Iragarkia
204. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
28/2023 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak ezartzen dituena abereak saneatzeko kanpainen esparruan 2023-2029 aldian behi-aziendako abereen gaixotasunek sortutako kalteak konpontzeko laguntzak emateko, eta 2023ko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 716834.
Desagerrarazte programen mende dauden gaixotasunak egotearen ondorioz, askotan aziendaren mugimendua murriztu eta abereak hil behar dira. Horrek galera ekonomikoak eragiten ditu, baita bizitarako abereak saltzeko merkatuko posizioa galtzea ere. Ustiategien bideragarritasun ekonomikoa eta belaunaldi aldaketa izugarri zailtzen dira gaixotasunen fokuen detekzioaren ondoriozko jarduketengatik.
Ustiategiak lehen zituen produktibitate eta errentagarritasun ratioak berreskuratu ahal izateko inbertsio handiak egin behar ditu hildako abereak ordeztearren.
Indarreko araudiak konpentsazio eta kalte-ordain batzuk ditu ezarrita, abere horiek hiltzeak dakarren galera ekonomikoa arintzeko. Dena dela, kalte-ordain horiek ez dituzte kontuan hartzen ezarritako murrizketen ondorioz kasu bakoitzean ekoizleek izaten dituzten urritze ekonomikoak, batzuetan ustiategiko diru-sarreren ehuneko handi bat galtzea ekartzen ahal dutenak.
Horregatik, ezinbestekoa da jabeari sortutako kalteengatik ordaina emateko bideak ezartzea, osasun egoeraren erantzuleak ez diren kasuetarako, neurri horien bidez kaltea jasan duen ustiategiaren jarraipena arriskuan jartzea saihestuz. Laguntza hauen bitartez, azken batean, jarduera ez uztea bultzatu nahi da.
Kontuan hartuta bai Europar Batasuneko aurrekontuak bai Europar Batasuneko araudiak babestutako laguntza erregimenak ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek iraupen bera izan ohi dutela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du zenbait laguntza kategoria sortzea, 2029ko abenduaren 31ra artekoak, oro har. Abereen gaixotasunengatik sortzen diren kalteak eta hildako behi-aziendako taldeak berriz osatzeko laguntzak Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan kokatzen dira; izan ere, erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, bidezkoa da abereak saneatzeko kanpainen esparruan 2023-2029 aldian behi-aziendako abereen gaixotasunek sortutako kalteak konpontzeko laguntzak ematea arautuko duten oinarriak ezartzea, eta 2023ko laguntzen deialdia onestea.
Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu-baliabideak ikusita.
Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Laguntza hauek emateko oinarri arautzaileak onestea: laguntzak, abereak saneatzeko kanpainen esparruan 2023-2029 aldian behi-aziendako animalien gaixotasunek sortutako kalteak konpontzeko. Laguntzak ebazpen honen I. eranskinean biltzen den moduan emanen dira.
2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamargarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.
3. Deialdia onestea, 2023. urterako, abereen gaixotasunek behi-aziendan eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.
2023ko laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko da, eta 2023ko azaroaren 2an amaituko da.
4. Ebazpen honetatik eratortzen diren gastu konpromisoei aurre egiteko 190.000,00 euroko gastua onetsi da 2023ko ekitaldian, modu honetan banatuta:
–120.000 euroko gastua, Nafarroako 2023ko Gastu-aurrekontuko "Nahitaez hildako umetarako behiak ordezteko laguntzak" izeneko 710004 71300 7700 412203 partidaren kargura.
–70.000 euroko gastua, Nafarroako 2023ko Gastue-aurrekontuko "Kalte-ordaina abereak epizootien ondorioz hil behar izateagatik, eta azienda mugitzeko debekuaren ondoriozko irabazi lortugabeagatik" izeneko 710004-71300-7700-412200 partidaren kargura.
5. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
7. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
8. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko irailaren 15ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ABEREAK SANEATZEKO KANPAINEN ESPARRUAN 2023-2029 ALDIAN BEHI-AZIENDAKO ABEREEN GAIXOTASUNEK SORTUTAKO KALTEAK KONPONTZEKO LAGUNTZAK EMATEKO
Lehen oinarria.–Helburua, iraupena eta egoera diruz lagungarriak.
1. Ebazpen honen helburua da laguntza-araubide bat ezartzea ekonomikoki konpentsatzeko 2023-2029 aldian behi-aziendako abereen gaixotasunek sortutako kalteak, gaixotasunak desagerrarazteko osasun neurri nahitaezkoak ezartzen direnean, gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen dituen abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuak ezarritako planetan daudenak.
2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko martxoaren 9ko 2016/429 (EB) Erregelamenduan jasotako abereen gaixotasunen zerrendan agertzen diren abereen gaixotasunei dagokienez emanen da laguntza. Erregelamendu hori abereen gaixotasun kutsagarriei buruzkoa da, eta abereen osasunaren arloko zenbait egintza aldatzen edo indargabetzen ditu («Animalien osasunari buruzko legeria»).
3. Konpentsazioa kalkulatuko da lortu gabeko irabazien oinarria kontuan hartuz, abereak nahitaez hil behar izateak abeltzaintzako ustiategietan sortzen dituen diru-sarreren galerengatik, eta gaixotasunak ukitutako abere-taldea berriz osatzeak dakarren zailtasunak sortzen dituen gastuengatik. Uste da ezen, abeltzainak aukeratzen baldin badu abereak berak bakarrik ordeztea, Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Osasunaren Atalak emanen dituela osasun berme horiek, eritasuna desagerrarazi dela hark erabakitzen baitu. Hortaz, kasu horietan ez da behar arraza garbitasunaren betebeharra betetzea.
4. Europar Batasuneko araudian ezarritakoaren arabera, laguntzak ez dira erabiliko onuradunak ordaindu beharreko neurrietarako, salbu eta neurri horien kostua guztiz konpentsatzen bada onuradunek ordaindu beharreko nahitaezko ordainarazpenekin.
5. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa.
6. Laguntza araubidea indarrean egonen da argitaratzen den egunetik 2029ko abenduaren 31ra arte.
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko baldintzak.
1. Laguntzen onuradunak izanen dira lehen mailako nekazaritza ekoizpenean bakarrik aritzen den ETE aktiboaren izaera duten abeltzaintzako ustiategien titularrak, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta izatea, zeina arautua baitago Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan.
b) Ustiategiak ez daudela betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.
c) Krisian dagoen enpresa ez izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten den moduan, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluaren 5. puntuko h) apartatuaren i.i) azpiapartatuan ezarritako salbuespenarekin.
d) Saneamendu kanpainak Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako epean egitea.
e) Abere taldea berriz osatzeko laguntzen kasuan, 18 hilabete baino gehiagoko behi-aziendako abereak nahitaez hil izana.
f) Abereen nahitaezko hilketa bukatzea laguntza honen urteko deialdia argitaratu aurreko urtean.
2. Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 40 artikuluan aipatzen diren inguruabarren batean dauden eskatzaileek ezin izanen dituzte laguntza horiek jaso.
3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Hirugarren oinarria.–Zenbatekoa, dirulaguntzaren muga eta laguntzaren intentsitatea.
1. Onuradunak jasotzen dituen laguntzak eta beste edozein ordainketa ez dira izanen kostu diruz lagungarrien %100 baino handiagoak. Barne sartzen dira beste neurri nazional edo Batasuneko neurri batzuen arabera egindako ordainketak, aseguru-polizak, edo mutualitateen funtsak, kostu diruz lagungarri berberentzat, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 10. apartatuan jasotakoentzat.
2. Ematen den laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da abeltzaintzako ustiategietan abereen gaixotasunek sorturiko diru-sarreren galerengatik. Egoera horretan, bi laguntza-mota sartzen direla ulertuko da:
2.1. 1. motako laguntza: Diru-sarreren galerak, hildako abereari buruz aurreikusitako errentagarritasunetik datozenak. Laguntzen zenbatekoa zehaztuko da ondoren erakusten den taula aplikatuz egindako kalkuluekin. Zenbateko hauek martxoaren 18ko 389/2011 Errege Dekretuaren I. eranskinean agertzen diren datuen %50 egiten dute. Errege dekretu horren bidez abereengatiko kalte-ordainak emateko baremoa ezarri zen behi-azienden tuberkulosia eta bruzelosia, ardi eta ahuntz-azienden bruzelosia, mingain urdinaren gaixotasuna eta entzefalopatia espongiforme kutsakorrak borrokatu, kontrolatu edo desagerrarazteko programa nazionalen esparruan.
HARAGITARAKO BEHI-AZIENDA | LAGUNTZA |
Hilabetetik beherakoa | 83,30 euro |
Hilabetetik gorakoa eta 3 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 130,48 euro |
3 hilabetetik gorakoa eta 9 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 170,82 euro |
9 hilabetetik gorakoa eta 18 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 204,75 euro |
18 hilabetetik gorakoa eta 24 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 218,65 euro |
24 hilabetetik gorakoa eta 48 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 300,59 euro |
48 hilabetetik gorakoa eta 84 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 273,31 euro |
84 hilabetetik gorakoa eta 120 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 204,79 euro |
120 hilabetetik gorakoa | 136,65 euro |
ESNETARAKO BEHI-AZIENDA | LAGUNTZA |
Hilabetekoa edo hortik beherakoa | 62,53 euro |
Hilabetetik gorakoa eta 3 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 120,70 euro |
3 hilabetetik gorakoa eta 10 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 256,09 euro |
10 hilabetetik gorakoa eta 17 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 290,02 euro |
17 hilabetetik gorakoa eta 24 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 303,91 euro |
24 hilabetetik gorakoa eta 48 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 385,85 euro |
48 hilabetetik gorakoa eta 72 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 358,58 euro |
72 hilabetetik gorakoa | 136,65 euro |
2.2. 2. motako laguntza: Berriz osatzeko gastuak: arraza garbiko abereak erosteko gastuak, hildako abereen ordez beste batzuk jartzeko; eta abere horiek norberak ordezteko gastuak, saldu ezin izan direlako eta horrek diru-sarreren galera ekarri duelako. Ordezten den aberearentzako laguntzaren zenbatekoa abere-motaren, adinaren eta arraza-garbitasunaren arabera kalkulatuko da, eta honelakoa izanen da:
–Haragitarako behi-azienda, arraza garbikoa, liburu genealogikoan inskribatua, erosteko edo norberak ordezteko, 18 eta 48 hilabete bitartean: 600 euro.
–Esnetarako behi-azienda, arraza garbikoa, liburu genealogikoan inskribatua, erosteko edo norberak ordezteko, 18 eta 48 hilabete bitartean: 600 euro.
–Zezenketarako behi-azienda, arraza garbikoa, liburu genealogikoan inskribatua, erosteko edo norberak ordezteko, 18 eta 48 hilabete bitartean: 180 euro.
4. Abeltzaintzako ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbateko osoa ezin izanen da 30.000 eurotik gorakoa izan. Pertsona fisiko edo juridiko bat abeltzaintza ustiategi bat baino gehiagoren titularra bada, muga hori onuradunari aplikatuko zaio, ezin izanen baitu 30.000 eurokoa gainditu, ukituriko ustiategiak zenbat diren kontuan hartu gabe.
Laugarren oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko lekua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da kontatzen laguntzetako urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik, eta deialdia argitaratzen den urteko azaroaren 2an amaituko da.
2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen 14.2.a) artikuluaren arabera, pertsona juridikoek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura bidaliko dituzte eskabideak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko Zerbitzuen Katalogoan horretarako ezarritako ereduan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), eta ziurtagiri digitala eduki beharko dute, identifikatzeko. Hala ere, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskaera fisikoki ere aurkeztu ahalko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.
3. Laguntza eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
3.1. Aurtengo laguntzen deialdiaren aurreko urteko saneamendu-kanpaina dela-eta, nahitaez hil behar izan dituzten abereen zerrenda.
3.2. Genealogia-liburuan inskribatutako arraza garbiko berrosatzeko abereen edo norberak ordezteko abereen zerrenda, 18 hilabetetik 48 hilabetera bitarteko adinarekin, laguntza eskaera aurkezteko epea amaitzen den egunean.
3.3. Kasu guztietan, idatziz hitz eman behar dute ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantenduko dutela, laguntza eman zen egunetik hasita.
3.4. Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten eskatzaileen kasuan.
3.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioen adierazpena.
3.6. Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ........................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroan ........................ laguntzak tramitatzeko prozeduraren barruan, ............................ ekitaldian, egiazta dezan nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala/dituela".
3.7. 3.6 apartatuarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
3.8. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
3.9. Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:
–Lehenik: Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisiko bat denean; eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridiko bat denean.
–Bigarrenik: Gainerako eskaera guztiak.
3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Seigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete behar ditu, eta, bereziki, Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialei lagundu behar die gaixotasuna desagerrarazteko eskatzen zaizkion osasun-jarduera guztietan.
Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Eskaera hartuta, eskatzaileak eranskin honetako bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen-proposamena igorriko du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.
4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.
6. Ez dira laguntzak emanen egiaztatzen denean aberearen gaixotasuna nahita eragin dela edo onuradunaren axolagabekeria dela-eta sortu dela.
Bederatzigarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak eta betebeharren justifikazioa.
1. Ordainketa egiteko ebazpena eginen da jarduera egin dela, eta oinarri hauetan ezartzen denarekin bat egin dela egiaztatu eta gero. Abereen gaixotasunek eragindako kalteen zati bat estaltzeko abeltzainentzako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko da. 2. motako laguntza eskatu bada, justifikatu beharko da hildako abereen ordez beste batzuk jarri direla. Justifikazio hori animaliak erosita egiten ahalko da, erosketako fakturak, egiaztagiri genealogikoak eta ordainketaren egiaztagiriak aurkeztuz, baita norberak ordeztu dituela esanez ere; hori egiaztatzeko, deialdiaren urteko azaroaren 2an abeltzaintzako ustiategian 18 hilabete eta 48 hilabete artean dituzten abereen zerrenda aurkeztu beharko da. Edonola ere, laguntza ordaindu baino lehen, bigarren oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.
2. Laguntzaren ordainketa banku transferentziaren bidezko ordainketa bakarraren bidez eginen da, onuradunak eskaeran adierazitako kontuan.
3. Abeltzaintza Zerbitzuak behar diren ikuskapenak egiten ahalko ditu, egindako berrosaketa ebazpen honetan xedatutakoaren araberakoa den egiaztatzeko.
4. Dirulaguntza ordainduko da, organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren dirulaguntzaren xedeak bete direla eta laguntzaren onuradunak bete duela gardentasunari buruzko informazioaren betebeharra, eta aurkeztu dituela genero-ikuspegiaren araberako egoeraren diagnostikoa eta entitatea hobetzeko helburuak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen esparruan. (2019ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 11koa).
Hamargarren oinarria.–Interes publikoak bermatzeko neurriak.
1. Dirulaguntzaren onuradunek ustiategiko jarduera bi urtez gutxienez mantendu beharko dute, gaixotasuna diagnostikatu zen egunetik hasita.
2. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
Hamaikagarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.
2. Zehazki, estatuko beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinetarako badira.
3. Estatuko beste edozein laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.
4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluaren 2. apartatuan eta 146. artikuluan ezarritako ordainketekin, diruz lagundu daitezkeen kostu berberei badagozkie eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.
5. Laguntza hauek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien de minimis motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.
Hamabigarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzea.
1. Bigarren oinarriaren 1. puntuaren a), b), c), d) eta e) apartatuetan ezartzen diren baldintzak ez betetzeak laguntzaren ordainketa ezestea ekarriko du.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.
Hamalaugarren oinarria.–Jarraipena.
Ebaluazio-organoak justifikazio informazioaren eta dokumentazioaren erregistro zehatzak gordeko ditu, erregelamendu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzaren araubide honen araberako azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hogei egun balioduneko epean edo eskabidean ezar daitekeen epe luzeagoan emanen dio Batzordeari erregelamendu honen aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.
Hamabosgarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean:
a) Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.
b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpen primarioaren sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.
2. Aurreko 1.b) apartatuan aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.
3. Laguntza araubidearen testu osoak, bereziki, erregelamendu honen berariazko aipamen bat jasoko du, izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza hori ukitzen duten III. kapituluko xedapen espezifikoak ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionala. Laguntza araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak azalduko dira.
Iragarkiaren kodea: F2313451
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
