198. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1961/2023 EBAZPENA, 2023ko irailaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloko "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien I. ediziorako deialdia onesten da.

Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien I. edizioan -Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua- 3 mikroipuin hoberenei saria ematea onetsi zuen 2023ko otsailaren 15ean egindako bileran.

Ikusirik Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren proposamena eta akta.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

LOSUren 50. artikuluak eta NUPen Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa. - Onestea konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloko "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien I. edizioaren deialdia, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, 800,00 euro gehienez.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2023ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.9783.0380.480.25 Katedren sariak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta bere oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2023ko irailaren 13an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco Javier Arregui San Martín.

OINARRIAK

KONPUTAZIOAREN ETA ADIMEN ARTIFIZIALAREN ZIENTZIEN ARLOKO "MIKROKONTAKIZUNAK ETA ADIMEN ARTIFIZIALA" SARIEN I. EDIZIOA, KONPUTAZIOAREN ZIENTZIEN ETA ADIMEN ARTIFIZIALAREN TRACASA KATEDRAK DEITUA

Irailaren 13ko 1961/2023 Ebazpenaren eranskina.

Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak diru kopuru bat ezarri zuen 2023rako jarduera-programazioan, konputazioaren zientziekin eta adimen artifizialarekin lotura duten mikroipuin onenei sariak emateko, Adimen Artifizialaren Asteko jardueren proposamenaren barruan.

Horrenbestez, "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" sarien I. ediziorako deia egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konputazio eta Adimen Artifizialaren Zientzien Tracasa Katedrak.

Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da prozedura arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatutako "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarietan 3 mikroipuin hoberenei saria emateko, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

Bigarrena.–Finantzabidea.

Deialdi honek 800 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2023ko gastuen aurrekontuko 30.30.00.9783.0380.480.25 Katedren sariak izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sarien modalitatea eta kategoriak.

Sarien deialdian modalitate bakarra izanen da, hiru kategoriatan banatua:

1.–Lehenbiziko saria: 400 euro.

2.–Bigarren saria: 250 euro.

3.–Publikoaren saria: 150 euro.

Sariak eman gabe uzteko aukera ere badago.

Laugarrena.–Parte hartzen dutenek bete beharrekoak.

Parte-hartzaile guztiak adinez nagusiak izan behar dira parte hartzeko eskabideak entregatzeko azkeneko eguna baino lehen. Parte-hartzea indibiduala izanen da. Mikrokontakizun bat bakarra aurkezten ahalko du parte-hartzaile bakoitzak.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Lehiaketaren antolatzaileek gai bat bakarra proposatuko dute lan guztientzat. Aurtengo ediziorako, hau da gaia: "Adimen Artifiziala eta Nafarroa".

Kontakizunak gaztelaniaz idatzia egon behar du, eta izenburu bat eduki behar du. Idazleak izengoiti bat erabili behar du. Gehienez ere 150 hitz izanen ditu mikrokontakizunak, izenburua kontatu gabe.

Aurkezten diren lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira. Kasu honetan, zilegi da idazlana adimen artifizial sortzaileko baliabideren batean inspiratua egotea osorik edo partez. Mikrokontakizunaren egiletza edo originaltasuna dela kausa hirugarrenen batek erreklamazioren bat aurkezten badu, parte-hartzailea izanen da erantzule.

Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute. Eskabide inprimaki horretan, parte-hartzaileek bere datuak idatzi behar dituzte (izen-deiturak, helbidea, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa), bai eta goitizen bat eta idazlanaren izenburua ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu behar dute inprimakia; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.tracasa.ia@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta mezuaren gaian "Mikrokontakizunen eta Adimen Artifizialaren Lehiaketa" idatzi. Mezuan, gainera, izengoitia eta idazlanaren izenburua ere eman behar dute aditzera parte-hartzaileek, eta eranskin gisa gehitu:

–Kontakizunaren testua, Word edo PDF formatuan. Idazlanaren egilearen izena ez da inon agertu behar.

Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak lan guztien anonimotasuna zainduko dela bermatuko du, epaimahaikideek hautaketa egin eta saridunak zein izanen diren erabaki ahal izateko, lanak nork egin dituen jakin gabe.

Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 10ean bukatu.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Carlos Fernández de Vigo edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Milagros Ganuza Hernández edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–María Aránzazu Jurío Munárriz edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Zazpigarrena.–Lehiaketa.

Epaimahaiak 10 idazlan hautatuko ditu gehienez ere, hurrengo puntuan zehaztutako irizpideen arabera, eta jendaurrean jarriko dira 2023ko urriaren 19an, Adimen Artifizialaren Astea dela-eta jendeak irakur ditzan prestatutako areto batean. Finalisten izenak Adimen Artifizialaren Astearen webgunean argitaratuko dira 2023ko urriaren 17a baino lehen.

Epaimahaiak erabakiko du lehenbiziko eta bigarren sariak zer idazlani eman, eta irizpide hauek hartuko ditu kontuan aurkeztutako lanak baloratzeko:

–Istorioaren originaltasuna eta sentsibilitatea, hizkuntza-baliabideen erabilera eta bukaera iradokitzaile bat sortu izana.

–Nolako abilezia erakutsi duen kontakizuna adimen artifizialarekin eta proposatutako gaiarekin lotutako alderdi zientifiko-teknologikoekin lotzeko.

Publikoaren sariari dagokionez, boto-paper bana emanen zaie Adimen Artifizialaren Astearen barrenean antolatuko den "Artea eta Adimen Artifiziala" hitzaldira joaten diren guztiei. Hartara, gustukoen duten lanaren alde emanen dute botoa. Lanak jendaurrean egonen diren aldian eta aretoan, kutxa bat egonen da Adimen Artifizialeko Asteko antolatzaileek zaindua, eta hor sartuko dute botoa ikusleek. Bozketa bukatu ondoren, botoak zenbatuko dituzte epaimahaikideek, eta boto gehien dituen lanarentzat izanen da publikoaren saria Berdinketa gertatuz gero, zozketa bidez erabakiko da irabazlea.

Zortzigarrena.–Sari-banaketa.

Lanak jendaurrean jartzeko ekitaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gogoeta eginen du, eta publikoaren botoak zenbatuko dira. Gero, jakitera emanen da zer lanek irabazi duten saria. Saridunak berak joan behar dira sariak banatzeko ekitaldira, edo, ezinezkoa bada, haien ordezkariak. Lehiakide saridun bat edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da besterik gabe.

Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketa errektoreordeari igorriko dio sariak emateko proposamena, eta hark emanen du dagokion ebazpena, Unibertsitateko iragarki-ohol elektronikoan argitara eman dadin. Ebazpen horretan saritutako lanak baizik ez dira jasoko, eta gainerakoek saririk ez dutela jaso ulertuko da. Sariak eman gabe gelditzen ahalko dira epaimahaiak hala baloratzen badu.

Ikerketa errektoreordeak sariak behin betiko esleitzeko ematen duen ebazpenaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako ordena horretako epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bi kasuetan.

Bederatzigarrena.–Saridunen betebeharrak.

Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa ekitaldi publiko batean eginen da, lehiaketa bukatutakoan.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena %15ekoa izanen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera. Ez da derrigorrezkoa dirua kontuan sartzea baldin eta sarien kostua edo merkatuko balioa 300 euro baino handiagoa ez bada.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Eskubideen lagapena.

Deialdi honen babesean saritzen diren artelanak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izanen dira. Horrek esan nahi du saridunek laga egiten dutela lan sarituak edozein formatutan argitaratzeko, hedatzeko edo ustiatzeko beste edozein eskubide, eta ez dutela eskubiderik arrazoi horregatik lansaririk, ordainsaririk edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.

Saria irabazteak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta lanak, baita lehiaketan argazkiak atera, argitara eman eta publikoki zabaldu ere.

Hamaikagarrena.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamenduak bat etorri behar du EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoarekin (DBLO).

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, aurreikusitako datuen tratamenduaren helburua "NUP-Tracasa AI Challenge" lehiaketa antolatzea eta hari lotutako sariak ematea da, benetako arazoak konpontze aldera adimen artifizialean oinarritutako teknologiaren aplikazioa sustatzeko. Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, eta Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

Bideoekin edo ikus-entzunezko bestelako materialekin parte hartzen dutenei dagokienez, ohartarazten zaie balitekeela Interneten horien publizitatea egitea. Alde horretatik, modu horretan tratatutako datuak ezabatzeko eskaera oro premisa hauek kontuan hartuta aztertuko da: oinarri honetan egindako ohartarazpena, deialdi honen xedearen izaera publikoa eta Internetera igotako irudiak ahazteko eskubidearen mugak; eskubide hori esfortzu teknologiko arrazoizkoak egitera mugatzen da.

Iragarkiaren kodea: F2313427