2. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Aldaketa, Animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Etxauriko Udalak, 2022ko irailaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzaren 12. artikuluaren aldaketa. Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 4an.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2022 Foru Legearen bidez).

Etxaurin, 2022ko abenduaren 14an.–Alkatea, Idoia Aritzala Etxarren.

ALDAKETA ETXAURIN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN

12. artikulua. Definizioa.

Oro har, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

Etxeko animaliak edo lagun egitekoak ere arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira baldin eta erregelamendu bidez halakotzat hartuak badira, eta bereziki gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak.

50/1999 Legearen 2.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen zakurrak:

a) Arraza hauetako zakurrak: Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffodshire Terrier, Rottweiler, Dogo argentinarra, Fila Brasileiro, Tosa Inu, Akita Inu eta American Beauty.

b) Ondoko ezaugarrietako guztiak edo gehienak dituztenak:

1. Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

2. Aiurri handikoa eta adoretsua.

3. Ile motza.

4. 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik gorako pisua.

5. Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

6. Lepo zabala, gihartsua eta motza.

7. Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

8. Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

a) Nolanahi den, aurreko apartatukoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak.

b) Aurreko apartatuan aipatzen diren kasuetan, arriskutsuak izan daitezkeela erabaki beharko du agintaritza eskudunak, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, erkidegoko edo udaleko agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

Iragarkiaren kodea: L2217189