2. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1216E/2022 EBAZPENA, azaroaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) AR-2 eremuari dagokionez aldatzeko. Pamplona Distribución SA da sustatzailea.

2021eko abuztuaren 25eko erabaki baten bidez hasi zen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) AR-2 eremuari dagokionez aldatzeko espedientearen tramitazioa, ukitutako udalei entzuteko tramitea eta jendaurreko informazioarena aldi berean eginez, iragarkia jarrita 2021eko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 14koan.

Horren aurretik, zehazki 2020ko otsailaren 4an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat egin zuen; hartan, aditzera eman zituen AR-2 eremua antolatzeari begira txertatu beharreko ingurumen alderdi garrantzitsuenak, hots, eremuaren egoera akustikoa aztertu eta baloratzea, eremuaren zonakatze akustikoaren eguneratzea eta ingurumen neurriak sartzea araudiaren urbanizazio-baldintzetan.

Aldaketaren helburua da eremuko antolamendu xehatua definitzea, haren hirigintza garapena posible izan dadin. Jatorrizko UGPSan aurreikusitako erabilera aldatzea planteatu da, hirugarren sektoreko erabilera (merkataritza gune bat, neurri handiko eraikin bakar batean) alde batera utzi eta beste nolabaiteko espazio bat sortzeko, non hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilera murriztuta, bizitegi erabilera txertatzen den (etxebizitza blokeak).

Aldaketaren eremuak AR-2 banaketa areari eragiten dio; 61.991,35 m²-ko azalera hartzen du, eta gehien-gehiena Burlatako udalerriaren 2. poligonoko 335. lurzatiari dagokio. Eremu hori gune estrategikoa da Iruñeko metropolialdean; Erripagaña etorbidearen eta PA-33 errepidearen artean dago, eta perimetro osoa urbanizaturik duen orube hutsa da. Topografia ia erabat laua da, nabarmenki horizontala, eta malda arina dauka iparraldera, Erripagañako bizitegi eremua ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen lurpeko erreka zaharraren noranzkoan.

Proposatutako konfigurazioak plaza nagusi bat ezartzen du erdian, bizitegi-eraikinek inguratua, eta erabilera anitzeko laguntza-ekipamendua. Mendebaldeko aldean, eremu libreetarako eta ekipamendu publikoetarako dagoen ardatzaren ondoan, mugakide izanen da merkataritzarako eremua.

Plaza izanen den erdialdeko eremuak 9.800 m² ditu, eta horietatik erdia, gutxienez, berdegune publikoa izanen da. Berdegune horri erantsiko zaio Erripagaña etorbidearekin paraleloan joanen den bulebarra, zolatutako plaza mendebaldean, eta 5 eremu txiki, etxebizitza-blokeen artean. Aurreikusitakoaren arabera, bizitegi-ahalmena 471 etxebizitzakoa izanen da.

Erripagaña etorbidearen hegoaldeko hegalean bidegorri berria izanen da, eta sarea merkataritzako eraikinetara eta plazara sartzeko bideez osatuko da. Erdiko puntu horretatik bidegorria jarriko da Kopenhague kaleraino, eta horrela lotura bikoitza izanen da dagoeneko eraikita dagoen bizikleta-sarearekin. Herritarrek parte hartzeko prozesuaren ondorioz, bidegorri bat aurreikusi da Erripagaña etorbidearen hegoaldeko aldean, sarea osatzeko; eremuko ekialdeko ertzera hedatuko da, PA-33 errepidearekin paraleloan doan ibilbideari lotzeko. Bide nagusiak, hala iparraldekoak nola hegoaldekoak, burututa daude, eta hemen azaldutako barne-bideen sistema da egiteke dagoena.

Aldaketak egiteko araudiak 114. artikuluan (eraikinen ingurumen integrazioa) eta 115.ean (urbanizazioaren ezaugarri orokorrak) ezartzen ditu urbanizazio fasean aplikatu beharreko ingurumen integrazioko irizpideak. Alderdi positiboa izanik, azpimarratzekoa da 115. artikuluaren ondorioz nahitaez txertatu behar dela hartutako neurriak deskribatu eta justifikatzen dituen berariazko atal bat, horretan zehaztutakoa bete behar dela eta irizpide orientagarri horiek kontuan hartzeak edo kontuan ez hartzeak dakarren emaitza. Kari horretara, Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2022ko azaroaren 28an emandako txostenean nabarmendu da beharrezkoa dela elkarri lotzea espedientearen eranskin eta dokumentuetan, araudian eta bereziki urbanizazio proiektuan jasotako ingurumen neurriak.

Zaratari dagokionez, proiektuak ekintza plan bat dauka, non, hainbat aukera aztertu ostean, honako irtenbidea proposatzen baitu: lubeta lorategiduna zerbitzu bidearen eta PA-33 errepidearen arteko erdibitzailean, 1,5 metro garai eta 5 metro zabal. Horrez gain, neurri zuzentzaile hori gaitzeari dagokion modelizazio akustikoa eman da, eta egiaztatu da merkataritza gunean kalitate akustikoko helburuak beteko liratekeela, eta bizitegi-eremuan 56,8 dB-koa izanen litzatekeela gehieneko immisio-maila. Horri buruz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txosten batean jaso du emandako modelizazio akustikoak ez duela bermatzen bizitegi-erabilerarako kalitate akustikoko helburuak beteko direnik, urriaren 19ko 367/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako irizpideen arabera (errege dekretu horrek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen du); izan ere, helburu horiek bizitegi-eremu osoari aplikatu behar zaizkio, eta ez bakarrik bizitegi-eremu horren ehuneko nagusiari, azterlanean planteatu bezala. Hala ere, haren ustez, dagoeneko urbanizaturik dagoen eremurako, kalitate akustikoaren helburuak bete daitezke, bai bizitegi-erabilerako eremuan (proposatutako neurri zuzentzailea hobetzen edo beste neurriren batekin osatzen bada), bai hirugarren sektoreko erabilera eremuan. Helburu horiek 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulan daude ezarrita. Horregatik uste da beharrezkoa dela neurriak eta azterlan akustikoa berrikustea, eta berrikuspen horren bidez egiaztatzea atzemandako gabeziak beste neurri osagarriren batekin zuzentzen direla; hori horrela, ebazpen hau baldintzaduna da.

Dokumentazio osoa aztertu ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela, eta aldeko txostena eman du; hala ere, baldintza batzuk ezarri ditu, alegia, ingurumen txosten estrategiko honetan bildutakoak.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ebazpen honetan ezarritako baldintzekin, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) AR-2 eremuari dagokionez aldatzeko, iritzi baita ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Pamplona Distribución SA da aldaketaren sustatzailea. Zehazki, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Kanpoko argiztapenari dagokionez, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar da. Errege-dekretu horren bidez, kanpoko argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko Erregelamendua eta jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra) onesten dira.

–Eragin akustikoei dagokienez, obrak hasi aurretik, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, han berrikusi eta ontzat eman ditzaten:

  • Berriz aztertu beharko da planteatzen den neurri zuzentzailea, bizitegi-eremuan kalitate akustikoko helburuak beteko direla bermatzeko, 4 m-ko altueran, proiektatutako bizitegi-eraikin guztietan.
  • Azterlan akustikoak dagokion modelizazioaren bidez aztertu beharko du zenbateraino beteko diren kalitate akustikoko helburuak bizitegi-eremuan etorkizunean, 1367/07 Errege Dekretuan zehaztutako aldi guztietan (egunez, arratsaldez eta gauez).

–Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea indarrean delarik, behar diren zehaztapenak ezarriko dira eraikinen eta kanpoko argiztapenaren efizientzia energetikoari dagokionez eraikin berrietan eta merkataritza-erabilerei lotutako aparkalekuetan, besteak beste.

–Urbanizazio-baldintzetan adierazten den bezala, zolatutako eremuetako sestrak eta zuhaitz-txorkoen kokalekua diseinatzean, kontuan hartu beharko da ahalik eta euri-ur gehien biltzeko gai izan behar dutela.

–Berdeguneak eta zuhaitz-txorkoak ahalik eta euri-ur gehien hartzeko moduan diseinatuko dira, eta naturan oinarritutako irizpideak aplikatuko dira (iragazte-zerrendak, txorko biziak, euri-lorategiak...).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2216129