203. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN ELORTZIBARKO "JULIÁN GAYARRE" MUSIKA ESKOLAKO UDAL PATRONATUA

Deialdia, izangaien zerrenda bat oposizio bidez eratzeko, biolin irakaslearen lanpostua aldi baterako kontratazioarekin betetzeko

Francisco José Zuza Arraizak, Noain Elortzibarko Julián Gayarre Musika Eskolako Udal Patronatuko lehendakari ordezkariak, jarraian ageri den ebazpena eman zuen 2023ko irailaren 15ean, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita izangaien zerrenda bat eratzeko oposizio-sistemako hautaproben bidez, aldi baterako kontratuarekin betetzeko biolin espezialitateko irakaslearen lanpostua Noain Elortzibarko Udalaren Julián Gayarre Musika Eskolan, sortzen diren beharrei erantzutearren.

Aplikatzekoak diren xedapenek legez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, izangaien zerrenda bat eratzeko oposizio-sistemako hautaproben bidez, aldi baterako kontratuarekin betetzeko biolin espezialitateko irakaslearen lanpostua Noain Elortzibarko Julián Gayarre Musika Eskolako Udal Patronatuan, sortzen diren beharrei erantzutearren.

2. Hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean daude.

3. Agintzea ebazpen hau Udalaren webgunean argitara dadila.

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Noain Elortzibarren, 2023ko irailaren 15ean.–Lehendakari ordezkaria, Francisco José Zuza Arraiza.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

1. oinarria. Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea hautaproben bidez, aldi baterako kontratuarekin betetzeko biolin espezialitateko irakaslearen lanpostua Noain Elortzibarko Udalaren Julián Gayarre Musika Eskolan, sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.2. Deialdi hau eta oinarriak argitaratuko dira Noain Elortzibarko webgunean: www.noain.es.

1.3. Izangaiak ukitzen dituen gorabehera, egintza edo errekurtso oro, deialdi honi, haren oinarriei nahiz hura betearazteko ematen diren egintzei dagokienez, Noaingo Udalaren www.noain.es webgunean argitaratuko da, haiei jakinarazteko.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.5. Lanpostuak B mailari dagokion ordainsaria izanen du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren arabera, bai eta plantilla organikoan eta indarreko arauetan jasotzen diren ordainsari kontzeptuak ere.

1.6. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua, aldebakarreko erabakiz.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa. Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Jarraian azaltzen diren apartatuetako bateko titulazioak izatea, edo haiek lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

–Goi-mailako ikasketetako irakasle titulua biolin espezialitatean, edo, bestela, espezialitate horri dagokion erdi-mailako irakasle titulua, Musika Kontserbatorioen Erregelamendu Orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera emana.

–Unibertsitateko diploma edo gradua, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, eta biolin espezialitateko erdi-mailako lanbide-titulua.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego batean izena emanda egotea lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko eskatzaile gisa.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Ez izatea inoiz kondenatua sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, epai irmo bidez. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria. Eskabideak eta aurkezteko epea.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Noain Elortzibarko Udalaren Musika Eskolaren erregistro orokorrean (San Migel kalea 2, Noain - 31110), 2023ko urriaren 2ko 14:00ak arte, edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bideetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Azken kasu horretan, dokumentazioa aurkeztu izanaren frogagiria bidali beharko da patronatomusica@hotmail.com posta elektronikoko helbidera, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen, administrazio eraginkortasunaren kariaz.

Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jartzeko, ziurtatu baino lehen. Era berean, mezu elektronikoa igorriko da arestian adierazitako helbidera, inguruabar horren berri emateko, aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkezten ahalko da, Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, Patronatuaren egoitza elektronikoan baitago:

http://patronato-musica-julian-gayarre.sedelectronica.es

Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.

3.2. Eskabideak lotuko zaizkio II. eranskinean argitaratzen den ereduari. Udalaren Musika Eskolako bulegoetan eskura daitezke, bai eta Interneten ere, www.noain.es helbidean.

Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu behar izatea kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko araudiak ezarri moduan:

–Nortasun agiri nazionalaren edo nortasuna eta nazionalitatea frogatzen duen agiriaren fotokopia, eta, hala bada, deialdiko 2.a) oinarrian nazionalitateaz edo ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharren egiaztagirienak.

–Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia.

–Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko eskatzaile gisa inskribaturik egotearen egiaztagiriaren fotokopia.

–II. eranskina, betea.

4. oinarria. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Noain Elortzibarko Udalaren Musika Eskolako Patronatuko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta jendaurrean jarriko du Udalaren www.noain.es webgunean.

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Musika Patronatuko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Noain Elortzibarko Udalaren webgunean argitaratzeko aginduko du, deialdiko hautaprobak egiteko eguna eta tokia aditzera emanda, goian adierazitako zerrendako espezialitateetako batetik hasita. Gainerako proben egunak eta orduak argitaratuz joanen dira Noain Elortzibarko Udalaren webgunean: www.noain.es.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangaien behin betiko zerrenda, eta Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin, orduarekin eta tokiarekin batera, goian adierazitako zerrendako espezialitateetako batetik hasita. Gainerako proben egunak eta orduak argitaratuz joanen dira Noain Elortzibarko Udalaren webgunean: www.noain.es.

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaiak.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

Epaimahaiburua: Francisco José Zuza Araiza, Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuko lehendakari ordezkaria.

Ordezko epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkatea.

Lehen epaimahaikidea: Álvaro Santiago Goñi, biolin irakaslea Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean (biolineko epaimahaian).

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Mónica Sánchez Ibáñez, biolin irakaslea Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean.

Bigarren epaimahaikidea: Oihane Manterola Legaz, musika hastapeneko irakaslea Noain Elortzibarko Musika Eskolan.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Marta Moreno Ibarrola, musika hizkuntzako irakaslea Noain Elortzibarko Musika Eskolan.

Epaimahaikide idazkaria: Isabel Álvarez Berango, Zuzendaritza Batzordeko idazkaria eta piano irakaslea.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Laura Álvarez Berango, koruko eta musika hizkuntzako irakaslea Noain Elortzibarko Musika Eskolan.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta patronatuko lehendakariari hala jakinarazi, baldin gertatzen badira indarreko araudian abstenitzeko xedaturiko arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria. Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

6.1. Ariketa bakarra izanen du zerrenda eratzeko hautapen prozesuak: idatzizko ariketa bat eginen da, eta gero epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko da; izangaiek epaimahaiaren galderei erantzun beharko diete aurkezpen horretan. Ariketan gehienez 100 puntu emanen dira.

Epaimahaiak eginen dituen galderek zerikusia izanen dute biolin espezialitateko irakaskuntzarekin. Ez da zehazten berariazko gai zerrendarik.

Baloratuko dira eginiko galderei ematen zaizkien erantzunen egokitasun pedagogikoa eta musikala eta aurkezpenaren argitasuna, koherentzia eta aipatutako baliabideak, bai eta epaimahaiak garrantzitsutzat jotako beste alderdi batzuk ere.

6.2. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean dutela.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria. Probak gainditu dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

7.1. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrendak –musika espezialitate bakoitzekoak–, Musika Eskolako iragarki-taulan eta Noain Elortzibarko Udalaren www.noain.es webgunean, lortu duten puntuazio osoaren hurrenkeran. Hala, bost egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko.

Epea bukatuta eta, hala dagokionean, alegazioak ebatzita, epaimahaiak Patronatuko lehendakariari gainditu dutenen behin betiko zerrenda bidaliko dio, onets dezan. Zerrendan agertuko dira izena, deiturak, identifikazio agiria eta puntuazioa, eta jendaurrean jarriko da Musika Eskolako iragarki-taulan eta Udalaren www.noain.es webgunean.

7.2. Noain Elortzibarko Udalaren Musika Eskolan gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei gainditu duten izangaiei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoarekin bat eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

8. oinarria. Zerrendaren kudeaketa.

8.1. Deialdi honetan jasotako lanpostuetan langile beharren bat sortzen den bakoitzean, bukaerako puntuazio osoaren ordenaren arabera (handienetik txikienera) dei eginen die izangaiei Noain Elortzibarko Udalaren Musika Patronatuak.

Izangaiak lan eskaintza egiten zaion egunean bertan onartu beharko du, edo uko egin (ezintasuna justifikatua denean), behar bezainbesteko tartearekin, betiere, izangaia lanean hasteko eguna eta ordua baino lehenago.

Izangaiak ez badu lan eskaintza onartzen edo ez badio uko egiten behar besteko tartearekin, lan harremanari eta zerbitzuari hasiera emateko, automatikoki hurrengo izangaiari deituko zaio.

Lan eskaintza onartu eta lanean hasteko agertu ezean, edo lan harremana formalizatzeko beharrezko dokumentazioa formalizatzeko agertu ezean, izangaia automatikoki baztertuko da zerrendatik, langileak behar diren hurrengo aldietarako.

Lan eskaintzari uko egitea ez da izanen zerrendatik baztertzeko arrazoi eta ez da inolako zigorrik ezarriko, baldin eta justifikatua bada, motibatua eta arrazoizkoa.

8.2. Deialdi honen bidez aldi baterako kontrataziorako eratuko den zerrenda indarrean izanen da agortzen den arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen prozesuak hasi arte, edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte. Betiere, gehieneko indarraldia hiru urtekoa izanen da, onesten denetik hasita.

9. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2313552