198. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Adinekoen Udal Kontseiluaren berariazko araudia. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Udalbatzak 2023ko apirilaren 5ean eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 2023ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 25ekoan, argitaratutako Iruñeko Adinekoen Udal Kontseiluaren berariazko Araudia.

Behin hasierako onespen-erabakiaren iragarkia argitara emanda eta legeak ezarritako jendaurreko epea erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe iraganda, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatu araudia behin betiko onetsi da, eta testua oso-osorik argitaratzea xedatu da, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Alkatea, María Cristina Ibarrola Guillén.

ADINEKOEN UDAL KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Partaidetza demokraziaren ideiak oinarri dituen zutabeetako bat da, bai eta herritarrek agintarien ekintzak epaitzeko erabiltzen dituzten irizpideetako bat ere.

Bestalde, partaidetza garatzeak tokiko demokraziaren beste oinarrizko balio batzuk sustatzen laguntzen du. Horrela, kontuak ematea bultzatzen du, eta beraz, parte-hartze zabal, plural, bidezko eta orekatua da herritarrek duten kontrol-mekanismo indartsuenetako bat; ondorioz, pizgarri eraginkorra da kudeaketa publikoan gardentasuna bultzatzeko. Partaidetzak gobernuen harmena errazten du, herritarren eta tokiko agintarien arteko trukeek ahalbidetzen baitute politikak eta zerbitzu publikoak hobeto egokitzea herritarren lehentasunei. Are gehiago, partaidetza eskola demokratikotzat hartu da, gobernatzen duenarendako zein herritarrendako.

XXI. mende bete-betean, adineko biztanleen pisu gero eta handiagoa, aldagai soziodemografikoek, ekonomikoek, kulturalek, familiakoek eta lanekoek markatuta, garatutako gizarteetako aldaketa garrantzitsuenetako bat da.

Egungo Adinekoen Udal Kontseiluaren erregelamendua 2012ko ekainaren 7ko Osoko Bilkuran onetsi zen, eta 2012ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 4koan, argitaratu zen behin betiko. Organo aholku-emaile gisa sortu zen, eta aurrerapauso garrantzitsua izan zen haien gizarte-partaidetzan eta aintzatespenean, adinekoen kolektiboaren eskarmentuaren balioak gizartearen esku uztea ahalbidetu baitzuen, partaidetza sustatuz belaunaldien arteko elkartasun mekanismoak areagotzeko xedez, adinekoen inplikazioa kontuan hartuta haien bizi-kalitatea sustatu eta gizarte ongizatea hobetzeko proiektuak egiterakoan.

Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamendu berria 2019ko azaroaren 14ko Osoko Bilkuran onetsi zen behin betiko, eta, besteak beste, arautzen ditu Iruñeko herritarrek udal-bizitzan eta -kudeaketan parte hartzeko moduak, bitartekoak eta prozedurak, bai norbanako gisara, bai elkarte, talde eta erakundeen bidez.

II. tituluak herritarren partaidetzako organoak eratzeko eta garatzeko prozedurak ezartzen ditu. Guztiek partekatzen dituzten hainbat gai komunen azalpena eman ondoren, bertan dauden organismoen izaera juridikoa, helburuak, eginkizunak eta osaera zein egitura zehazten ditu; hots, honako hauena: Hirigunea-Hiriko Gizarte Kontseilua, Auzoguneak-Lurraldeko Partaidetza Organoak, Elkarguneak-Sektoreko Partaidetza Organoak, eta, azkenik, Behatokiak eta Demokrazia Parte-hartzailearen Tokiko Behatokia arautzen ditu.

Bestalde, Xedapen Gehigarrian ezartzen du indarrean sartzerakoan jada badauden partaidetza-organoek beren eginkizunak betetzen jarraituko dutela, indarrean dituzten funtzionamendu-arauen arabera, eta, aldatzen badira, erregelamendu horretako xedapenetara egokitu beharra dutela.

Aurretik azaldutakoa ikusita, beharrezkoa da Adinekoen Udal Kontseiluaren erregelamendu hau eguneratzea Udalaren Partaidetzarako Erregelamenduan zehaztutako xedapenetara egokitu dadin.

Horrekin guztiarekin, Adinekoen Udal Kontseiluaren honako funtzionamendu-erregelamendu honek apartatu horiei erantzuten die eta hogeita hiru artikulu ditu, eta bertan jasotzen dira administrazio-organoaren sorrerari, xedeari eta eginkizunei buruzko xedapen orokorrak, baita osaera, izendapena, funtzionamendua, iraupena eta kargu-uztea ere.

I. KAPITULUA.XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Erregelamenduaren xedea.

Erregelamendu honen xedea da Adinekoen Udal Kontseiluaren funtzioak, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, izaera aholku-emailea duen herritarren partaidetzarako organo gisa. Kontseiluaren helburu nagusia da Iruñeko Udalarekin proposamenak trukatzea, bateratzea eta formulatzea, adinekoen arretari dagokionez planteatzen diren premia berrien aurrean irtenbideak emateko, bai eta kolektibo horrek udal-esparruan parte har dezan sustatzeko ere.

Adinekoen Udal Kontseilua tokiko organo osagarritzat hartzen da, eta adinekoen kolektiboa -65 urtetik gorako gizon eta emakumeak- berariaz ordezkatzen du, bere eginkizunak betetzean beste esparru bateko harremanak deusetan galarazi gabe.

2. artikulua. Komunitate Ekintzako Alorrari atxikitako partaidetza-organo sektoriala.

Herritarren Partaidetzarako Erregelamendu Organikoaren hirugarren atalean (Elkargunea-Sektoreko Partaidetza Organoa) aurreikusitakoarekin bat, Iruñeko Adinekoen Udal Kontseilua gai horretan eskumena duen Gobernuko Alorrari atxikita dago.

3. artikulua. Adinekoen Udal Kontseiluaren funtzioak.

1. Adinekoen Udal Kontseiluak Erregelamendu honetan zehazten diren funtzioak izanen ditu, bai eta Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamendu Organikoak ematen dizkionak eta aplikagarri zaizkion beste arauak ere.

2. Adinekoen Udal Kontseiluaren funtzioak honako hauek dira:

a) Adinekoek Iruñeko Udalaren aurrean hitz egiteko gune izatea, adineko guztien parte hartze aktiboa ahalbidetzeko xedez, gizarte-, politika eta kultura-arloetan.

b) Udal organoetatik Kontseiluarendako interesekoak diren gaien inguruko informazioa jasotzea, bai eta hura modu arrazoituan eskatzea ere, hala badagokio.

c) Udal-kudeaketaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, adinekoei ematen zaien arretari eta adineko emakume eta gizonen egoeran duen eraginari lotutako gaietan.

d) Hirugarren adinekoei buruzko jarduketa-proposamenak egitea eta, hala badagokio, Iruñeko Udalari igortzea, eta, beharrezkoa ikusten duenean, adinekoen egoerarekin eta bizi-kalitatearekin lotutako azterketak eta ikerketak egitea proposatzea.

e) Udaleko Osoko Bilkurari edo dagokion Batzordeari egoki iruditzen zaizkion gaiak sartzea proposatzea, eta horiek defendatzeko parte hartzea. Osoko Bilkura edo batzorde bakoitzeko udal-partaidetzako organo batetik datorren gai bat baino ez da sartuko.

f) Adinekoen eta adinekoendako gizarte-boluntariotza, baita belaunaldien arteko elkartasuna ere, sustatu eta bultzatuko duten jarduketak eta neurriak sustatzea.

g) Eskualdeko, herrialdeko, nazioko eta nazioarteko antzeko organoekin harremanak izatea eta elkarlanean aritzea, esperientziak eta ekimenak hedatzeko.

h) Gai zehatzak lantzeko komenigarritzat jotzen diren Lan Batzordeak sortzea, batzordekideak Kontseiluko kideen artean hautatuz.

i) Adinekoei eragiten dieten eta abian dauden edo abiatuko diren arau, programa eta baliabideei buruzko informazio- eta hedapen-ekintzak sustatzea eta/edo egitea.

j) Urteko memoria onestea eta, aldian-aldian, jardueren berri ematea.

k) Adineko biztanleen ordezkari izatea Hiriko Gizarte Kontseiluan - Hirigunean.

4. artikulua. Kontseiluaren eskumeneko gaiei buruz kontsultatzea.

Bereziki, udal-organo eskudunek Adinekoen Udal Kontseiluari kontsultatuko diote, Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzarako Erregelamendu organikoan ezarritakoarekin bat, modu adierazgarrian eta ez-mugatzailean, honako afera hauei buruz:

a) Kontseiluari dagozkion gaiak jorratzen dituzten Ordenantzak, Erregelamenduak edo udal-araudia sortzea edo aldatzea.

b) Udal-arloan garrantzia duen eta Kontseiluaren esparruari eragiten dion edozein gai garrantzitsu.

5. artikulua. Jarduteko esparrua.

Jarduketa-eremua Iruñeko udal-mugartea izanen da, ezertan galarazi gabe bere funtzioak betetzean beste eremu batean ezartzen ahal dituen harremanak. Adinekoen Udal Kontseiluak beste entitate eta instituzio batzuekin lankidetza sustatuko du, eskumena duen gaietan, lanaren eta hausnarketaren bidez.

II. KAPITULUA.–ADINEKOEN UDAL KONTSEILUAREN OSAERA

6. artikulua. Osaera.

1. Adinekoen Udal Kontseiluko kideak izendatzeko pluraltasunaren eta aniztasunaren printzipioei jarraituko zaie, aukera ahalik eta zabalena ahalbidetzeko, eta, gainera, sexuaren araberako osaera paritariorantz eginez, betiere bere izaerarekin zentzugabea ez den bitartean.

2. Adinekoen Udal Kontseiluaren osaera honako hau izanen da:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Batzordekideak, 9. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Kasu guztietan, zinegotzi eta udal-teknikarien ordezkaritza txikiagoa izanen da kuantitatiboki herritarren ordezkaritza baino.

7. artikulua. Lehendakaria. Hautaketa eta eginkizunak.

1. Adinekoen Udal Kontseiluko lehendakaria alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia izanen da.

2. Honako hauek dira lehendakariaren funtzioak:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea eta hari dagozkion ekintzak betetzea.

b) Ohiko eta ezohiko batzarretarako deia egitea, eta gai-zerrenda zehaztea.

c) Batzarretako buru izatea, eztabaidak moderatzea, arrazoi jusfikatuengatik batzarrak bertan behera uztea eta batzarrak amaitzea.

d) Berdinketak bere botoarekin ebaztea, erabakiak hartzeko.

e) Gonbidapen iraunkorrak onestea eta errefusatzea eta unean-unean gonbidapenak egitea.

f) Aktak sinatzea, Idazkariarekin batera.

g) Organoko lehendakari izateak berez dakartzan beste funtzio batzuk betetzea.

8. artikulua. Lehendakariordea. Hautaketa eta eginkizunak.

1. Lehendakariordetza partaidetza-organoa eratzeko saioan hautatuko da, Udal Kontseilua osatzen duten herritarren ordezkarien artetik.

2. Honako hauek dira lehendakariordearen eginkizunak:

a) Lehendakaria ordeztea, kargua hutsik dagoenean, hura ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

b) Lehendakariak eskuordetzen dizkion beste eginkizun batzuk.

9. artikulua. Batzordekideak. Hautaketa.

1. Adinekoen Udal Kontseiluko batzordekideak honako hauek izanen dira:

a) Hamar batzordekide (gehienez ere), ehun bazkide baino gehiago dituzten eta legez eratuta eta dagokien erregistroetan izena emanda dauden adinekoen elkarteen edo taldeen ordezkari direnak, aplikatzen ahal den araudiarekin bat.

b) Elkarteetako ordezkarien kopuruak gehieneko kopurua gainditzen duenean, ordezkari horiek gehiengoz hautatuko dituzte azkenean Udal Kontseiluko batzordekide izanen direnak.

c) Lau batzordekide (gehienez ere), hirurogeita bost urte edo gehiago izan eta Herritar Aktiboen Udal Erregistroan izena emanda daudenen artetik hautatuak, baldin eta Kontseiluaren eremuko gaietan ageriko interesa badute eta beren borondatez partaide izan nahi badute.

d) Herritar Aktiboen Erregistroan izena eman dutenen kopurua lau baino gehiago denean, izena emanda dutenek gehiengoz hautatuko dituzte azkenean Udal Kontseiluko batzordekide izanen direnak.

e) Udalbatzan ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana, horietako bakoitzak proposaturik. Ondorio horietarako, Lehendakaria ez da bere taldeko ordezkaritzat hartuko.

f) Bi batzordekide (gehienez ere), Adinekoen Udal Kontseiluaren berezko jarduera-sektorearekin zerikusia duten instituzioetakoak.

g) Iruñeko Udaleko hiru udal-teknikari (gehienez ere), Udal Kontseiluaren interesetarako garrantzia duten eskumenetan aritzen diren Alorretan lan egiten dutenak.

h) Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko azken hauteskundeetan bozka kopuru gehien eskuratu dituzten bi erakunde sindikaletako ordezkari bana, erretiro-egoeran daudenen artetik.

i) Adinekoen Udal Kontseilua atxikita dagoen Alorreko zuzendaritza.

2. Batzordekide titularrak ez badaude, gaixo badaude edo arrazoitutako beste edozein zio gertatuz gero, ordezkoek ordezkatzen ahalko dituzte, ordezkorik izendatu bada. Ordezkoak titularrak bezala izendatuko dira.

10. artikulua. Idazkaria.

1. Adinekoen Udal Kontseiluko idazkaria Kontseilua atxikita dagoen alorreko udal-teknikari bat edo hark eskuordetzen duen pertsona bat izanen da, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Idazkariaren funtzioak honako hauek dira:

a) Udal Kontseiluak hartzen dituen erabakiak betearaztea.

b) Lehendakariari laguntzea Kontseiluaren batzarretarako deia egiten eta gai-zerrenda osatzen.

c) Batzarretako aktak egitea, zeinek lehendakariaren oniritzia izanen baitute.

d) Kontseiluko idazkari izateak berez dakartzan beste funtzio batzuk.

11. artikulua. Kontseiluko kideak izendatzea eta kargua uztea.

1. Alkateak izendatuko ditu adinekoen Udal Kontseilua osatzen duten kideak, 9. artikuluak kasu bakoitzerako ezarritakoarekin bat. Titularrak proposatu behar dituenak, kasu bakoitzean, ordezkoak ere proposatuko ditu.

2. Batzordekideak eta ordezkoak izendatzeko, proposatzen direnek aldez aurretik onartu beharko dute izendapena. Titularraren eta haren ordezkoaren kargua hutsik badago, ez badaude edo gaixo badaude, entitateak bilera jakin baterako edo batzuetarako ordezko bat izendatzen ahalko du, idatziz espresuki eskuordetuta, eta bertan behera geldituko da dagokion ordezkapena amaitzean.

Karguen iraupenak udal-agintaldiarekin bat eginen du. Kideren batek udal-agintaldia amaitu baino lehen kargua uzten badu, kide berriak kargua utzi duenaren agintaldia amaitu arte beteko du kargua.

3. Agintaldiaren amaieraz gain, Adinekoen Udal Kontseiluko kide baldintza galtzen ahalko da honako arrazoi hauetako bat dela eta:

a) Heriotza, ezintasuna edo desgaikuntza, ebazpen judizial irmoaren bidez aitortua.

b) Norberak espresuki uko egitea.

c) Erregelamendu honetan Adinekoen Udal Kontseiluko kide izateko duten ordezkaritza edo baldintzak galtzea.

d) Arrazoi justifikaturik gabe ondoz ondoko hiru batzarretara, edo tarteka bost batzarretara ez joateagatik, eta karguarenak diren betekizunak ez betetzeagatik. Lehendakariak hartu beharko du oharra, Kontseiluari entzun ondoren eta aldez aurretik interesdunari entzun ondoren.

4. Toki hutsak Erregelamendu honetan izendapenerako aurreikusten den prozedura beraren bidez beteko dira.

12. artikulua. Adinekoen Udal Kontseiluko kideen eskubideak.

1. Adinekoen Udal Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:

a) Batzarretara joatea, eztabaidetan parte hartzea, sortzen ahal diren lan-batzordeetako kide izatea.

b) Botoa ematea, Erregelamendu honetan hala aitortzen bazaie espresuki, edo botoa emateko eskubiderik aitortzen ez bazaie, Kontseiluaren erabakien aldeko edo aurkako jarrera ahoz edo idatziz adieraztea.

c) Batzarretarako deia eta gai-zerrenda aldez aurretik ezagutzea, eta eskura edukitzea horietan agertzen diren gaiei buruzko dokumentuak eta informazioa, baita aurreko batzarreko akta ere.

d) Kontseiluaren edo kide diren batzordeen aparteko deialdia eskatzea.

e) Proposamenak eta iradokizunak aurkeztea gai-zerrendan sartzeko, erabakiak hartzeko edo gai zehatz bat aztertzeko, eta Kontseiluko kideak ez diren lagunak gonbidatzea, 18. artikuluan ezarritakoarekin bat.

f) Kontseiluan edo batzordeetan lantzen diren gaiei buruzko informazioa edukitzea, espresuki hala eskatzen dutenean.

g) Norberaren egoera dela eta, Erregelamendu honetako funtzionamendu arauak egokitzeko eskatzea. Administrazio elektronikoa ezin izanen da inola ere baztertzeko arrazoi izan. Adineko edonork du Kontseilu honetan parte hartzeko eskubidea, eta, hala badagokio, parte hartzeko beharrezko eta lagungarri zaion laguntza jaso eta aldaketak egiteko eskubidea.

13. artikulua. Adinekoen Udal Kontseilua osatzen dutenen betebeharrak.

Kontseilua osatzen dutenek honako betebehar hauek dituzte:

a) Udal Kontseiluaren edo parte hartzen duten batzordeen batzarretara joatea.

b) Behar bezalako isiltasunez eta zuhurtziaz jokatzea, lantzen diren gaien izaerak hala eskatzen duenean, eta, bereziki, ohorerako, norberaren edo familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideei eragiten dienean, eta datu pertsonaletara edozein modutan sartzeko aukera izanez gero.

c) Erregelamendu honen eta, hala badagokio, erregelamendutik eratorritako jarraibideen arabera jokatzea, bereziki, Udal Kontseiluak onetsi dituen erabakiei dagokienez.

III. KAPITULU. LAN EGITEKO MODUA

14. artikulua. Batzarren maiztasuna.

1. Kontseilua urtean bi bider bilduko da, gutxienez, ohiko batzarretan.

2. Lehendakariak deituta, norberaren ekimenez edo Kontseilua osatzen duten kideen herenak aldez aurretik eskatuta, aparteko batzarrak egiten ahalko dira.

15. artikulua. Deialdia eta gai-zerrenda.

1. Deialdian agertuko dira batzarraren gai-zerrenda, tokia, data eta ordua, eta Adinekoen Kontseilua osatzen dutenei bidali beharko zaie, batzarraren eguna baino zazpi egun lehenago, gutxienez. Premiazko arrazoiengatik, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izaten ahalko da. Kasu horretan, premiaren beharra gai-zerrendaren lehen puntuan agertuko da.

2. Gai-zerrenda Udalak edo Udal Kontseiluko kideek proposatuko dute. Kideren batek gai-zerrendan puntuak sartzeko proposatzen badu, hamar egun lehenago helaraziko zaizkio idazkariari.

3. Batzarretarako deiak bitarteko elektroniko bidez igorriko zaizkie Kontseilua osatzen dutenei, eta bertan gai-zerrenda eta eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa atxikiko zaizkie.

4. Bilduta daudenean, dela aurrez aurre dela telematikoki, Udal Kontseilua osatzen duten kide guztiak edo ordezko ari direnak, kide anitzeko organotzat eratzen ahalko dira, batzarrak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko, kide guztiek horrela erabakitzen badute.

5. Ordezkoren bat izendatu bada, ordezten duen erakundeak idatziz izendatu beharko du batzarra hasi baino 4 ordu lehenago, gutxienez.

6. Salbu ageriko premia-kasuetan -zeinak arrazoitu beharko baitira eta Kontseiluko kideek gehiengo osoz berretsi-, ez da jorratuko gai-zerrendan sartutakoez beste gairik.

16. artikulua. Saioa eratzea.

Batzarrak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari begira, Adinekoen Udal Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, bertan egon beharko dute, edo telematikoki parte hartu, lehendakariak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta organoa osatzen duten kideen erdiek gutxienez.

17. artikulua. Erabakiak hartzea.

Kontseiluaren erabakiak batzarrean daudenen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketa gertatuko balitz, bozketa errepikatuko da. Berdinketak jarraitzen badu, lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du auzia. Gehiengoaren aurka bozkatzen duten kideek beren botoa azaltzen ahalko dute, eta azalpen hori aktan jasoko da.

18. artikulua. Kontseiluko kideak ez direnen parte-hartzea.

Adinekoen Udal Kontseiluak landuko dituen gaietan adituak gonbidatzen ahal ditu batzarretara, haien aholku edo parte-hartzeak bilatzen diren helburuak lortzen lagun dezan. Parte-hartzaile edo aholkulari horiek hitza izanen dute, baina botorik ez. Lehendakariak proposatuko ditu gonbidatuak.

19. artikulua. Akta.

Batzar bakoitzeko akta hartuko da, eta bertan agertuko dira hartutako erabakiak eta landutako gaien zerrenda laburra. Idazkariak eta lehendakariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua. Lan-batzordeak.

1. Adinekoen Udal Kontseiluak trataera zehatza behar duten zenbait arlotan lan-batzordeak sortzen ahalko ditu, erabaki bidez, zeinetan osaera, xedeak, funtzionamendu arauak eta aurreikusitako iraupena zehaztuko diren, Iraupen hori epe zehatz baterako edo iraunkorra izaten ahal da.

2. Arreta berezia jarriko da lan-batzordeetan adineko gizon eta emakumeen parte-hartzea orekatua izan dadin.

3. Kontseiluak eratutako lan-batzordean hark ezartzen duen kidea izanen da buru.

4. Lan-batzordeek egitura egokia izanen dute, sortze-erabakian ematen zaizkien funtzioak beteko dituztela bermatzeko.

21. artikulua. Adinekoen Udal Kontseiluaren bitartekoak eta baliabideak.

1. Iruñeko Udalak Adinekoen Udal Kontseiluari behar beste baliabide material emanen dizkio, dagozkion funtzioak bete ditzan.

2. Udaleko teknikariak izendatzen ahalko dira Udal Kontseiluaren edo, hala badagokio, sortzen diren batzordeen batzarretan laguntza-, kudeaketa- eta dinamizazio-lanak egin ditzaten, batzar horiek ongi egiten direla ziurtatzeko.

IV. KAPITULUA.–ARAUDIA ETA ALDAKETA

22. artikulua. Ordezko arauak.

Erregelamendu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamendu Organikoa aplikatuko da, eta kide anitzeko organoen arautzeari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legea.

23. artikulua. Araudi honen aldaketa.

Adinekoen Udal Kontseiluaren funtzionamendu-araudi hau parte batean edo osorik aldatzea, baita Kontseilua deuseztatzea ere, Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurari dagokio, legez emandako eskumenak erabilita.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Behin Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eta Adinekoen Udal Kontseiluaren hurrengo deialdia egin baino lehen, hura betez Kontseiluko kideak izendatuko dira eta Udal Kontseiluaren hurrengo batzarrean hartuko dituzte haien eginkizunak. Batzar hori honako arau hauen arabera deituko da. Indarrean sartzean Kontseiluko kide izateari uzten diotenak lehen batzarrera joaten ahalko dira, hitza bai baina botorik gabe, egindako lanak egoki jarraitzen direla bermatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu hau indarrean sartuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunera.

Iragarkiaren kodea: L2313496