2. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

424E/2022 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita bobinak margotzeko eta bobinak eta altzairuzko xaflak mozteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Instalazioaren titularrak Arcelormittal España SA eta Arcelor AMDS Processing SL dira.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 24ko 186/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 343E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2021eko abenduaren 20an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratu horretan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, 6. fokuari aplikatzekoak zaizkion baldintzak egokitu daitezen aire-zurrustaren funtzionamendura; modu horretan ez da beharrezkoa izanen isurtze mailak oxigenoaren ehunekoaren arabera bihurtzea.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Bertizaranako udal mugartean bobinak margotzeko eta bobinak eta altzairuzko xaflak mozteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularrak Arcelormittal España SA eta Arcelor AMDS Processing SL dira.

Bigarrena.–Instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, Arcelormittal España SA eta Arcelor AMDS Processing SL baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Arcelormittal España SAri, Arcelor AMDS Processing SLri eta Bertizaranako Udalari.

Iruñean, 2022ko azaroaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2216127