1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
832E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proiektu honen aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten baita: "Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko UGPSaren aldaketa". Aldaketa hori Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.
Aipatutako UGPSa 2008/02/27an jarri zen indarrean, eta 1.531,89 Ha-ko eremu baterako determinazioak ezartzen ditu. Eremu horrek urtegiaren bazterrak hartzen ditu barne, urtegiaren ertzetatik neurtuta 50 metro zabal den zerrenda batean, Nagoreko eta Orotz-Beteluko atzealdeko dikeetatik behera, bai eta urtegia bera ere. Eremua Nagoreko eta Orotz-Beteluko inguruan zehaztu da kontuan hartu direlako aurreikusten diren erabilera batzuk hartzeko egokien diren eremuak.
Aztertzen ari garen kasuan, aldaketa Nagore ingururako planteatzen da, non UPGSan aurreikusitako jarduketetako batzuk gauzatuak dauden jada, AA2 Angordoiko harrera-eremua, esate baterako, zeinak informazio gune bat, sartzeko bide bat, aparkaleku eremu bat, higiene-zerbitzuak eta oinarrizko hornidura-azpiegiturak baititu.
Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait jarduketa egiten ditu Nagoreko presaren inguruan, espazio horrek zonaren lurralde garapenerako dituen potentzialtasun guztien balioa nabarmentzeko eta eremuan mobilizatu daitezkeen baliabide guztien aprobetxamendu jasangarria ahalik eta gehien indartzeko asmoz. Eta UPGSa aldatzea proposatzen du, proposamen berriak ahalbidetzeko, hala nola:
–Bizitegi-sektorearen erabilerak eta azalerak berrikustea eta indarrean dagoen bizitegi-ahalmena eguneratzea, ereduzko lurzatien tamainaren eta dauden eta aurreikusten diren etxebizitza-tipologien arabera, sektorearen bideragarritasuna eta jasangarritasuna bilatzeko asmoz.
–Angordoiko harrera-eremua handitzea, aisialdi eremua handitzeko eta, hala badagokio, berrantolatzeko.
–Ontziak desinfektatzeko ekipamendu bat instalatzea, urtegia nabigagarria izan dadin. Horretarako, espazio bat egokituko da handik hurbil; izan ere, gaur egun, bizitegi-sektorearen barruan dago, Nagoreko iparraldean.
–Etorkizunean zentro nautiko bat eraiki dadila ahalbidetzea, ontziak desinfektatzeko ekipamendutik hurbil.
Nagoreko atzealdeko dikearen plangintzak bizitegi-lurzoruaren sektore bat (SR) ezartzen du herritik hurbilen dagoen ingurunean, han dagoen herrigunetik harrera-eremuraino iristen dena. Halaber, sistema orokor bat (SG-3) ezartzen du, bizitegi-espazioarekin mugakidea eta ur geruzarekin eta AA-2 harrera-eremuarekin kontaktuan dagoena. Antolamendu horri dagokionez, honako hau proposatzen da:
–Bizitegi-sektorea (lurzoru urbanizagarria). Hotel batentzako lurzatia kendu eta 8 bizitegi-lurzati berri sortuko dira. Sektoretik kanpo geratzen da hotelarentzako lurzatiaren ondoko berdegunea, sistema orokor berri baten parte izanen baita: SG-4 sistema orokorra.
–SG-3 sistema orokorra (lurzoru urbanizagarria). Sistemaren mugaketa berria ezarri da, eta haren azalera 5.724 m² handitu. Nagoreko herrigunearen mugan jada eginak dauden sarbide berriak eremu horren parte dira. Horrela, bideen artean sortutako irlatxoan honako hauek kokatuko dira: ontziak desinfektatzeko ekipamendua, urtegiaren ertzetik harrera-eremuraino joanen den pasealekua eta etorkizunean zentro nautikoa egiteko eremua.
–Angordoiko AA2 harrera-eremua (lurzoru urbanizaezina). Azalerei dagokienez atzemandako akatsa zuzendu da, eta azalera 2.599,49 m² handitu da, aparkaleku kopurua 84 plazaraino handituta.
–SG-4 sistema orokorra sortzen da, berdegune gisa, herrigunearen eta errepidearen artean koroa gisa kokatua, herriaren hegoaldeko muturrean.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.
Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. "Itoizko urtegiko bazterren erabilerak arautzeko UGPSaren aldaketa" izeneko proiektuaren aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, ingurumenean eragin nabarmenik sortzen ez duela iritzita. Aldaketa hori Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.
Proposamenaren ingurumen integrazioa hobetzeko, honako neurri hauek ezartzea proposatzen da:
a) Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) ezarritakoa, eta, zehazki, honako hau:
Argi-puntuek igorritako goiko hemisferioaren (FHS) gehieneko fluxuak %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriaren argi-puntu guztietan.
Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LEDak, esate baterako, anbar koloreko LEDak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo anbar koloreko LEDak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean (hau da, argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea), kanpoko argiztapena beharrezkoa den lanorduetan edo lanetan erabiliko da, eta gainerako denbora itzalita egon beharko da.
b) Berdeguneak (SG-4 eta SR) kudeatzean, irizpide bioklimatikoak hartuko dira espezieak hautatzeko orduan, eta, hala, mantentze-lan gutxi eskatzen duten eta inguru horretako klima-baldintzetara egokitutako espezieak aukeratuko dira. Gainera, berdeguneak diseinatzean, bero-boladen maiztasuna eta iraupena handitzeak dakartzan ondorioak arintzea izanen da helburua, eta, horretarako, itzal-eremuak sortuko dira espazio publikoetan, eta eremuaren konfort akustikoa hobetzera ere joko da.
c) SG-3 sistema garatzean, ahaleginak eginen dira han dagoen zuhaiztia sistemaren antolamenduan integratzeko, non, besteak beste, honako espezie hauek baitaude: Ulmus minor, Acer campestre, Ulmus glabra, Sorbus torminales Ligustrum vulgare, Crataegus monogyna, Viburnum lantana eta Buxus sempervirens.
d) Urbanizazio prozesuan, gainazal iragazkorrak maximizatuko dira iragazgaitzen aurretik. Urbanizazio lanen egikaritze materialean, ingurumen inpaktua txikia dela bermatuko da eta lurzoruaren zigilatze masiboa saihestuko da, uraren ziklo naturalean ahalik eta gutxien eragiteko. Hori bereziki aplikatu beharko da aparkaleku publikoetan, bai bizitegi-sektorekoetan, bai harrera-eremukoetan. Aparkaleku horietan, bide-zoru iragazkorrak ezartzea lehenetsiko da.
e) Bizitegi-area garatzean, drainatze jasangarriko sistemak sartuko dira euri-uren kudeaketan.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren Atalari eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2312405