1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
126/2023 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2023ko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa.
Ekainaren 3ko 36/2020 Foru Dekretuaren bidez, aldatu zen maiatzaren 23ko 36/2018 Foru Dekretua, Nafarroako Urrezko Domina ematea arautzen duena.
Xedapen horretan ezartzen da ezen, orokorrean, erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularrak deialdi publiko bat onetsiko duela urtero, urriaren 1a baino lehen, Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkez daitezen.
Hortaz, bidezkoa da 2023. urteko deialdia onestea.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 64/2023 Foru Dekretuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko Foru Dekretuarekin loturik, esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. 2023ko Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onestea. Deialdiaren oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean ageri dira.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Foru agindu hau epaimahaikide izateko izendatutako pertsonei igortzea.
4. Foru agindu honen eta erantsitako oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko irailaren 21ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
OINARRIAK, 2023. URTEAN NAFARROAKO URREZKO DOMINA JASOTZEKO PROPOSAMENAK AURKEZTEKO DEIALDI PUBLIKOA ARAUTZEN DUTENAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi publiko honen xedea da bermatzea herritarrek parte har dezaten Nafarroako Urrezko Domina emateko prozesuan; izan ere, urrezko domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena.
2.–Hautagaitzak aurkeztea.
2.1. Erakundeek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisiko edo juridikoek aurkezten ahal dituzte Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko hautagaitzak.
2.2. Hautagaitzak baztertu eginen dira baldin eta aurkezten badira saria norberarentzat eskatuz edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat.
2.3. Hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.
2.4. Aurkezten den dokumentazioan, gutxienez honako hauek sartu beharko dira:
–Eskabide eredua, oinarri arautzaile hauen eranskinean jasotzen dena, behar bezala betea.
–Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposatzen den pertsonaren, erakundearen, entitatearen edo kolektiboaren izena, baita harekin edo, horrelakorik egonez gero, haren ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak eta egokitzat jotzen diren dokumentuak ere, epaimahaiak hobeki ezagutu dezan.
–Hautagaitzaren merezimenduak erakusten dituen memoria.
2.5. Hautagaitzak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.
2.6. Eskaera Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuari zuzenduko zaio, "Nafarroako Urrezko Domina" adierazita.
2.7. Hautagaitzak aurkezteko epea 2023ko urriaren 20an bukatuko da, 14:00etan.
3.–Epaimahaia.
3.1. Osaera.
Honako pertsona hauek osatuko duten epaimahaiak aztertu eta baloratuko ditu hautagaitzak:
–Mahaiburua: Nafarroako Gobernuan erakundeekiko harremanen arloan eskumena duen departamentuko titularra.
–Epaimahaikideak:
Komunikazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Berdintasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Toki administrazioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Garapen ekonomikoaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Hezkuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Eskubide sozialen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Osasun arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Berrikuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Ingurumen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Herritarrekiko harremanen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
Kultura arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.
–Idazkaria: proiekzio instituzionalaz arduratzen den administrazio unitatearen titularra. Hitza izanen du, baina botorik ez.
3.2. Irizpideak.
Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzetatik hiru aukeratuko ditu, honako irizpide hauek kontuan hartuz, lehentasunez:
–Pertsonaren edo kolektiboaren jarduketa eredugarria, herritarrek, oro har, halakotzat hartua gaur egun.
–Gizartearen balio demokratikoei egindako ekarpena.
–Herritarren alde egindako lana eta elkartasunean oinarritutako ekintzen sustapena.
–Gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa lortzeko egindako ibilbidea hainbat jarduera-esparrutan: kultura, enpresa mundua, gizarte arloa.
–Genero-parekotasuna, emakumeek gizarteari egindako ekarpena aintzat hartzen duena.
–Hezkuntza, osasuna, ingurumena eta aurrerapen soziala sustatzea.
–Nafarroaren irudia kanpoan sustatzea.
3.3. Sariduna hautatzea eta saria ematea.
Epaimahaiak Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio aukeratutako hautagaitzak. Ondoren, Gobernuak, lehendakariaren edo Gobernuko edozein kideren ekimenez, haietako bat aukeratu, eta saria hari ematea onetsiko du, dominaren hartzaileak aurretik onartuta betiere.
ESKABIDE ORRIA
(Bi ale aurkeztu)
Izen-deiturak: ..................................................................................... NANa/IFZ: ................................ Helbidea (kalea): ......................................................................................................... PK: ....................... Herria: ........................................................................................ Telefono zk.: ............................................
Helbide elektronikoa: ..............................................................................................................................
NIRE IZENEAN EDO HONAKO HAU ORDEZKATUZ (EZABATU BIDEZKO EZ DENA): ................................................................................................................................... NANa/IFZ: ................................ Helbidea (kalea): ......................................................................................................... PK: ....................... Herria: ........................................................................................ Telefono zk.: ............................................
Helbide elektronikoa: ..............................................................................................................................
HONAKO HAU AURKEZTEN DUT:
HAUTAGAITZA, 2023AN NAFARROAKO URREZKO DOMINA JASOTZEKO, bat etorriz Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren irailaren 21eko 126/2023 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarriekin (2023ko ......................... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emana, ........................................................aren ....................(e)koan).
Hartzailea: Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzua (Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentua).
Eta oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:
1.–Oinarrietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:
a) Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposatzen den pertsonaren, erakundearen, entitatearen edo kolektiboaren izena, baita harekin edo, horrelakorik egonez gero, haren ordezkariarekin harremanetan jartzeko datuak eta egokitzat jotzen diren dokumentuak ere, epaimahaiak hobeki ezagutu dezan.
b) Hautagaitzaren merezimenduak erakusten dituen memoria.
2.–Eskaera honekin batera emandako datuen tratamendua Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuetan sartzeko, haiek zuzendu eta deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren aurrean erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.
Data eta sinadura
Iragarkiaren kodea: F2313587