199. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

81/2023 FORU AGINDUA, irailaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 5eko 68/2019 Foru Agindua aldatzen duena; agindu horren bidez, departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten langileak izendatu ziren.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan; izan ere, funtzionamendu erabat elektronikoa izanen duen administrazio baten alde egin da.

39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezko baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik, komeni da departamentu bakoitzaren ordezkariak sinadura elektronikoa izatea.

Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu bidez, departamentuen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.

Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 5eko 68/2019 Foru Aginduaren bidez, departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten langileak izendatu ziren. Dena den, abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuak eragin dituen aldaketen ondorioz (Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zuen), beharrezkoa da aipatutako foru agindua aldatzea eta departamentuaren egungo langileen eta egituraren arabera egokitzea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 5eko 68/2019 Foru Agindua aldatzea, eta, ondorioz, pertsona hauek izendatzea ziurtagiri digitala izan dezaten, Hezkuntza Departamentuko ordezkari gisa soilik beren eskumen esparrukoak diren gaietarako:

–Luis Calatayud Yuste, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.

–Begoña Unzué Vela, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia.

–Gil Sevillano González, Hezkuntzako zuzendari nagusia.

2. Izendapen horiek noiznahi errebokatzen ahalko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, interesdunei eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira.

Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2313116