203. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

846E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita haize-parke proiektu hauei buruz: Cintruenigo eta Fiteroko "Los Chopos" haize-parkea eta Cascanteko "Vientos del Cierzo" haize-parkea, ENEL Green Power España SLUk sustatuak biak ere. Barnean dira Molinos de la Rioja SAUk Tuteran sustatutako haien ebakuazio-azpiegitura komunak ("La Serna Promotores" 220 kV-eko TAEa).

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntari hasiera emateko, aurkeztu ziren, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, bai Cintruenigoko eta Fiteroko "Los Chopos" haize-parkearen proiektua, bai Cascanteko "Vientos del Cierzo" haize-parkearena, bai eta Cintruenigoko, Corellako eta Tuterako haien ebakuazio-azpiegiturenak ere ("Los Chopos" haize-parkeko 33/220 kV-eko TAEa eta "Los Chopos" haize-parkeko TAEtik "La Serna Promotores" TAEra bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko eta lurpeko linea). Sustatzailea ENEL Green Power España SLU da. Bestalde, Molinos de la Rioja SAUk, sustatzailea den aldetik, ebakuazio-azpiegitura komun hauen proiektuak aurkeztu zituen: 220 kV-eko "La Serna Promotores" transformazio-azpiestazioa (espedientearen dokumentazioan "Subestación Seccionadora Alcarama" ere esaten zaio); goi-tentsioko lurpeko linea, "Alcarama" TAEa eta "La Serna" TAEa bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linearekin lotura egitekoa, eta "Alcarama" TAEa eta "La Serna" TAEa bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen aldaketa. Ebakuazio-azpiegitura komunak Tuterako udalerrian daude. Proiektuei ingurumen-inpaktuaren azterketa erantsi zitzaien.

Izapidean diren proiektuek funtsezko izaeran berdinak dira eta lotura estua dute elkarren artean, izan ere, transformazio eta kanporatzeko jarduera, kokapena, obra zibila eta azpiegitura partekatzen dute. Horrenbestez, efizientzia-printzipioaren eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 57. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, guztiak espediente bakarrean metatzen dira ofizioz.

1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozeduraren garapena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

1.1. Aurretiazko jarduketak.

Bete zedin Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikulua, 2020ko abenduan, ENEL Green Power España SAUk eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Eraginaren Atalean, eskatzeko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua presta zedin Cintruenigoko, Fiteroko eta Cascanteko "Los Chopos" eta "Vientos del Cierzo" haize-parkeen proiektuetarako. Entregatutako dokumentazioa formalki berrikusi ondoren, martxoaren 12an sustatzaileari jakinarazi zitzaion hasi zela "Los Chopos" haize-parkeak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko prozedura. Era berean, 2021eko martxoaren 23an sustatzaileari jakinarazi zitzaion hasi zela "Vientos del Cierzo" haize-parkearen inguruko kontsultak egiteko prozedura. Ebazpen honen I. eranskinean zehaztu da zer administrazio publikori eta zer erakunderi egin zitzaien kontsulta. 2021eko maiatzaren 20an eta 21ean, "Los Chopos" eta "Vientos del Cierzo" haize-parkeen proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentuak jakinarazi zizkion Biodibertsitatearen Zerbitzuak sustatzaileari.

1.2. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Bat etorrita Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proiektu eta ingurumen-inpaktuaren azterketa hauek jarri zituen jendaurrean, 2021eko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, uztailaren 19koan: 220 kV-eko "La Serna Promotores" ebakitze-azpiestazioa; goi-tentsioko lurpeko linea, "Alcarama" TAEa eta "La Serna" TAEa bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linearekin lotura egitekoa, eta "Alcarama" TAEa eta "La Serna" TAEa bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen aldaketa. Horrez gain, txostena eskatu zitzaien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Bat etorrita Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen "Los Chopos" eta "Vientos del Cierzo" haize-parkeen eta horietatik energia ateratzeko azpiegituren proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak (2021eko 286. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 22koa), eta horiei buruz kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean jaso dira–.

Akats bat atzeman zen Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian "Vientos del Cierzo" haize-parkeko abifaunaren azterlanari buruz argitaratutako dokumentazioan. Hortaz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meategien Zerbitzuak proiektua jendaurrean jartzeko bigarren izapide bat egin zuen, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez (43. zk., 2022ko martxoaren 1ekoa), eta Nafarroako Gobernu Irekian berriro argitaratu zen proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren dokumentazio osoa.

Ebazpen honen II. eranskinean labur aipatzen da zer administrazio publikori eta zer entitateri egin zitzaien kontsulta, eta zer alegazio jaso ziren.

1.3. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

2021eko azaroaren 22an, Molinos de la Rioja SAUk aurkeztu zituen, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, honako hauen administrazio proiektu teknikoak eta proiektu horien ingurumen-inpaktuaren azterketak: "La Serna Promotores" izeneko 220 kV-eko azpiestazioa; goi-tentsioko lurpeko linea, lotura egiten duena "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko goi-tentsioko aireko linearekin, eta "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko goi-tentsioko aireko linearen aldaketa, 2021eko maiatzekoa. Eskatu zuen, halaber, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura abiarazteko. Organo substantiboak dokumentazio guztia helarazi zion, 2021eko azaroaren 24an, ingurumen-organoari.

"Los Chopos" eta "Vientos del Cierzo" haize-parkeen eta horien ebakuazio-azpiegituren ingurumen arloko izapideak egitean, administrazio publikoei kontsulta egin zitzaien. Fase horretan, zenbait txosten prestatu zituen ingurumen-organoak, zeinetan hainbat baldintza jarri baitzituen. Horren ondorioz, 2022ko ekainaren 28an, Molinos de la Rioja SAUk bi aldaketa aurkeztu zituen, aldaketa bat administrazio proiektu tekniko bakoitzeko, baita ingurumen-inpaktuaren azterketa berri bat ere. 2022ko uztailaren 1ean, organo substantiboak dokumentazio berria helarazi zion Ingurumen Eraginaren Atalari. Proiektu berrian, "La Serna Promotores" TAEa lekuz aldatzen da, "halako tokitara non goi-tentsioko aireko lineak eta azpiestazioak ez dioten eraginen Agua Salada izeneko estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuari, Montes del Cierzo pinudietatik iparraldera dauden eremuetan".

2022ko ekainaren 9an, ENEL Green Power España SLU sozietateak honako hauek aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan: "Los Chopos" haize-parkearen proiektua, 2021eko apirilekoa; "Los Chopos" haizpe-parkeko TAEtik "Alcarama" ebakitze-azpiestaziora bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko eta lurpeko linearen proiektua, 2022ko ekainekoa, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2022ko ekainekoa. Eta eskatu zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura abiarazteko. Organo substantiboak errekerimendua egin zuen aurkeztutako informazioa zuzentzeko. Behin dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2022ko uztailaren 15ean dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

2022ko uztailaren 22an, ENEL Green Power España SLU sozietateak honako hauek aurkeztu zituen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan: "Vientos del Cierzo" haize-parkearen proiektua, 2021eko apirilekoa; haize-parke horren eta "Los Chopos" haize-parkearen ebakuazio-azpiegitura komunen proiektuak, eta "Vientos del Cierzo" haizpe-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2022ko uztailekoa. Organo substantiboak errekerimendua egin zuen aurkeztutako informazioa zuzentzeko. Behin dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2022ko abuztuaren 24an dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

Jendaurreko fasean, eta administrazio publikoei zein interesdunei kontsultak egitekoan, sustatzaileak zenbait alegazio eta txosten jaso zituen. Horien guztien ondorioz, zenbait aldaketa egin ziren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskatzean aurkeztutako proiektuetan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan. Aldaketa horiek, funtsean, honako honetan dautza: "La Serna Promotores" ebakitze-azpiestazioa lekuz aldatzea, lehendik dagoen "La Serna" TAEtik (REE) gertuago dagoen toki batera. Proiektuan egindako aldaketek ez dute ondorio nabarmenik ekarri ingurumenean, hasiera batean jasotakoez gain.

Orain arte bildutako informazioarekin, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egin da.

2. Proiektuen laburpena.

–"Los Chopos" haize-parkea.

"Los Chopos" haize-parkerako hautatutako aukerak 9 haize-sorgailu ditu, hemen kokatuta:

HAIZE-SORGAILUAREN ZK.

UTM ETRS89, 30. EREMUA

DORREA (m)

ERROTOREA (m)

X [m]

Y [m]

CH02

596195

4655030

115

170

CH03

596404

4655775

115

170

CH04

597049

4655672

115

170

CH05

596763

4656628

115

170

CH06

597248

4656952

115

170

CH07

596551

4654216

115

170

CH08

597062

4654335

115

170

CH09

597600

4654286

115

170

CH10

597773

4654760

115

170

"Los Chopos" haize-parkearen konfigurazioa. Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N.

Neurketarako dorre meteorologiko iraunkor bat instalatuko da, 115 m-ko garaierakoa, zeina ainguraturik egonen baita gutxi gorabehera neurri hauek dituzten zimenduetan: 6,0 x 6,0 x 2,5 m-ko, X: 596.075-Y: 4.655.414 koordenatuetan (ETRS89, 30N eremua).

Proiektuan jasotakoaren arabera, "Los Chopos" haize-parkerako sarbidea NA-6900 errepidetik izanen da: 16+200 KPan, CH-05 posiziora joateko, iparralderako noranzkoan, eta CH04, CH08-CH10 posizioetara joateko, hegoalderako noranzkoan. Beste sarbide bat izanen da, 16+915 KPan, CH02 eta CH03 posizioetara joateko. Eta hirugarren sarbide bat aurreikusi da, N-113 errepideko 93+770 KPan, CH06 posiziora joateko. 10.357 m bide proiektatu dira, guztira: 4.407,51 m berri eraikiko dira eta 5.949,72 m bide egokitu. Bideen ezaugarriak: errodatze azalera, 6 m zabal edo gehiago; bide-zorua, zabor-legar artifizialezkoa, 20 cm-ko lodiera; arekak, 1 m zabal eta 0,50 m sakon, %5etik gorako maldetan hormigoiz estalita. Hormigoizko 5 ibi eraikitzea aurreikusi da. Lur-erauzketako ezpondak 1/1 proportzioan proiektatu dira, eta lubetetakoak 3/2 proportzioan; bi ezpondetako ertzak biribilduko dira 2 m-ko erradioan.

Haize-sorgailu bakoitza eraikitzeko, honako hauek aurreikusi dira: garabi nagusia erabiltzeko plataforma bat, 47 x 38 m-koa, 20 cm-ko lodiera izanen duen zabor-legarrezko zorua izanen duena; plataforma osagarria, 3.750 m²-koa, zeinaren barruan sartzen baitira garabia erabiltzeko esparrua eta zimendatze-eremua; zimendatze-eremua, 20 x 30,5 m-ko laukizuzena hartuko duena; hegalak aldi batez pilatzeko plataforma, plataforma nagusiaren ondoan, 23 x 120 m-ko area hartuko duena, oztoporik gabea, trinkotua eta bide-zorurik gabea, eta aldi baterako plataformak, 23 x 122 m-koak, sareta-garabia muntatzeko. Azken horiek beharrezkoa den posizioetan baizik ez dira eginen. Haize-sorgailuek sortutako elektrizitatea "Los Chopos" haize-parkeko 33/220 kV-eko TAE azpiestazio jasotzailera eramanen da, 33 kV-eko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez. 9.263,67 m-ko luzera dute, guztira, haize-sorgailuak elkarren artean lotzeko zangek, erdi-tentsioko lurpeko ebakuazio lineak eta lur-sareak.

–"Vientos del Cierzo" haize-parkea.

"Vientos del Cierzo" haize-parkerako hautatutako aukerak 9 haize-sorgailu ditu, hemen kokatuta:

AEROSORGAILUAREN ZK.

UTM ETRS89, 30. EREMUA

DORREA (m)

ERROTOREA (m)

X [m]

Y [m]

VC01

602.507

4.650.394

115

170

VC02

602.970

4.650.712

115

170

VC03

603.553

4.650.864

115

170

VC04

604.110

4.651.083

115

170

VC05

604.840

4.651.487

115

170

VC06

604.861

4.649.734

115

170

VC07

605.305

4.650.300

115

170

VC08

605.745

4.650.735

115

170

VC09

601.910

4.650.069

115

170

"Vientos del Cierzo" haize-parkearen konfigurazioa. Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N.

Dorre meteorologiko iraunkor eta autosostengatzailea, zeinak "Los Chopos" haize-parkerako ezarri den horren ezaugarri berberak izenen baititu, koordenatu hauetan kokatuko da: X: 605.048 - Y: 4.651.842 (ETRS89, 30N eremua).

Proiektuan jaso da ezen NA-6900 errepideko hiru puntutatik izanen duela sarbidea "Vientos del Cierzo" haize-parkeak: 5+140, 4+840 eta 4+690 KPak. Proiektuan aurreikusi da bide berriak eraikitzea, 3.405,36 m, eta beste 7.413,37 m egokitzea. Haize-sorgailuen, bideen eta drainatze-sistemen eraikuntza-ezaugarriak "Los Chopos" haize-parkeko proiektuan jasotakoen antzekoak dira. Hormigoizko 5 ibi eraikitzea ere aurreikusi da. Haize-sorgailuek sortutako elektrizitatea "Los Chopos" haize-parkeko 33/220 kV-eko TAE azpiestazio jasotzailera eramanen da, 33 kV-eko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez. Azpiestazio hori proiektuan jaso da. 18.084,59 m-ko luzerakoak izanen dira, haize-sorgailuak elkarren artean lotzeko zangak, erdi-tentsioko lurpeko ebakuazio linea eta lur-sareak.

–"Los Chopos" haize-parkeko TAEa eta "Los Chopos" haize-parkeko TAEtik "La Serna Promotores" TAEra bitarteko goi-tentsioko aireko eta lurpeko linearen.

"Los Chopos" haize-parkeko 33/220 kV-eko TAE azpiestazio jasotzailea kokatuko litzateke Cintruenigoko 5. poligonoko 142. eta 143. lurzatietan, eta laukizuzen formako 89,70 x 51,15 m-ko oina izanen luke. Proiektuan jaso da ezen azpiestazio horri erantsirik eragiketetarako eta mantentze-lanetarako eraikina izanen dela (25,00 x 12,00 m), eta hondakinetarako eraikin txiki bat (11,50 x 3,25 m).

Proiektuan jaso da, era berean, goi-tentsioko aireko eta lurpeko linea bat izanen dela, 220 kV-ekoa, "Los Chopos" haize-parkeko azpiestaziotik "La Serna Promotores" ebakitze-azpiestazioaren lotunera. Ebakuazio-linea horrek bi zati izanen ditu: lehenak, airekoa, 12.758,86 m izanen ditu, 8 lerrokadura eta 37 euskarri; bigarrenak, lurpekoak, 2.161,40 m-ko luzeko zanga izanen du. Esekidura-kateak eta lotze-kateak isolatzeko, beirazko hamasei isolatzaile erabiliko dira, txano eta zurtoin motakoak (U-120B modeloa). Txoriak babesteko gailuak jarriko dira, espiral motakoak, 10 metrotik behin, lur-konexioko kablearen gainean. Energia berriztagarria sortzeko hainbat proiektuk ebakuazio-azpiegitura berak erabiltzen dituzte, eta hizpide dugun ebakitze-azpiestazio hau, hain zuzen ere, azpiegitura horietako bat da.

–Ebakuazio-azpiegitura komunak.

"La Serna Promotores" 220 kV-eko ebakitze-azpiestazioak 50,50 x 71,30 m inguruko neurriak izanen ditu Tuterako 39. poligonoko 137. eta 139. lurzatietan. Kontrol-eraikin bat izanen du, zeinaren baitan izanen baitira eragiketetarako gela, zerbitzu osagarrien gela, zerbitzuetarako gunea eta biltegia. Proiektuan jasotakoaren arabera, sortutako energia ateratzeko, ebakitze-gune bat eginen da eta lurpeko lotura ("La Serna Promotores" TAEra sartuko eta hortik aterako den 220 kV-eko linea batez), konexioa egiteko lehendik dagoen "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitartean dagoen aireko linearekin. Lurpeko lotura horren helburua da "La Serna Promotores" azpiestazio berria konektatzea lehendik dauden azpiestazio hauekin: "Alcarama" TAEa (sarrera) eta "La Serna" TAEa (irteera). Ebakitzeko eta lehendik dagoen linearekin konektatzeko, bi euskarri berri instalatzea proposatu da (AP-106A eta AP-106B), zeinetan linea igaroko baita aireko izatetik lurpeko izatera. Lurpeko lotuneek honelakoak izanen dira:

–A tartea: lurpeko tartea, 168 m-ko zangan, konektatuko duena AP-106A izeneko bihurketa-euskarri berria "Alcarama" 220 kV-eko linearen posizioarekin, "La Serna Promotores" 220 kV-eko azpiestazio berrian.

–B tartea: lurpeko tartea, 85 m-ko zangan, konektatuko duena AP-106B izeneko bihurketa-euskarri berria "La Serna" 220 kV-eko linearen posizioarekin, "La Serna Promotores" 220 kV-eko azpiestazio berrian.

Energia sortzeko zenbait proiektu planteatu dira. Proiektu horietako energia modu konpartituan ateratzeko, handitu beharko da lehendik dagoen linearen potentzia ("Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko linea, 200 kV-ekoa). Horretarako, eroalea aldatuko da aireko 240 m-ko tartean, AP-106B euskarri berritik "La Serna" 220 kV-eko TAEko portikora (REE) bitarte. Aurreikusi da, era berean, 106. euskarria eta haren zimenduak kentzea, 107. euskarria sendotzea eta 105. eta 106A euskarrien arteko eroaleak birtenkatzea.

3. Azterketa teknikoa.

a) Aukeren azterketa.

Bi proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketek baldintzatzen dute, batetik, konexio-puntua beste toki batean jartzeko azterketa eta, bestetik, ebakuazio-linea jartzeko distantzia onargarriaren azterketa, bai maila teknikoari, bai ekonomikoari baita ingurumen arlokoari dagokionez ere.

Sustatzaileak aukerako beste toki batzuk aztertu ditu, eta balekoak izan daitezkeen hiru kokaleku proposatu ditu proiektu bakoitzerako. Horretarako, oinarritzat hartu du haize-parkeak instalatzeko harrera-mapa, zeina prestatu baitzen 2030erako Nafarroa Energia Planaren (2030NEP) baitan; eta hiru eremu hauek baztertzekotzat jo ditu: Natura 2000 gune babestuen sarea, Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremutzat jotzen diren inguruak eta Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan sartutako espazioak. "Los Chopos" haize-parkerako, sustatzaileak hiru eremu hauek ditu aintzat: eremu bat, Fiteroko herrigunearen ipar-mendebaldera dagoena, Las Costeras, La Sixta eta El Olmillo parajeetan; beste eremu bat, Cintruenigoko hego-ekialdean, El Gallardo, Vallejuelo eta Corral del Rodela alderdietan, eta beste eremu bat Fiteroko hego-ekialdean, N-113 Iruña-Madril errepidearen, Alhama ibaiaren eta La Atalayako iparraldeko inguruen artean. "Vientos del Cierzo" haize-parkerako, hiru eremu hauek proposatzen ditu sustatzaileak: Cintruenigoko hego-ekialdeko eremua, "Los Chopos" haize-parkerako planteatutako bera; beste eremu bat Lor aintziraren iparraldera, Ablitasen, NA-2010 Tutera-Ablitas errepidearen mendebaldera, eta beste eremu bat Cascanteko hirigunearen mendebaldean, NA-6900 Cascante-Fitero errepidearen eta Aragoiko Autonomia Erkidegoarekiko mugaren artean.

Izan daitezkeen beste kokapenak baloratzean, ingurumen-inpaktuaren azterketak azterketa kualitatibo bat egiten du, zeinetan azaltzen baita, gaingiroki, zer arrazoirengatik baztertu diren analisi bakoitzean proposatutako kokapenetako bi. Sustatzaileak Fiteroko gunearen hego-ekialdean dagoen eremua hautatu du "Los Chopos" haize-parkerako, eta Cascanteko herrigunetik mendebaldera dagoena, "Vientos del Cierzo" haize-parkerako.

Behin kokalekuak hautatuta, haize-sorgailuetarako aukerako 12 kokaleku proposatu dira bi haize-parkeetako ingurumen-inpaktuaren azterketetan. Horretarako, irizpide tekniko hauek hartu dira kontuan: 1) baliabidea egotea, 2) makinen arteko tartea eta 3) azpiegiturekiko distantzia. Behin kokalekuak finkatu ondoren, ingurumenaren ikuspegitik aztertu dira, honako hauek kontuan hartuta: 1) landaredia ukitzea, 2) irisgarritasuna, 3) inpaktu bisuala eta 4) lur-mugimenduak. Zero aukera baztertu ondoren, haize-sorgailuen kokapenari buruzko aukeren azterketan hiru lokalizazio baztertu dira haize-parke bakoitzerako. Horrela, ebazpen honetako proiektuen laburpenaren atalean deskribatutako itxura hartu dute.

Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketako irismen-dokumentuak eman zituen aurretiazko jarduketen fasean. Dokumentu horietan zehaztu zen ezen ingurumen-inpaktuaren azterketaren barnean sartu beharko litzatekeela haize-parkeak kokatzeko aukerei buruzko azterlan bat. Horrela, bada, ingurumen-organoak kontsulta-fasean egin zuen nahitaezko txostenean aipatu zen ezen aukerak behar bezala aztertu eta hautatu behar zirela. Ingurumen-organoak txostenean adierazi zuen moduan, haize-sorgailuen balizko kokapenak banaka aztertuz gero, ingurumen arloko eraginaren aldetik, zatikatu eginen zen proiektu osoaren aukeren analisia.

Sustatzaileak, erantzun zuenean, aurkeztu egin zuen "Haize-parkearen aukerako lokalizazioen azterketa" izeneko ataletako informazioa. Atal horiek zeuden ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eskatu ziren ingurumen-inpaktuaren azterketetan. Proposatutako eta hautatutako kokalekuetako batzuk oso hurbil daude, edo muga fisiko berean, hegazti-fauna babestua kontserbatzeko kritikotzat jotzen diren eremuetatik edo inbentariatutako hezeguneetatik hurbil.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan hiru aukera planteatu dira 220 kV-eko aireko ebakuazio-linearen trazadura paratzeko. II. eta III. aukerek trazadura bera dute Cintruenigo eta Corella arteko muga administratiboraino. I. aukerako trazadura tarte horretan legoke, paraleloan, pixka bat iparralderago. Udal-mugatik aurrera, III. aukerak, zeina laburragoa baita (14.920 m), ekialdera bira egiten du eta, ia lerro zuzenean, "La Serna" azpiestaziorantz jarraitzen du. Beste bi aukerek ez dute norabidea aldatzen udalerriaren mugan, eta hego-ekialdera bira egiten dute "La Serna" azpiestaziorantz, bakoitzak distantzia batera; guztira 16.550 m (II. aukera) eta 17.650 m (I. aukera) egiten dituzte.

Aukerarik laburrena hautatu da (III. aukera), zeinak, bidenabar, aireko tarte laburragoa baitu estepako abifauna kontserbatzeko funtsezkoak diren eremuetan barrena. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, III. aukerak eragin txikiagoa izanen luke hegazti-faunaren konektagarritasunean eta hilkortasunean.

Ingurumen-organoak kontsulta fasean egindako txostenean adierazi zuen ezen badela estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu bat Montes del Cierzoko pinudietatik iparraldera, Agua Salada urmaelerantz, eta, horrenbestez, eremu hori ukitzea saihestu beharra dagoela bai goi-tentsioko aireko linearen trazadura ezartzean, bai lehendik dagoen linea zer tokitan ebakiko den edo "La Serna Promotores" azpiestazioa zer tokitan kokatuko den proposatzean.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramitean proiektu bat aurkeztu zen, zeinetan proposatu baitzen energia ateratzeko aireko linearen trazadura bat. Trazadura hori ez da aldatu ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eskatzeko aurkeztu den ingurumen-inpaktuaren azterketan. Horrenbestez, ez da murriztu edo saihestu goi-tentsioko aireko lineak estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuan izan dezakeen eragina.

220 kV-eko "La Serna Promotores" azpiestazioaren ingurumen-inpaktuaren azterketan, lau aukera eman dira ebakitze-azpiestazioa kokatzeko. 1., 2. eta 3. aukerak La Cantera eskortan daude, Montes del Cierzoko pinudien iparraldean. 2022ko ekainean, ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatu zen, eta beste kokapen aukera bat, gehitu zitzaien, 4.a, jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramitean aurkeztutako aukera horiei. Sustatzaileak, ez ukitzeko Montes del Cierzoko pinudien iparraldera dauden estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuko azalerak, 4. aukeraren alde egin zuen: Montes del Cierzoko pinudien hegoaldean izanen litzatekeena, egun "La Serna" (REE) TAEa dagoen tokitik 170 m ingurura.

b) Proiektuaren inpaktu nagusien azterketa.

–"Los Chopos" haize-parkea.

Aurrekari gisa, aipatu beharra dago ezen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak, uztailaren 31ko 294E/2023 Ebazpenaren bidez, hirigintza-baimena ukatu ziola "Los Chopos" haize-parkeari, proiektua ez zelako bateragarria ez Cintruenigoko hirigintza-plangintzarekin ez eta Corellako udal planaren araudian ezarritako babes-araubideekin ere. Haize-parke hori Fiteron eta Cintruenigon egitekoa zen, eta haren ebakuazio- eta transformazio-azpiegiturek ukituko lituzkete, udalerri horietakoez gain, Corellako eta Tuterako udal-mugarteak.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen xede diren ingurumen-alderdiei dagokienez, fauna hegalariaren populazioenganako eragina da "Los Chopos" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan atzemandako eragin nagusia. Inpaktu larritzat jotzen da hegaztien hilkortasun-tasa, elektrokuzio bidezkoa eta linea elektrikoekin talka egitearen ondorioz gertatzen dena. Inpaktu moderatutzat jotzen da hegaztien eta kiropteroen hilkortasun-tasa, haize-sorgailuekin talka egitearen ondorioz gertatzen dena, eta moderatutzat jotzen da, era berean, abifaunarenganako eragina, hesi-efektuarengatikoa eta konektagarritasuna galtzeagarengatikoa. Moderatutzat jotzen dira, halaber, obra-fasean eragindako inpaktuak, erliebearen formak aldatzeagatik eta higadura handitzeagatik geomorfologian eragindakoak; landaredi naturalarenganako inpaktuak, Batasunaren intereseko habitatei eragiteagatik; kultura-ondarearenganako inpaktuak, aztarnategi arkeologikoei eragiteagatik; eta hondoratzeko eta baso-suteak izateko arriskua handitzeak eragindako ingurumen-ondorioen inpaktuak. Funtzionamendu-fasean, fauna hegalariarenganako inpaktuez gain, inpaktu moderatu eta bateragarritzat jotzen da honako hau: paisaiarenganako inpaktua, ikusmirako puntuetatik bistak galtzeagatik eta kalitate bisuala aldatzeagatik.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan hauteman zen ezen azpiegitura ezartzeak eta martxan jartzeak zenbait inpaktu positibo izanen dituela: berotegi-efektuko gas gutxiago isuriko dira; enplegua sortuko da; diru-sarrerak izanen dira lursailak erosi edo errentan hartuko direlako, eta bigarren nahiz hirugarren sektoreak dinamizatuko dira.

"Los Chopos" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketak badu atal espezifiko bat zeinetan aztertzen baita proiektuak ingurumen arloko zer ondorio izanen lituzkeen, proiektuak berak uki litzakeen Natura 2000 Sareko eremu babestu hauetan: Pulguerko urmaela eta Ebro ibaia kontserbazio bereziko eremuak (ES2200041 eta ES2200040, hurrenez hurren), eta Alcarama mendiaren bailara hegaztientzako babes bereziko eremua (ES0000063). Atal horretan ondorioztatu da ezen "Los Chopos" haize-parkearen proiektuak inpaktu handia izan lezakeela abifaunaren hilkortasun-tasan, bereziki ur-hegaztiengan eta estepako hegaztiengan. Izan ere, hegaztien komunitate horien egungo kontserbazio-egoera hobetzea da Pulguerko urmaela eta Ebro ibaia kontserbazio bereziko eremuen kudeaketa planetako kontserbazio-helburuetako bat. Hala ere, sustatzaileak espero du proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatzeak eragin hori arintzen lagunduko duela, eta ebaluatu beharko dela, planteatutako ingurumen arloko zaintza-programan, arintze hori zenbaterainokoa izan den.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk proposatu dira, hautemandako inpaktuak, proiektuko ekintzen ondoriozkoak, saihesteko eta arintzeko. Proposatutako neurriak aplikatu ondoren, sustatzaileak uste du hondar-inpaktua murriztu egiten dela; are gehiago, uste du bateragarria dela honako kasu hauetan: higadurak gora egiteak geomorfologian eta lurzoruan izanen duen eragina; landarediarenganako inpaktua, Europar Batasunaren intereseko habitatetan eragiteagatik; aztarnategi arkeologikoei eragitearen ondoriozko inpaktua, eta baso-suteen arriskua handitzeagatik izan daitekeen eragina.

Fauna hegalarien populazioenganako inpaktuari dagokionez, sustatzaileak honako prebentzio-neurri espezifiko hauek proposatzen ditu: lanak egitea hazkuntza- eta ugalketa-garaietatik kanpo; prospekzioak egitea, aldez aurretik, estepako hegaztien habiak hautemateko; haize-sorgailuak are ikusgarriago bihurtzea, hegaztiek haize-sorgailuen hegalen aurka talka egin ez dezaten; hobetzea El Culebrete hondakinen tratamendu-zentrora eramaten diren hondakinen kudeaketa, eta, egiaztatzea, obra-fasean, zer distantzia dagoen ur-puntuetara, egiaztatzeko ezen haize-sorgailuen elementuak puntu horietatik 200 m-ra daudela, gutxienez ere. Neurri zuzentzaile gisa, sustatzaileak proposatu du txoriak babesteko balizak jartzea, bai BAGTR eta BESP motakoak, 5 metrotik behin lur-konexioko kablean. Linearen bi eremu zehatzetan –amaierako zatian eta Montes del Cierzoko pinudietatik hurbilen dagoen eremuan– baliza islatzaile eta birakariak jarriko dira. Eta kiropteroenganako eraginari dagokionez, hilkortasun-azterketa bat egitea proposatu da, jakiteko zein den, benetan, parkeak ugaztun horien populazioetan duen eragina. Hautematen baldin bada hilkortasun-tasa handia dela, ebaluatuko da tartean diren turbinak abiarazteko abiadura igotzea, abuztuko eta iraileko gauetan, 5-6 m/s-tik gorako haize-abiaduretara.

Sustatzaileak konpromisoa hartu du administrazio eskudunarekin aldez aurretik onartutako neurri osagarri batzuk hartzeko. Ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatu da nekazaritza eta ingurumena kudeatzeko plan bat presta dadila. Plan horrek sustatuko du lugorri egokiak egon daitezen, estepako hegaztien espeziak ezartzeko, batez ere, honako hauek: atalarra, ganga azpibeltza eta ganga azpizuria.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak badu eranskin bat, II.a, zeinetan nahitaezko txosten bat jaso baita honi buruzkoa: abifaunaren eta kiropteroen urteko ziklo osoaren jarraipena proiektuaren ingurunean. Abifaunari buruzko urteko azterlanaren txostenaren arabera, sai arrea da gehien ikusi den hegazti harraparia. Maiz mugitzen da Tarazonako Las Roscas eta Montes del Cierzo eremuen artean. El Culebrete hiri-hondakin solidoen zabortegira ere joaten dira, toki erakargarria baita nekrofagoentzat eta oportunistentzat. Espezie horrek hegaldien %54,63 egiten du arrisku-altueran (n = 647 aldiz ikusia guztira). Badira hainbat harrapari arrisku-altueran hegaz ibiltzen direnak, ehuneko handi batean ibili ere, azterlan-eremuaren barnean; ugarienak dira: miru gorria (%48,68; n = 76) eta arrano beltza (%65,38; n = 26). Txostenaren arabera (estimazio kontserbadore batean), altuera horretan mugituko liratekeen hegaztien %50ek, gutxi gorabehera, arriskua izan lezakete talka egiteko etorkizunean hor egonen liratekeen haize-sorgailuen hegalekin, hegalok biraka ari direla.

Azterlanean zehaztu da nola erabiltzen den aireko espazioa, eta zenbatu da zenbat hegaldi egiten diren proiektuan jasotako kokapenetan. Sai arrearen 195 hegaldi zenbatu dira; horien %40,5 (79 hegaldi) haize-sorgailuetatik gertu detektatu dira (<150 m), hegaldiaren altuera bazter utzita, eta hegaldi horietatik 57 izan dira talka egiteko arriskua dagoen altueran. Miru gorriaren 76 hegaldi zenbatu dira; horien %40,8 (31 hegaldi) haize-sorgailuetatik gertu izan dira, eta hegaldi horietatik 5 izan dira talka egiteko arriskua dagoen altueran. Arrano beltzaren kasuan, berriz, 26 hegaldi zenbatu dira, horien %30,8 haize-sorgailuetatik gertu izan dira, eta horien %50,0 izan da talka egiteko arriskua dagoen altueran. Harrapari gehienak CH02, CH04 eta CH05 haize-sorgailuak leudekeen tokietatik gertu ibiltzen dira hegaz.

Txostenean ondorioztatu da ezen haize-parkea toki horretan jartzeak ez duela eragin nabarmenik, iraunkorrik eta negatiborik izanen indarreko ingurumen-arloko legeriak babesten dituen espezie askoren habia-eremuetan, batez ere harkaitzetako eta basoko harrapariengan. Eragin nabarmen, iraunkor eta negatiboa izanen luke, ordea, katalogatutako hainbat espezietako hegazti gazteak sakabanatzeko eremuetan, atseden hartzeko eremuetan, elikatzeko eremuetan eta bizitzeko eremuetan; zehazki, honako espezie hauenak: miru gorria, arrano beltza, sai arrea eta sai beltza (n = 10). Baloratu da ezen eragina ez dela oso nabarmena izanen ez harkaitzetako espezieen ez basoko hegazti harraparien bizi-eremuetan, zeinak egunero joan-etorrian ibiltzen baitira atseden hartzeko edo habiak egiteko beren eremuetatik.

Hegazti-faunari buruzko txostenean plan bat proposatu da, etxeko abereen hilotzak kontrolatzeko parkearen eragin-eremuan. Plan horretan parte hartu beharko lukete Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, udalek eta inguruko abeltzainek. Txostenean planteatu da, halaber, parkeko haize-sorgailu guztietan, hiru hegaletako bat seinaleztatuta edo margotuta egon dadila.

Aurkeztutako txostenean aztertu da zer eragin duen haize-parkeak saguzarrengan (II.2 eranskina), eta ondorioztatu da ezen aurreikus daitekeela Cabrera saguzarraren hilkortasun-tasa nabarmena izanen dela Alhama ibaitik gertuen dauden haize-sorgailuetan (CH05 eta CH06). Txostenean aurreikusi da, era berean, nolabaiteko kaltea eraginen zaiela saguzar hauei: Khul pipistreloari (P. kuhlii), saguzar arruntari (P. pipistrellus), Savi saguzarrari (Hypsugo savii) eta saguzar buztanluzeari (Tadarida teniotis). Lan horretan proposatu da handitzea, istripu-tasa handieneko gauetan, bi turbina horiek martxan jartzeko beharrezkoa den haizearen abiadura. Beharrezko ikusi da, era berean, ingurumena zaintzeko plan xehe bat martxan jartzea, jakiteko zein den benetan kiropteroen hilkortasun-tasa "Los Chopos" haize-parkean.

Aurretiazko jarduketen fasean, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua egin zuen. Dokumentu horretan, proiektua ezartzekoa zen eremuaren garrantzia nabarmendu zen, batetik, Alhama ibaitik gertu zegoelako, Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu eta hezeguneetan, eta, bestetik, eremu horretako zenbait toki eta esparrutan maiz izaten direlako harkaitzetako hegaztiak. Horregatik guztiagatik, jo zen ezen proiektuak ondorio garrantzitsuak zituela ingurumenean eta, horregatik, agian ez zela bideragarria izanen.

Ingurumen-organoak, kontsulten tramitean eginiko txostenean, adierazi zuen ezen proiektua legokeen tokitik gertuko zenbait lurraldetan Bonelli arranoa izan dela historikoki, eta egun ere badela. Horrez gain, espazioa nola erabiltzen zuten jakiteko asmoz, espezie horretako ale batzuei jarraipena egin zitzaien irrati bidez, Nafarroako Gobernuak ekipatutako GPS geolokalizatzaileak erabilita. Horiek horrela, hizpide dugun txostenean, sustatzaileari gomendatu zitzaion ingurumen-arloko informazioa eska zezala, espazioaren erabilera horren datuei buruz.

2022ko ekainaren 30ean, sustatzaileak ingurumen arloko informazioa eskatu zuen haize-parkearen eragin-eremuan dauden Bonelli arranoaren aleei buruz, eta 2022ko abuztuaren 11n bidali zitzaion. Informazio horretan adierazi zen zer azalera erabil litzaketen hegaztiok. Azalera hori kalkulatzeko, kontuan hartu ziren Bonelli arranoaren 5 alek zeramatzaten GPS geolokalizatzaileek erregistratutako lokalizazioak, 2020ko maiatzaren 1aren eta 2022ko urtarrilaren 14aren artekoak, eta kernel dentsitatearen interpolazioa egin zen. Datu horiek ez ziren aipatu 2022ko ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak emandako datuen arabera, haize-parkea egin nahi zen hizpide dugun espezieko arrek, Alhama ibaiaren bailararen lurraldea okupatzen dutenek, gehien erabiltzen duten eremuaren barruan (kernel %50). GPS igorleek ekarritako datuen arabera, erradiomarkatutako ale helduak lurraldean dira baita 2023ko denboraldian ere, eta parkea ezartzekoa den eremua erabiltzen dute sakabanatze-fasean dauden ale heldugabeek eta lurralderik gabeko ale helduek. Espedientearen azterketa teknikoan, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak Ingurumen Eraginaren Atalari jakinarazi zion miru gorriaren habia bat zegoela Alhama ibaian, CH05 eta CH06 kokalekuetatik hurbil.

Jendaurreko informazioaren tramitean, zenbait elkartek alegatu dute proiektuak eragina izanen duela fauna hegalarian, espezie kalteberak eta katalogatutako espezieak daudelako, eta proiektua gertu dagoelako estepako abifaunarentzat garrantzitsuak diren zenbait eremutatik, Natura 2000 Sareko tokietatik eta inbentariatutako hainbat hezegunetatik. Adierazi da, halaber, proiektuak konektagarritasun ekologikoan eragina izanen duela, hesi-efektuagatik, hezeguneen edo estepako eremuen arteko joan-etorrietan edo migrazio ibilbideetan. (Sustrai Erakuntza fundazioa eta Paisaje y Viñedos, Gurelur eta Ekologistak Martxan elkarteak). Hainbat alegazioegilek uste dute kiropteroei ere kalte handia eragiten zaiela saguzarren joan-etorri handia dagoelako (Gurelur eta SECEMU). Alegazio batzuetan uste da ezen proposatutako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla nahikoak edo ez daudela behar bezain definituta ingurumen-inpaktuaren azterketan hautemandako inpaktuaren balorazioa murrizteko (Paisajes y Viñedos, Sustrai Erakuntza), edo ingurumen-inpaktuaren azterketan ez dela behar bezala baloratu metatze efektuaren eta efektu sinergikoaren ondoriozko inpaktua (Sustrai Erakuntza, Ekologistak Martxan eta SECEMU).

Sustatzaileak jendaurreko informazioaren tramitean aurkeztutako alegazio guztiei erantzun zien, bai eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidean jasotako idazkiei eta txostenei ere. Sustatzaileak erantzun zuen, funtsean, ezen ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatu, aztertu eta baloratu zirela, jada, bai alegatutako ingurumen-baldintzak baita proiektuko ekintzek inbentariatutako ingurumen-faktoreetan dituzten ondorioak ere, eta baloratu zela proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurrien eraginkortasuna.

Gorago adierazi den moduan, abifaunari eragindakoa inpaktua da "Los Chopos" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan atzemandako inpakturik handiena, eta larritzat jotzen da, hegazti asko hiltzen baitira elektrokutaturik edo linea elektrikoekin talka egitearen ondorioz. Ingurumen-inpaktuaren azterketan, zehazki, hari erantsitako abifaunaren azterketan, deskribatu da nolakoak diren Tuterako El Culebrete hiri-hondakin solidoen hondakindegian elikatzen diren hegazti sarraskijale eta oportunisten joan-etorriak, eta azaldu da ezen linea elektrikoa hesi bat izanen litzatekeela, lineala eta zeharkakoa, Corella, Castejón eta Cintruenigoko mugarteetatik datozen hegaztientzat. Abifaunaren azterketan ondorioztatu zen ezen ebakuazioko linea elektrikoek hainbat inpaktu nabarmen izanen lituzketela aztertutako eremuko hegaztien ugalketari, negua igarotzeari eta kontzentrazioei dagokienez. Eragin nabarmena izanen du harkaitzetako hainbat espezie (arrano beltza eta sai arrea, batez ere) bizi diren tokietan, mendebaldeko zingira-mirotzaren etzalekuetan, hegazti sarraskijaleen etzalekuetan, uretako hegaztien ugaltze-eremuetan eta estepako hegaztiak dauden eremuetan. Azterlanaren arabera, nolanahi ere, linea seinaleztatzeko neurriak aplikatzean murriztuko litzateke talka-arriskua eta, horrenbestez, eragina.

Ingurumen-organoak kontsulta fasean egindako txostenean inpaktu horiek aipatu ziren, eta adierazi zen, berriz ere, aireko lineak eragina izanen lukeela bai Nafarroan estepako hegaztiak kontserbatzeko garrantzitsutzat jotzen den eremuan, bai Agua Salada idoia erreserba naturalean (RN-34) baita arrano beltzaren eremu batean ere, trazadura oso gertu baitago arrano horrek habiak egiten dituen lekutik. Proiektuan aireko ebakuazio-linea bat ezarri da, 220 kV-ekoa. Linea horren trazadura bat dator, 7.944,55 m inguruko tarte batez ("Los Chopos" TAEko portikotik T22 euskarrira) lehendik dagoen beste linea baten trazadurarekin, harekiko paralelo baitoa, 175 m inguruko tarteaz. Aurretiazko linea hori da, hain zuzen ere, "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarte dagoen goi-tentsioko aireko linea, 220 kV-ekoa. Lehendik dagoen goi-tentsioko aireko linea horrek "Los Chopos" haize-parkea ezartzeko eremua zeharkatzen du, eta igarotzen da proiektuan jasotako "Los Chopos" haize-parkeko TAEtik 300 metro baino gutxiagora. Ingurumen-organoak sustatzaileari jakinarazi zion ezen beste aukera batzuk bilatu behar zirela goi-tentsioko aireko linearen trazadurarako, saihestu behar baitzen estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremua ukitzea Montes del Cierzoko pinudien iparraldera geratzen diren eremuetan; eta AP-68 autobidea gurutzatu aurretik planteatu behar zela linea ebaki eta beste linea honekin lotura egitea: "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko goi-tentsioko aireko linea, 220 kV-ekoa. Txostenean adierazi zen, halaber, sustatzaileak ebaluatu behar zuela zer efektu sinergiko eta metatze efektu zituen lehendik dagoen goi-tentsioko aireko lineaz gain ("Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitartekoa) proiektuan jasotako ebakuazio-linea ere egiteak.

Sustatzaileak erantzun zuen ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6.4 atalean baloratu zirela ondorio sinergikoak. Atal horretan, sustatzaileak adierazi zuen ezen, talka- eta elektrokuzio-arriskuaren ondoriozko inpaktuaren efektu sinergikoa minimizatzeko, proiektuak kontuan hartu duela linea elektriko bakarra eraikitzea bi haize-parkeetako energia ateratzeko, eta, gainera, korridore batetik igaroko dela, eta korridore horretan beste linea elektriko batzuk daudela. Proiektuaren hesi-efektuaren eta konektagarritasun-galeraren efektu sinergikoari dagokionez, sustatzaileak planteatu zuen ongi aukeratu behar zela zer eremutan proposa daitekeen zenbait neurri ezartzea, nekazaritzako ingurumen kudeaketaren arlokoak, aukera gutxiago izan dadin hegaztiek haize-sorgailuak edo ebakuazio-linea gurutzatzen dituzten ibilbideak hartzeko. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren 6.4 atalean ondorioztatu zen ezen faunan eta haren habitatetan eragindako efektu sinergikoa larria dela, eta arina izatera igaroko dela proposatutako arintze-neurriak ezarri ondoren.

–"Vientos del Cierzo" haize-parkea.

"Vientos del Cierzo" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan atzemandako inpaktu nagusia honako hau da: abifaunari eragindako kaltea, elektrokuzioagatik eta ebakuazioko linea-elektrikoekin talka egiteagatik, zeina aipatu baitzen, dagoeneko, "Los Chopos" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan. Ustiapen-faseko inpaktua larritzat jotzen da. Obra-fasean, inpaktu arintzat jotzen dira honako hauek: erliebearen formak aldatzearen eta higadura handitzearen ondorioz geomorfologian eta lurrean eragindakoak; aztarnategi arkeologikoei eragiteagatik kultur ondarean eragindakoak, eta baso-suteen arriskua areagotzeagatik ingurumen efektuetan eragindakoak. Funtzionamendu-fasean, inpaktu arintzat jotzen dira honako hauek: hegaztiek haize-sorgailuen kontra talka egin eta hiltzeagatik, hesi-efektuagatik eta konektagarritasuna galtzeagatik faunan eragindako inpaktuak, eta baso-suteen arriskua handitzearen ondoriozko inpaktua. Bateragarritzat jotzen da saguzarrek haize-sorgailuen kontra talka egiteagatik hiltzearen ondoriozko inpaktua. Jotzen da, halaber, honako inpaktu hau bateragarria dela funtzionamendu-fasean: estepako abifauna kontserbatzeko interesgarritzat jotzen diren eremuak ukitzeagatik abifaunan eragindako inpaktua. Ingurumen-inpaktuaren azterketan (7.5.3 atala) ez da kontuan hartu proiektuak eremu horiek kaltetuko lituzkeela haize-sorgailuak jarriko liratekeen tokian; kontuan hartu da, bakar-bakarrik, ebakuazio-linearen bukaerako tartearen eragina. "Los Chopos" haize-parkea instalatzeak sortzen dituen ondorio positibo berberak deskribatzen ditu ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Natura 2000 Sarearenganako eraginak aztertu dira atal espezifiko batean. Haren arabera, Pulgerko urmaela (ES2200041) eta Ebro ibaia (ES2200040) eremuak uki litzake proiektuak. Analisiak hauteman du uretako eta estepako abifaunari eragiten zaiela, aleek aireko linearen kontra talka egin lezaketelako eta elektrokutatu litezkeelako. Atal horretan, "Los Chopos" haize-parkeari buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketan ateratako ondorio berberak atera dira. Azterketan ez da jo Montecillo, Monterrey eta Peñadil kontserbazio bereziko eremua badenik proiektuak erasan lezakeen Natura 2000 Sareko gune babestu bat.

Sustatzaileak prebentziozko neurri eta neurri zuzentzaile batzuk proposatu zituen, "Los Chopos" haize-parkeko ingurumen-inpaktuaren azterketan planteatutakoen antzekoak. Prebentziozko neurrien eta neurri zuzentzaileen eragina baloratu ondoren, ingurumen-inpaktuaren azterketan arin mailara murriztu zen abifaunarenganako hondar inpaktua, hegaztiak elektrokutatuta edo linea elektrikoen kontra talka eginda hiltzearen ondoriozkoa. Bateragarritzat jo ziren higadura handitzeagatik lurzoruan sortutako hondar-inpaktuak; hegazti-faunan sortutakoak, hesi-efektuagatik eta konektagarritasun-galeragatik; kultur ondarean, aztarnategi arkeologikoei eragiteagatik, eta baso-suteen arriskua handitzeagatik eragindako inpaktua. Sortutako hondar-inpaktuak konpontzeko, sustatzaileak nekazaritza-ingurumeneko kudeaketa-plan bat egiteko konpromisoa hartu zuen, "Los Chopos" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutakoaren berdin-berdina dena. Horri, beste hau gehitu zion: "Monte Altoko nekazaritza eta basozaintzako paisaiaren azterketa: balio historikoak eta kulturalak, elkarrekiko loturak eta bilakaera". Konpromisoa hartu zuen, halaber, herritarrak paisaia mota horren inguruan sentsibilizatzea sustatzeko.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren II. eranskinean, proiektuaren inguruneko abifaunaren eta kiropteroen urteko ziklo osoaren jarraipenari buruzko lana jaso zen. Bazen beste atal bat espazioaren erabilerari eta haize-parkeak hegaztiengan izan lezakeen eraginari buruzkoa. Atal horretan aztertu zen hegazti harrapariek zenbat hegaldi egin zituzten guztira, eta hegaldi horietatik zenbat izan ziren etorkizunean bertan izanen liratekeen haize-sorgailuetatik gertu eta arrisku-altueran. Analisian adierazitakoaren arabera, honako hauek lirateke etorkizunean talka egiteko arriskua gehien duten espezieak: sai arrea (zenbatutako n = 334 hegaldien %50 izan ziren arrisku-hegaldiak), miru gorria (%51,52, n = 33), miru beltza (%56,03, n = 116), arrano beltza (%52,94, n = 17), arrano txikia (%66,67, n = 9), zapelatz arrunta (%48,05, n = 77) eta belatz gorria (%36,92, n = 130). Hegazti harrapari gehien ibili da haize-sorgailu hauek leudekeen tokitik gertu: VC02 (n = 18 hegaldi), VC05 (19), VC06 (21) eta VC07 (23).

Jarraipenean ez da estepako hegaztirik ikusi haize-parkea legokeen eremutik gertu dagoen eremuan. Lanean, atalarra, ganga azpibeltza eta ganga azpizuria detektatu ziren, apiriletik aurrera, Monte Altoko estepa-hegaztien eremuan. Bi ganga-espezieak ez dira udako zentsuetan ageri.

Txostenean ondorioztatu da ezen etorkizunean "Vientos del Cierzo" haize-parkea toki horretan egoteak ez lukeela eragin nabarmenik, iraunkorrik eta negatiborik izanen indarrean den ingurumen-arloko legeek babestutako hainbat espeziek habiak egiten dituzten, ale gazteak sakabanatzen diren, atseden hartzen duten, elikatzen diren eta bizi diren eremuetan. Era berean, ez luke eragin nabarmenik izanen ez harkaitzetako zenbait espezieren bizi eremuetan (sai zuria eta sai arrea, batez ere), ez eta egunero habiak egiteko edo atseden hartzeko beren tokietatik eremu horietara joaten diren basoko hegazti harraparien bizi eremuetan ere. Nolanahi ere, parkea legokeen tokiaren hegoaldeko eremu batek bai eraginen liokeela arrano beltzaren joan-etorriei (VC06, VC07 eta VC09 haize-sorgailuak leudekeen tokian).

Txostenean zenbait neurri zuzentzaile proposatu dira, "Los Chopos" haize-parkeko abifaunaren azterlanean proposatutakoen antzekoak. Neurri horiek dira: hegaletako bat seinaleztatzea edo margotzea, eta etxeko abereen hilotzak zaintzeko eta kontrolatzeko plan bat diseinatzea.

Txosten bat aurkeztu da, zeinetan aztertzen baita zer inpaktu izanen lukeen haize-parkeak saguzarrengan (II.2 eranskina). Txosten horretan ondorioztatu da ezen animalia talde horren hilkortasun-tasa txikia izanen litzatekeela, eta, batez ere, espezie arruntei eta mehatxaturik ez daudenei eraginen liekeela; beraz, ez da proposatu prebentzio-neurririk hartzea. Txostenean adierazi da, ordea, badagoela beharra ingurumen arloko zaintza plan xehea egitekoa, jakiteko zein den, benetan, kiropteroen hilkortasun-tasa haize-parkean, eta beharrezkoa izanen dela neurri zuzentzaileak ezartzea, baldin hautematen bada hondar-hilkortasuna nabarmena dela.

Monte Alto eremua, estepako abifauna kontserbatzeko garrantzi handiko eremu gisa katalogatu zen, katalogatutako estepako zenbait hegaztirengatik. Horrela, bada, ingurumen-organoak kontsulta-faseko txostenean adierazi zuen ezen proiektuan jasota zegoela haize-sorgailuen ilara bat jartzea eremu horren mugan, eta horrek oso handia bihurtzen zuela aipatu hegazti horiek talka egin eta hiltzeko arriskua. Gainera, habitatak galduko luke, hein batean, hegazti horiek hartzeko gaitasuna. Txostenean adierazi da ezen eragin horrek are garrantzi handiagoa duela kontuan hartzen badugu Nafarroan atzeraka egin duela, nabarmen egin ere, hizpide ditugun espezie horien habitata izan daitekeena, eta, horren ondorioz, batetik, murriztu egin dela, nabarmen, espezie horiek okupa dezaketen eremua eta, bestetik, espezie horien populazio-dinamikak aldatu egin direla eta, horrenbestez, aurreikusten da ezen Nafarroan desagertu eginen direla epe labur edo ertainean. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak eman zuen, abenduaren 15eko 836E/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako 2030erako Energia Planaren ingurumen-eraginaren adierazpena. Txostenak gogora ekarri zuen, bada, adierazpen horretan jaso zela ezen eremu horiek ezin utzizko gutxienekoa direla bermatzeko, ahal den neurrian, espezie horiek jarraitutasuna izanen dutela Nafarroan. Gainera, adierazi zen ezen eremu horiek elkarrekiko lotura eta koherentzia ekologikoa izan behar dutela, katalogatutako estepako hegaztien populazioek bideragarritasun-dinamiketan sar daitezen. Haize-sorgailuen kokapenak hesi-efektua eraginen luke eta espezie horiek traban izanen lituzkete beraientzat egokiak diren habitatak dauden eremu batetik bestera joateko bidean.

Ingurumen-organoak sustatzaileari jakinarazi zion, halaber, Bonelli arranoko aleen jarraipen telemetrikoa egin duela, eta, horri esker, eremu hori identifikatu duela ugaltzaileak ez diren banakoen lehentasunezko finkatze-eremu gisa, eta sustatzaileari eskatu dio ingurumen arloko informazioa eska dezala ale horiek espazioaz egiten duten erabileran datuei buruz. Sustatzaileak aurkeztutako abifaunari buruzko azterketan detektatu da ezen etorkizunean haize-parkea egonen litzatekeen eremuaren mendebaldean badagoela arrano beltzaren ale gazteak eta heldugabeak sakabanatzen diren eremu bat, baina ez du detektatu Bonelli arranoaren alerik landa-lana egin bitartean. Sustatzaileak informazio hori eskatu zuen, "Los Chopos" haize-parkearenarekin batera, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 2022ko abuztuaren 5ean erantzun zion: kernell azalerak eman zizkion, hizpide ditugun aleek espazioaz egiten duten erabileraren azterketari buruzkoak.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak emandako datuen arabera, Bonelli arranoaren ale heldugabeek joera dute aldi batez ezartzeko haize-parkea egin nahi den eremu horretan. Are, 2021eko abenduaren 7an ale horietako baten hilotza jaso zen "El Campo" (Mallén) haize-parkeko 6. haize-sorgailuaren oinetara. Aragoiko Gobernuak eginiko nekropsian ondorioztatu zen ezen, detektatutako lesioak ikusita, argi zegoela animaliak haize-sorgailu horren hegalen eragina pairatu zuela.

Jendaurreko informazioaren tramitean, zenbait alegaziogilek agerian utzi zuten proiektuak eragina izanen lukeela estepako hegazti katalogatuengan, baita horiek kontserbatzeko garrantzitsutzat jo diren zenbait eremu kartografiatutan ere, eta nabarmendu zuten haize-parkeak hesi-efektua izanen duela espezie horientzat (Sustrai Erakuntza Fundazioa, Paisajes y Viñedos, Gurelur eta Ekologistak Martxan).

Azkenik, aipatu beharra dago ezen Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak baimena eman zuela azterlan arkeologikoak egiteko, martxoaren 16ko 72/2021 eta martxoaren 24ko 82/2021 ebazpenen bidez, eta azterlan horietako bat jaso dela, eranskin gisa, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketa bakoitzean. Azterlanetan ondorioztatu denez, haize-parkeen eta ebakuazio-lerroaren proiektuek zuzeneko eragina izanen luke ondare arkeologikoan, eta aplika litezkeen prebentzio- eta zuzenketa-neurriak proposatu ziren. Hala ere, espedienteen azterketa tekniko honetan, ingurumen-organo honek ezin izan du jaso kultura-ondarearenganako eraginaren balorazioa, falta delako arlo horretan eskumena duen organoaren txosten egokia.

c) Ingurumen-organoaren ondorioak eta balorazioa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ezen behar bezala egin dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura.

Goian azaldutakoa kontuan hartuta, ingurumen-organo honek uste du "Los Chopos" haize-parkearen instalazioak ondorio kaltegarri esanguratsuak izanen dituela katalogatutako fauna hegalariko zenbait espezierengan, eta, bereziki, ondorio larriak izanen dituela "galzoriko espezie" gisa katalogatutako zenbait espezierengan, hala nola Bonelli arranoa eta miru gorria. Parkea egin nahi da Alhama ibaiaren ibarreko aleen jarduera-gunearen barruan, eta Fiteroko lurralde historikotik hurbil. Nafarroa hegoaldean miru gorriaren oso habia gutxi detektatu dira, eta haize-sorgailuetako bi egonen lirateke habia horietako batetik ehunka metro gutxi batzutara.

Ingurumen-organo honen ustez, "Vientos del Cierzo" haize-parkeak ondorio negatibo garrantzitsuak izanen lituzke katalogatutako estepako abifaunarengan, zeina oinarritzat hartu baitzen Monte Alto ingurua estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu izendatzeko; ondorio negatiboak izanen lituzke, batez ere, talka egiteko arriskua handituko litzatekeelako, eta habitatak kalitatea galduko lukeelako. Nafarroako Ubidearen eta haren ureztalurrak aldatzeari buruzko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, hizpide dugun eremu hau ureztalur bihur zitezkeenetatik kanpo utzi zen, proiektuak estepako faunarengan dituen inpaktu nabarmenak zuzentzeko. Halaber, eremu hori Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko eremu erabakigarritzat hartzen da. Eremu erabakigarriek badituzte estepako hegaztien kontserbazio onerako funtsezkoak diren habitatak, eta eusten diote habitaten kontserbazio-egoerari eta egoera estrategikoari; beraz, behar bezala mantendu edo lehengoratu behar dira. Honako hau hartuko da Nafarroan kartografiatutako eremu erabakigarritzat: katalogatutako estepa-abifaunaren biziraupena eta kontserbazioa bermatzeko egokia den gutxieneko azalera. Bi parkeak eta haien ebakuazio-linea instalatzen badira hesi-efektua sortuko da estepako hegaztientzat erabakigarritzat jotzen diren eremuen artean, eta horrek ondorio kaltegarri nabarmenak izanen lituzke eremu horien konektagarritasun ekologikoan.

Bestalde, ingurumen-organo honek uste du egiaztatuta geratu dela zer garrantzitsua den "Vientos del Cierzo" haize-parkea instalatu nahi den eremua Bonelli arranoaren eta beste arrano handi batzuen (hala nola arrano beltza edo eguzki-arrano iberiarra) sakabanatze- eta sedimentazio-eremu gisa. Haize-parkea eremu horretan jartzeak talka-arriskua areagotuko du, eta huts-efektua edo hesi-efektua sortuko du espezie horietan. Abifaunarenganako azken ondorioak are handiagoak izanen lirateke metatze-efektu eta efektu sinergikoengatik, inguruan egon baitaude baimendutako beste haize-parke batzuk.

Gorago adierazi den moduan, ingurumen-organo honek uste du ebakuazioko aireko lineak ondorio larriak izanen lituzkeela katalogatutako abifaunan, handituko lituzkeelako bai talka-arriskua bai hesi-efektua ere, igarotzen delako hezeguneetatik, estepako abifaunarentzat erabakigarriak diren eremuetatik eta harkaitzetako hegaztiak ugaltzen eta bizi diren eremuetatik. Trazadura natura-erreserba edo kontserbazio bereziko eremu izendatutako hezeguneen artean igarotzeko diseinatu da. Gainera, bada hegaztien fluxu garrantzitsu bat egunero joaten dena atsedenguneetatik edo ugaltzeko guneetatik El Culebrete izeneko hiri-hondakin solidoen zabortegira, eta trazadura hori fluxu horrekiko perpendikularrean zetzakeen. Ondorio horiek areagotuko lirateke metatze-efektuagatik eta efektu sinergikoagatik, ebakuazio-linea airekoa izanen litzatekeelako, 220 kV-eko tentsioa izanen lukeelako, eta lehendik dagoen 220 kV-eko goi-tentsioko aireko beste linea batekiko paraleloan joanen litzatekeelako 8 km-an, gutxi gorabehera.

Lehenago azaldutakoa ikusita, ingurumen-organo honek uste du ezen hemen aztertutako proiektuek ondorio nabarmenak izanen lituzketela Natura Sareko eremu hauek izendatzeko oinarritzat hartu ziren espezieetan eta kontserbazio-helburuetan: Pulguerko urmaela (ES2200041), Alcarama mendilerroa eta Alhama ibaiaren ibarra (ES0000063), Ebro ibaia (ES2200040) eta Peñadil, Montecillo eta Monterrey (ES2200042), bai eta Agua Salada urmaelaren natura-erreserba ere (RN-34).

Ingurumen-organo honen ustez, sustatzaileak proposatutako neurri prebentibo, zuzentzaile eta osagarriak ez dira nahikoak saihesteko, murrizteko edo konpentsatzeko hautemandako ingurumen-inpaktua, batez ere fauna hegalariarenganako ondorioak, haize-sorgailuekin edo, martxan dela, linea elektrikoekin talka egiteagatikoak. Neurri batzuk ez dira eraginkortzat jotzen, eta beste batzuk ez daude oso definituta, ez daude behar bezala zehaztuta edo gauzatzeko oso zailak dira, hala nola aldatzea El Culebreteko tratamendu-zentrora iristen diren hondakinen kudeaketa.

Espedientearen azterketa teknikoan azaldutakoa ikusita, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuak ingurumen-inpaktuaren gaineko kontrako adierazpena egitea proposatu du "Los Chopos" haize-parkearen eta "Vientos del Cierzo" haize-parkearen proiektuetarako (horien sustatzailea ENEL Green Power España SLU da), eta "La Serna Promotores" 220 kV-eko TAE ebakuazio-azpiegitura partekatuetarako (horien sustatzailea Molinos de la Rioja SAU da).

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-inpaktuaren gaineko kontrako adierazpena egitea, ebazpen honen azalpen zatian jasotako arrazoiengatik, Cintruenigoko eta Fiteroko "Los Chopos" haize-parkearen eta Cascanteko "Vientos del Cierzo" haize-parkearen proiektuetarako (horien sustatzailea ENEL Green Power España SLU da), eta "La Serna Promotores" 220 kV-eko TAE ebakuazio-azpiegitura partekatuetarako (horien sustatzailea Molinos de la Rioja SAU da) .

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA.–KONTSULTA-TRAMITEAREN EMAITZA AURRETIAZKO JARDUKETETAN

Aurretiazko kontsulten tramitean kontsultatutako entitate eta erakundeen zerrenda; erantzuna igorri dutenak adierazi dira:

KONTSULTATUTAKO ENTITATEAK ETA ERAKUNDEAK

LOS CHOPOS HP

VIENTOS DEL CIERZO HP

Cascanteko Udala

Ez zaio kontsultarik egin

-

Tuterako Udala

-

-

Cintruenigoko Udala

-

-

Corellako Udala

Erantzun du

-

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

-

-

Basoak Kudeatzeko Atala

-

Erantzun du

Ehiza Atala

-

Epez kanpo erantzun du

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Erantzun du

Erantzun du

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala

-

-

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Epez kanpo erantzun du

-

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

Erantzun du

Herri-lurren Atala

Epez kanpo erantzun du

Epez kanpo erantzun du

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

-

-

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua

-

-

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua

-

-

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

-

-

EDER Partzuergoa

-

-

Ekologistak Martxan

Erantzun du

Erantzun du

Erriberako Ekologistak Martxan - Landazuria

-

-

Sustrai Erakuntza fundazioa

Erantzun du

Erantzun du

Gurelur

-

-

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

-

-

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

-

-

Aranzadi Zientzia Elkartea

-

-

Sociedad Española de Ornitología

-

-

Nafarroako Ehiza Federazioa

-

-

ADECANA–Nafarroako Ehiztarien Elkartea

-

-

ENERFIN

Erantzun du

-

Eólica Navarra SL / Eólica Cascante SL

-

Erantzun du

II. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTA EGITEKO TRAMITEAREN EMAITZA

"Los Chopos" eta "Vientos del Cierzo" haize-parkeek ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean kontsulta egin zitzaien entitate eta erakundeen zerrenda. Adierazi da zer erakundek bidali duten erantzuna:

KONTSULTA EGIN ZAIO

ERANTZUNA

Los Chopos HP

Vientos del Cierzo HP (jendaurreko informazioaren 1. tramitea)

Vientos del Cierzo HP (jendaurreko informazioaren 2. tramitea)

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai

Bai

-

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai

-

Bai

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Bai

-

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

-

Bai

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

-

Bai

Bai

Cascanteko Udala

Ez zaio kontsultarik egin

Bai

-

Cintruenigoko Udala

Bai

Bai

Bai

Fiteroko Udala

-

Ez zaio kontsultarik egin

Ez zaio kontsultarik egin

Corellako Udala

Bai

Bai

-

Tuterako Udala

-

Bai

Bai

La Navako eta Alhamako ureztatzaileen elkartea

Bai

Bai

-

AP-68 autobidearen ustiapenaren ikuskapena (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa)

Bai

Bai

Bai

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Bai

Bai

-

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia (AESA)

-

-

-

Red Eléctrica de España SAU

Bai

Bai

Bai

Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF)

Bai

Bai

Bai

Enagás Transporte SAU

Bai

-

-

Nedgia SA (Grupo Naturgy)

Bai

-

-

Renovables de la Ribera SL

-

-

-

Eólica Montes de Cierzo SLU

Bai

Bai

Bai

Siemens Gamesa Renewable Energy SA

-

-

-

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

-

-

Bai

Ebakuazio-azpiegitura komunen* proiektuek ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean kontsulta egin zitzaien entitate eta erakundeen zerrenda. Adierazi da zer erakundek bidali duten erantzuna:

KONTSULTA EGIN ZAIO

ERANTZUNA

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

-

Ondare Historikoaren Zerbitzua

-

Tuterako Udala

Bai

Red Eléctrica de España SAU

Bai

* Ebakuazio-azpiegitura komunen proiektuak: "La Serna Promotores" 220 kV-eko TAEa; "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linearekin lotura egiteko goi-tentsioko lurpeko linea, eta "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linea aldatzea.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetako proiektuen jendaurreko informazioaren tramiteetan jasotako alegazioak.

LOS CHOPOS HP-ARI BURUZKO ALEGAZIOAK EGIN DITUZTENAK

Energía Inagotable de Tara SL

Paisajes y Viñedos de Navarra

Sustrai Erakuntza fundazioa

Ongaiz - Zangozerriko Ekologistak Martxan

Landazuria - Erriberako Ekologistak Martxan

Gurelur - Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

Saguzarrak Kontserbatzeko eta Ikertzeko Espainiako Elkartea (SECEMU)

Javier Sainz Pezonaga jauna

Eva María Calleja Sanz andrea

Noemi Solanas Soler andrea

Mónica Fernández Cuesta andrea

VIENTOS DEL CIERZO HP-ARI BURUZKO ALEGAZIOAK
EGIN DITUZTENAK

JENDAURREKO
INFORMAZIOAREN
1. TRAMITEA

JENDAURREKO
INFORMAZIOAREN
2. TRAMITEA

Moncayoko Ur Mankomunitatea

X

Río Ebro Renovables SL

X

Energía Inagotable de Tara SL

X

Paisajes y Viñedos de Navarra

X

X

Molinos de la Rioja SAU

X

Sustrai Erakuntza fundazioa

X

X

Ongaiz - Zangozerriko Ekologistak Martxan

X

X

Landazuria - Erriberako Ekologistak Martxan

X

X

Gurelur - Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

X

X

Javier Sainz Pezonaga jauna

X

Eva María Calleja Sanz andrea

X

Noemi Solanas Soler andrea

X

Mónica Fernández Cuesta andrea

X

EBAKUAZIO-AZPIEGITURA KOMUNEN PROIEKTUEI BURUZKO ALEGAZIOAK EGIN DITUZTENAK

Fiteroko Udala

Ongaiz - Zangozerriko Ekologistak Martxan

Landazuria - Erriberako Ekologistak Martxan

Gurelur - Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa

* Ebakuazio-azpiegitura komunen proiektuak: "La Serna Promotores" 220 kV-eko TAEa; "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linearekin lotura egiteko goi-tentsioko lurpeko linea, eta "Alcarama" TAEtik "La Serna" TAEra bitarteko 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linea aldatzea.

Iragarkiaren kodea: F2312589