203. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3/2023 EBAZPENA, irailaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak eta deialdia onesten baitira laguntzak emateko Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako 2023-2024 kanpainarako. Laguntza horiek 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzean sartuta daude (Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak). DDBN identifikazioa: 716935.

2022-08-31ko Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoa onetsi zen (aurrerantzean NPEPE) Europar Batasunaren laguntzarako, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen baitute.

NPEPE onetsi da behin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua aztertuta. Erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko –finantzatuta dago Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kargura–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira, bereziki 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 118. artikuluaren 6. apartatua.

2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan, estatu kideek inbertsio jakin batzuetarako eman beharreko laguntzak aipatzen dira. Horretarako, laguntza horiek lagundu behar dute 6.1 eta 2 artikuluetan aipatzen diren helburu espezifikoetako bat lortzen eta erregelamendu horrek ezartzen dituen baldintzak eta estatu horietako NPEaren plan estrategikoen zehaztapen gehigarriak bete behar dira. Tamaina jakin bat gainditzen duten ustiategien kasuan (estatu kideek zehaztuko dute tamaina hori NPEaren plan estrategikoetan), basogintza sektorerako laguntzak emateko, bidezko informazioa aurkeztu beharko da, baso-kudeaketarako plan batetik edo baso-kudeaketa jasangarrira egokitzen den tresna baliokide batetik datorrena, Europako basoen kudeaketa jasangarrirako jarraibide orokorretan definitzen den bezala. Jarraibide horiek Europako basoak babesteari buruzko Bigarren Ministro Konferentzian onetsi ziren, Helsinkin, 1993ko ekainaren 16an eta 17an.

Artikulu hori garatuta, NPEPEak Nafarroa sartzen du landa garapeneko 6881.1 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean (Inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan). Azken horien barnean sartzen dira larreak hobetzeko laguntzak. Esku-hartze hori NPEaren bigarren zutabearen barnean dago, eta, zehazki, "INVEST(73-74) - Inbertsioak, ureztatzeko azpiegituretako inbertsioak barne" esku-hartze motaren barnean. Onargarritasun baldintza hau dauka eskualdeko espezifikotasun gisa: "Kudeaketa-plana edo tresna baliokidea izatea (73.2 artikulua), 250 hektareatik gorako azaleretarako. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa. Atalase hori eskualdeko fitxan justifikatzen da".

Nafarroako Foru Komunitatea, beraz, aipatutako 6881.1 esku-hartzearen lurralde-eremuko eskualde bat da. NPEPEak aipatzen duen eskualde-fitxan berariaz adierazten da esku-hartze horretan honako hauek sartzen direla: azaleraren araberako jarduketak larreak hobetzeko mendi-larreetan, abereak gobernatzeko itxiturak, abeltzaintzako beste azpiegitura batzuk eta azpiegiturak eta aziendak mantendu eta zaintzeko langile-gastuak. Gero, eransten da deialdiek eragiketak hautatzeko irizpideak jasoko dituztela, eta honako hauetan oinarritzen ahalko direla: abeltzaintza gobernatzeko planaren kalitatea, larre eta sastrakadien Batasunaren intereseko larratze habitaten azalera: zenbat eta handiagoa izan habitat horien azalera, puntuazioa handiagoa izanen da; larre eta sastrakadien lehentasunezko larratze habitaten azalera: zenbat eta handiagoa izan habitat horien azalera, puntuazioa handiagoa izanen da, besteak beste.

Adierazitakoaz gain, neurri honen esparru juridikoa honako hau izanen da:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Batzordearen 2021/2289 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2021eko abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak, NPEaren plan estrategikoen edukiaren aurkezpenari eta informazioaren truke segururako sistema elektronikoari buruzkoak.

Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamendua, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako laguntzen zenbait kategoria bateragarriak deklaratzen baitira barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Deialdiaren oinarrietan jasotako hautaketa irizpideek 2023-2027 NPEPEaren Jarraipen Batzordearen adostasuna dute, onetsi eta 2023ko maiatzaren 29an indarra hartu zuena.

Ebazpen honen eta bertan jasotako oinarrien ondorioetarako, "laguntza" eta "dirulaguntza" terminoak erabiliko dira (bata zein bestea) erreferentzia egiteko ebazpen honetan eta bertan jasotako oinarrietan xedatutakoa betetzen duten pertsonen alde egindako edo egin beharreko diru xedapenei.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio (aurrerantzean DFL).

Ebazpen hau, Nafarroako 2023-2027 NPEPEaren kudeaketa agintariaren aldeko txostena duena (Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzua), urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean eman da (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko egungo kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, batetik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, laugarren xedapen gehigarrian egindako deskontzentrazioa dela medio, bestetik, ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako 2023-2024 kanpainarako laguntzak emateko (2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzean sartuta daude), ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan, eta ebazpen honen II. eranskinetik VII. eranskinera bitartekoak onestea.

2. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoetarako 222.273 euroko gastua baimentzea 2024ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den 2023ko aurrekontuko "Mendi-larreak LGP LGENF 2014-2020" izeneko 740003 74300 4700 456302 partidaren partida baliokidearen kargura, betiere behar adinako kreditu egokia baldin badago.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eranskinekin.

4. Adierazi behar da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxa (www.nafarroa.eus) dela dirulaguntza honekin lotutako ondoz ondoko argitalpenak egiteko tokia, eta beste leku batzuetan egindakoek ez dutela baliorik izanen.

5. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

6. Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko irailaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Oinarri hauek helburu dute Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan esparruan. Erregelamendu horren bidez arauak ezarri ziren Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak) egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzaz (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena) eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dira.

2. Oinarri hauek sartuta daude 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzearen barnean (Basogintzako inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan), eta honako hau da dirulaguntza honen helburua:

–Ura, lurzorua eta airea bezalako baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa eraginkorra sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztuz.

–Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, zerbitzu ekosistemikoak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.

2. oinarria. Neurri hau aplikatzeko baldintza orokorrak.

Eragiketa Nafarroako toki erakundeei zuzenduta dago, deialdi honen esparruan kudeatzen dituzten larreak hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak edo programak egin nahi badituzte.

Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu badira, toki erakundeek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta onartutako laguntzen ordainketarik jaso ere, harik eta toki erakunde horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.

3. oinarria. Neurriaren helburua.

Laguntzen helburua da larratze habitatak kontserbatzeko eta hobetzeko neurrien aplikazioa bultzatzea, larreen titular edo kudeatzaile diren toki erakundeei laguntza ekonomikoa emanez habitat horiek kontserbatu eta hobetzeko, kasuan kasuko antolamendu proiektuak aplikatuz eta abeltzaintza estentsiboa kontserbazio horretarako funtsezko elementu gisa erabiliz. Behar handia dago bereziki mendialdean, bertan larreak andeatzeko arriskua baitago, artzaintza gehiegizkoa izateagatik nahiz behar adinakoa ez izateagatik.

4. oinarria. Onuradunak.

Deialdi honetako laguntzen onuradun izaten ahalko dira mendiko larreen jabe, erabiltzaile edo kudeatzaile diren Nafarroako toki erakundeak, baldin eta konpromisoa hartzen badute toki horiek hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak edo programak egiteko, 5. oinarrian zehaztutako irizpideak betetzen badituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei 5 urtez eusteko konpromisoa hartzen badute.

5. oinarria. Erakundeak onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri hauen onuradun izan daiteke 6. oinarrian agertzen den jardueraren bat egiten duen edozein toki erakunde, aurreko oinarrian ezarritakoa betez gero.

2. Jarduketek dirulaguntza jasotzeko, gainera, espedienteek onarpen irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

Laguntzaren xede diren larreetarako, larratze antolamendurako plana izatea.

Toki erakundeak larreak erabiltzen dituzten abeltzainen lankidetza bermatzea, larreak modu jasangarrian erabiltzeko aurkeztutako proposamena garatzeko.

Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

Eskatzaile guztiek izan beharko dute indarrean dagoen larreen kudeaketa jasangarrirako plan bat (LKJP, larreetan egin beharreko jarduketak 5 urtez programatzen dituen tresna). Plan horrek bat etorri beharko du inguru horretako larratze antolamendurako planarekin; horretarako, Basoak Kudeatzeko Atalaren aldeko txosten teknikoa beharko du. Gainera, proposamenak bateragarria izan beharko du KBEaren kudeaketa-planen jarraibideekin eta araudiarekin, baldin eta kontserbazio bereziko eremuetan badaude. Aurreko urteetan aurkeztutako planak indarrean dituzten toki erakundeek hitz eman beharko dute beste plan bat aurkeztuko dutela, indarrean dagoena iraungitzen denean, gutxienez 2028ko abendura 31ra bitartean geratzen den aldirako.

Eskatutakoaren ingurumen eta oihan arloko baimena. Laguntza emateak jarduketetarako ingurumen baimena behar izatea ekarriko du berekin.

Ez egotea DFLaren 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan.

6. oinarria. Kostu diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira, habitaten kontserbazio egoera hobetze aldera naturaguneak mantentzeko eta landaretza kudeatzeko gastu gisa, honako hauek:

a) Abereak gobernatzeko gastuak: toki erakundeek funtzio hori garatzeko zuzenean kontratatutako langileen gastuak eta funtzio bera garatzeko kontratatutako enpresek egindako fakturen ondoriozkoak sartzen dira.

b) Abereak gobernatzeko ekipamenduen instalazioa eta mantentze-lanak, horren barruan sartzen direlarik ur harguneak, artzain elektrikoak, GPS lepokoak, mahuka eramangarriak, eta gatz puntuak egokitzeko lanak, itxituren mantentze lanak (bideak salbu), mahuka iraunkorrak, eta itxitura berrien sorrera: horren baitan sartzen dira, era berean, toki erakundeek eginkizun hori garatzeko zuzenean kontratatu dituzten langileen gastuak, bai eta eginkizun hori garatzeko kontratatutako enpresek igorritako fakturen ziozko gastuak ere. Lehen kasuan (toki erakundeek langileak kontratatzea), diruz lagunduko dira ekipamenduak instalatu eta mantentzeko erabilitako materialen erosketarako gastuak, bai eta erosi ordez makinak edo tresnak alokatzearen ziozko gastuak ere.

c) Larreen kudeaketa jasangarrirako plana prestatzea, bai eta larratze habitaten bilakaeraren emaitzei buruzko azken txostena ere. Atal honetan lurzoruen analisia egiteko kostuak ere sar daitezke. Jarduketa honekin lotuta, beronetarako kontratatutako enpresek igorritako fakturen ziozko gastuak soilik sartzen dira.

Hala ere, diruz lagunduko dira, soilik, 2023ko urriaren 16ren eta 2024ko urriaren 15aren artean benetan ordaindu diren gastuak, hots, 16. oinarrian ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehenagokoak.

2. Gastu mota bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

Aurreko 1. epigrafeko a) eta c) letretan aipatzen diren gastuen %100, betiere goian adierazitako epean ordaindu badira.

Aurreko 1. epigrafeko b) letran aipatzen diren gastuen %70.

Nolanahi ere, kanpoan gelditzen dira enpresaren konturako Gizarte Segurantzako kotizazioak (baldin eta toki erakundeek zuzenean kontratatzen badituzte langileak) eta BEZa, enpresak kontratatzen badira inbertsioak gauzatzeko.

2.1. Kostuak neurrikoak izateko printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

2.2. Eskaera bakoitzeko, urteko gehieneko aurrekontu onargarria 27 eurokoa izanen da larre hektareako lehendabiziko 1.000 hektareetan, eta 10 eurokoa aurreko kopurua gainditzen duen larre hektareako. Nolanahi ere, espediente bakoitzeko inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta aurrekontuetan behar den adinako kreditua izatea.

2. Laguntza honetarako onartutako hautaketa irizpideen arabera, eskaeren hurrenkera aterako da honako balorazio-irizpide hauen arabera emandako puntuak batzetik.

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

PUNTUAZIOA EMATEKO MODUA

1. Gobernu planaren kalitatea (LKJP)

Mailaketa honelakoa izanen da:

• Osoa: 10 puntu.

• Onargarria: 0 puntu.

Baloratuko da larreak antolatzeko planera egokitzen diren aurkeztutako LKJPa eta 10.2.d oinarriagatik aurkeztutako zerrenda, eta osoa edo onargarria kalifikazioa emanen zaie.

2. Larreak kontserbazio bereziko eremuan daude (KBE)

30 puntu, larreen %75 edo gehiago KBEan badaude. 15, larreen %75 baino gutxiago KBEan badaude, eta 0, KBEa ukitzen ez badute.

Baloratuko da larreak gehienbat KBE izendatutako eremuetan egotea.

3. Onura publikoko mendi katalogatuak edo abelbideak ukitzen ditu

Honako hauek batuko dira:

• 20 puntu, larreen %75 edo gehiago onura publikoko mendietan badaude.

• 10 puntu, larreen %75 baino gutxiago onura publikoko mendietan badaude.

• 10 puntu, larreek abelbideak ukitzen badituzte.

• 0 puntu, larreek abelbideak eta onura publikoko mendiak ukitzen ez badituzte.

Eskatutako larreak, osorik edo zati batean, onura publikoko mendietan badaude, ulertuko da onura publikoko mendia ukitzeko puntuazioa merezi dutela. Larre horietatik Nafarroako abelbide bat igarotzen bada, ulertuko da abelbidea ukitzeko puntuazioa merezi dutela.

4. Lehentasunezko larratze habitatak egotea

Gehienez ere, 30 puntu. Kalkulua egiteko, honako hauek batuko dira:

• 10 puntu, eskaerako larreetan Batasunaren intereseko larratze habitatak badaude.

• 20 puntu, eskaerako larreetan lehentasunezko larratze habitatak badaude.

–Laguntza hauen ondorioetarako, larratze habitatak honako hauek dira: larratze izaera duten Europar Batasunaren intereseko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren (92/43/EEE) I. eranskinean jasotakoak, "Europar Batasunaren intereseko habitat motak interpretatzeko eskuliburuan" egindako aldaketen ondotik.

–Egiaztapena egiteko, lehentasunez erabiliko da 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) jasotzen den habitaten kartografia eguneratua (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira.

8. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hauek tramitatzeko, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da eskaeren artean, aurreko oinarriko balorazio irizpideak aplikatuz. Balorazio handiena lortu duten eskaerei emanen zaie laguntza, deialdian zehaztutako kreditua gainditu gabe. Gehienez ere 100 puntu emanen dira. Espedientearen gutxieneko puntuazioak gehieneko puntuazioaren %30 izan beharko du laguntzak eman ahal izateko (30 puntu).

2. Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, lehen irizpidean puntu gehien dituen espedientea lehenetsiko da, eta, berdinketa ez bada hausten, hautatzeko bigarren irizpidea lehenetsiko da, eta hala jarraituko da hurrenez hurren laugarren irizpidera arte. Berdinketak badirau, larre-azalera handiena duen eskaera onartua lehenetsiko da.

3. Instrukzio organoak proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa baldin bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, eskaera berregiteko eskatuko zaio onuradunari, konpromisoak eta baldintzak dirulaguntzara egokitzeko, baina soilik baldin eta toki erakundea azkena gelditu bada hautaketa-irizpideen arabera dirulaguntza jasoko dutenen artean eta aurrekontu erabilgarririk ez izateagatik ez bada emandako zenbatekoa eskatutako guztia adinakoa.

Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren erakunde onuradunek DFLan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki 9. artikuluan zerrendatzen diren betebehar orokorrak.

Gainera, eskaera 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute, oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Laguntzaren xedeko inbertsioak bost urtez mantendu beharko dira. Ondorioz, aldi horretan inbertsioak:

Mantendu egin beharko dira, funtsezko aldaketarik gabe, horren ondorioz izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.

Baliagarriak izan beharko dira aipatu epean, aurkeztu den larreen kudeaketa jasangarrirako plana (aurrerantzean, LKJP) garatzeko konpromisoari eusteko. Laguntza hau eskatu den eguna baino lehen LKJP bat aurkeztu duten erakundeek, baldin eta planaren indarraldia 5 urteko epea amaitu baino lehen bukatzen bada, beste bat aurkeztuko dute. Azken hori garatzen lagunduko du diruz lagundutako inbertsioak. Indarreko LKJPrik ez daukatenek plan bat aurkeztuko dute, sinatu eta hurrengo 5 urteetan garatzeko, IV. eranskinean jasotako edukiarekin.

3. Erakunde onuradunak bere larre bakoitzean sartu gogo duen aziendaren zerrenda aurkeztuko du 2024ko martxoan, espezieak bereizita. Zerrenda hori Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan aurkeztuko da, eta, gutxienez jaso beharko du zenbat AzLU izanen diren azienda motaren arabera eta larrean egonen diren aldien arabera.

4. Erakunde onuradunak, larreen kudeaketa jasangarrirako planaren indarraldiko azken urteko ordainketa eskaerarekin batera, teknikari eskudun batek idatzitako txosten bat aurkeztuko du, larratze habitaten egoera eta bilakaera jasotzen dituena. Txostenak baloratuko du nola eboluzionatu duten larreek larreen kudeaketa jasangarrirako planak iraun duen 5 urteetan, eta gauzatutako jarduketen argazkiak eta kokapena jasoko du. Hura ez aurkezteak ekar dezake epe horretan jasotako laguntzak itzuli behar izatea.

5. Erakunde onuradunak inbertsioak eginen ditu bat etorriz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzekin, eta larreak antolatzeko planekin, bateragarriak badira LKJParekin eta deialdian adierazitako epean.

6. Ordainketa ebatzi arte, 5. oinarrian ezarritako betebeharrei eustea, baita 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.

7. Erakunde onuradunak inbertsioen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak emanen ditu, baita eskatzen ahal zaion informazioa ere laguntza honi buruz, laguntzaren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

8. Erakunde onuradunak onartu eginen du behar diren kontrolak egitea egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela.

9. Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, erakunde onuradunak horren berri emanen dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna deialdi honen 18. oinarrian dago araututa.

10. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez da urratu behar, eta, zehazki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izan behar dira.

11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian.

12. Deialdi honen 19.2 oinarrian dirulaguntzei publizitatea egiteko ezarritako neurriak betetzea.

13. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan eta indarreko araudian ezarritako kasuetan.

14. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea, bereziki II. tituluan eta hirugarren xedapen gehigarrian jasotakoak.

10. oinarria. Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaeran adierazi beharko da toki erakundea behartuta dagoela administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (aurrerantzean, APEL) 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta hasierako eskaerak bete egiten badu laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua, baina ez baditu aipatu arauaren 66. artikuluko gainerako baldintzak edo legeria espezifiko aplikagarrian eskatutako gainerakoak betetzen, interesdunari errekerimendua eginen zaio, hamar eguneko epean zuzendu dezan akatsa edo aurkez ditzan nahitaezko agiriak. Halaber, adieraziko zaio hala egiten ez badu bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, inguruabar hori adierazten duen ebazpena eman ondoren, gertatutakoak eta aplikagarriak diren arauak adierazita.

Hala ere, APELaren 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, ez dira aurkeztutzat joko laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eskaera ereduarekin bat ez datozen eskaerak. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

2. Laguntza eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eskaera orria, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) LKJP bat indarrean ez daukaten entitateak: larreen erabilera jasangarriari buruzko memoria baloratua, bost urteko aldirako (gutxienez 2028ko abenduaren 31ra arte), Larratze Unitateen Inbentarioko fitxak erantsita, IIIa eranskineko ereduaren arabera). Memoria gai honetan eskumena duen teknikari batek eginen du.

c) Abian den kanpainarako jarduketak eskatzeko inprimakia, IIIb eranskina, kontzeptuak eta obra-unitateak banakatuta.

d) Larreetako bakoitzean sartuko duen aziendaren zerrenda. Zerrenda hori 2024ko martxoan eguneratuko da berriz, eta gutxienez larre bakoitzari buruzko informazio hau jasoko du:

Larrea erabiltzen duten abeltzaintzako ustiategien zerrenda.

Abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren jatorrizko herria.

Ustiategi bakoitzak larrean sar ditzakeen abelburuen kopurua, mota eta arrazak.

Ustiategi bakoitzari baimendutako aprobetxamenduaren aldia.

e) Udalaren edo toki erakundearen osoko bilkuran hartutako erabakia, konpromisoa hartzen duena LJKPa betetzeko eta betearazteko, aurreko kanpainetan entregatu ez badute.

f) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik. Inprimaki hau Nafarroako Gobernuaren webgunean eskura dezakete. Gaur egun, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

11. oinarria. Instrukzio organoa.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak neurri honetan jasotako laguntzak emateko prozedurak instruituko ditu, eta laguntza emateko eta ordainketa egiteko ebazpen proposamenak ere eginen ditu.

12. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusita eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, aurkeztutako eskaera guztiak ebaluatuko ditu, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio-irizpide, -modu eta -lehentasunen arabera, eta ebazpen proposamena eginen du.

2. Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

3. Emakida proposamena organo eskudunari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.

13. oinarria. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea, arrazoituta, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur aipatuta.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean jasoko da, gutxienez, dirulaguntza eman gogo zaien eskatzaileen zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera. Eskatzaile bakoitzak irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuko da. Hala badagokio, berariaz jasoko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz.

3. Emakidaren ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie toki erakunde interesdunei, hiru hilabeteko epean deialdia onesten duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan argitaratuko dira (www.nafarroa.eus). Honako hauek bilduko ditu: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta erakunde onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak

Eskatzaileak identifikatutako helbide elektronikora jakinarazpen oharrak bidaliko dira, baina helbide horiek ez dira erabiliko jakinarazpenak egiteko.

4. Oinarri hauetan prozedura ebatzi eta jakinarazteko ezarritako epea igarotzen bada ebazpen espresurik eman gabe, ulertuko da eskaera ezetsi dela, baina eutsiko zaio ebazpena jakinarazi beharrari.

14. oinarria. Eskaerak aldatzea.

1. Justifikatutako arrazoiak direla-eta, toki erakunde onuradunak uste badu beharrezkoa dela aldaketa nabarmen bat egitea hasiera batez onetsitako emakidan, 14.3 puntuan zehazten den bezala, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari. Eskaeran, adierazi beharko du zer aldaketa eskatzen duen eta zergatik egin nahi duen aldatzeko eskaera. Eskaera inbertsioa gauzatu aurretik aurkeztuko da, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago.

2. Proiektuaren aldaketa nabarmenak onetsi edo ezesteko, aldez aurretik horien instrukzio organoak txostena egin beharko du, eta, ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak onetsi.

3. Honako hau hartzen da aldaketa nabarmentzat: kokapenean edota neurketan %10etik gorakoa dena, edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen duten unitate berriak sartzen dituena. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak baino ez dira onetsiko, baldin eta ez badute eraginik inbertsioaren helburuan eta izaeran, eta ez badute murrizten hura ematea eragin zuen baremoaren puntuazioa, eta bateragarriak badira LKJParekin. Aldaketa horiek ezin izanen dute hasieran emandako laguntzaren zenbateko osoa gainditu, salbu eta deialdiaren ebazpenak kreditu erabilgarriak utzi baditu aurrekontu-partidan.

4. Gerta daiteke onetsitako proiektuaren aldaketa ez-nabarmen batzuk sartuta egotea bukaerako ziurtapenean (%10etik beherakoak, kokapenean edota neurketan; edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen ez duten unitate berriak). Horrelakoetan, aldaketa horiek ordaintzen ahalko dira baldin eta ez bada gainditzen emandako laguntzaren guztizkoa, eta baldin eta, obra berriko unitateen kasuan, justifikazio aurrekontu bat aurkezten bada, zeinari oinarrietan aurreikusitako kosten moderazioa aplikatuko baitzaio.

15. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2024ko urriaren 15a izanen da 2023-2024 kanpainako laguntza eskaeretarako.

2. Dagozkion laguntzak jasotzeko, toki erakunde onuradunek ondoko puntuan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte 2024ko urriaren 18a baino lehen.

3. Ordainketa eskaera guztiak formatu telematikoan aurkeztu beharko dira, hurrengo oinarrian azaltzen den bezala. Ordainketa eskaera (V. eranskina) ere aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuko web-orrian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan dagoena ("Ordainketa eskaera egitean aurkeztu beharreko inprimakiak"), eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau:

a) Onetsitako dirulaguntza gauzatu dela ziurtatzen duen memoria eta egindako gastuak eta inbertsioak justifikatzen dituen dokumentazioa. Memorian adierazi beharko dira, gutxienez ere, jarduketen helburua, deskribapena, lokalizazioa eta betearazpenaren analisia, egindako kudeaketa, larratze habitaten egoera eta bilakaera, eta emaitzen kontua. Gainera, egindako lanen argazkiak jasotzen dituen eranskin bat ere batu beharko da. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie fakturei.

b) Toki erakundeek langileak kontratatu badituzte diruz lagun daitezkeen jarduketak egiteko: kontratuaren, eskaeraren datatik 2024ko urriaren 15era arte igorritako nominen eta soldatak ordaindu direla justifikatzen duten agirien fotokopiak. Aipatutako jarduketa horiek enpresekin kontratatzeagatik sortutako gastuei dagokienez: horiek igorritako fakturak, eskaeraren datatik 2024ko urriaren 15era arte, eta horiek ordaindu direla justifikatzen duten agiriak.

c) Ordainagiriak: zuzenbidean onartutako guztiak emanen dira ontzat, betiere ordainketa oinarri hauetan jasotako epeen barruan egin dela egiaztatzen bada eta horretarako ezarritako epeen barruan egindako jarduketekin bat badatoz.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada obra gauzatzeko kostuaren kasuan edo 12.000 eurotik gorakoa ekipamendu-ondasunak hornitzeko edo aholkularitza- zein laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea hautatu dela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura hori emateko behar adina entitate ez badago. Horretarako, hornitzailea hautatzeko eta adjudikatzeko jarraitutako prozeduraren justifikazioari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute (VI. ERANSKINA).

Aurreko salbuespena ordainketa eskatzen den unean bertan justifikatu beharko da. Horretarako, toki erakundeko legezko ordezkariak (alkatea edo udalburua) sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, alderdi hori argi eta garbi azaltzen duena. Bertan, honako esaldi hau adierazi beharko da: .................................................... hornitzailea (IFZ: ...................................) ez da hautatu efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz, zeren, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez baitago hornidura edo zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde.

Baldin eta ur-puntuak, artzain elektrikoak, GPS lepokoak, mahuka eramangarriak eta gatz-puntuak egokitzen badira, erakunde onuradunek 2 urtez erabili beharko dituzte ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako. Ondasunen helburuaren baldintza hori betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, DFLan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

e) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik goitikoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, haren kopia bat aurkeztuz, ordainketa jasotzeko eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.

f) Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren indarraldiko azken urtean, 9.5 oinarrian zehazten den txostena aurkeztu beharko da.

2. Ordainketa eginen da baldin eta instrukzio organoak kontrol horiek egiten baditu, oinarritzat hartuz Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiak ordainketa ebazpena emanen du, arrazoituta.

16. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

2. DFLaren 45.1 artikuluko b) letran xedatutakoa betez, aurreko atalean aipatzen den laguntzaren fitxan argitaratuz jakinaraziko dira laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien administrazio-egintzak eta komunikazioak.

17. oinarria. Dirulaguntzen kontrola, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Emakida ebazpenean ezarritako konpromisoak, baldintzak eta beharkizunak ez betetzeak berarekin ekarriko du emandako diru kopurua ez ordaintzea edo jasotako dirulaguntzak itzularaztea, osorik nahiz zati batean, kasuen arabera, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearekin bat, berandutze interesak barne izan edo ez, bidezkoa denaren arabera.

2. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

a) Hondamendi natural larria, onartutako LKJParen gauzatzea edo instalazioak nabarmen kaltetzen dituena.

b) Onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik instalazioak ustekabean suntsitzea, baldin eta istripuaren ondorengo hilabetean idatziz jakinarazi badio Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean, ordaindu ahal izateko, organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, akta edo egiaztapen-txosten baten bitartez.

Salbuespen gisa, aurreko egiaztapen materialaren ordez dokumentu bidezko egiaztapena egin liteke, baldin eta dokumentuek modu zentzuzkoan eta behar adina justifikatzen badute diruz lagundutako jarduera egin dela.

4. 15. oinarriko dokumentazioa dagokion epean aurkeztu ezean, emandako dirulaguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.

5. Kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zigor bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ez da izanen laguntzatik haragokoa.

18. oinarria. Beste laguntza batzuk ere izatea.

Emandako dirulaguntza honako laguntza hauetako bati edo batzuei metatzen ahalko zaie, baldin eta dagokion araudia errespetatzen bada:

1. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.

2. Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.

3. Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.

4. Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.

5. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.

6. Landa garapenerako estatu-laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.

19. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Toki erakunde onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute emandako finantzaketak izaera publikoa duela. Horretarako, kartel bat jarri beharko dute toki erakundearen iragarki-taulan (eredua: VIII. eranskina), gutxienez 15 egun naturalez, eta gero Basoen eta Ehizaren Zerbitzura itzuli beharko dute, eginbidea behar bezala eginda.

"EGINBIDEA: Iragarki hau ..................(e)ko Udaleko iragarki-taulan jarri dela jasota uzteko, 2022ko ....................aren ......(e)tik 2022ko ...................aren ......(e)ra arte. Eta horrela jasota gera dadin, sinatzen dut, ....................(e)n, 2024ko ..................aren ......(e)(a)n. Idazkaria"

2. Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuz –erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz ardogintzako olio-haziei, kotoiari eta azpiproduktuei dagozkien esku-hartze motetarako, bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPBren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunetarako ere–, eta 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 123. artikuluaren 2. apartatuaren j) eta k) letrekin lotuta, toki erakunde onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako finantza-laguntzari, Batasunaren ikurra behar bezala erabiliz, Batzordeak 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarritako arauekin bat.

3. DFLaren 45.1 artikulua, b) letran xedatutakoa aplikatuz, adierazi behar da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxa (www.nafarroa.eus) dela dirulaguntza honekin lotutako ondoz ondoko argitalpenak egiteko tokia, eta beste leku batzuetan egindakoek ez dutela baliorik izanen.

MENDI-LARREEN KUDEAKETA JASANGARRIRAKO LAGUNTZAREN ERANSKINAK 2023-2024 KANPAINARAKO

II. eranskina.–Laguntza eskatzeko inprimakia.

III a eranskina.–Larratze unitateen inbentarioko fitxa.

III b eranskina.–Gastu diruz lagungarrien zerrenda.

V. eranskina.–Ordainketa eskaera (lanak bukatutakoan aurkeztu beharrekoa).

VII. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena: gardentasun betebeharrak betetzea.

VIII. eranskina.–Publizitate-kartela.

Deskargatu eranskinak (DOC).

IV. ERANSKINA.–LARREETAN EGINDAKO JARDUKETAK JUSTIFIKATZEN DITUEN MEMORIAREN ETA LKJParen EDUKIA

1.–Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren edukia.

Larreen kudeaketa jasangarrirako planean inbentario soil bat jasoko da, larre motak eta produkzioaren gutxi gorabeherako kalkulua adierazita. Inbentarioan abeltzaintzako azpiegitura nagusiak deskribatuko dira eta haien kokapena zehaztuko: itxiturak, askak eta bestelako ur guneak; baita mahukak eta azienda gobernatzeko artegiak ere. Helburu diren larreen egitura zehaztuko da, bai eta AzLUtan adierazitako zamen justifikazioa eta horiek lortzeko ganaduaren erabilera proposamen bat ere. Hobetu nahi diren intereseko eta/edo lehentasunezko habitatekin lotuta, azienda gobernatzeko plangintzarako atal bat ere izanen du. 5 urterako izanen da, eta laguntzak eskatzen diren lehen urtean aurkeztuko da. Hurrengo kanpainetan, onetsitako plan horretan oinarrituko dira laguntza eskaerak, baina ez da beharrezkoa izanen berriro ere aurkeztea.

Aurrekariak:

Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren atal honetan, memoriak barne hartuko du larreen bilakaeraren balorazio bat, bost urteko iraunaldian aurreko KJPa aplikatu baita, eta zehaztuko dira azaleretan edo larreen kontserbazio-egoeran izan daitezkeen aldaketak.

Larratze inbentarioa:

–Larratze unitatean erabilgarri dauden larreen tipifikazioa egiteko inbentario soil bat garatuko da, eta bertan zehaztuko da Batasunaren Intereseko Habitat bat edo Lehentasunezko Habitat bat den. Inbentarioa eranskin honen araberako fitxa itxurarekin aurkeztuko da.

–Zehazteko metodoa "Ikusizkoa" izanen da; "trantsektoen bidezko metodoa (Point Quadrat)" bezain zehatza ez bada ere, inbertsioa justifikatzeko adinakoa dela ulertzen da.

–Administrazioak beharrezko jotzen badu, inbentario zehatzagoak eskatzen ahal dizkio sustatzaileari, ingurumen balioak eta egin beharreko inbertsioen proportzionaltasuna kontuan hartuta.

–Ondoren, larre mota bakoitzerako (erabili tipifikazio sintaxonomikoa), beharrezkoa izanen da ekoizpena kalkulatzea (BU/ha/urtea), larratze unitateak guztira duen ekoizpena ezagutzeko. Datu horiek zehazteko, esperientzia erabiliko da edo antzeko eta/edo mugakide diren larreetan duten produktibitatearen gaineko ezagutza.

–Inbentarioaren aurkezpena grafikoa izanen da, paperean eta euskarri digitalean (shape), "larre mota" eta "azalera" eremuekin.

Larratze unitateko abeltzaintzako azpiegituren inbentarioa:

–Larratze unitatean erabili daitezkeen azpiegiturak inbentarioan adierazi eta deskribatuko dira; bereziki itxiturak eta ur guneak. Larreen motei buruzko kartografian jasoko dira, paperean eta formatu digitalean (shape). Unean uneko azpiegituren kasuan, kokapeneko UTM koordenatuak zehaztuko dira (ETRS89). Kontserbazio egoera ere zehaztuko da (Ona - Ez ona ez txarra - Txarra).

Zamak zehaztea:

–Larreaz baliatzen diren azienda arrazak aipatuko dira, eta bakoitzaren abelburu kopurua, bai eta larratze unitatean azienda egoten den egun kopurua ere. Amaitzeko, aziendak energia aldetik dituen beharrak ere kalkulatuko dira.

Larratze unitateen plangintza eta erabilera jasangarria:

Bi atal izanen ditu: bata, kudeaketarako jarraibide orokorrei buruzkoa larratze unitate bakoitzerako, eta, bestea, erabilera jasangarriari buruzkoa. Bigarren atal horretan, kudeaketan kontuan hartu beharreko funtsezko elementuak adierazi beharko dira (esaterako, gatz guneen eta ur guneen erabilera, artegiak, aziendak lurrean duen eraginaren jarraipena...).

Larreen kudeaketa jasangarrirako plana:

Urte bakoitzerako, eta gehienez ere bost urterako, aurreikusten diren mantentze beharrak adierazi beharko dira, bai eta larrean egin beharreko inbertsio berrien egutegia ere.

Jarduketen balorazioa:

Larreen kudeaketa jasangarrirako planean jasotako mantentze lanei eta inbertsioei erantzuteko, urtean zer baliabide ekonomiko beharko diren adierazi behar da atal honetan.

Fitxa egin duen teknikari eskudunak sinatua beharko du.

2.–Larreetan egindako jarduketak justifikatzen dituen memoriaren eduki orientagarria.

Honi buruzko informazioa jaso behar du laguntzaren xedeko larreetan egindako jarduketen justifikazio memoriak:

Larreetan sartu den aziendaren zerrenda: abeltzainen izen-abizenak, abeltzaintzako ustiategiaren zenbakia, larreetara eraman duen azienda (behi-, zaldi- eta ardi-aziendaren AzLUa, azienda motaren arabera bereizita); larreak erabili dituzten AzLUak guztira, larratze unitate bakoitzaren arabera zehaztuta. Azienda zer datatan sartu eta atera den.

Egindako inbertsioen eta mantentze-lanen zerrenda laburtua:

Hurrengo urtean eginen diren jarduketen aurreikuspen bat ere jaso beharko da memoria horretan, eta justifikatu egin beharko dira larreen kudeaketa jasangarrirako planean aurreikusitakoaz oso bestelakoak direnak.

Iragarkiaren kodea: F2313498