egiten duen hurrengo bilkuran, behin betiko erabakia har dezan.
8. Behar diren kontratuak egitea Fundazioa ordezkatuz.
9. Aktak eta ziurtagiriak baimentzea.
10. Premiazko neurriak hartzea, eta haien berri ematea Patronatuko Batzarrak egiten duen hurrengo bilkuran.
11. Patronatuko Batzarrari proposatzea Fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatzea eta kargutik kentzea, nahiz eta Patronatuko Batzarreko edozein kidek egin dezakeen proposamena.
12. Fundazioaren zerbitzuko langileen buru izatea.
13. Fundazioaren Patronatuko Batzarrak bere esku utz dezakeen beste edozein eskudantzia.
24. artikulua.
Batzarburuak Patronatuko Batzarreko kideen artean izendatuko du batzarburuordea, hark kargua har dezan lehenak karguari uko egiten badio, kanpoan egon beharko balu, gaixo egonen balitz.
III. KAPITULUA.–KUDEATZAILEA
25. artikulua.
Fundazioko zuzendari kudeatzaileak eginkizun eta betebehar hauek izanen ditu:
1. Fundazioaren Urteko Programa prestatzea, antzerki, musika, dantza, zinematografia eta abarretako jardueretarako, Patronatuko Batzarrak onets dezan eta ondoren haien zabalkundea eta sustapena bultzatzeko.
2. Urteko lehen hiru hilabetetan prestatzea aurreko urteko kontu orokorrak.
3. Batzarburuarekin batera aritzea aurrekontuaren proiektua prestatzen.
4. Hitza duela baina botorik ez, Patronatuko Batzarraren bilkuretan partea hartzea, deitzen zaionean.
5. Patronatuko Batzarrak eta batzarburuak behar dituzten txosten guztiak prestatzea eta urtero egindako jarduera eta zerbitzuen memoria idaztea.
6. Antzokiko eta horren bestelako azpiegituren langileen antolamendu eta zuzendari lanetan ibiltzea.
7. Fundazioan zerbitzua emanen duten langileak izendatzeko proposatzea Patronatuko Batzarrari.
8. Patronatuko Batzarraren erabakiak betetzea, batzarburuaren aginpideei jarraikiz.
9. Patronatuko Batzarrak edo batzarburuak esleitu eta ematen dizkion ahalmenak erabiltzea.
10. Fundazioaren zerbitzuak zaintzea, baita haren zerbitzuko langileak ere.
26. artikulua.
Kudeatzaileak laneko zerbitzu-harremana izanen du Fundazioarekin.
Aurreko paragrafoan aipatutako kontratuak baizik ez ditu egiten ahal kudeatzaileak, ezta kontratu bidezko harremanik edo partaidetzarik izan ere Fundazioarekin kontratua egiten duten enpresa edo sozietateetan.
IV. KAPITULUA.–IDAZKARIA
27. artikulua.
Idazkariak eginkizun eta betebehar hauek izanen ditu:
1. Patronatuko Batzarraren bilkuretan partea hartzea, hitza duela baina botorik ez.
2. Aholkularitza juridikoa ematea Patronatuko Batzarrari eta Fundazioko buruari.
3. Patronatuko Batzarraren erabakiak eta ebazpenak akta bidez jasotzea.
4. Erabaki eta ebazpenen ziurtagiriak egitea, batzarburuaren oniritziarekin.
5. Interesdunei Patronatuko Batzarraren erabaki eta ebazpenen ziurtagirien berri ematea.
6. Fundazioko artxiboak eta dokumentazioa zaintzea.
IV. KAPITULUA.–KONTSULTA ETA AHOLKULARITZA ORGANOA
28. artikulua:
"Gayarre Antzokia Herritarrendako Batzordea" izeneko batzordea sortzen ahal da Gayarre Antzokiko Udal Fundazioaren Patronatuko Batzarrari kontsulta egin eta aholkularitza eskatzeko. Batzorde horren kide izanen dira:
–Batzordeburua: Iruñeko Udaleko alkatea.
–Batzordeburuordea: Iruñeko Udaleko Kultura Alorreko zinegotzi ordezkaria.
–Kideak:
- Iruñeko abesbatza elkarteen ordezkari bat.
- Iruñeko musika elkarteen ordezkari bat.
- Hiriko antzerki talde eta konpainia egonkorren ordezkari bat.
- Gehienez ere beste lau kide, Patronatuko Batzarrak hautatutakoak, kultura, arte edo elkarteetan dauden Iruñeko herritar garrantzitsuen artekoak.
–Idazkaria: Iruñeko Udaleko legelari bat.
Patronatuko Batzarreko kideek parte hartzen ahal dute batzorde honen bilkuretan.
29. artikulua.
"Gayarre Antzokiko Herritarrendako Batzordea" batzordeko kargu guztiak ohorezkoak dira, eta ordaingabeak.
30. artikulua.
"Gayarre Antzokiko Herritarrendako Batzordeak" urtean behin eginen du ohiko bilkura; aldiz, berezia, batzordeburuak beharrezkotzat jotzen duenean.
III. TITULUA.–ONDAREA ETA ARAUBIDE EKONOMIKOA
31. artikulua.
Fundazioaren ondarea honako hauek osatuko dute: normaltasunez jarduteko behar dituen ondasun higigarriek, hasierako ondareak eta Fundazioari dagozkion gainerako eskubideek.
32. artikulua.
Zertarako sortzen den Fundazioa, xede haiei zuzenean lotu eta atxikiko zaizkie, berehala eta hartarako baizik ez, Fundazioaren ondasun higigarriak eta errentak, inoiz ere ezein aitzakiaren bidez beste premia batzuetarako erabili gabe.
33. artikulua.
Fundazioak hartzen ahalko ditu dohaintzak, dirulaguntzak, laguntzak eta diru ekarpenak zuzenean erabiltzeko bere xedeak betetzeko.
Urtero berrituko den hitzarmen-programa batean finkatuko dira Iruñeko Udalak Fundazioari egiten dizkion diru ekarpenak, zein helburutarako diren adierazita. Fundazioak bete beharreko kontrol ekonomikoaren mekanismoak finkatuko dira hitzarmen-programan; betiere, urteko kontu ematea eta Udalaren onespena sartuko dira.
34. artikulua.
1. Fundazioak kontabilitate ordenatua eta bere jarduerarako egokia izan beharko du, egindako eragiketen jarraipen kronologikoa egitea ahalbidetzen duena. Fundazioari nahitaez aplikatu beharrekoak izanen dira Kontabilitateko Plan Orokorreko egokitzapen arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateentzat ezarritakoak.
2. Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Lege indardunean ezarritako kontabilitate, auditoretza eta aurrekontu araubideak bete behar ditu Fundazioak.
3. Patronatuak kanpoko auditoretzapean jarriko ditu urteko kontuak, indarrean dagoen araudiak hala eskatzen duenean edo egokitzat jotzen duenean.
4. Patronatuak, hala badagokio, administrazio eskudunari aurkeztuko dizkio indarrean dagoen araudiak eskatutako ekonomiari buruzko agiriak.
35. artikulua.
Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan, aurrekontu arruntaren likidazioa eta aurreko ekitaldiko balantzea prestatuko dira, baita ekitaldi horretan egindako jardueren eta kudeaketa ekonomikoaren memoria ere.
IV. TITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA FUNDAZIOA DESEGITEA
36. artikulua.
Estatutu hauetan edozein aldaketa egiteko, Iruñeko Udalak osoko bilkuran onetsi beharko du, bai ofizioz bai Patronatuko Batzarrak proposatuta. Aldaketaren espedientea ofizioz abiatzen bada, Patronatuko Batzarraren txostena beharko du.
37. artikulua.
Iruñeko Udalak osoko bilkuran onetsi beharko du Fundazioa desegitea, hala iritzita haren xedeak ezin bete direlako edo beste arrazoi batzuengatik. Desegiteko espedientea ofizioz abiatuko da edo Patronatuko Batzarrak proposatuta. Iruñeko Udala izanen da Fundazioa desegitean horrek dituen ondasun eta eskubide guztien jabe, salbu eta bat-egitea gertatzen bada. Fundazioa desegiten denean, Fundazioak jasotzen duen ondarea Fundazioak egindakoen antzeko interes orokorreko helburuetarako erabiliko du Iruñeko Udalak.
Iragarkiaren kodea: L2313467
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
