199. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112/2023 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baita energia elektrikoa ekoizteko "Sangüesa I" instalazioa jartzeko, Kasedako udal-mugartean, eta horren ebakuazio-azpiegiturarako, Kaseda, Oibar eta Zangozako udal-mugarteetan.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera.

2021eko apirilaren 20an, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Metka EGN Solar 29, SLUk idazki bat aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. Bertan aurretiazkoa administrazio baimena eskatzen zuen energia elektrikoa ekoizteko "Sangüesa I" instalazioa jartzeko, 29,25 Mwp-koa, Kasedako udal-mugartean.

Hasieran aurkeztutako proiektuak instalazio bat aurreikusten du, CS3Y-490M B-AG modeloko alde biko 59.696 modulu fotovoltaikoz osatua, 490 Wp-koa (Canadian Solar) edo antzekoa, 29,25 MWp-ko potentzia goreneko eguzki-eremua osatuz. Sangüesa I instalazio fotovoltaikoko moduluek 48,66 ha-ko azalera hartzen dute.

Power Electronics-eko HEMK 690 V FS3670K modeloko edo antzeko modelo bateko 6 inbertsore instalatzea aurreikusten da. Inbertsoreen multzoaren potentziaren muga 20,90 MW-ekoa izanen da, hori baita konexio-puntuko potentzia maximoa.

Eguzki-instalazioak sortuko duen energia bideratuko da, 30 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko sare baten bidez, 30/66 kV-ko azpiestazio jasotzaile batera. Azpiestazio horren gelaxketan dago instalazioak sortutako energiaren neurketa-puntu nagusia. Azpiestazio jasotzailea partekatzen da beste eguzki-instalazio fotovoltaiko batekin, "Sangüesa II" izenekoarekin, inguruan garatuko dena. Puntu horretatik aurrera, bi eguzki-instalazio fotovoltaikoek ebakuazio-azpiegiturak partekatuko dituzte. Ondoren, azpiestazio jasotzailetik, energia 66 kV-eko eta 7,50 kilometroko goi-tentsioko aireko linea (GTAL) batetik joanen da, 66/220 kV-eko azpiestazio biltzaile batera iritsi arte. Azpiestazio hori beste sustatzaile batzuekin partekatzen da.

Instalazioa sistema elektrikoaren sarera konektatzen da 220 kV-eko Sangüesa TAEn, zeina Red Eléctrica de España SAUrena baita.

2.–Proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informazioa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak METKA EGN SOLAR 29 SLUren eskaera informazio publikoan jarri zen, hilabeteko epean, dagokion iragarkia 2021eko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 15ekoan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu irekia webgunean argitaratuz.

Halaber, iragarkia Kasedako, Oibarko eta Zangozako Udaletara igorri zen, epe berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duten eginbideak daude espedientean.

3.–Kontsulten izapidea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.1 artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikulua aplikatuz, 2021eko uztailaren 15ean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondoren aipatzen diren ukitutako organismoei kontsulta egin zien, eta txosten hauek jaso ziren:

ERAKUNDEA

DATA

1

Telefónica de España SAU

2021-07-19

2

Ondare Arkitektonikoaren Atala

2021-07-19

3

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

2021-08-02

4

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

2021-08-09

5

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

2021-08-13

6

Basoak Kudeatzeko Zerbitzua (Abelbideak)

2021-09-13

7

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

2023-01-18

8

Nedgia SA (Grupo Naturgy)

2023-02-10

9

Zangozako Udala

Ikusi alegazioak

10

Acciona Generación Renovable SA

Ikusi alegazioak

-

Kasedako Udala

-

-

Oibarko Udala

-

-

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

-

-

Ingurumen Eraginaren Atala

-

-

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

-

Aurreko txostenen edukia espedientean jasota dago, eta ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Basoak Kudeatzeko Zerbitzuaren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Nedgia SAren txostenak epetik kanpo jaso ziren.

4.–Jasotako alegazioak.

Jendaurrean jartzeko izapidearen esparruan honako alegazio hauek jaso ziren:

ALEGAZIOA

DATA

1

Acciona Generación Renovable SA

2021-08-18

2

Sustrai Erakuntza fundazioa

2021-08-24

3

Kasedako Langileak Hauteskunde Elkartea

2021-08-26

4

Zangozako Udala

2021-08-26

5

Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan

2021-08-26

6

Nafarroako Ekologistak Martxan

2021-08-26

Alegazioen edukia eta xehetasunak espedientean jasota daude, eta ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak bidali zituen lehen aipatutako txostenak eta alegazioak Metka EGN Solar 29 SLUra.

6.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

2022ko ekainaren 7an, Heliosolar SLk, Metka EGN Solar 29 SLU ordezkatuz, jasotako txostenei eta alegazioei ematen zien erantzuna aurkeztu zuen, dokumentazio berriarekin, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren tramitearen hasiera eskatu zuen.

Aurkeztu zuen, besteak beste, proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren bertsio gaurkotua, zeinean aldatzen baitziren hesien kokalekua eta instalaziorako sarrera, eta zehazten baitzen oinplanoaren okupazioa, abelbideei zegokienez.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, 2022ko ekainaren 20an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera igorri zuen Ingurumen Eraginaren Atalera.

2022ko irailaren 21ean, dokumentazioa Lurraldearen Antolamenduaren eta Paisaiaren Atalera bidali zen, lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarriak baimentzeko espedientea tramitatzeko.

7.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarriak baimentzea.

2022ko irailaren 28an, Ingurumen Eraginaren Atalak errekerimendu bat egin zuen, eskatzeko sustatzaileari ondare kulturalari buruzko nahitaezko txostena aurkez zezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37.2 artikuluaren b) letran ezartzen dena betetzeko.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txostena egin zuen 2022ko irailaren 30ean. Bertan ezartzen zen "El Saso I", "El Saso II" eta "El Saso III" aztarnategi arkeologikoek ukitutako lurrak okupatzen baziren, aztarna guztien indusketa arkeologiko bat egin beharko zela.

Horren ondorioz, 2023ko urtarrilaren 16an, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta abifaunari buruzko azterketaren bertsio gaurkotua aurkeztu zuen.

2022ko azaroaren 2an, Ingurumen Eraginaren Atalak beste errekerimendu bat egin zion sustatzaileari, eta bertan eskatzen zion, beste gauza batzuen artean, beste irtenbide bat bilatzeko ebakuazio-linearen diseinuari, Oibarko La Mueda baltsaren eraginpeko tarteko aireko trazadura saihesteko.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako errekerimenduei erantzuna emanez, 2023ko otsailaren 10ean, Metka EGN Solar 29 SLk proiektuaren beste aldaketa bat aurkeztu zuen, zeinaren arabera, besteak beste, ebakuazio-azpiegituren parte bat lurperatzen baitzen.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 418E/2023 Ebazpenaren bidez, sarera konektaturiko "Sangüesa I" eguzki-instalaziorako eta horren ebakuazio-azpiegiturarako aldeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eman zen.

Hartan, proiektuaren inpaktu nagusiak aztertzean nabarmentzen da ingurumen-inpaktuaren azterketak atzematen dituela ondorio esanguratsuak eraikuntza-fasean; klimaren gainean, aldaketa klimatikoa laguntzen duelako; lurzoruaren gainean, higadura handitzen delako; landaredia eta floraren gainean, begetazioa eta interes komunitarioen habitatak zuzenean aldatzen dituelako, eta populazioaren zein jarduera ekonomikoaren gainean, populazioari eragozpenak eta jarduera ekonomikoari intzidentziak sortzen dizkielako. Faktore horien gaineko inpaktua arintzat jotzen da.

Halaber, ezartzen du sustatzaileak bete egin beharko dituela ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile guztiak, eranskinak barne, eta informazio publikoaren tramiteen ondoren onartuak, edo espedienteari erantsitako informazio osagarrian jasotakoak, ebazpen horretan ezarritakoaren aurkakoak ez badira.

Halaber, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean bertan zehazten diren baldintza eta neurri gehigarriak ere bete beharko ditu. Oro har, neurri horiek sustatzaileak eraikuntza-baimena eskatzeko organo substantiboari aurkeztu beharreko exekuzio-proiektuan sartuko dira.

Beste alde batetik, 2023ko ekainaren 6an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak beste errekerimendu bat egin zuen, Herri-lurren Atalak 2023ko ekainaren 1ean egin zuen txostena zela eta.

Metka EGN Solar 29 SLk aurreko errekerimenduari erantzun zion 2023ko uztailaren 5ean, dokumentu batekin, non biltzen baitira egin beharreko neurri administratiboak dagozkien toki entitateen bidez herri-ondasunen desafektazioa egiteko, aurreikusten diren neurri konpentsatzaileak eta instalazioak eraisteko konpromisoa, une iristen denean sustatzaileak egin beharrekoa.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 21eko 315/2023 Ebazpenaren bidez, "Sangüesa I" eguzki-instalazio fotovoltaikoa onesten da, ebazpenean biltzen diren zehaztapenak betetzeko baldintzarekin.

8.–Ebakuazio linea lurperatzea.

Ingurumen Eraginaren Atalak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak ezarri dituzten baldintzak ikusirik, aldaketa batzuk sartu dira proiektuan, ebakuazio linea lurperatzeko. Horrela, linea hori, lehen erabat airekoa zena eta 7,50 m-ko luzera zuena, linea misto bihurtuko da, 5.205 metroko lurpeko kanalizazioa edukiko duena, eta 3.866 metroko aireko linea bat, 66/220 kV-eko azpiestazio biltzailea ere desagertuko delarik.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin bat etorriz, beste txosten-eskaera bat egin zaie ukitutako udalei, eta txosten hauek jaso dira:

ERAKUNDEA

DATA

1

Kasedako Udala

2023-08-22

2

Zangozako Udala

2023-08-25

Oibarko Udala

-

Aurreko txostenen edukia eta haiei emandako erantzunak ebazpen honen III. eranskinean laburbiltzen dira.

9.–Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, espedientean jasota dago garraio-sarearen kudeatzaileak instalazioari sarbiderako eta konexiorako ematen dion baimena.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123. artikuluak ezartzen duena betez, sustatzaileak akreditatu du lege-gaitasuna, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa dituela proiektua egiteko.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu du Metka EGN Solar 29 SLk eskatutako aurretiazko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Metka EGN Solar 29 Slri "Sangüesa I" eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko Kaseda, Oibar eta Zangozako udal-mugarteetan, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 418/2023 Ebazpenak ezartzen dituen baldintzak kontuan hartuz.

2. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Basoak Kudeatzeko Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea ondoko hauei: Metka EGN Solar 29 SLUri, Telefonica SAri, Nedgia SAri (Grupo Naturgy), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Acciona Generación Renovable SAri, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Zangozako Ongaiz-Ekologistak Martxan Elkarteari, Nafarroako Ekologistak Elkarteari eta Kasedako Langileak Hauteskunde Elkarteari, ohartaraziz, halaber, ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazten den egunaren biharamunetik, bertan espediente zenbakia aipatuz.

6. Ebazpena jakinaraztea Kaseda, Oibar eta Zangozako udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 25ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Telefonica SA.

Adierazi du ez diola eragozpenik jarriko proiektua gauzatzeari, baldin eta telekomunikazioetako lineak gurutzatzeari eta horien parean joateari buruz indarrean dagoen araudia betetzen bada.

Hala ere, txostenean jasotzen du bere instalazioetan kalteak edo Konpainia honen komunikazio elektronikoetan nahasmenduak gertatuz gero, aipatu proiektuan egindako lanen ondorioz, dagozkion jarduketak egiteko eskubidea beretzat gordetzen duela.

Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Txostena egin zuen, esanez 66 kV-eko ebakuazio lineak Donejakue Bidea zeharkatzen duela, Zangoza eta Rocaforte herrien artean, eta bide hori kultura-intereseko ondasun deklaratua dela; eta proiektuak zutoinen kokapena zehazten duela, babes-zerrendatik kanpo, eta ez dagoela eragozpenik bidegurutze horretarako, Ondare Arkitektonikoaren Atalari dagokionez

Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzua.

Txostenean adierazi duenez, proiektuko jarduketak Nafarroako errepide sarea ukitzen du "tinkatze" sistemako lurpeko gurutzagune batean (NA-127 Zangoza-Sos del Rey Católico errepidean) eta 66 kV-eko aireko linea elektrikoaren bi gurutzagunetan: NA-132 Lizarra-Zangoza-Tafalla errepidearen gainekoan eta Rocaforteko NA-5401 errepidearen gainekoan.

Baldintza tekniko batzuk azaldu ditu, proiekturako aurkeztutako dokumentazioak jada baldintza horiek betetzen dituela adierazi du, eta gogora ekarri du ezen obrei ekin aurretik, obrak egiteko nahitaezko baimena eskatzen duenean, sustatzaileak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari dokumentazio teknikoa aurkeztu behar diola, egin beharreko obrek errepideetan nola eraginen duten zehaztuko duena, haren baimena eskatzeko.

Lurralde Antolamenduaren Atala.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2021-000164 eta 0003-OT12-2021-000165 txostena eman zuen 2021eko abuztuaren 9an.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

Aldeko txostena eman zuen idazki baten bidez, non lanak egiteko baldintza teknikoak ezartzen baitira, txostenean bertan eta proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasotakoa kontuan hartuta.

Era berean, adierazi zuen proiektuarekin zerikusia duten gurutzaketak edo obrak egitean, bere sareetan jardutea beharrezkoa bada, SIC espediente bat ireki beharko dela, lanen segurtasuna bermatzeko, eta horretan baloratuko direla lanen sustatzaileari jasanaraziko zaizkion kostuak.

Basoak Kudeatzeko Zerbitzua (Abelbideak).

Basoak Kudeatzeko Zerbitzuko Atalak abelbideei buruz aurkako txostena eman zuen. Proiektuan antzeman du ez dela betetzen Abelbideetan Zeharreko Sarbideak Baimentzeko Protokoloa, Ingurumen Departamentuak 2015ean onetsia, eta, hesiei dagokienez, ez direla betetzen etorkizuneko mugaketetan eragina izan dezaketen prebentziozko murrizketak.

Erantzuna:

Sustatzaileak txostenarekin ados dagoela adierazi zuen eta hasieran proiektatutako sarbideak eta hesiak aldatzen dituen dokumentazioa ekarri zuen espedientera, horiek txostenean ezarritakoaren arabera egokitzeko.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Aldeko txostena eman zuen, eta horrekin batera baldintza sorta bat, sustatzaileak kontuan hartu beharreko ohar batzuekin, arroko erakunde horrekin etorkizunean egin beharko diren ekintzak eta tramiteak direla-eta.

Erantzuna: sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Nedgia SA (Grupo Naturgy).

Bere txostenean Nedgia SAk baldintza tekniko batzuk ezarri ditu, sustatzaileak obrak egin bitartean bete beharrekoak, eta adierazi du, uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuarekin bat, obren adjudikazioa jasotzen duen eraikitzaileak Nedgia SAren zerbitzu teknikoei jakinarazi beharko dizkiela obren hasierako eguna, egokitzat jotzen dituen argibideak eta gas instalazioetatik hurbil egin beharreko lanetan kontuan hartuko diren segurtasun neurriak.

Erantzuna: sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

II. ERANSKINA.–ERANTZUNA ALEGAZIOEI

Acciona Generación Renovable SA.

Bere txostenean dio energia ateratzeko proiektatu den ebakuazio lineak, lurpeko tartean, bere titulartasuneko aireko linea gurutzatzen duela toki batean. Aireko linea horretarako, behinola energia elektrikoaren aireko bide zortasuna eratu zen ukitutako lurzatian, eta proiektuko instalazioari aurretiazko administrazio baimena emateak kalte eginen lioke Acciona Generación Renovable SAk bereganatutako eskubide horri.

Adierazten du, gainera, indarra duen araudian ezarritako baldintzak bete behar direla.

Proiektuko 33. euskarria Acciona Generación Renovable SAren titulartasuneko aireko lineatik nahiko hurbil eraiki nahi da, eta datu teknikoak falta dira proiektuaren separatan.

Azkenik, berariaz desadostasuna agertzen du eta proiektua alda dadila eskatzen du, Acciona Generación Renovable SAri ukipenik ez sortzeko, edo, horren ordez, prest agertzen da bere interesak aseko dituen akordio bat sinatzeko.

Erantzuna:

Ebakuazio linearen proiektuaren aldaketak, 2023ko urtarrilaren 16an aurkeztuak, trazadura aldatu du, eta trazadura berriak ez du ukitzen Acciona Generación Renovable SAk energia elektrikoaren aireko bide zortasuna eratuta daukan lurzati hori.

Jatorrizko proiektuko 33. euskarria ere kendu egin da. Beraz, ez du ukituko Acciona Generación Renovable SAren jabetzako egungo linea.

Instalazio fotovoltaikoko ebakuazio linearen amaierako konexioa Accionak REEren Sangüesa azpiestazioan duen posizioan egiteari dagokionez, sustatzaileak adierazi du akordio batera iritsi dela Acciona Generación Renovable SArekin, posizio horretan lanak egin ahal izateko deskonexio denbora konpentsatzeko.

Sustrai Erakuntza fundazioa.

Alegazioen idazkian honako hau adierazten du:

1. Aurkeztutako proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako energia egoera aztertzen.

2. Ez da aztertzen proiektua eraikitzeko landare estalkia kentzean sortzen den CO2 isuria.

3. Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar.

4. Aurkeztutako proiektuak eragin larriak ditu naturaguneetan.

5. Berez proiektu bakarra da, modu artifizialean bitan zatitu dena.

6. Alternatiben azterketa ez dago ongi planteatuta.

7. Proiektuak paisaiari eta bizimodu tradizionalei eragiten die, eta horrek landa garapena eta biztanleriaren mantentzea arriskuan jartzen ditu.

8. Lurzorua behin betiko higatzeko eta galtzeko arrisku handia dago.

9. Proiektuak ingurumen kalte larriak eragiten dizkie komunitate botanikoei.

10. Aurkeztutako proiektuak ingurumen eragin larriak izan ditzake faunan.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Era berean, adierazi behar da 2030erako Nafarroako Energia Planak aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat.

Proiektuak zatikatzeari dagokionez, energia berriztagarrien proiektu batzuek energia ebakuatzeko sistema partekatzeak ez du esan nahi nahitaez instalazio bakartzat hartu behar direnik. Are gehiago, instalazioen erabilera partekatzeak ingurumenean duten eragina gutxitzea dakar.

Oro har, ulertu behar da sustatzailearen ahalmena dela instalazio elektriko bat diseinatzea eta zehaztea, enpresa askatasunak babesten baitu (Konstituzioaren 39. artikuluaren eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 2.1 artikuluaren arabera). Ahalmen hori baliaturik, Metka EGN Solar 29 SL eta Metka EGN Solar 30 SL sustatzaileek aurretiazko administrazio baimenaren eskaera bana aurkeztu zuten "Sangüesa I" eta "Sangüesa II" eguzki instalazio fotovoltaikoak eta haien ebakuazio azpiegiturak egiteko.

Bestalde, bi proiektuetako bakoitzak sarbide eta konexio baimen independenteak ditu, bi sozietateetako bakoitzari emanak.

Nabarmendu behar da bi proiektuak proiektu independentetzat jotzeak ez duela ekarri araubide juridikoa onuragarriagoa izatea.

Nabarmendu behar da, azkenik, instalazioen multzoaren potentzia instalatua 50 MW-etik beherakoa denez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokiola haiek baimentzeko eskumena.

Proiektuaren ingurumen alderdiak proiektuaren ingurumen tramitazioan ebaluatu dira. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 239E/2023 Ebazpena eman zen horretarako.

Azkenik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 21eko 315E/2023 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena eman zaio instalazioari.

Kasedako Langileak Hauteskunde Elkartea.

Bere izenean eta Kasedako Udaleko zinegotzia dela adierazita, alegazio hauek aurkeztu ditu:

1. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, bai eta haiek defendatu, kontserbatu eta lehengoratzeko toki entitateek duten beharra ere, Nafarroako Gobernuan subrogatua Kasedaren kasuan.

2. Proiektua Sangüesa IIren eranskina da, eta bi proiektu fotovoltaikotan zatitzen ari da.

3. Plangintza ordenatu batek proiektu txikiak edo ertainak lehenetsi behar lituzke, bideragarriak direnak hirialde eta industrialdeetan, sarrerako edota ebakuazioko azpiegitura berriak eraiki beharrik izan gabe.

4. Proiektuak, nekazaritza lurretan kokatuta, paisaiaren kalitatea hondatzen duen begi-inpaktua sortzen du.

5. Proiektuan ez da jaso ondare arkeologikoa detektatzeko eta zerbait aurkituz gero hura kontserbatzeko ekintzarik.

Erantzuna:

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoaren arabera, energia elektrikoa ekoizteko instalazioek zehazki onura publikoaren aitorpena jaso dezakete. Aurrekoaren ondorioz, nahitaez desjabetzen ahalko dira instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideak, herri-ondasunak barne, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluarekin bat etorriz.

Proiektu fotovoltaikoen zatiketari buruzko kontuari aurreko alegazioetan erantzun zaio eta bidezkoa da horietara jotzea.

Hirigintza, paisaia eta ingurumen kontuak jada baloratu dira lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena izapidetzean.

Azkenik, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, eta espedientea izapidetzean murriztu egin da instalazio fotovoltaikoak hartuko duen azalera, inguruan dauden aztarnategi arkeologikoak ez ukitzeko.

Zangozako Udala.

Alegazio hauek aurkeztu ditu:

1. Proiektuko aireko ebakuazio lineak 7,502 kilometro ditu, eta hogeita hiru euskarri. Euskarriok 313,17 m²-ko zimendu azalera behar dute. Euskarrietatik hogeita bi Zangozako udal mugartean daude.

2. Badago linea egoki bat ekoitziko den energia elektrikoa ateratzeko, duela gutxi eraikia, baina ez da aukeratzat baloratu proiektuan. Instalaziotik bertatik igarotzen da eta Rocaforteko industrialdeko "SET Sangüesa" azpiestazioraino iristen da. Udal honen iritziz, eta linea osoa lurperatzeko aukera baztertzen bada, lehendik dagoen goi tentsioko aireko linea partekatzea aukera onena da paisaiaren eta ingurumenaren aldetik.

3. Dokumentazioan eraiste plan bat jaso da, baina ekoizpen instalazioa soilik hartzen du, kanpoan utzita Zangozako udal lurrak zeharkatuko dituen aireko linea eta bertan kokatuko den TAE jasotzailea.

4. 2020ko azaroaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabaki batean, Udalak dekretatu zuen lurzoru urbanizaezinean eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak ezartzeko lizentziak emateari uztea oraingoz.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak eskatutakoa betez, instalazioaren sustatzaileak ebakuazio linearen trazaduraren aldaketa aurkeztu zuen 2023ko urtarrilaren 16an. Trazadura berriak hiru tarte desberdin ditu Zangozako udalerriaren barruan: lehenengo tartea lurpeko kanalizazioan doa aurrera alorretan eta landabideetan zehar; bigarren tartea airekoa da; eta hirugarren tartea berriz ere lurpeko kanalizazioan doa aurrera NA-127 errepidearen azpitik, landabide baten azpitik eta Sangüesa BTAren lurzatian zehar. Zangozako Udalak adierazitakoari erantzunez, sustatzaileak azaldu du konfigurazio berriak ukipenak murrizten dituela eta inguruarekiko bateragarritasuna handitzen duela.

Bestalde, sustatzaileak ez du eginen 66/220 kV-eko azpiestazio jasotzailea, hasiera batean Zangozako 1. poligonoko 85. lurzatian proiektatuta zegoena.

Energiaren ebakuaziorako beste enpresa batek lehendik duen linea elektrikoa partekatzeko iradokizunari dagokionez, sustatzaileak adierazi du aukera aztertu duela eta lehendik dagoen linearen titularrarekin harremanetan jarri dela. Enpresa horrek bere energia ateratzeko daukan plangintzak ez dio lineari behar adinako edukiera uzten beste proiektu batzuekin partekatu ahal izateko.

Proiektuaren ingurumen alderdiak haren ingurumen tramitazioan ebaluatu ziren; horretarako, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 239E/2023 Ebazpena eman zen. Hirigintza eta paisaia alderdiak lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenaren tramitazioan baloratu dira; tramitazio hori Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren zuzendariaren abuztuaren 21eko 315E/2023 Ebazpenarekin amaitu da.

Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan. Nafarroako Ekologistak Martxan

Alegazioen idazkian bi elkarteek honako hau adierazten dute:

1. Nafarroako egoera energetikoa. Oro har, adierazten du haize-parkeak 2030erako Nafarroako Energia Planean energia eolikorako desegokitzat jotako edo ingurumen eta lurralde mugak dituzten eremuetan daudela.

2. Proiektuen inpaktuak.

3. Klima aldaketaren ondorioak gehitzea. Proiektuak fase guztietan klima aldaketan eta CO2 emisioetan eta beste kutsatzaile batzuen emisioetan edukiko duen eragina kuantifikatu beharko litzateke.

4. "Sangüesa II" haize-parkearen eta haren ebakuazio linearen inguruneko ingurumen balioak, eta proiektatutako haize-parkeak eta haren ebakuazio lineak izanen dituzten inpaktuak.

5. Alternatibak: energia kontsumoa murriztea; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.

6. Ingurumen erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Erantzuna:

Nafarroako Energia Planari eta Nafarroako egoera energetikoari dagokienez, aurreko alegazioetan erantzundakora jo behar da.

Hirigintza, paisaia eta ingurumen kontuak jada baloratu dira lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena izapidetzean.

III. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Kasedako Udala.

2023ko abuztuaren 22an aurkeztutako txostenean, Kasedako Udalak jakinarazi zuen PSF Sangüesa I eguzki-parkearen ebakuazio-azpiegituraren aldaketa eskatutako baimenarekin bat datorrela.

Zangozako Udala.

Zangozak Udalak 2023ko abuztuaren 25ean aurkeztu zuen txostenak aipatzen ditu jendaurreko informazioaren tramitean aurkeztu ziren alegazioak, eta besteak beste, auzi hauek ekartzen ditu mahai gainera:

"Aireko lineak, Zangozatik igarotzean, onura publikoko mendien tarteak zeharkatzen ditu, eta Santa Barbarako muinoa, berriz, goiko aldetik, hau da, klima-aldaketaren aurrean kalteberak diren baso-masen eremuetatik. Eta igarotzean sortzen den ukipenaz gain, itxura guztien arabera han izanen dira zuhaitz-mozketak".

"Halaber, uste da ezen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onesten duen Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak ezartzen duenarekin bat, aurkeztu den proiektuak ez duela justifikatzen 86. artikuluak, bereziki b) puntuak", ezartzen duena, ingurumenari egokitzeko beharrari buruzkoa.

Udalaren ondorioa da "ezin dela egokitzat jo orain aurkeztu den proiektuaren aldaketa (...)".

Erantzuna:

Erantzunean azaltzen da udalari egin zaion kontsulta egin dela abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautzen dituenak, exijitzen duenaren babesean.

Proiektuak eta bere aldaketek sortzen dituzten ingurumenaren mailako ondorioak Ingurumen Eraginaren Atalak ebaluatu ditu, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak maiatzaren 15eko 418E/2023 Ebazpena egin zuen horri buruz.

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari buruzko aipamenei dagokienez, bidezkoa da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 21eko 315E/2023 Ebazpenera jotzea, gorde beharreko determinazio batzuk baititu. Nabarmendu behar da ebazpen horrek ez duela babesten Zangozako hiri-lurzorua uki lezakeen ebakuazioaren azpiegituraren zatia, eta hari baimena ematea udalari legokioke, halakorik behar bada.

Iragarkiaren kodea: F2312417