196. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Ordenantza fiskala, Lino Otano Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2023ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lino Otano Musika Eskolako ikastaroetan izena emateko eta parte hartzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala (11. ordenantza).

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua.

Mutiloan, 2023ko abuztuaren 30ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

11. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honen xede den prezio publikoa ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (lege hori martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen).

Sortzapena

2. artikulua. Ordaindu beharra ikastaroetan izena ematen den unean berean sortzen da eta hartan parte hartzen dutenek ordaindu beharko dute.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

3. artikulua. Izena emateko kuota edo matrikula ordaindu beharko da hura formalizatu baino lehen matrikulatzeko epearen barnean, ikaspostua erreserbatzeko edo eskaera berriak kudeatu eta izapidetzeko, haien balorazioa egite aldera.

Ikaspostua eskatzeko, ikasle berriek diru-sarrera egin beharko dute Udalaren banku-kontuetako batean (ikaspostua eskatzeko dokumentazioan adieraziko dira kontu horiek), eta diru-sarrera horren banku-frogagiria aurkeztu beharko dute musika eskolak eskaturiko gainerako agiriekin batera, aurrez aurre zentroko administrazioan.

Ikasle zaharrek automatikoki berrituko dute matrikula. Musika-ikasketetan segitu nahi ez dutenek baja eman beharko dute matrikulatzeko epean, edo horretarako ezarritako epean. Behar den eskabidea aurkeztuko dute musika eskolako administrazioan.

Instrumentu espezialitate batean baino gehiagotan matrikulatzen direnek kuota bakarra ordainduko dute matrikula gisa.

Matrikulatzeko epea bukatutakoan, ikaspostu hutsik geldituz gero baino ez dira onartuko beste matrikula batzuk.

Ikaspostua eskatzeko prozesuan matrikularen zenbatekoa ordaintzeak ez du bermatzen ikasposturik erdiestea musika eskolan. Udalak ikastaroa bertan behera uzten duenean baizik ez da bidezko izanen matrikularen prezioa itzultzea, edo eskaera egin duten ikasleek ikasposturik erdietsi ez dutenean eskaintzen diren espezialitateetan.

Musika eskolaren beste aldi batzuetan kuotak ez ordaintzeagatik Arangurengo Udalarekin zorrak dituzten ikasleek ezin izanen dute izena eman, ez eta matrikula egin ere.

4. artikulua. Ikasleei urteko kuota kobratzeko irizpideak eta gerta daitezkeen bajak.

Ikaslea matrikulatu den mailarako urteko kuota ikastaro bakoitzeko (ikusi prezio publikoen eranskina) ordainduko da kopuru bereko hiru ordainketa zatikatutan. Ordainagirien ordainketa banku-kontu batean helbideratu behar da; kontu horren datuak matrikula egitean adieraziko dituzte matrikulatzen direnek.

Hona hemen Udalak zenbateko horiek kobratzeko ezarritako datak:

–Prestakuntza maila guztietarako, salbu helduen musika-ikasketetarako:

a) Lehen kobrantza: urrian.

b) Bigarren kobrantza: urtarrilean.

c) Hirugarren kobrantza: apirilean.

–Ikasle helduak:

a) Lehen kobrantza: uztailean.

b) Bigarren kobrantza: urrian.

c) Hirugarren kobrantza: urtarrilean.

Eskolan ikastaroa hasitakoan onartzen diren ikasleek matrikula osoa ordainduko dute, eta irakaskuntzari dagozkion tarifak, berriz, ikastaroari falta zaizkion hilabeteen arabera, izena zer hilabetetan ematen den, hura barne dela.

Jadanik matrikulaturik egonik musika eskola beren borondatez utzi nahi duten ikasleek idatziz eskatu beharko dute, ez baita ahozko eskaerarik onartuko. Eskola uzteak honako ondorio hauek ekarriko ditu:

–Prestakuntza maila guztietarako, salbu helduen musika-ikasketetarako:

a) Ez zaie inondik ere itzuliko matrikulagatik ordaindutako zenbatekoa.

b) Uzteko eskaera egiten bada ekainaren 30etik irailaren 1era bitarte, ez da ordainduko 4. artikuluan aipatu diren epeen kuota bat ere.

c) Uzteko eskaera egiten bada irailaren 2tik azaroaren 30era bitarte, lehen epea baizik ez da ordainduko 4. artikuluan aipatu direnetarik.

d) Uzteko eskaera egiten bada abenduaren 1etik martxoaren 15era bitarte, lehen eta bigarren epeak baizik ez dira ordainduko 4. artikuluan aipatu direnetarik.

e) Uzteko eskaera egiten bada martxoaren 16aren ondoren, ordaindu beharko dira 4. artikuluan aipatu hiru epeak.

–Ikasle helduak:

a) Ez zaie inondik ere itzuliko matrikulagatik ordaindutako zenbatekoa.

b) Uzteko eskaera egiten bada ekainaren 30a baino lehen, ez da ordainduko 4. artikuluan aipatu diren epeen kuota bat ere.

c) Uzteko eskaera egiten bada uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte, lehen epea baizik ez da ordainduko 4. artikuluan aipatu direnetarik.

d) Uzteko eskaera egiten bada urriaren 1etik abenduaren 15era bitarte, lehen eta bigarren epeak baizik ez dira ordainduko 4. artikuluan aipatu direnetarik.

e) Uzteko eskaera egiten bada abenduaren 16aren ondoren, ordaindu beharko dira 4. artikuluan aipatu hiru epeak.

Zentroak ikasturte bakoitzean ezartzen ahalko du beharrezko materialaren zerrenda prestakuntza maila eta/edo irakasgai bakoitzerako; horri dagokion gastua agertuko da matrikulatzeko prozedurari buruzko informazio publikoan.

5. artikulua. Ikasle berriak erroldaren arabera onartzea.

Zentroan ematen diren maila eta prestakuntza aukera guztietarako, bai Arangurenen erroldaturiko ikasleak, bai erroldatu gabekoak onartuko dira, gelditzen diren ikaspostu hutsen arabera hala instrumentu espezialitateetan nola beste irakasgai batzuetan, ikasle zaharrek matrikula egin ondoren.

Maila guztietarako eta instrumentu talde nahiz ahots talde guztietarako, erroldatutzat hartuko dira matrikula egiteko garaian Arangurengo Udalaren erregistroan inskribaturik daudenak, bai eta gurasoak banantzearen edo dibortziatzearen ondorioz erroldaturik ez daudenak ere, gurasoetako bat erroldaturik badago. Inguruabar hori frogatu egin beharko da.

6. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

Musika eskolak, ikasturte bakoitzean eta zentroaren musika beharren arabera, ikaspostu kopuru jakin bat ezarriko du zentroan ematen diren prestakuntza mailetarako eta instrumentu espezialitateetarako.

Ikaspostuak eta/edo instrumentu espezialitateak esleitzeko egiten den zozketa oro jendaurrekoa izanen da, eta nahitaezkoa izanen da ikasle bakoitzak ordezkari bat izatea, zozketan parte hartu ahal izateko.

Leku horien esleipena honela eginen da:

1.–I. maila: Musika Hastapena (3-4 urtetik 6-7 urtera). Ikasle berriak eta ikaspostu hutsen arabera:

1. Arangurenen erroldaturiko ikasleak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

2. Arangurenen erroldaturiko ikasleak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

3. Arangurenen erroldatu gabeko ikasleak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

4. Arangurenen erroldatu gabeko ikasleak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

2.–II. maila: 1. ikasmaila (7-8 urte, instrumentu ezagutzarik gabe).

1. Zentroko uneko ikasleak, ikaspostua zein ikasturtetarako eskatzen den, aurreko ikasturtean bukatu dutenak Musika Hastapeneko 4. ikasmaila, Arangurengo Lino Otano Musika Eskolan Hastapeneko 3. eta 4. ikasmailak gutxienez eginak dituztenak; eta aurreko ikasturtean II. mailako 1. ikasmaila bukatu dutenak, instrumentu espezialitatea aldatu nahi badute hurrengo ikasturterako.

2. Zentroko uneko ikasleak, Arangurengo Lino Otano Musika Eskolan Musika Hastapeneko 4. ikasmaila soilik egin dutenak, aurreko ikasturtean.

3. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

4. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

5. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

6. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

3.–II. maila (2. ikasmaila eta hurrengoak –8-9 urtetik aurrera–) eta III. maila.

1. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

2. Arangurenen erroldaturiko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

3. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anaia edo arrebaren bat daukatenak.

4. Arangurenen erroldatu gabeko ikasle berriak, zentroan anai-arrebarik ez daukatenak.

Musika ezagutzak dituzten ikasleek ikaspostua eskatzen badute II. mailako 2. ikasmailatik edo hurrengoetatik aurrera, mailakatze proba bat egin beharko dute, horiek onartzeko haien musika-mailari dagokion ikasmailaren arabera eta, ikasketa-planari jarraikiz, egin behar dituzten irakasgaietan dauden ikaspostu hutsen arabera.

4.–Helduak.

–Helduen mailan sartzen ahalko dira Batxilergoko 2. mailatik edo horren parekotik aurrerako ikasleak (17 urte).

–Zentroak eskaintzen dituen helduen ikaspostuak ezin izanen dira izan ikasturte bakoitzeko ikasleen %8 baino gehiago.

1. Arangurenen erroldaturiko ikasleak.

2. Arangurenen erroldatu gabeko ikasleak.

7. artikulua. Irakaskuntzen antolaketa.

Taldekako irakasgai guztietarako, gutxienez 6 ikasle behar dira, salbu eta kontserbatoriorako prestatzeko taldeen Musika Hizkuntzako irakasgairako; azken kasu horretan, eskola-denbora doituko da, ikasturte bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera.

Ez da onartuko taldez aldatzea, baldin eta aldaketa horrekin eragozten bada talde bakoitzeko ezarrita dagoen gutxieneko ikasle kopuruari eustea.

Instrumentu eskolak talde txikikoak dira (2-3 ikasle), instrumentu espezialitatearen arabera.

Instrumentu eskolak pareko adin eta instrumentu mailen arabera antolatuko dira.

Honelakoetan baizik ez da ematen ahalko bakarkako eskola:

–Ikastaro batean ikasle bakarra matrikulatu bada, eta hura beharrezko instrumentua bada zentroko instrumentu taldeentzat.

–Irakasleek halako ikasle batez emandako orientabide baten kariaz, haren prestakuntzaren mesedetan, pedagogikoki arrazoiturik eta zuzendaritza taldeak oniritzia ematen badu.

–Ikasleen aniztasunari erantzuteko.

–Lehen ikasmaila baino gorakoak ikasi behar dituzten ikasle berriek mailakatze proba bat egin eta Musika Hizkuntzako talde baterako lekua erdietsi ondoan, irakasleek uste badute instrumentu mailan ez dela pareko ikaslerik taldekako eskolak antolatzeko, eta hura beharrezko instrumentua bada zentroko instrumentu taldeentzat.

Ikasle batek baja ematen badu ikastaroa hasita dagoenean, eskola-denbora doituko da instrumentu eskolan, talde txikian gelditzen den ikasle kopuruaren arabera.

Ikasle zaharrek baino ez dute izanen bigarren instrumentu espezialitate bat egiteko aukera. Horretarako, bigarren instrumentu bat ikasi gogo duen ikasleak kasuan kasuko eskaera aurkeztu beharko du, matrikula berritzeko dokumentazioarekin batera. Ikastetxeak hori egiteko aukera aztertuko du, antolaketaren eta eskaintzen diren ikaspostu hutsen arabera. Instrumentu eskolaren antolaketa izanen da lehen ezarritakoa, eta ikasketa-planari jarraikiz egin beharreko instrumentu ikastaroaren araberakoa.

Zer eskari dagoen, horren arabera baloratuko da instrumentu berriak sartzea, gutxienez 4 lagun badaude espezialitate berean interesaturik. Espezialitate hori ezarriko da, baldin eta interesaturik dauden 4 lagunek (gutxienez) dagokion matrikula formalizatzen badute.

Instrumentu Taldeak ikasteko, aurretik musika ezagutzak dituzten 11 urtetik gorako ikasleek ezagutza horiek frogatu beharko dituzte eta/edo, matrikulatu baino lehen, mailakatze proba bat egin, onar daitezkeen ala ez erabakitzeko.

Espezialitateko irakasleak banatuko ditu ikasleak espezialitate bakoitzari dagozkion instrumentu taldeen artean, kontuan harturik ikasle bakoitzaren musika maila eta zentroaren beharrak.

8. artikulua. Eskariaren arabera eta Arangurengo Udalaren Euskarari buruzko ordenantza oinarri harturik, euskarazko irakasgaiak ematen segituko da.

9. artikulua. Tarifak aplikatzea.

Aplikatu beharreko tarifak arau honen eranskinean ageri dira, eta barne hartzen dute balio erantsiaren gaineko zerga, hala badagokie.

Tarifak aplikatzeari dagokionez, familia-unitatea da definitzen dena 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta 2008ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 30ean).

Erroldaturik dagoen ikasle batek errolda beste udalerri batera aldatzen badu ikasturtean, erroldatu gabeko ikasleentzat ezarritako kuota ordaintzen hasiko da zuzenean.

Erroldatu gabeko ikasle batek errolda Arangurenera aldatzen badu ikasturtea hasi ondoren, tarifa aldatuko da erroldatuen kuotara, ikaslea noiz erroldatzen den, horren ondoren Udalak igortzen duen hurrengo ordainketatik hasita, eta arau honen 4. artikuluan ezarritako hilabeteen arabera.

Ikasleren batek ikasturte batean zehar musika prestakuntza eten nahi badu musika eskolan, bizilekua Nafarroatik kanpora aldatzen duelako, izena eman eta matrikula egiteagatik dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du, "ikaspostu erreserba" gisa. Ikasturte bat igarota, ez badu berriz sartzeko eskaera egiten matrikulazio aldian, ez da hartuko ikasle zahar gisa.

10. artikulua. Familia ugarien murriztapenak izan nahi dituztenek horren egiaztagiria aurkeztu beharko dute nahitaez, ikasturte bakoitzerako matrikulazio aldian.

Arangurenen erroldaturik daudenek baino ez dute izanen murriztapen hori.

Deskontua aplikatuko da indarrean den egiaztagiria eskola musikan aurkeztu eta hurrengo ordainketaren kopuruan.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ikasturteko prezio publikoak.

–Matrikula: 62 euro.

–Urteko kuota: kopuru bereko hiru ordainketa zatikatutan ordainduko da bankuko helbideratze bidez, jarraian adierazten diren datetan eta zenbatekoekin, ikasleen prestakuntza mailaren arabera.

ORDAINTZEKO MODUAK

I., II. ETA III. MAILETAKO IKASLEAK

IKASLE HELDUAK

Lehen kobrantza

Urria

Uztaila

Bigarren kobrantza

Urtarrila

Urria

Hirugarren kobrantza

Apirila

Urtarrila

MAILAK

ERROLDATUAK

ERROLDATU GABEAK

I. maila

110 euro/ordainketa

176 euro/ordainketa

II. maila

251 euro/ordainketa

401 euro/ordainketa

Kontserbatoriorako Prestakuntza

Errepertorista*

298 euro/ordainketa

100 euro ordainketa bakarrean, 3. hiruhilekoan

475 euro/ordainketa

100 euro ordainketa bakarrean, 3. hiruhilekoan

2. instrumentua

131 euro/ordainketa

210 euro/ordainketa

Taldeko Kantu Modernoa

32 euro/ordainketa

51 euro/ordainketa

III. maila

1. aukera

219 euro/ordainketa

351 euro/ordainketa

2. aukera

251 euro/ordainketa

401 euro/ordainketa

2. instrumentua

131 euro/ordainketa

210 euro/ordainketa

Taldeko Kantu Modernoa

32 euro/ordainketa

51 euro/ordainketa

Helduak

Instrumentua

175 euro/ordainketa

280 euro/ordainketa

Taldeko irakasgaiak: Musika Hizkuntza, Konboa edo Taldeko Kantu Modernoa

87 euro/ordainketa

139 euro/ordainketa

Instrumentu taldeak soilik

Haurren abesbatza

65 euro/ordainketa

79 euro/ordainketa

Instrumentu Taldeak

65 euro/ordainketa

79 euro/ordainketa

Taldeko Kantu Modernoa

100 euro/ordainketa

121 euro/ordainketa

–5. Kontserbatoriorako Prestakuntza eta Errefortzuko Ikastaroa (Lanbide irakaskuntzetarako sarrera probak prestatzeko ikastaroak): haien instrumentu espezialitatea dela eta, ikasleek errepertorista behar badute, hirugarren ordainketan, orobat, dagokion zenbatekoa ordaindu beharko dute, 100 eurokoa.

2. epigrafea.–Familia ugaria.

–%10eko murriztapena eginen da urteko kuotaren zenbatekoaren gainean, eta inoiz ere ez matrikularen zenbatekoaren gainean.

–Arangurenen erroldaturik daudenei baino ez zaie aplikatuko.

–Ezinbestekoa izanen da musika eskolako administrazioan fotokopia bidez aurkeztea familia ugariaren egiaztagiria, indarrean dena.

–Deskontua aplikatuko da indarrean den egiaztagiria aurkeztu eta hurrengo ordainketaren kopuruan.

Iragarkiaren kodea: L2312872