1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1960/2023 EBAZPENA, 2023ko irailaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloan egindako Ikasketa Amaierako Lanen 4 Poster Hoberenen Sarien deialdia onesten da.
Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak Posterren Lehiaketaren I. edizioa antolatzea onetsi zuen 2023ko otsailaren 15ean egindako bileran. Lehiaketa horretan, saria emanen zaie konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloan egindako Ikasketa Amaierako Lanen 4 poster hoberenei, bi posterri Gradu Amaierako Lanen modalitatean, eta beste biri Master Amaierako Lanen modalitatea.
Ikusirik Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren proposamena eta akta.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
LOSUren 50. artikuluak eta NUPen Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Posterren Lehiaketaren I. edizioaren deialdia, zeinetan saria emanen zaien 4 poster hoberenei.
Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, 1.800,00 euro gehienez.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2023ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.9783.0380.480.25 Katedren sariak.
Sari horien zenbatekoa lan errendimendutzat jotzen da, eta Zergaren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritako taulari eta jarraibideei jarraikiz lortuko da atxikipenaren ehunekoa.
Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta bere oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2023ko irailaren 13an.–Francisco Javier Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea.
OINARRIAK
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN KONPUTAZIOAREN ZIENTZIEN ETA ADIMEN ARTIFIZIALAREN TRACASA KATEDRAK DEITU DUEN IKASKETA AMAIERAKO LANEI BURUZKO POSTER LEHIAKETAREN I. EDIZIOAREN OINARRIAK
Irailaren 13ko 1960/2023 Ebazpenaren eranskina.
Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak 2023ean egiteko jardueren programazioan diru kopuru bat esleitu zuen Adimen Artifizialaren Asteko jardueren proposamenean konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloan egindako Ikasketa Amaierako Lanen (gradukoen eta masterrekoen) 4 poster hoberenei saria emateko.
Horrenbestez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tracasa Katedra Konputazio Zientziak eta Adimen Artifizialak Gradu Amaierako Lanei (TFG) eta Master Amaierako Lanei (TFM) buruzko Posterren I. Lehiaketaren deialdia egiten du. Lan horiek konputazioaren eta adimen artifizialaren zientzien esparruan egin dira, modalitate bakoitzean bi (TFG eta TFM), eta "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konputazio eta Adimen Artifizialaren Zientzien Tracasa Katedrak" antolatu ditu 2023-2024 ikasturterako.
Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.
Konputazioaren eta adimen artifizialaren zientzien arloan egindako Ikasketen Amaierako Lanei buruzko lau poster hoberenei saria emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera. Bi sari emanen dira modalitate bakoitzean (GAL eta MAL).
Bigarrena.–Finantzabidea.
Deialdi honek 1.800,00 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2023ko gastuen aurrekontuko 30.30.00.9783.0380.480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak jarriko du diru kopuru hori.
Hirugarrena.–Sarien modalitateak.
Sarien deialdiak modalitate hauek izanen ditu:
A.–Gradu amaierako lanen modalitatea: 600 euroko lehen sari bat emanen zaio gradu amaierako lan bati buruzko posterrik hoberenari, eta 300 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.
B.–Master amaierako lanen modalitatea: 600 euroko lehen sari bat emanen zaio master amaierako lan bati buruzko posterrik hoberenari, eta 300 euroko bigarren sari bat modalitateko bigarren sailkatuari.
Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.
Laugarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiek izanen dute sari hauen deialdian lehiatzeko aukera, betiere 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan konputazioaren eta adimen artifizialaren zientzien arloko ikasketa amaierako lan bat (GALa edo MALa) defendatu badute.
A kategoriaren kasuan (gradu amaierako lanak), gainera, ikasketak beste unibertsitate batean egin dituzten ikasleek ere har dezakete parte, betiere 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatuak badaude.
Deialdi honetan lehiatzen diren gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak defendatuta eta gaindituta egon behar dira hautagaitzak aurkezteko azken egunean.
Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.
Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra.
Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.tracasa.ia@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta mezuaren gaian "Tracasa Katedraren I. Poster Lehiaketa" idatzi. Mezuan, gainera, izen-deiturak ere eman behar dituzte aditzera lanaren egileek, eta eranskin gisa gehitu:
–IALaren ideiarik garrantzitsuenak agertzen dituen poster zientifikoak 1.189 x 841 mm-ko tamaina izanen du gehienez (A0), eta bere diseinua horizontala nahiz bertikala izaten ahal da. PDF formatuan bidali behar da.
Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 10ean bukatu.
Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.
Seigarrena.–Epaimahaia.
Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:
–Edurne Barrenechea Tartas edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Angela Bernardini Gagliani edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Carlos Aranda Torres edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Zazpigarrena.–Lehiaketa.
Lehiaketaren egunean, antolatzaileek finkatutako orduan, parte-hartzaile bakoitzak bere lana azalduko du ekitaldi publiko batean, eta epaimahaikideek edo ekitaldian daudenek egiten dizkioten galderei erantzun. Parte-hartzaile bakoitzak 5 minutu izanen ditu posterraren azalpena egiteko.
Lanen azalpena bukatu ondoren, saria zeini ematen dioten erabakiko dute epaimahaiko kideek, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
1. IALaren kalitatea: nolako ekarpena egiten dien konputazioaren zientziei eta adimen artifizialari.
2. Posterraren kalitatea: laburra eta argia izatea eta ongi aurkeztua egotea.
3. Azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak, eta denbora-egokitzapena: erantzunen zehaztasuna eta lanari buruzko galdera teknikoei labur erantzuteko gaitasuna.
Posterrak ikusgai egonen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Antolatzaileek inprimatuko dituzte posterrak koloretan eta paper matean, eta haiek ordainduko dute horren gastua. Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren esku geldituko dira lehiaketara aurkeztutako posterrak.
Zortzigarrena.–Sari-banaketa.
Lanak jendaurrean jartzeko ekitaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gogoeta eginen du. Gero, jakitera emanen da zer lanek irabazi duten saria. Saridunak berak joan behar dira sariak banatzeko ekitaldira, edo, ezinezkoa bada, haien ordezkariak. Lehiakide saridun bat edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da besterik gabe.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio sariak emateko proposamena, eta, hark dagokion ebazpena eman ondoren, Unibertsitateko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan, saria zer lani eman zaien bakarrik jasoko da, eta gainerako lanei saririk eman ez zaiela ulertuko da. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera.
Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bederatzigarrena.–Saridunen betebeharrak.
Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa ekitaldi publiko batean eginen da, lehiaketa bukatutakoan.
Sari horien zenbatekoa lan errendimendutzat jotzen da, eta Zergaren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritako taulari eta jarraibideei jarraikiz lortuko da atxikipenaren ehunekoa.
Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Hamargarrena.–Eskubideen lagapena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta lanak, baita lehiaketan argazkiak atera, argitara eman eta publikoki zabaldu ere.
Hamaikagarrena.–Konfidentzialtasunaren betebeharra.
Enpresaren edo erakunderen batekin konfidentzialtasun hitzarmen edo betebehar bat sinatua eta indarrean daukaten ikasketa amaierako lanek, bai GALek eta bai MALek, akordio horretan ezarritakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, hautagaien ardura izanen da beren poster eta eskabideetan datu edo informazio konfidentzialik ez zabaltzea.
Hamabigarrena.–Argitalpena.
Ebazpen honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tracasa Katedraren webgunean (catedra.tracasa.ia@unavarra.es) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Tracasa Katedraren webgunean argitaratuko dira.
Hamaikagarrena.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamenduak bat etorri behar du EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoarekin (DBLO).
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Posterren I. Lehiaketari lotutako sariak antolatzea eta ematea da. Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea, eta Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
Bideoekin edo ikus-entzunezko bestelako materialekin parte hartzen dutenei dagokienez, ohartarazten zaie balitekeela Interneten horien publizitatea egitea. Alde horretatik, modu horretan tratatutako datuak ezabatzeko eskaera oro premisa hauek kontuan hartuta aztertuko da: oinarri honetan egindako ohartarazpena, deialdi honen xedearen izaera publikoa eta Internetera igotako irudiak ahazteko eskubidearen mugak; eskubide hori esfortzu teknologiko arrazoizkoak egitera mugatzen da.
Iragarkiaren kodea: F2313426