1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
123/2023 FORU AGINDUA, irailaren 13koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen baitira Nafarroako Gobernuaren IFZri lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak, eta horretarako egindako beste izendapen batzuk errebokatzen.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan.
Urriaren 1eko 39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezkoa baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik komeni da, zenbait aplikaziotara sartzeko, departamentu eta menpeko erakunde autonomo bakoitzaren ordezkariaren sinadura elektronikoa izatea, baita Nafarroako Gobernuarena berarena ere, haien kudeaketa haietako bakoitzari esleituta.
Azaldutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak erabaki bat hartu zuen 2017ko martxoaren 29an, zeinaren bidez baimena eman baitzitzaien kontseilariei foru agindu bidez izenda zitzaten kasuan kasuko departamentuaren eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak. Horrekin batera, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari esleitu zitzaion Nafarroako Gobernuaren IFZari lotutako ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak izendatzeko ahalmena. Erabakiak xedatu zuen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere errebokatzen ahalko direla.
Gaur egun indarrean dauden izendapenak honako hauen bidez egin ziren: 140/2019 Foru Agindua, irailaren 19koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, Tomás Rodríguez Garraza jaunaren alde, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia baita, Lanbide Heziketako Europako programekin lotutako izapideak egin ditzan; eta 70/2020 Foru Agindua, ekainaren 22koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, María Rosario Sala Balda andrearen alde, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoaren arduraduna den aldetik, eta Ana María Loperena Goñi andrearen eta María Victoria Adot Baztan andrearen alde, unitate horri atxikitako langileak diren aldetik.
Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak eskatu du honako hauek ordezkari izenda daitezela Nafarroako Gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak ikusi ahal izateko: Iñaki Ibor Alduán jauna, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoko burua, eta Edurne Domeño Beunza andrea eta Eneritz San Román Valderrama andrea, unitate horri atxikitako langileak. Orobat, eskatu du errebokatu daitezela María Rosario Sala Balda andrearen eta María Victoria Adot Baztan andrearen alde egindako izendapenak, jada ez baitute zerbitzurik ematen unitate horretan.
Bestalde, Hezkuntza Departamentuak eskatu du honako hauek izendatu daitezela: Luis Calatayud Yuste jauna, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, eta Gil Sevillano González jauna, Hezkuntzako zuzendari nagusia, Hezkuntza Departamentuak parte hartzen duen Europako proiektuen esparruan izapideak egin dizaten; orobat, eskatu du Tomás Rodríguez Garraza jaunaren alde egindako izendapena errebokatu dadila, administrazioan zerbitzuak emateari utzi baitio.
Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Iñaki Ibor Alduán jauna, Edurne Domeño Beunza andrea eta Eneritz San Román Valderrama andrea izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki dezaten, Nafarroako Gobernuari formalki zuzendutako jakinarazpen elektronikoak ikusi ahal izateko.
2. Luis Calatayud Yuste jauna eta Gil Sevillano González jauna izendatzea Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki dezaten, Hezkuntza Departamentuak parte hartzen duen Europako proiektuen esparruan izapideak egiteko.
3. Betiere, egindako izendapenak noiznahi errebokatzen ahalko dira.
4. Nafarroako Gobernuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko egindako izendapen batzuk errebokatzea; hain zuzen ere, Rosario Sala Balda andrearen aldekoa, María Victoria Adot Baztan andrearen aldekoa eta Tomás Rodríguez Garraza jaunaren aldekoa.
5. Foru agindu hau igortzea Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Atalera, Herritarren Arretarako Atalera eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta interesdunei jakinaraztea.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2023ko irailaren 13an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2313295