2. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXAURI

Ordenantza fiskala, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Etxauriko Udalak, 2022ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Iragarkia 2022ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxaurin, 2022ko abenduaren 14an.–Alkatea, Idoia Aritzala Etxarren.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Izaera eta oinarriak.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, nahitaez ordaindu beharreko zerga gisa ezarria dagoena Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (1995/13311 EDL). Zerga hori ordenantza fiskal honen bidez arautuko da, eta ordenantzaren arauak aipatu foru arauaren 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari atxikitzen zaizkio.

2. artikulua. Hobariak.

1. Zergaren kuotari dagokionez, honako hobari hauek aplikatuko dira, aipatu foru legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin bat:

a) Ehuneko 75eko hobaria "0 emisioko ibilgailuentzat": bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, edo Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituenak.

b) Ehuneko 35eko hobaria "ECO ibilgailuetarako": 40 kilometrotik beherako autonomia duten ibilgailu hibrido entxufagarriak.

c) Ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez higiarazitako ibilgailuak, gas naturalez (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotuz (PGL), nahiz Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala sailkatzen dituen beste batzuk.

2. Artikulu honetan ezarritako hobariak erregutuak izanen dira, eta interesdunek horiek ematea eskatu beharko dute, baldin eta aldez aurretik baldintzak betetzen badituzte eta Udalari egiaztatzen bazaio horiek emateko eskatutako baldintzak betetzen direla. Horretarako, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Zirkulazio-baimenaren kopia.

–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, ibilgailuaren erreforma eta haren data adieraziko dira.

3. Hobariek ondorioak izanen dituzte, halakorik bada, zein zergalditan eskatu diren, haren hurrengo zergaldian, hain zuzen. Hala ere, hobariek ondorioak izan ditzakete uneko ekitaldian, honako kasu hauetan:

–Matrikulazioaren eta zirkulatzeko baimenaren ondorioz tributuan alta emandako ibilgailuen kasuan, baldin eta eskabidea eta frogagiriak aurkezten badira dagokion autolikidazioa aurkeztu edo ordaintzeko unean, alde batera utzi gabe Udal Administrazioak dagokion egiaztapena egitea.

–Gainerako kasuetan, eskaera eta frogagiriak aurkezten badira zerga borondatez ordaintzeko epearen barnean.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu 2023ko urtarrilaren 1ean, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2217134