199. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

3E/2023 FORU AGINDUA, irailaren 11koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak.

Abuztuaren 30eko 66/2023 Foru Dekretuaren bidez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura onetsi zen. Hain zuzen, honako hauek osatzen dute egitura hori: Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 16 artikuluak ezartzen du departamentuaren titularrak foru agindu baten bidez izendatuko dituela zuzendaritza nagusien eta idazkaritza tekniko nagusiaren titularren ordez aldi baterako arituko direnak, baita zuzenean horien menpe dauden beste administrazio organo batzuetako titularren ordez aldi baterako arituko direnak ere, titularrak kanpoan daudenean, gaixorik daudenean edo ezintasun pertsonalen bat dutenean, karguak hutsik daudenean edo abstenitzea edo errekusatzea deklaratzen den kasuetan.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Etxebizitzako zuzendari nagusiaren kargua hutsik dagoenean, hura kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren mendeko zerbitzuetako zuzendari hauek ordeztuko dute aldi baterako, hurrenkera honetantxe:

1. Etxebizitza Zerbitzuko zuzendaria.

2. Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

Bigarrena.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren kargua hutsik dagoenean, hura kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren mendeko zerbitzuetako zuzendari hauek ordeztuko dute aldi baterako, hurrenkera honetantxe:

1. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuko zuzendaria.

2. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendaria.

Hirugarrena.–Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren kargua hutsik dagoenean, hura kanpoan edo eri denean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, Araubide Juridikoaren Ataleko buruak ordeztuko du aldi baterako.

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2313137