204. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

322E/2023 EBAZPENA, irailaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Etxarri Aranazko udal-mugartean agerikoak ez diren adreiluak eta egurrezko pelleta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Jardueraren titularra Cerámica Utzubar SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 925/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 344E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 30eko 478E/2014 Ebazpenaren eta maiatzaren 26ko 113E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu.

2023ko uztailaren 17an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, 8. fokuko isurketen neurketak %5eko oxigeno-eduki bolumetrikoari erreferentzia egitetik salbuesteko, aire-hodiaren gisako instalazio bat dela iritzita.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du onargarria dela, aipatutako fokuan egindako azken neurketa-txosten teknikoan atzeman diren oxigeno-eduki bolumetrikoaren balioak %20 ingurukoak izan direlako eta ingurumen aldetik instalazioaren funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin bat datorrelako.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Etxarri Aranazko udal-mugartean agerikoak ez diren adreiluak eta egurrezko pelleta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Cerámica Utzubar SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Cerámica Utzubar SA enpresara eta Etxarri Aranazko Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko irailaren 12an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2313170