1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
261E/2023 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrari eskuordetzen diona Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko partiden arteko funtsen mugimenduak eta aurrekontu aldaketak baimentzeko eskumena.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 45.1 artikuluak xedatzen du ezen Nafarroako Gobernuko kontseilariek, beren departamentuen esparruan, baimena eman dezaketela programa bereko kredituen artean transferentziak egiteko.
Bestalde, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 3. artikuluak ezartzen duenez, aurrekontu-kredituen aldaketak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen manuen arabera eginen dira, foru lege horrek aldatzen ez dituen heinean, eta, aurrekoa gorabehera, funts-mugimenduak ez dira aurrekontu aldaketatzat hartuko xede bererako kredituak dituzten baina desberdinak diren partiden artekoak badira, Europar Batasunak gastuen xedea hobeto kontrolatzeko hala eskatuta, zati batean Europar Batasunak kofinantzatzen dituelako gastu horiek.
Era berean, 35/2022 Foru Lege horren 62. artikuluaren arabera, funts-mugimenduak egiten ahalko dira Estatuko Administrazioko organo eskudunak onetsitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko azpiproiektu bakoitzeko partiden artean, lehendik daudenen edota ekitaldian sortu behar direnen artean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluak ezarritako mugarik gabe.
Azkenik, 63. artikuluan ezarritakoaren arabera, funts-mugimenduak egiten ahalko dira REACT-EU baliabideekin finantzaturiko helburu espezifiko bakoitzari dagozkion partiden artean, lehendik daudenen edota ekitaldian sortu behar direnen artean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 38. artikuluak ezarritako mugarik gabe.
Bi kasuetan, ukitutako partidak zer departamenturi dagozkion, bertako kontseilariak du aurrekontu aldaketa eta funts-mugimendu horiek baimentzeko eskumena.
Prozedurak eraginkorragoak eta azkarragoak izan daitezen, egokitzat jotzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrari eskuordetzea ekonomia eta aurrekontu kudeaketarako eskumen horiek.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste bati eskuordetzen ahalko diotela, bertan zehazten direnak izan ezik.
Ildo berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren goi organoek zilegi izanen dutela dagozkien eskumenen erabilera eskuordetzea beren erakunde publikoei eta menpean edo loturik dituzten entitateei, baldin eta hori komeni baldin bada esleiturik dituzten helburuak lortzeko eta beren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko. Ezartzen du, orobat, eskuordetza eraginkorra izan dadin, eskumenak bere gain hartu behar dituen erakundeak edo entitateak aldez aurretik onartu beharko duela.
Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea ados daude eskumen horien erabilera eskuordetzeko.
Aipatu araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularrari eskuordetzea aurrekontu aldaketak baimentzeko eskumena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 45.1 artikuluan aurreikusitakoak, bai eta partiden arteko funtsen mugimenduak ere, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 3., 62. eta 63. artikuluetan aipatzen direnak.
2. Eskuordetze horren bidez ematen diren ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko da berariaz, eta, ondorio guztietarako, Osasuneko kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira.
3. Foru agindu hau igortzea Osasuneko kontseilariari, Osasun Departamentuko Ebazpenak Kudeatzeko Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzara, Aurrekontuen eta Kontabilitatearen Zerbitzura eta Araubide Juridikoaren Zerbitzura, eta Osasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.
Iruñean, 2023ko irailaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2313095