196. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

318E/2023 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita ECO Binder erretxina erabiltzeko bideragarritasun saiakuntzen proba egiteko, Caparrosoko udal-mugartean dagoen eta harri zuntzezko isolatzaileak fabrikatzen dituen instalazio batean. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Rockwool Peninsular SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 816/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 258E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2023ko ekainaren 9an, titularrak eskatu zuen ECO Binder erretxina ez-fenolikoak erabiltzeko proba egin ahal izatea, harri zuntza fabrikatzeko prozesuaren barnean, instalazioetan erretxina horiek erabiltzeak zer inpaktu duen ebaluatzeko eta, halaber, sufre oxidoak atzitzeko instalazioa diseinatzeko kalkuluak egiteko 3. fokurako (ontzea).

Probak 1.000 ordu iraunen du eta, bitartean, lignosulfatoan oinarritutako erretxina erabiliko da. Material horren ondorioz, sufre oxidoak isuriko dira 3. fokutik. 2022an hainbat saiakuntza egin dira, eta egiaztatu da SOx isuriko dela adierazitako fokuan. Horregatik, ingurumen baimen integratuan material hori sartzeko, beharrezkoa izanen da 3. fokuko SOx isuria mugatzea eta, hala badagokio, baita dagokion tratamendu sistema ezartzea ere. Saiakuntza honi esker, alderdi horiek ebaluatzeko emaitza adierazgarriak lortzen ahalko dira.

Guztira, 1.150 tona ECO Binder erretxina erabiltzea aurreikusten da. Titularrak proposatu du 1. fokuak isurtzen duen karga murriztea 3. fokuko SOx isurien gehikuntza konpentsatzeko, instalazioak osotara isurtzen duen karga handitu ez dadin.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du instalazioa, lehendik dauden neurri zuzentzaileak eta proba egiteko ezarritako baldintzak egokiak direla proba egitea baimentzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea ECO Binder erretxina erabiltzeko bideragarritasun saiakuntzen proba egiteko, Caparrosoko udal-mugartean dagoen eta harri zuntzezko isolatzaileak fabrikatzen dituen instalazio batean. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Rockwool Peninsular SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Rockwool Peninsular SAri eta Caparrosoko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko burua, David Sotillo Portilla, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2313132