199. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Akats materialaren zuzenketa eta erantzutea berraztertzeko errekurtsoari, Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan berezia behin betiko onesten duen osoko bilkuraren erabakiaren aurkakoa

Iruñeko Udalak, 2023ko irailaren 7an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

PLE 07-SEP-23 (10/CU).

Ikusirik Defentsa Ministerioak 2023ko abuztuaren 21ean aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa, osoko bilkuraren 2023ko apirilaren 5eko (5/CU) erabakiaren aurkakoa, zeinak behin betiko onesten baitu Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan berezia. Beraz, bat etorriz Hirigintza Planeamenduko Zerbitzuko zuzendariaren eta Hirigintza Gerentziako legelariaren 2023ko abuztuaren 31ko txostenekin eta espedientean dauden agiriekin,

ERABAKITZEN DA:

1. Zuzentzea aurkitutako akats materiala Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan bereziaren hirigintzako araudiko 77. artikuluan "318 B oinarrizko unitatea, 1100. lurzatia, 2. poligonoa". Honako paragrafo hau ordeztuko da:

"Araudi honen 114. eta 116. artikuluak ez dira aplikatuko, bateraezinak direlako eraikinaren erabilera militarrekin, Mendiko Tropen Agintaritzaren egoitzarekin, hain zuzen ere".

Eta testu hau sartuko da:

"Araudi honen 113. eta 115. artikuluak ez dira aplikatuko, bateraezinak direlako eraikinaren erabilera militarrekin, Mendiko Tropen Agintaritzaren egoitzarekin, hain zuzen ere".

2. Ez onartzea aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa, xedapen orokor baten edukia aurkaratzen baita. Oro har, hirigintza-plangintzako tresnak xedapen orokorrak dira, eta hala da Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako plan berezia; izan ere, bertan lantzen dira "San Francisco de Javier" egoitza militar logistikorako aurreikusitako araubideak berritzeari eta mantentzeari dagokienez-. Araubide horiek ez dira sartzen Estatuko Administrazioak duen eskumen esklusiboan Defentsa eta Indar Armatuei dagokionez, eta eskumen horri buruz hitz egin beharko luke administrazio honen txosten lotesleak. Horrekin guztiarekin, ezin da administrazio-errekurtsorik jarri xedapen orokorren aurka, bat etorriz urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 112.3 artikuluan jasotakoarekin.

3. Subsidiarioki, aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa ezestea; izan ere, bertan dauden argudioak ekonomiari, ondareari, erosotasunari eta egokitasunari buruzkoak dira, ez dute zerikusirik hirigintzako arloko kontuekin eta ez dute eraginik Estatuko Administrazioaren eta Defentsa Ministerioaren eskumenekoak diren gaietan. Beraz, ezin dira udaleko administrazioaren hirigintza-eskumenaren gainean ezarri eta ezin dute hiriko hirigintza-antolamenduari buruzko erabakirik baldintzatu. Horrez gain, ezarritako berritze-araubideari dagokionez, jabeak erabaki behar du aplikatu edo ez, eta ez dago berritze-jarduketak gauzatzeko eperik ezarrita hiri-jarduketarako plan berezian, jabearendako onuragarria den hirigintza-determinazioa baita. Mantentze-araubideari dagokionez, egoitza militarren instalazioak egokitzeko araudia da aintzat hartzekoa (ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa), eta honetan ere ez dago jarduketa gauzatzeko eperik.

4. Erabaki hau Defentsa Ministerioari jakinaraztea.

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2023ko irailaren 14an.–Alkatea, Cristina Ibarrola Guillén.

Lehen Zabalguneko hiri-jarduketarako eta babeserako plan berezia (PDFa).

Planoak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2313442