196. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

209/2023 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, bukaera ematen diona Fermín Burguete Cabodevilla jaunaren oinordekotza prozedurari (GP 2022182) Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratu gabe.

2022ko irailaren 29ko idazki baten bidez, jakinarazi zitzaion Ondare Zerbitzuari Adoainen (Urraulgoiti) bizi zen gizon bat, Fermín Burguete Cabodevilla jauna, jaraunsle ezagunik gabe hil zela, eta, funtsean, Nafarroako Foru Komunitatea legezko oinordeko deklaratzea eskatzeko.

Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak ekainaren 26an emandako 164/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitatea Fermín Burguete Cabodevilla jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2022182) deklaratzeko prozedurari.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz". Heriotza-egunean aplikagarria den araudi horren arabera, kasu honetan seigarren mailara bitarteko odol ahaideak izan daitezke jaraunsle.

Fermín Burguete Cabodevilla jauna Adoainen (Urraulgoiti) jaio zen 1914ko irailaren 25ean, eta Iruñean hil zen 1993ko urriaren 25ean. Haren azken helbide ezaguna Adoainen izan zen, San Esteban kaleko 1ean (Urraulgoiti).

Hildakoaren ondasun gisa identifikatutako ondasuna honako hau da:

–Higiezina Adoaingo San Esteban kaleko 1ean (Urraulgoiti); haren katastro-balioa 41.135,01 eurokoa da.

Espedientean daude kausatzailearen jaiotza- eta heriotza-ziurtagiriak eta Azken Nahien Erregistroarena; azken horretatik ondorioztatu da ez zuela testamenturik egin.

Behar diren ikerketak egin ondoren, egiaztatu da hildakoak badituela zenbait jaraunsle Nafarroako Foru Komunitateak baino eskubide hobea dutenak, gutxienez Murillo Berroian, Ongotzen eta Elkoatzen. Beraz, bidezko da prozedurari bukaera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Fermín Burguete Cabodevilla jaunaren abintestato jaraunsle deklaratu gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenen ondorioz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren bidez esleitu didaten eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedurari bukaera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Fermín Burguete Cabodevilla jaunaren abintestato jaraunsle deklaratu gabe.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Urraulgoitiko, Nabaskozeko eta Erromantzatuko udaletara igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.

3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Aferetarako Bulegoa) eta departamentu horretan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzailetza delegatura.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen.

Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketa kasuetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 28an.–Ondare Zerbitzuko zuzendaria, Marta Echavarren Zozaya, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia bete gabe dagoelako (Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 12ko 76/2019 Foru Agindua).

Iragarkiaren kodea: F2312462