Iragarkia
203. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
157E/2023 EBAZPENA, irailaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi hau onesten baita: "Laguntza, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko 2023. urtean". DDBN identifikazioa: 716030.
Goi-mendiko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak zailtasun bereziak ditu: komunikatzeko zailtasuna, malda handiak, bertara iristeko zailtasunak eta batzuetan eguraldi txarra. Hori dela-eta, beharrezkoa da konpentsazio ekonomikoa ematea ustiategi horietan esnea biltzen duten enpresei.
Ustiategi horietako esnea biltzeko laguntza honi esker, goi-mendiko eskualdeetako ustiategiek ekoizten segitzen ahalko dute, eta, era berean, tokian tokiko jarduera ekonomikoari eta landa ehunari eusten lagunduko zaie.
Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du diruz laguntzea Nafarroako esnetarako behi-aziendaren ustiategi horietan esnea biltzen duten enpresei, oinarrizko jarduera ekonomiko hau desager ez dadin, Nafarroako landa eremuek bizirik iraun dezaten eta kontsumitzaileek eskura izaten jarrai dezaten lur honetan kalitatez eta segurtasunez ekoizten diren elikagaiak.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea laguntza hauek emateko oinarri arautzaileak: goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko laguntzak 2023. urterako, "de minimis" araubidearen menpe daudenak. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan jasotzen denari jarraikiz banatuko dira.
2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, ebazpen honen I. eranskinaren bederatzigarren oinarrian aipatzen den estekan eskura daitekeena.
3. Onestea goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko laguntzen 2023ko deialdia, zeinak "de minimis" araubideari lotuak baitaude.
4. Ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko, 60.000 euroko gastua baimentzea laguntza hauetarako, 2023ko aurrekontu orokorretako honako partida honen kargura: "Mendi eskualdeetan behi-esnea biltzeko laguntzak esne-enpresei" izeneko 710004-71300-4700-412200 partida.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–DE MINIMIS ARAUBIDEKO LAGUNTZAK GOI-MENDIKO ETA ZAILTASUN BEREZIKO ESKUALDEETAN ESNETARAKO BEHI-AZIENDAREN USTIATEGIETAKO ESNEA BILTZEAK DITUEN ZAILTASUNAK KONPENTSATZEKO 2023. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea.
Ebazpen honen helburua da ezartzea laguntza hauek emateko oinarri arautzaileak: laguntzak, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, 2023. urterako, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan jasotzen denari jarraikiz banatuko direnak. Hori guztia bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 23ko 54/2023 Foru Aginduarekin (54/2023 Foru Agindua, maiatzaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez honako deialdi hauek egiten baitira: 2023ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako estatuaren laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza).
Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta aplikazio eremua.
1. Gehienez 3.000 euroko laguntza emanen da behi-esnea jasotzen zaion ustiategi bakoitzeko, betiere goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualde batean kokatua badago, ebazpen honen II. eta III. eranskinen arabera.
2. Dirulaguntzen deialdi hau "de minimis" araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa.
3. Onuradun bakoitzari gehienez 200.000 euroko "de minimis" laguntza eman dakioke hiru zergaldiko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.
1. Behi-esnearen lehenbiziko erosleak izanen dira laguntza hauen onuradunak, baldin eta:
a) Esnearen sektoreko operadore gisa erregistraturik badaude lehenbiziko erosle gisa, eta indarreko kontraturik badute behi-esne ekoizleekin, goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan daudenekin, II. eta III. eranskinetan jasotakoaren arabera.
b) Goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan dauden esne ekoizleengandik esnea jaso badute deialdi hau argitaratu aurreko bi hilabeteetan.
2. Entitate onuradunek eguneratuta eduki behar dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez dute deus edukiko itzuli gabe dirulaguntza publikoen arloan.
3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduak, horretarako prestatutako eredua erabiliz, zeina Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagokion fitxan eskura baitaiteke (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin.
Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera aurrez aurre ere aurkezten ahalko da, departamentu horren Erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.
3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Esnetarako behi-aziendaren ekoizle izanik esnea biltzeko indarreko kontratuak dituzten abeltzainen zerrenda; betiere, goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan egon behar dute, II. eta III. eranskinetan jasotakoaren arabera.
b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa izanez gero, entitatearen IFZ eta eraketa-eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren frogagiria ere aurkeztuko da.
c) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten lehen erosleen kasuan.
d) Aitorpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, non adieraziko baitira aurreko bi zerga ekitaldietan eta kasuan kasuko zerga ekitaldian erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.
e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ..................................................(e)k, nire izenean edo .......................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak aurreko ekitaldiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko".
f) Goiko e) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
g) Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adierazita zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:
–Lehena. Nagusiki esne ekoizle diren abeltzainek osatutako kooperatibei edo ENSei (eraldaketarako nekazaritza-sozietateak) dagozkien eskaerak.
–Bigarrena. Gainerako eskatzaileak.
3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Seigarrena.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.
Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.
3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak adierazpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, eta bertan aipatuko ditu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean jasotako gainerako "de minimis" laguntza guztiak, erregelamendu honi edo "de minimis" araubideko beste erregelamendu batzuei lotutakoak.
4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako "de minimis" araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.
5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.
6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.
1. Entitate onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.
2. Onuradunak abeltzaintzako ustiategiekin sinatutako esnegintza arloko kontratuak izan beharko ditu, eta horiek AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC izeneko programan grabatuta egon beharko dute (www.aica.gob.es).
3. Onuradunak Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC programan grabatu beharko ditu egindako esne entregak.
4. Entitate onuradunek gutxienez 2023ko abenduaren 31ra arte mantendu beharko dute goi-mendietan edo zailtasun bereziko eremuetan dauden abeltzaintzako ustiategien esne-bilketa, salbu eta abeltzaintzako ustiategiaren titularrari gertatutako ezinbesteko arrazoiengatik, lehenbiziko erosleek ezin badute esnea bildu.
5. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.
Hamargarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak horretarako erabili direla frogatzea.
Laguntzen helburua bete dela justifikatzeko, egiaztatuko da esnea goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan dauden ustiategietan bildu dela eskaera egin aurreko bi hilabeteetan gutxienez. Hori egiaztatzeko, kontrol administratiboak eginen dira, esne erosleak 2023an AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC programan (www.aica.gob.es) egiten dituen entregen aitorpenetan oinarrituta.
Hamaikagarrena.–Laguntza ordaintzea.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren dirulaguntzaren xedeak bete direla eta laguntzaren onuradunak bete duela gardentasunari buruzko informazioaren betebeharra, eta aurkeztu dituela genero-ikuspegiaren araberako egoeraren diagnostikoa eta entitatea hobetzeko helburuak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen esparruan. (2007ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa).
Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, baldin eta errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.
Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariaren Tramiteen katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean ere argitaratuz.
2. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala).
II. ERANSKINA.–GOI-MENDIKOTZAT JOTZEN DIREN UDALERRIEN ZERRENDA
UDALERRIAREN KODEA | UDALERRIA | KATALOGAZIOA |
3 | ABAURREGAINA | Goi-mendia |
4 | ABAURREPEA | Goi-mendia |
13 | AMESKOABARRENA | Goi-mendia |
20 | ARAITZ | Goi-mendia |
21 | ARANARATXE | Goi-mendia |
22 | ARANTZA | Goi-mendia |
24 | ARANO | Goi-mendia |
28 | ARTZIBAR | Goi-mendia |
31 | ARESO | Goi-mendia |
33 | ARIA | Goi-mendia |
34 | ARIBE | Goi-mendia |
50 | BAZTAN | Goi-mendia |
54 | BERTIZARANA | Goi-mendia |
55 | BETELU | Goi-mendia |
58 | AURITZ | Goi-mendia |
59 | BURGI | Goi-mendia |
71 | GAZTELUBERRI | Goi-mendia |
81 | DONAMARIA | Goi-mendia |
82 | ETXALAR | Goi-mendia |
87 | ELGORRIAGA | Goi-mendia |
90 | ERATSUN | Goi-mendia |
92 | ERROIBAR | Goi-mendia |
93 | EZKAROZE | Goi-mendia |
95 | ESPARTZA ZARAITZU | Goi-mendia |
100 | EULATE | Goi-mendia |
102 | EZKURRA | Goi-mendia |
111 | GALOZE | Goi-mendia |
112 | GARAIOA | Goi-mendia |
113 | GARDE | Goi-mendia |
115 | GARRALDA | Goi-mendia |
117 | GOIZUETA | Goi-mendia |
118 | GOÑERRI | Goi-mendia |
119 | GORZA | Goi-mendia |
128 | IZABA | Goi-mendia |
129 | ITUREN | Goi-mendia |
133 | ITZALTZU | Goi-mendia |
134 | JAURRIETA | Goi-mendia |
137 | LABAIEN | Goi-mendia |
139 | LANA | Goi-mendia |
143 | LARRAGOA | Goi-mendia |
149 | LEITZA | Goi-mendia |
153 | LESAKA | Goi-mendia |
181 | NABASKOZE | Goi-mendia |
185 | OTSAGABIA | Goi-mendia |
187 | OITZ | Goi-mendia |
195 | ORBAIZETA | Goi-mendia |
196 | ORBARA | Goi-mendia |
198 | ORONTZE | Goi-mendia |
199 | OROTZ-BETELU | Goi-mendia |
203 | PETILLA ARAGOI | Goi-mendia |
209 | ERROMANTZATUA | Goi-mendia |
210 | ERRONKARI | Goi-mendia |
211 | ORREAGA | Goi-mendia |
213 | SALDIAS | Goi-mendia |
221 | DONEZTEBE | Goi-mendia |
222 | SARTZE | Goi-mendia |
226 | SUNBILLA | Goi-mendia |
239 | URDAZUBI | Goi-mendia |
241 | URRAULGOITI | Goi-mendia |
244 | URROTZ | Goi-mendia |
245 | URZAINKI | Goi-mendia |
247 | UZTARROZE | Goi-mendia |
248 | LUZAIDE | Goi-mendia |
250 | BERA | Goi-mendia |
252 | BIDANKOZE | Goi-mendia |
256 | HIRIBERRI AEZKOA | Goi-mendia |
259 | IGANTZI | Goi-mendia |
263 | ZUBIETA | Goi-mendia |
264 | ZUGARRAMURDI | Goi-mendia |
III. ERANSKINA.–ZAILTASUN BEREZIKO KONTZEJUEN ZERRENDA
UDALERRIAREN KODEA | KONTZEJUA | UDALERRIA | KATALOGAZIOA |
098 | AGORRETA | ESTERIBAR | Mendia |
144 | ODERITZ | LARRAUN | Mendia |
049 | OROKIETA | BASABURUA | Mendia |
Iragarkiaren kodea: F2313126
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
