20. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1348E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Igantziko Udalaren hirigintza planaren aldaketaz, harrobiko lurzoru urbanizaezinari dagokionez. Sustatzailea Igantziko Udala da.

Udalak 2022ko azaroaren 4an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz 2022ko 228. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 17koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da konpontzea harrobiko jarduera berezietarako lurzoru urbanizaezin gisa udal planean jasotako mugaketaren eta 2014an harrobiak handitzeko onetsi zen proiektuaren artean dagoen egokitasun falta. Horrenbestez, proposatzen da udal planeamendura eramatea, zehazki, lurzoru urbanizaezinaren kategoriari buruzko 0.1 planora, meatzaritzak ukitutako eremua, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta irekitzeko lizentzia dituena.

Aldaketaren proposamenak berekin dakar, halaber, lurzoru urbanizaezinari buruzko 27.1 artikulura eramatea harrobiko jarduera berezietako babestu beharreko lurzoru urbanizazineko kategorian sartuta eta ukituta dauden lurzatien identifikazio zehatza.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Igantziko Udalaren hirigintza planaren aldaketaz, harrobiko lurzoru urbanizaezinari dagokionez, ingurumenaren gaineko ukipenik ez duela iritzita. Sustatzailea Igantziko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Igantziko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2217510