1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
842E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Carcarren hondakinak kudeatzeko zentro baten proiektuari buruz. Proiektuaren sustatzailea Rinacon Gestión SL da.
2022ko martxoaren 8an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan.
Zentro berria Carcarko 1. poligonoko 10. lurzatian zegoen "Conservas Cárcar" enpresaren instalazioetan kokatu nahi da, eta kontserba-industrietatik datozen hondakin ez-arriskutsuak bereizi, sailkatu eta tratatuko ditu (hondakin organikoak, paletak, zura, latak, txatarra, brikak, plastikoa, kartoia eta beira), industria-nabeen barruan zein kanpoan.
Txosten honen I. eranskinean, proiektuaren funtsezko datuak eta aurkeztutako dokumentuaren ingurumen informazioaren alderdi nabarmenenak laburbiltzen dira. Informazio hori nahikotzat jo da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutakoari dagokionez.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei.
Carcarko Udalak kontrako txosten bat bidali du, eta bertan adierazi du proiektua ez dela bateragarria hirigintza-plangintzarekin, ezta proposamena kokatzen den lurzatiari aplikatu beharreko hirigintzako lege- eta arau-esparruarekin ere.
Ibai Ingurunearen Atalak eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txosten baldintzatuak eman dituzte.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jakinarazi du hondakinak tratatzeko eta kudeatzeko prozesuak usainak eta materia organikoaren presentzia eragin ditzakeela jarduketa-eremuetan. Alderdi horiek bereziki baloratu behar dira, eta, zalantzarik gabe, proiektua gauzatzeko eta kontrolatzeko prebentzio neurri bereziki zorrotzak aplikatu beharko dira, baloratu beharko direnak. Neurri horien artean, honako hauek egon daitezke: konpostaje-prozesua estalpean egin beharra, edo haien eragina minimizatzeko teknologiak (tunelak, siloak, haize-makinak...) ezarri beharra, are aurretiazko azterketak egitea ere, usainak neurtzeko azterketak bereziki, sortzen den intzidentzia zehaztasunez baloratzeko. Txosten berean adierazten denez, 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planaren arabera, proposatutako kokapena ez da egokia instalaziorako proposatu diren jardueretakoren bat instalatzeko. Sustatzaileak 2022ko abuztuaren 8an bidalitako ofizioan, kokapena bete izana justifikatzen saiatzen da Nafarroako Hondakinen Planean ezarritako murrizketetan oinarrituta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
Kontsulten emaitza ikusita, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazten du ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela, eta zehazten du ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.2 artikuluan (III. eranskina) aipatutako irizpideen arabera, II. eranskineko proiektu bati ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko, bereziki d) atalari (hondakinen sorrera) eta e) atalari (kutsadura eta beste eragin batzuk) dagokienez, proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ingurumenaren gainean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Carcarren hondakinak kudeatzeko zentro baten proiektuak, Rinacon Gestión SLk sustatu duenak, ondorio nabarmenak izan ditzake ingurumenaren gainean, eta, beraz, hari buruzko ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (9. eskualdea, "Lizarra hegoaldea") igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA–AURKEZTUTAKO PROIEKTUAREN ETA INGURUMEN INFORMAZIOAREN DESKRIBAPENA
Proposamen teknikoa.
Rinacon Gestión SL enpresak hondakinen kudeaketan jarduten du, eta Andosillako industrialdean du egoitza. Eskualdeko kontserba-enpresei ematen dizkien zerbitzuak handitu dituenez, espazio berriak behar ditu, eta, beraz, Carcarko 1. poligonoko 10. lurzatia erosi du (Carcarko Barranco kaleko 12. zenbakia), dagoeneko desagertua dagoen Conservas Cárcar SAren instalazioak hartzen dituena.
Zentro berri horretan honako prozesu hauek eginen dira: kontserba-industrietako hondakin organikoen, lastoaren eta barrengorri-ekoizpenaren hondarren konpostajea; paletak berreskuratzea; zur-hondakinen tratamendua ezpalak egiteko; laten, txatarraren eta bricken hondarrak garbitzea eta prentsatzea edo ehotzea; plastikoa eta kartoia prentsatzea; kontserben ontzietako beiraren garbiketa eta aurretratamendua.
Proiektuko lurzatia hiri-lurzoruan dago eta 46.251 m² ditu. Lurzatiaren iparraldean, Ega ibaiaren eskuineko ertzean (kanalizatua dago), "El Motarrón" bidea dago, lurzatiak berak partez okupatzen duena; ekialdean, minizentralaren ubidearekin egiten du muga; hegoaldean, La Plana sakanaren eskuineko ertzarekiko paralelo doan bide batekin egiten du muga, eta ibilgu hori proiektuko lurzatiaren barruan dago. Lurzatiaren ipar aldeko erdi aldean hiri-lurzati pare bat daude. Horietako bat artegi gisa erabiltzen da (Carcarko 1. poligonoko 1. lurzatia), eta bestea, biltegia duen etxebizitza gisa (Carcarko 1. poligonoko 157. lurzatia).
Proiektuan aurreikusita dago "Conservas Cárcar SA" zenaren eraikin batzuk eraistea, baina hiru nabe berrienak –zabalenak– mantenduko dira. Nabe horiek mendebaldean eta hegoaldean kokatuak daude, eta "L" itxurako eraikina osatuko dute. Lurzatia berriz urbanizatuko da, egungo zabalguneak handituz, eraitsitako nabeetako espazioak gehituta, eta kanpoko espazioak antolatuko dira, eraitsi gabe utzitako nabeei eta zabalguneei erabilera berriak esleitzeko. Ez da aurreikusten lurzatien eta aldameneko lursailen okupazio berririk.
Nabeen barruan, bulegoak, espazio komunak eta jardueraren beste elementu batzuk ez ezik, honako hauek ere eginen dira: paleten tratamendua (ipar-mendebaldean dagoen zabalgune berri batetik jasotzea, konponketa-eremua, eta jasotako materialak eta konpondutako paletak biltegiratzeko eremua); zura birrintzea, plastikoa eta kartoia prentsatzea, eta kartoi prentsatua eta plastiko prentsatua biltegiratzea gero kanpora bidaltzeko.
Nabeen kanpoaldean, honako hauek kokatuko dira: materialak jasotzeko, kargatzeko eta bidaltzeko patioak, jasotako materialak eta material balorizatuak metatzeko tokiak eta siloak, prozesuaren beste zenbait elementu, hala nola errotak eta zanpatzeko makinak, materia organikoaren biltegia eta, azkenik, kamioiak maniobratzeko tokiak, baskula, aparkalekuak eta suteetarako ur-depositua.
Proposamenak hondakin-uren, euri-uren, lixibiatuen eta abarren tratamendua biltzen du. Zuzkidurei dagokienez, instalazioa hiri-lurzoru urbanizatuan sustatzen denez, oinarrizko azpiegitura dago, eta 630 KVAko transformazio zentro propio bat baino ez da beharko, nabeen ipar-mendebaldean, El Motarrón bidearen ondoan.
Proiektuak proposatzen du makalak eta arbendolak landatzea, CO2 atzitzaile gisa, gaur egun nekazaritza-erabilera duen lurzatiaren ekialdean (23.400 m²).
Ingurumen agiria.
Izapidetutako dokumentazioan, jarduera sailkatuaren proiektua eta beste atal batzuk sartu dira, eta horien edukia nahikoa da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eskatzen dena betetzeko, bereziki proiektuak ingurumenean izanen duen elkarreraginaren deskribapenari dagokionez eta proposamenak eragin ditzakeen ingurumen inpaktuak saihestu edo minimizatuko lituzkeen zenbait neurri proposatzeari dagokionez.
Iragarkiaren kodea: F2312467