204. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako gazteen entitateei dirulaguntzak emateko 2024ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 712543.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 34. artikulua gazteen elkartegintzari buruzkoa da, eta ezartzen du ezen, gazteek gizartean duten parte-hartzea erraztearren eta erantzukizun sozialeko kontzientzia sustatzearren, gazte elkarte berriak sortzen lagunduko duten mekanismoak ezarriko direla eta gaur egungo elkarte sarea indartuko dela. Bereziki sustatuko da gazte-gaztetandik eta hezkuntzaren esparruan parte hartzea.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da arlo horretako erakunde eskuduna, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortu eta haren estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera. Izan ere, helburu du gazteen elkartegintza sustatzea, horrek bide ematen baitu gazteak gizarte-bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten. Horretarako, laguntza eman nahi zaie entitate horiei, gazteentzako programak presta ditzaten eta ekipamendua eskuratu dezaten beren egoitza eta jardueretarako

Gazteen entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, egokitzat jotzen da dirulaguntzen deialdi berri bat onestea, norgehiagokako araubidean, gazteen entitateentzako laguntza sistema bat ezarriko duena Nafarroako gazteek gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzen lagunduko duten ekintzak egiteko, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarteko aldian. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako gazteen entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean gazteriaren arloko programak garatzeko eta ekipamendua erosteko.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Baimentzea 193.000 euroko gastua deialdi hori aurrera eramateko. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

090002-09100-4819-232100 Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak.

2023ko partidaren baliokidea

2024

183.000,00

090002-09100-7819-232105: Gazte elkarteen ekipamendurako dirulaguntza. 2023ko partidaren baliokidea

2024

10.000,00

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2024ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen eta oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 11n.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA.–GAZTEEN ENTITATEENTZAKO 2024KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea dirulaguntzak eman dakizkien Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte.

Deialdi honetara bideraturiko aurrekontua, proiektuen atalean, 183.000 eurokoa izanen da gehienez, 2024ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2023ko gastu aurrekontuko 090002-09100-4819-232100 partida, "Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak" izenekoa. Horrez gain, 10.000 euro izanen dira ekipamendua erosteko atalean, 2024ko gastu aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2023ko gastu aurrekontuko 090002-09100-7819-232105 partida, "Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza" izenekoa.

2.–Helburua.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da laguntza ematea Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden entitateei eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuei, partez finantzatuz gazteriaren arloko programak gauzatzeko eta ekipamenduan egiten dituzten gastuak, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartekoak.

Deialdiak onura publikoa dakar, gizartearentzat interesgarria delako gazteen elkartegintza sustatzea, eta bide bat sortzen delako gazteek parte har dezaten beren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuetan.

3.–Entitate onuradunak.

Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:

3.1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden entitate guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.

3.2. Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen elkarteek, baldin eta legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

3.2.1.–Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duen entitate baten mende ez egotea, ez ekonomikoki ez instituzionalki.

3.2.2.–Estatutuetan jasota agertzea entitatearen xedea dela gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea.

3.2.3.–Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

4.–Proiektuen eta ekipamendu gastuen kontzeptu diruz lagungarriak.

4.1. Proiektuen edukia:

Proiektuak hamalau eta hogeita hamar urte bitarteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.

Proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, eta lortu nahi diren helburuak erdiestera bideratuak izan beharko dute, plan egituratu bati jarraikiz.

Gazteen bizi garapena laguntzen duten eta gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Genero ikuspegia kontuan hartu behar dute proiektuek.

Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:

a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.

b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.

c) Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, LGTBIfobia eta intolerantzia prebenitzeko jarduketak.

d) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

f) Gazteen aisia hezigarria eta astialdia bultzatzen dituzten jarduketak.

g) Gazte elkarteen jarduketak bultzatzen dituzten ekintzak, ingurumenaren kontserbazioan eta aisiaren kultura berri baten erabileran.

h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.

i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.

j) Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

k) Ikaskuntza-zerbitzuko proiektuak.

Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta obrak egitea helburu dutenak ere.

Proiektu horiek 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarteko epean gauzatu beharko dira.

4.2. Ekipamendu gastuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuan (aurrerantzean NGI) erroldatutako entitateek eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuek, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenean, dirulaguntzak lor ditzakete ekipamendu gastuetarako, baldin eta gazteen jardueren atalerako eskatzen badute dirulaguntza, eta haren onuradun badira (4.1 oinarria).

Ekipamendua erosteko gastu diruz lagungarriak izanen dira beharrezkoak direnak gazteen entitatearen jarduera garatzeko, eta 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarteko aldian eginen dira.

5.–Kontzeptu eta gastu diruz lagungarriak.

5.1. Proiektuak egiteko dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraio gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzaren herritik kanpo gutxienez ere gau bateko ostatua behar duten jarduerak.

–Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik aurkeztutako plangintza nabarmen aldatzen denean, egin nahi den aldaketari buruzko eskaera bat aurkeztu beharko zaio NGIri, behar bezala argudiatuta, eta NGIk baimendu beharko du onartua izateko.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.

–Proiektuaren publizitatean eta hedapenean egindako gastua.

–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).

–Zerbitzu profesionalen ordainketa, halako proiektuetan non, beren berezitasunengatik, kontratatu behar baitira gauzatuko den proiektuaren arloan adituak diren teknikari profesionalak.

–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.

5.2. Ekipamendu inbentariagarria eta ekipamendu informatikoa erosteak eragindako gastuengatik dirulaguntza jasotzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldatutako entitateek eta Nafarroako gazteen beste entitate batzuek ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Ekipamendu inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak: altzariak eta tresnak (esate baterako, mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak, edo suteak prebenitzeko materiala: su-itzalgailuak, motxila hidrikoak, suaren aurkako mantak, etab.).

Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun ez-suntsigarriak erostekoak; esate baterako, orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala: etxetresna elektrikoak, su txikiak, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar.

Ekipamendu informatikorako gastutzat jotzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak. Alde horretatik, honako hauek lagunduko dira diruz:

Ekipamendu informatikoa erostea: ordenagailua, inprimagailua, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak (telefono mugikorrak, argazki eta bideo makinak, USBak, GPSak...) eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipo informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan aipatzen diren ondasun inbentariagarriak eskuratzen badira, entitate onuradunek 2 urtez erabili beharko dituzte ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako.

Diruz lagungarriak izateko, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte egin beharko dira.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.–Diruz lagungarriak ez diren kontzeptu eta gastuak.

Deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira honako hauek:

–Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusiak daudenak eta hezkuntza formalaren xede edo eduki berberak dituztenak.

–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.

–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, herriko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.

–Ikasleen entitateen berezko jarduerak.

–Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

–Mantenu, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

–Hiri kanpaldietako mantenu gastuak.

–Elkarteko zein elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteko langileen ordainsariak, horrelakorik badago.

–Gazte elkartearen berezko jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.

–Gazte elkartearen erabilera-eremua gainditzen duten funtzionamendu gastuak, garatutako jarduerei dagokienez.

–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.

–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpaldietara edo zeharkaldietara joateko ez badira.

–Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

–Entitatearen ibilgailuen aseguruen ordainketa.

–Sariak eta opariak.

–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.

–Gazte elkarteen, gazte atalen eta entitate emaileen barne-funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, esate baterako, egoitzaren alokairukoak, telefonia edo Interneteko gastuak, material inbentariagarri eta informatikoak konpontzekoak, kilometro-gastuak, bidesari, aparkaleku, aholkularitzaren ondoriozkoak eta abar.

–Dirulaguntzatik kanpo daude gauzatu beharreko proiektuarekin zuzeneko loturarik ez duten gastuak, hala nola, opariak edo zeinahi motatako eskersari, lan sari edo erregaliak edozein parte-hartzaileri (erabiltzaileak, proiektuak garatzen dituztenak, hizlariak eta abar).

7.–Dirulaguntzen gehieneko kopuruak.

7.1. Proiektuak.

Xede honetarako gehieneko kreditua 183.000 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, hainbanaketa eginen da.

7.1.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da entitateentzako dirulaguntza, eta 8.000 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.

7.1.2. Lehen fasean, proiektu bakarrerako dirulaguntza emanen zaio entitate bakoitzari, 11.1. oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.

Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei aurreikusitako gehieneko kopurua emateko, hainbanaketa eginen da.

Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuei helduko litzaieke, gutxieneko puntuazioa lortzen badute. Puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira proiektuok, deialdiari geratzen zaion zuzkidura agortu arte.

7.1.3. Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 4.1 oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifarik merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila, tarifa estandarra, etab.).

b) Egoitzaren herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 29 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

c) Proiektuaren ezaugarriengatik profesionalen zerbitzuak kontratatu behar direnean, horren gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da gehienez ere.

7.2. Ekipamendua.

Xede honetarako gehieneko kreditua 10.000 eurokoa izanen da, guztira. Kreditu hori ez bada nahikoa guztiei aurreikusitako gehieneko zenbatekoa emateko, hainbanaketa eginen da.

7.2.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez ekipamendua erosteko dirulaguntza, eta, orobat, 1.000 euro gehienez ere.

8.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

8.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko (www.nafarroa.eus) "Tramiteak" esteka erabiliz, ahal dela.

Eskaera NGIri zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoko berariazko fitxan jaso daitezke.

9.–Eskaera eta dokumentazioa.

9.1. Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan eta www.juventudnavarra.es/eu webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztuko dira eskaerak (II. eranskina, 0-5 fitxak), honako agiri hauekin batera:

a) Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik ez dauden gazteen entitateen kasuan:

1.–Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.

2.–Elkartea edo entitatea dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.

3.–Azken zuzendaritza batzordearen erregistroko idatzoharra. Zuzendaritza batzordeak eguneratuta egon behar du.

4.–Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).

5.–Elkartearen edo entitatearen legezko ordezkariaren NANa, eskatzailea denean; bestela, eskaera sinatzen duenaren NANa eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

6.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, dirulaguntza eskatzen den lehenengo aldia baldin bada edo datuak aldatu baldin badira.

b) Eskaera guztiekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

9.1.1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri hori gehienez hilabete lehenago emana izanen da. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

9.1.2. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabete lehenago emana, frogatzen duena entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egin dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

9.1.3. Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik (II. eranskina, 0. fitxa).

9.1.4. Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa) 57. artikuluan ezarritakoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten jardueretan, jite eta izaeragatik haurrekin edo nerabeekin tratu errepikakorra, zuzena eta erregularra, eta ez noizbehinkakoa, dakarten guztietan, ordainduak zein ordaindu gabeak izan, bai eta hartzaile nagusitzat adingabeak dituzten guztietan ere.

Ziurtagiriak deialdiaren urte natural berean emana izan beharko du.

9.1.5. Proiektua eta jarduerak, behar bezala prestatuta eta ekonomikoki baloratuta. Eskaera-orriak osorik bete beharko dira. Eskaera-orri bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko (II. eranskina, 1. fitxa), eta eskaera-orri bat egindako jarduera bakoitzeko (II. eranskina, 2. fitxa).

9.1.6. Elkarteak proiektuak prestatzen eta jarduerak eta programak planifikatzen daukan esperientzia jasotzen duten agiriak.

9.2. Ekipamendua erosteko eskaerekin batera aurkeztuko dira, batetik, enpresa hornitzaileen aurrekontua(k), non azalduko baita zer material erosi nahi den, eta, bestetik, 9.1.3 oinarrian adierazitako erantzukizunpeko adierazpena. (II. eranskina, 3. fitxa). Aurrekontuek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo data izan beharko dute.

9.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, NGIk entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako proiektuetako informazioa argitu dezatela.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen organoa Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da.

10.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa handitzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak entitate eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10.3. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

10.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere. Datu faltsuak dituztenean, bidezko erantzukizuna eska daiteke.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, irizpide guztiak batera kontuan hartuta:

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).

–Jardueren deskribapena (5 puntu arte).

–Metodologia: (15 puntu).

–Denboraren antolaketa: (5 puntu).

–Proiektua garatzeko lurralde-eremua: (5 puntu).

–Babesa eta segurtasuna jardueretan: (5 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):

–Jardueren plangintza (10 puntu gehienez).

–Helburu, ekintza eta aurrekontuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu gehienez).

–Emaitzen adierazleak (5 puntu gehienez).

c) Proiektuaren onura zenbat bazkidek jasotzen duten (10 puntu gehienez).

–Bazkideen %71 - %100: 10 puntu.

–Bazkideen %41 edo gehiago eta %71 baino gutxiago: 7 puntu.

–Bazkideen %21 edo gehiago eta %41 baino gutxiago: 4 puntu.

–Bazkideen %1 baino gehiago eta %21 baino gutxiago: puntu bat.

–Parte hartzen duen bazkiderik ez, edo bazkideen %1etik beherako parte-hartzea: 0 puntu.

d) Proiektua gauzatzeko, gazte elkarteak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

–Proiektuaren eskura dauden baliabide materialak (5 puntu).

–Baliabide finantzarioak. Nafarroako Gazteriaren Institututik kanpo proiekturako lortutako finantzaketa-iturriak. (5 puntu).

–Kontratu-harremanik gabe/boluntarioak (5 puntu).

–Kontratu-harremana izanik, eginen den proiektuan aditua den teknikariarena edo profesionalarena (5 puntu).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

11.2. Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 4.2 eta 7.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera baloratuko dira.

12.–Dirulaguntza emateko ebazpena, justifikazioa, eta dirulaguntza ordaintzea.

12.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

NGIko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek jasoko dira: dirulaguntza jaso duten entitate eskatzaileen zerrenda eta horietako bakoitzari emandako zenbatekoa, bai eta ezetsitako eskaeren zerrenda ere.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.

12.2. Dirulaguntzaren justifikazioa.

12.2.1. Justifikatzeko dokumentazioa telematikoki igorriko da NGIra, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko Tramiteen Katalogoko estekaren bidez (III. eranskina, 0tik 4ra bitarteko fitxak).

Deialdiaren eranskin guztiak eskura egonen dira bai NGIren bulegoetan, bai Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko Tramiteen Katalogoko estekan.

Justifikazioa eredu ofizialari jarraituz egin beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

12.2.2. Justifikazioak aurkezteko epea 2024ko urriaren 7an amaituko da.

Justifikatutako gastuek bat etorri beharko dute dirulaguntzaren eskaeran aurkeztu eta onartutako jarduerekin.

Dirulaguntza lortzeko, jardueren gastu osoa justifikatu beharko da.

12.2.3. Gastuen justifikazioa.

a) Frogagiriak.

Gastuak justifikatzeko, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen aldeko fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legeriaren araberakoak izanen dira. Entitate jaulkitzaile bat BEZetik salbuetsita dagoenean, salbuespen hori egiaztatzen duen ziurtagiria erantsi beharko da, organo eskudunak emana.

Fakturak jaulkitzetik salbuetsita egonda, horren ordez, ziurtagiriak ematen dituzten entitateek ziurtagiri horietan jaso beharko dute salbuespen hori egiaztatzen duen araua.

Faktura guztiekin batera, ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko da.

Inola ere ez dira onartuko ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.

b) Frogagiriak aurkeztea.

Egindako jarduera bakoitzeko, justifikazioan eskatutako dokumentazio guztia jasotzen duen artxibo bat aurkeztuko da, bilduko dituena daten arabera ordenatutako ekintzen fitxak, fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

Fakturak ordenatuta eta zenbakituta aurkeztuko dira, ordainketaren frogagiriekin batera. Faktura batek eta haren ordainketaren frogagiriak zenbaki bakarra izanen dute. Jarduera bakoitzeko, Excel bat aurkeztuko da, eta bertan fakturen zerrenda agertuko da, esleitu zaien zenbakiaren arabera ordenatuta.

Egindako gastuen zerrenda eta jarduerak sortutako fakturen banakapena Excel fitxategi batean aurkeztuko dira (III. eranskina, 4. fitxa). Jarduera bati egotzi ezin zaizkion gastu diruz lagungarriak badaude proiektuan, gastu horiek beste jarduera bat balira bezala justifikatuko dira, aparteko Excel orri batean.

Ekipamendua justifikatzeko, artxibo bat aurkeztuko da, justifikazioan eskatutako dokumentazio guztia biltzen duena, fakturak eta ordainketaren frogagiriak barne, 7.2 oinarrian ezarritakoari jarraituz. Honako hau adieraziko da: hornitzailea, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa. Faktura batek eta haren ordainketaren frogagiriak zenbaki bakarra izanen dute. Excel fitxategi bat aurkeztuko da (III. eranskina, 3. fitxa), eta bertan fakturen zerrenda agertuko da, esleitu zaien zenbakiaren arabera ordenatuta.

c) Beste dirulaguntza batzuen justifikazioa.

Entitate eskatzaileak lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuen zerrenda aurkeztuko da, non zehaztuko baita dirulaguntza edo laguntza ematen duen entitatearen izena, eskatutako zenbatekoa eta emandako zenbatekoa, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluarekin (III. eranskina, 0 fitxa).

12.2.4. Proiektuen justifikazioa.

Proiektuak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren memoria orokorra, non adieraziko baitira helburu orokorrak, noraino lortu diren eta proiektuaren ebaluazioa, programaren finantzaketarekin batera, bai eta egindako proiektuaren interes estatistikoko datuak ere (III. eranskina, 1. fitxa).

b) Jarduera bakoitzaren amaierako memoria, honako hauek adierazita: emaitzak, non egin diren, datak, parte-hartzaileak, erabiltzaileek eta begiraleek jarduerei egindako ebaluazioa, ondorioak, oharrak eta etorkizuneko jardueretarako gomendioak. Jarduera bakoitzerako finantzaketa ere erantsiko da (III. eranskina, 2. fitxa).

12.3. Dirulaguntzaren ordainketa.

12.3.1. Dirulaguntza NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez ordainduko da, proiektu teknikoa justifikatu ondoren eta, hala badagokio, diruz lagundutako ekipamendua eskuratu ondoren.

a) Diruz lagundutako gastuaren %100 justifikatu ezean, egindako gastua murriztu den adina murriztuta ordainduko da dirulaguntza, eta hori, betiere, entitate onuradunak gauzatutako proiektua nahiko hurbil baldin badago proiektu osotik eta hark ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela.

b) Justifikatutako gastuek bat etorri beharko dute proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduerekin.

12.4. Deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazpen elektronikoen bidez eginen dira (eskuragarri egonen dira gaitutako helbide elektroniko bakarrean). Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoko Tramiteen Katalogoan ere kontsulta daitezke.

13.–Betebeharrak.

13.1. Xedea bete, proiektua gauzatu eta material inbentariagarria erostea, dirulaguntza emateko arrazoia baita.

Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.

13.2. Dirulaguntzen onuradun den entitateak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.3. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat (III. eranskina, 0 fitxa).

13.4. Halaber, entitate onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute (III. eranskina, 0 fitxa), azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz, foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera (III. eranskina, 0 fitxa).

Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen eta publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztietan agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren dirulaguntza izan dela.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, irudi diskriminatzaile oro eta estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta genero-rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

13.5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea (III. eranskina, 0 fitxa), non adieraziko baita hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, ekipamendu ondasunen horniketa edo aholkularitza edo laguntza enpresek emandako zerbitzuak 12.000 eurotik gorakoak direnean.

Kasu horietan, elkarte onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

13.6. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiliko da komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari erantzukidetasunari eta berdintasunezko parte-hartzeari lotutako baloreak sustatuko dira.

13.7. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta horietan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, hala nola hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

13.8. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

14.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean beranduenez, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (III. eranskina, 0 fitxa).

15.–Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

16.–Datuen babesa.

Deialdi hau dela-eta egiten den datu pertsonalen tratamenduan, datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak xedatutakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hauetan adierazitakoa: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu baitzuen; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, hartan xedatuaren aurkakoa ez den orotan.

17.–Ez-betetzeak.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, dirulaguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita berandutze-interesa ordaintzea ere, hala badagokio. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan finkatutakoari jarraikiz kalkulatuko da berandutze-interes hori, dirulaguntza ordaindu zen egunetik hasita, ezertan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluaren arabera eskatzen ahal diren gainontzeko erantzukizunak.

Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18.–Gardentasun betebeharrak.

18.1. Entitate onuradunek bete beharko dute bai irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa, baita Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa ere, horren bidez arautzen baitira gardentasun betebeharrak, eta horren barnean dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituztenak.

18.2. Atal honetan aipatzen den informazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, NGIri zuzendua.

18.3. Onuradunak informazio arloko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

18.4. Nolanahi ere, entitate onuradunek eskubidea izanen dute dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku dauden dokumentuak ez aurkezteko, .Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluarekin bat.

18.5. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2311879