198. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

123/2023 EBAZPENA, irailaren 6koa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana; honen bidez ematen da aurretiazko administrazio baimena energia elektrikoa ekoizteko "Sangüesa II" eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko, 20,90 MW-ekoa.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2021eko apirilaren 20an, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Metka EGN Solar 30 SLk idazki bat aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan. Bertan aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko "Sangüesa II" instalazioa jartzeko Kasedako udal mugartean. Instalazioak 20,90 MW-eko potentzia izendatua izanen du eta 29,25 MWp-ko potentzia gorena.

Proiektuak instalazio bat aurreikusten du, CS3Y-490M B-AG modeloko alde biko 59.696 modulu fotovoltaikoz osatua, 490 Wp-koak (Canadian Solar edo antzekoak), 29,25 MWp-ko potentzia goreneko eguzki-eremua osatuz. Sangüesa II instalazio fotovoltaikoko moduluek 43,11 hektareako azalera hartuko dute.

Power Electronics-eko HEMK 690 V FS3670K modeloko edo antzeko 6 inbertsore instalatzea aurreikusten da. Inbertsoreen multzoaren potentziaren muga 20,90 MW-ekoa izanen da, hori baita konexio puntuko potentzia maximoa.

Eguzki instalazioak sortuko duen energia bideratuko da, 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko sare baten bidez, 30/66 kV-eko azpiestazio jasotzaile batera. Azpiestazio horren gelaxketan dago instalazioak sortutako energiaren neurketa puntu nagusia. Azpiestazio jasotzailea partekatzen da beste eguzki instalazio fotovoltaiko batekin, "Sangüesa II" izenekoarekin, inguruan garatuko dena. Puntu horretatik aurrera, bi eguzki instalazio fotovoltaikoek ebakuazio azpiegiturak partekatuko dituzte. Ondoren, azpiestazio jasotzailetik, energia 66 kV-eko eta 7,50 kilometroko goi tentsioko aireko linea (GTAL) batetik joanen da, 66/220 kV-eko azpiestazio biltzaile batera iritsi arte. Azpiestazio hori beste sustatzaile batzuekin partekatzen da.

Instalazioa sistema elektrikoaren sarera konektatuko da 220 kV-eko Sangüesa TAEan, zeina Red Eléctrica de España SAUrena baita.

2.–Proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Metka EGN Solar 30 S Lren eskaera jendaurrean jarri zuen hogeita hamar egunean, iragarkia argitaratuz 2021eko 164. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 15ekoan, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.

Halaber, iragarkia Kasedako, Oibarko eta Zangozako udalei igorri zitzaien, epe berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea dago espedientean.

3.–Kontsulten izapidea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.1 artikulua eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikulua aplikatuz, 2021eko uztailaren 15ean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondoren aipatzen diren ukitutako erakundeei kontsulta egin zien, eta txosten hauek jaso ziren:

ERAKUNDEA

DATA

1.

Telefónica de España SAU

2021/07/19

2.

Ondare Arkitektonikoaren Atala

2021/07/19

3.

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

2021/08/02

4.

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

2021/08/09

5.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

2021/08/13

6.

Basoak Kudeatzeko Zerbitzua (Abelbideak)

2021/09/13

7.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

2023/01/18

8.

Nedgia SA (Grupo Naturgy)

2023/02/10

9.

Zangozako Udala

Ikusi alegazioak

10

Acciona Generación Renovable SA

Ikusi alegazioak

-

Kasedako Udala

-

-

Oibarko Udala

-

-

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

-

-

Ingurumen Eraginaren Atala

-

-

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

-

Aurreko txostenen edukia espedientean jasota dago, eta ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

Basoak Kudeatzeko Zerbitzuaren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Nedgia SAren txostenak epetik kanpo jaso ziren.

4.–Jasotako alegazioak.

Jendaurrean jartzeko izapidearen esparruan honako alegazio hauek jaso ziren:

ALEGAZIOA

DATA

1.

Acciona Generación Renovable SA

2021/08/18

2.

Sustrai Erakuntza Fundazioa

2021/08/24

3.

Kasedako Langileak Hauteskunde Elkartea

2021/08/26

4.

Zangozako Udala

2021/08/26

5.

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan

2021/08/26

6.

Nafarroako Ekologistak Martxan

2021/08/26

Alegazioen edukia eta xehetasunak espedientean jasota daude, eta ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

5.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko txostenak eta alegazioak bidali zizkion Metka EGN Solar 30 SLri.

6.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

2022ko ekainaren 7an, Heliosolar SLk, Metka EGN Solar 30 SL ordezkatuz, jasotako txostenei eta alegazioei ematen zien erantzuna aurkeztu zuen, dokumentazio berriarekin, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren izapidea hasteko eskatu zuen.

Aurkeztu zuen, besteak beste, proiektuaren eta ingurumen inpaktuaren azterketaren bertsio gaurkotua, zeinean aldatzen baitziren hesien kokalekua eta instalaziorako sarrera, eta zehazten baitzen oinplanoaren okupazioa, abelbideei zegokienez.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, 2022ko ekainaren 20an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera igorri zuen Ingurumen Eraginaren Atalera.

2022ko irailaren 21ean, dokumentazioa Lurraldearen Antolamenduaren eta Paisaiaren Atalera bidali zen, lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarriak baimentzeko espedientea tramitatzeko.

7.–Ingurumen inpaktuaren adierazpena eta lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena.

2022ko irailaren 28an, Ingurumen Eraginaren Atalak errekerimendu bat egin zuen, eskatzeko sustatzaileari ondare kulturalari buruzko nahitaezko txostena aurkez zezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37.2 artikuluaren b) letran ezartzen dena betetzeko.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txostena egin zuen 2022ko irailaren 30ean. Bertan ezarri zen "El Saso I", "El Saso II" eta "El Saso III" aztarnategi arkeologikoek ukitutako lurrak okupatzen baziren aztarna guztien indusketa arkeologikoa egin beharko zela.

Horren ondorioz, 2023ko urtarrilaren 16an, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketaren eta abifaunari buruzko azterketaren bertsio gaurkotua aurkeztu zuen.

2022ko azaroaren 2an, Ingurumen Eraginaren Atalak beste errekerimendu bat egin zion sustatzaileari, eta bertan eskatu zion, beste gauza batzuen artean, beste irtenbide bat bilatzeko ebakuazio linearen diseinuari, Oibarko La Mueda baltsaren eraginpeko tartean aireko trazadura saihesteko.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak egindako errekerimenduei erantzuna emanez, 2023ko otsailaren 10ean, Metka EGN Solar 30 SLk proiektuaren beste aldaketa bat aurkeztu zuen, zeinaren arabera, besteak beste, ebakuazio azpiegituren parte bat lurperatzen baitzen.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 418E/2023 Ebazpenaren bidez, sarera konektaturiko "Sangüesa I" eguzki instalaziorako eta horren ebakuazio azpiegiturarako aldeko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eman zen.

Hartan, proiektuaren inpaktu nagusiak aztertzean nabarmentzen da ingurumen inpaktuaren azterketak atzematen dituela ondorio esanguratsuak eraikuntza fasean: klimaren gainean, aldaketa klimatikoa areagotzen laguntzen duelako; lurzoruaren gainean, higadura handitzen duelako; landarediaren eta floraren gainean, zuzenean aldatzen dituelako landaredia eta interes komunitarioko habitatak; eta biztanleen zein jarduera ekonomikoaren gainean, biztanleei eragozpenak sortu eta jarduera ekonomikoei eragiten dielako. Faktore horien gaineko inpaktua moderatutzat jotzen da.

Halaber, ezartzen da sustatzaileak bete egin beharko dituela ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile guztiak, eranskinekoak barne, eta jendaurreko izapideen ondoren onartuak, edo espedienteari erantsitako informazio osagarrian jasotakoak, ebazpen horretan ezarritakoaren aurkakoak ez badira.

Halaber, ingurumen inpaktuaren adierazpenean bertan zehazten diren baldintza eta neurri gehigarriak bete beharko ditu. Neurri horiek, oro har, sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo substantiboan aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira.

Bestalde, 2023ko ekainaren 6an Lurraldearen Antolamenduaren Atalak beste errekerimendu bat igorri zuen, Herri-lurren Atalak 2023ko ekainaren 1ean emandako txostena zela-eta.

Metka EGN Solar 30 SLk errekerimenduari erantzun zion 2023ko ekainaren 5ean, dokumentu baten bitartez, non jaso baitziren herri-ondasunak desafektatzeko toki entitateen bidez bete beharreko neurri administratiboak, aurreikusitako konpentsazio neurriak eta sustatzaileak garaia denean instalazioak eraisteko konpromisoa.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren abuztuaren 21eko 315E/2023 Ebazpenaren bidez baimena eman zen "Sangüesa II" eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko, ebazpenean jasotako zehaztapenak betetzen baziren.

8.– Aurretiazko administrazio baimenaren proposamena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenarekin bat, espedientean jasorik dago garraio sarearen kudeatzaileak instalazioari emandako sarrera eta konexio baimena.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.1 artikuluak xedatzen duena betez, sustatzaileak frogatu du baduela proiektua gauzatzeko legezko gaitasuna, gaitasun teknikoa eta ekonomikoa.

Ebakuazio azpiegiturak inguruetan kokatuko den "Sangüesa I" eguzki instalazio fotovoltaikoarekin partekatuko dira. Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abuztuaren 25eko 112/2023 Ebazpenaren bidez, Metka EGN Solar 29 SLri aurretiazko administrazio baimena eman zaio 30/66 kV-eko azpiestazio jasotzailea eta ebakuazio linea mistoa jartzeko. Ebakuazio linea horrek 5.205 metroko zatia izanen du lurpeko kanalizazioan eta 3.866 metroko zatia airetik; 30/66 kV-eko azpiestazio jasotzailetik abiatuko da eta sistema elektrikoaren sarerako konexio puntuan amaituko da, Red Eléctrica de España SAUren 220 kV-eko Sangüesa TAEan.

Espedientean dago METKA EGN LTDk (Metka EGN Solar 29 SLU eta Metka EGN Solar 30 SLU sozietateetako bazkide bakarrak) igorritako komunikazio bat, zeinaren bidez jakinarazten baita bi sozietateek ebakuazio instalazioen erabilera partekatua adostu dutela, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluari jarraituz.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu du Metka EGN Solar 30 SLri eskatutako aurretiazko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Metka EGN Solar 30 SLri aurretiazko administrazio baimena ematea Kasedako udal mugartean "Sangüesa II" eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko, 20,90 MW-ekoa (29,25 MWp). Betiere Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 418E/2023 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete behar ditu, baimenak indarra izan dezan.

Ebakuazio azpiegiturek badute aurretiazko administrazio baimena, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abuztuaren 25eko 112/2023 Ebazpenaren bidez emana.

2. Aurretiazko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Basoak Kudeatzeko Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Metka EGN Solar 30 SLUri, Telefónica SAri, Nedgia SAri (Grupo Naturgy), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Acciona Generación Renovable SAri, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan elkarteari, Nafarroako Ekologistak Martxan elkarteari eta Kasedako Langileak Hauteskunde Elkarteari, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, espediente zenbakia adieraziz.

6. Ebazpen hau Kasedako, Oibarko eta Zangozako udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko irailaren 6an.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–JASOTAKO TXOSTENAK

Telefónica SA.

Adierazi du ez diola eragozpenik jarriko proiektua gauzatzeari, baldin eta telekomunikazioetako lineak gurutzatzeari eta horien parean joateari buruz indarrean dagoen araudia betetzen bada.

Hala ere, txostenean jasorik utzi du bidezkoa den moduan jokatuko duela baldin eta bere instalazioetan eta komunikazio elektronikoetan kalteak edo perturbazioak gertatzen badira aipatu proiektuan eginen diren lanen ondorioz.

Ondare Arkitektonikoaren Atala.

Txostenean jakinarazi du 66 kV-eko aireko ebakuazio lineak Zangoza eta Rocaforte artean Donejakue bidea gurutzatzen duela, interes kulturaleko ondasun deklaratua. Proiektuak babes zerrendatik kanpo kokatu ditu zutoinak eta ez dago gurutzagune horren aurkako eragozpenik Ondare Arkitektonikoaren Atalaren eskumeneko arloari dagokionez.

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzua.

Txostenean adierazi duenez, proiektuko jarduketak Nafarroako errepide sarea ukitzen du "tinkatze" sistemako lurpeko gurutzagune batean (NA-127 Zangoza-Sos del Rey Católico errepidean) eta 66 kV-eko aireko linea elektrikoaren bi gurutzagunetan: NA-132 Lizarra-Zangoza-Tafalla errepidearen gainekoan eta Rocaforteko NA-5401 errepidearen gainekoan.

Baldintza tekniko batzuk azaldu ditu, proiekturako aurkeztutako dokumentazioak jada baldintza horiek betetzen dituela adierazi du, eta gogora ekarri du ezen obrei ekin aurretik, obrak egiteko nahitaezko baimena eskatzen duenean, sustatzaileak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari dokumentazio teknikoa aurkeztu behar diola, egin beharreko obrek errepideetan nola eraginen duten zehaztuko duena, haren baimena eskatzeko.

Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2021-000164 y 0003-OT12-2021-000165 txostena eman zuen 2021eko abuztuaren 9an.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

Aldeko txostena eman du idazki baten bidez, non lanak egiteko baldintza teknikoak ezartzen baitira, txostenean bertan eta proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasotakoa kontuan hartuta.

Era berean, adierazi du proiektuarekin zerikusia duten gurutzaketak edo obrak egitean, bere sareetan jardutea beharrezkoa bada, SIC espediente bat ireki beharko dela, lanen segurtasuna bermatzeko, eta horretan baloratuko direla lanen sustatzaileari jasanaraziko zaizkion kostuak.

Erantzuna: sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Basoak Kudeatzeko Zerbitzua (Abelbideak).

Basoak Kudeatzeko Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak abelbideei buruz aurkako txostena eman du. Proiektuan antzeman du ez dela betetzen Abelbideetan Zeharreko Sarbideak Baimentzeko Protokoloa, Ingurumen Departamentuak 2015ean onetsia, eta, hesiei dagokienez, ez direla betetzen etorkizuneko mugaketetan eragina izan dezaketen prebentziozko murrizketak.

Erantzuna: sustatzaileak txostenarekin ados dagoela adierazi du eta hasieran proiektatutako sarbideak eta hesiak aldatzen dituen dokumentazioa ekarri du espedientera, horiek txostenean ezarritakoaren arabera egokitzeko.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

Aldeko txostena eman du, eta horrekin batera baldintza sorta bat, sustatzaileak kontuan hartu beharreko ohar batzuekin, arroko erakunde horrekin etorkizunean egin beharko diren ekintzak eta izapideak direla-eta.

Erantzuna: sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Nedgia SA (Grupo Naturgy).

Bere txostenean Nedgia SAk baldintza tekniko batzuk ezarri ditu, sustatzaileak obrak egin bitartean bete beharrekoak, eta adierazi du, uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuarekin bat, obren adjudikazioa jasotzen duen eraikitzaileak Nedgia SAren zerbitzu teknikoei jakinarazi beharko dizkiela obren hasierako eguna, egokitzat jotzen dituen argibideak eta gas instalazioetatik hurbil egin beharreko lanetan kontuan hartuko diren segurtasun neurriak.

Erantzuna: sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

II. ERANSKINA.–ALEGAZIOEN ERANTZUNA

Acciona Generación Renovable SA.

Bere txostenean dio energia ateratzeko proiektatu den ebakuazio lineak, lurpeko tartean, bere titulartasuneko aireko linea gurutzatzen duela toki batean. Aireko linea horretarako, behinola energia elektrikoaren aireko bide zortasuna eratu zen ukitutako lurzatian, eta proiektuko instalazioari aurretiazko administrazio baimena emateak kalte eginen lioke Acciona Generación Renovable SAk bereganatutako eskubide horri.

Adierazten du, gainera, indarra duen araudian ezarritako baldintzak bete behar direla.

Proiektuko 33. euskarria Acciona Generación Renovable SAren titulartasuneko aireko lineatik nahiko hurbil eraiki nahi da, eta datu teknikoak falta dira proiektuaren separatan.

Azkenik, berariaz desadostasuna agertzen du eta proiektua alda dadila eskatzen du, Acciona Generación Renovable SAri ukipenik ez sortzeko, edo, horren ordez, prest agertzen da bere interesak aseko dituen akordio bat sinatzeko.

Erantzuna:

Ebakuazio linearen proiektuaren aldaketak, 2023ko urtarrilaren 16an aurkeztuak, trazadura aldatu du, eta trazadura berriak ez du ukitzen Acciona Generación Renovable SAk energia elektrikoaren aireko bide zortasuna eratuta daukan lurzati hori.

Jatorrizko proiektuko 33. euskarria ere kendu egin da. Beraz, ez du ukituko Acciona Generación Renovable SAren jabetzako egungo linea.

Instalazio fotovoltaikoko ebakuazio linearen amaierako konexioa Accionak REEren Sangüesa azpiestazioan duen posizioan egiteari dagokionez, sustatzaileak adierazi du akordio batera iritsi dela Acciona Generación Renovable SArekin, posizio horretan lanak egin ahal izateko deskonexio denbora konpentsatzeko.

Sustrai Erakuntza Fundazioa.

Alegazioen idazkian honako hau adierazten du:

1. Aurkeztutako proiektuak energia berriztagarrien produkzioa handitzea du xede, baina ez du Nafarroako energia egoera aztertzen.

2. Ez da aztertzen proiektuko eraikuntzaren eta landare estalkia kentzearen ondorioz sortuko den CO2 isuria.

3. Aurkeztutako proiektuak ingurumen balioa duten eremuetan lur mugimenduak egitea dakar.

4. Aurkeztutako proiektuak ingurumen eragin larriak ditu naturaguneetan.

5. Berez proiektu bakarra da, modu artifizialean bitan zatitu dena.

6. Alternatiben azterketa ez dago ongi planteatuta.

7. Proiektuak paisaiari eta bizimodu tradizionalei eragiten die, eta horrek landa garapena eta biztanleriaren mantentzea arriskuan jartzen ditu.

8. Lurzorua behin betiko higatzeko eta galtzeko arrisku handia dago.

9. Proiektuak ingurumen kalte larriak eragiten ahal dizkie komunitate botanikoei.

10. Aurkeztutako proiektuak ingurumen eragin larriak izan ditzake faunan.

Erantzuna:

Proiektua Nafarroako egoera energetikorako egokia izateari dagokionez, proiektuan Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen dituen baldintzak eta helburuak betetzen dira, eta bat dator Estatuko sektore elektrikoaren planarekin eta 2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Era berean, adierazi behar da 2030erako Nafarroako Energia Planak aurreikuspen orientagarri batzuk biltzen dituela, eta Nafarroak energiaren gaian eramanen duen estrategia markatzen badu ere, ez dela erregelamendu bat.

Proiektuak zatitzeari dagokionez, energia berriztagarrien proiektu batzuek energia ebakuatzeko sistema partekatzeak ez du esan nahi nahitaez instalazio bakartzat hartu behar direnik. Are gehiago, instalazioen erabilera partekatzeak ingurumenean duten eragina gutxitzea dakar.

Oro har, ulertu behar da sustatzailearen ahalmena dela instalazio elektriko bat diseinatzea eta zehaztea, enpresa askatasunak babesten baitu (Konstituzioaren 38. artikuluaren eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 2.1 artikuluaren arabera). Ahalmen hori baliaturik, Metka EGN Solar 29 SL eta Metka EGN Solar 30 SL sustatzaileek aurretiazko administrazio baimenaren eskaera bana aurkeztu zuten "Sangüesa I" eta "Sangüesa II" eguzki instalazio fotovoltaikoak eta haien ebakuazio azpiegiturak egiteko.

Bestalde, bi proiektuetako bakoitzak sarbide eta konexio baimen independenteak ditu, bi sozietateetako bakoitzari emanak.

Nabarmendu behar da bi proiektuak proiektu independentetzat jotzeak ez duela ekarri araubide juridikoa onuragarriagoa izatea.

Nabarmendu behar da, azkenik, instalazioen multzoaren potentzia instalatua 50 MW-etik beherakoa denez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokiola haiek baimentzeko eskumena.

Proiektuaren ingurumen alderdiak proiektuaren ingurumen tramitazioan ebaluatu dira. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 239E/2023 Ebazpena eman zen horretarako.

Azkenik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 21eko 315E/2023 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena eman da.

Kasedako Langileak Hauteskunde Elkartea.

Bere izenean eta Kasedako Udaleko zinegotzia dela adierazita, alegazio hauek aurkeztu ditu:

1. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, bai eta haiek defendatu, kontserbatu eta lehengoratu beharra ere, Nafarroako Gobernuan subrogatua Kasedaren kasuan.

2. Proiektua Sangüesa IIren eranskina da, eta bi proiektu fotovoltaikotan zatitzen ari da.

3. Plangintza ordenatu batek proiektu txikiak edo ertainak lehenetsi behar lituzke, bideragarriak direnak hirialde eta industrialdeetan, sarrerako edota ebakuazioko azpiegitura berriak eraiki beharrik izan gabe.

4. Proiektuak, nekazaritza lurretan kokatuta, paisaiaren kalitatea hondatzen duen begi-inpaktua sortzen du.

5. Proiektuan ez da jaso ondare arkeologikoa detektatzeko eta zerbait aurkituz gero hura kontserbatzeko ekintzarik.

Erantzuna:

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutakoaren arabera, energia elektrikoa ekoizteko instalazioek zehazki onura publikoaren aitorpena jaso dezakete. Aurrekoaren ondorioz, nahitaez desjabetzen ahalko dira instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideak, herri-ondasunak barne, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluarekin bat etorriz.

Proiektu fotovoltaikoen zatiketari buruzko kontuari aurreko alegazioetan erantzun zaio eta bidezkoa da horietara jotzea.

Hirigintza, paisaia eta ingurumen kontuak jada baloratu dira lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena izapidetzean.

Azkenik, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, eta espedientea izapidetzean murriztu egin da instalazio fotovoltaikoak hartuko duen azalera, inguruan dauden aztarnategi arkeologikoak ez ukitzeko.

Zangozako Udala.

Alegazio hauek aurkeztu ditu:

1. Proiektuko aireko ebakuazio lineak 7,502 kilometro ditu, eta hogeita hiru euskarri. Euskarriok 313,17 m²-ko zimendu azalera behar dute. Euskarrietatik hogeita bi Zangozako udal mugartean daude.

2. Badago linea egoki bat ekoitziko den energia elektrikoa ateratzeko, duela gutxi eraikia, baina ez da aukeratzat baloratu proiektuan. Instalaziotik bertatik igarotzen da eta Rocaforteko industrialdeko "SET Sangüesa" azpiestazioraino iristen da. Udal honen iritziz, eta linea osoa lurperatzeko aukera baztertzen bada, lehendik dagoen goi tentsioko aireko linea partekatzea aukera onena da paisaiaren eta ingurumenaren aldetik.

3. Dokumentazioan eraiste plan bat jaso da, baina ekoizpen instalazioa soilik hartzen du, kanpoan utzita Zangozako udal lurrak zeharkatuko dituen aireko linea eta bertan kokatuko den TAE jasotzailea.

4. 2020ko azaroaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabaki batean, Udalak dekretatu zuen lurzoru urbanizaezinean eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak ezartzeko lizentziak emateari uztea oraingoz.

Erantzuna:

Ingurumen Eraginaren Atalak eskatutakoa betez, instalazioaren sustatzaileak ebakuazio linearen trazaduraren aldaketa aurkeztu zuen 2023ko urtarrilaren 16an. Trazadura berriak hiru tarte desberdin ditu Zangozako udalerriaren barruan: lehenengo tartea lurpeko kanalizazioan doa aurrera alorretan eta landabideetan zehar; bigarren tartea airekoa da; eta hirugarren tartea berriz ere lurpeko kanalizazioan doa aurrera NA-127 errepidearen azpitik, landabide baten azpitik eta Sangüesa BTAren lurzatian zehar. Zangozako Udalak adierazitakoari erantzunez, sustatzaileak azaldu du konfigurazio berriak eraginak murrizten dituela eta inguruarekiko bateragarritasuna handitzen duela.

Bestalde, sustatzaileak ez du eginen 66/220 kV-eko azpiestazio jasotzailea, hasiera batean Zangozako 1. poligonoko 85. lurzatian proiektatuta zegoena.

Energiaren ebakuaziorako beste enpresa batek lehendik duen linea elektrikoa partekatzeko iradokizunari dagokionez, sustatzaileak adierazi du aukera aztertu duela eta lehendik dagoen linearen titularrarekin harremanetan jarri dela. Enpresa horrek bere energia ateratzeko daukan plangintzak ez dio lineari behar adinako edukiera uzten beste proiektu batzuekin partekatu ahal izateko.

Proiektuaren ingurumen alderdiak haren ingurumen tramitazioan ebaluatu ziren; horretarako, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 9ko 239E/2023 Ebazpena eman zen. Hirigintza eta paisaia alderdiak lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenaren tramitazioan baloratu dira; tramitazio hori Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren zuzendariaren abuztuaren 21eko 315E/2023 Ebazpenarekin amaitu da.

Ongaiz-Zangoza eskualdeko Ekologistak Martxan.

–Nafarroako Ekologistak Martxan.

Alegazioen idazkian bi elkarteek honako hau adierazten dute:

1. Nafarroako egoera energetikoa. Oro har, adierazten dute parke eolikoak 2030erako Nafarroako Energia Planean energia eolikorako desegokitzat jotako edo ingurumen eta lurralde mugak dituzten eremuetan daudela.

2. Proiektuen inpaktuak.

3. Klima aldaketaren ondorioak gehitzea. Proiektuak fase guztietan klima aldaketan, CO2 emisioetan eta beste kutsatzaile batzuen emisioetan duen eragina kuantifikatu beharko litzateke.

4. "Sangüesa II" proiektuaren eta haren ebakuazio linearen inguruneko ingurumen balioak, eta proiektatutako instalazioak eta haren ebakuazio lineak izanen dituzten inpaktuak.

5. Energia kontsumoa murrizteko alternatibak; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.

6. Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzea.

Erantzuna:

Nafarroako Energia Planari eta Nafarroako egoera energetikoari dagokienez, aurreko alegazioetan erantzundakora jo behar da.

Hirigintza, paisaia eta ingurumen kontuak jada baloratu dira lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena izapidetzean.

Iragarkiaren kodea: F2313040