196. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

345/2023 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2023-2024 ikasturtean irakasleak prestatzeko banakako laguntzen deialdia onesten baita, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleei zuzendua.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Era berean, legeak ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko programak sustatzea.

Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduak, "Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna" izeneko dokumentua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen duenak, jasotzen du irakasleen prestakuntzarako banakako laguntzen lerro espezifiko bat sortuko dela, hasiera batean 20.000 euroko zuzkidura izanen duena urtero. Laguntza horiek, lehentasunez, ikastetxeetan berrikuntza pedagogikoko proiektuetan trebatzeko eta beste ikastetxe batzuekiko trukeak sustatzeko erabiliko dira, hezkuntzaren berrikuntzaren arloan garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko.

Bestetik, Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia esparruan jasota dago Europako gazteek helduarorako prestatzeko funtsezko konpetentziak garatu behar dituztela. Era berean, Europako zuzentarau hori bete nahian, deialdi honek bereziki sustatu nahi du irakaskuntzarako konpetentziak garatzeko prestakuntza, zeinak, aldi berean, funtsezko konpetentzien curriculum-garapena eta irakatsi eta ikasteko prozesuen hobekuntza laguntzen baititu.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du banakako laguntzak emateko deialdi bat onets dadin 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak prestatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023/2024 ikasturtean irakasleak prestatzeko banakako laguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleei zuzendua. Deialdi hori arautuko duten oinarriak ebazpen honen I. eranskinean bildu dira.

2. 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak prestatzeko banakako laguntzei dagokien gastua baimentzea, gehienez 20.000 eurokoa. Gastu hori 2023ko gastuen aurrekontuko "Irakasleen prestakuntzarako banakako laguntzak" izeneko 420002-42100-4809-321200 partidaren baliokidea izateko 2024ko gastuen aurrekontuan gaitzen den partidari egotziko zaio, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Hezkuntzako kontseilariari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Prestakuntza eta Kalitate Atalari.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–2023-2024 IKASTURTEAN IRAKASLEAK PRESTATZEKO BANAKAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IKASTETXE PUBLIKOETAKO IRAKASLEEI ZUZENDUA. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da ikastetxe publikoetako irakasleak 2023-2024 ikasturtean prestakuntza-jardueretara joateko eta horietan parte hartzeko banakako laguntzak arautzea.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntza hauek, baldin eta jarduneko egoeran badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute prestakuntza-jarduera hasten den egunean eta/edo matrikula egiten den unean.

Hirugarrena.–Jardueren deskribapena.

3.1. Laguntzak 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren jardueretara joateko eta haietan parte hartzeko emanen dira. Jarduera horiek eskatzailearen irakasgaiarekin, arloarekin, zikloarekin edo espezialitatearekin loturik egon beharko dira, eta haren gaitasun profesionalak garatzen lagundu beharko dute.

Jarduerak, gainera, hezkuntza administrazio batek edo unibertsitate batek antolatu beharko ditu, edo irabazi-asmorik gabeko erakunde edo instituzio batek, betiere, zortzigarren oinarrian aipatzen den batzordearen iritziz, bermatzen baldin bada jarduerak kalitatezkoak direla eta irakasleak prestatzeko egokiak direla.

3.2. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira jarduera hauek:

–Unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketak, hala nola gradua, masterra, aditua, doktorea eta abar.

–Hizkuntza-tituluak lortzera bideratutako ikasketak.

–Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen prestakuntza-planean sartuak dauden prestakuntza-jarduerak.

–Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen prestakuntza-planean aurreikusitakoen antzekoak diren prestakuntza-jarduera guztiak.

Laugarrena.–Laguntzen deskribapena eta zenbatekoak.

4.1. Laguntzak modalitate hauetan banatuko dira:

–A modalitatea: Espainian egiten diren hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, mintegiak eta antzekoak. Gehieneko laguntza: 400 euro.

–B modalitatea: atzerrian egiten diren hitzaldiak, biltzarrak, ikastaroak, mintegiak eta antzekoak. Gehieneko laguntza: 800 euro.

Gastuak justifikatzeko, dagozkien fakturak aurkeztu ondoren, honako modulu ekonomiko hauek hartuko dira kontuan:

–Matrikula eta inskripzioa: dagokien kostua.

–Joan-etorriak: txartelen kostua. Hegazkin txartelik ez da ordainduko, salbu eta atzerrira, Kanarietako Autonomia Erkidegora edo Balear Uharteetako Autonomia Erkidegora joateko. Era berean, ez dira ordainduko norberaren autoan egindako bidaiak, ez eta aparkalekuko gastuak, asegurua eta/edo autobideko bidesarien gastuak ere.

–Ostatua eta otorduak: gehienez 150 euro eguneko eta bi kontzeptu horiengatik. Jarduera egiteko, otorduak besterik ez bada egin behar etxetik kanpo, gehienez 50 euro eguneko.

4.2. Irakasle eskatzaile bakoitzari jarduera baterako edo gehiagotarako laguntza ematen ahalko zaio, 4.1 puntuan jasotako gehieneko zenbatekora iritsi arte, helburu horretarako erabilgarri dauden kredituen barruan.

4.3. Aurrekontu-mugagatik eskaera guztiei erantzutea ezinezkoa bada, hainbanaketa bat aplikatuko da, eta behar den ehunekoa murriztuko zaie eskaera guztiei.

Bosgarrena.–Bateraezintasuna.

Honako egoera hauetarakoren bat daudenak ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan:

–Helburu berarekin eta ikasturte bererako, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak, beste autonomia erkidego batzuek edo beste erakunde batzuek emandako beste laguntza edo bekaren bat jasotzen dutenak.

–Ikasketak egiteko lizentzia bat duten irakasleak.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 2an hasiko da, eta urte eta hil bereko 16an bukatuko da.

Zazpigarrena.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Deialdi honetan parte hartzeko, web-inprimaki bat bete beharko da elektronikoki. Haren URLa eskaera-epea hasten den unean jakinaraziko da.

Inprimakia bete eta igorri ondoren, eskatzaileak sortutako dokumentua jasoko du PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi duen helbide elektronikoan. Gero, dokumentu hori inprimatu, sinatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, zazpigarren oinarriaren 7.2 puntuan adierazitako gainerako dokumentazioarekin batera, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez igorriko da, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari zuzenduko zaizkio.

Hautapen batzordeak jatorrizko agiriak eskatzen ahalko ditu behar diren egiaztapenak egiteko, horrelakorik beharrezkotzat jotzen badu.

7.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–Eskabide-orria: web-inprimakia betetzean sortutako PDFa.

–Zinpeko aitorpena, deialdi honen bosgarren oinarrian adierazitakoa jasotzen duena.

–Bertaratze-ziurtagiria edo prestakuntza-jarduera gainditu izanaren ziurtagiria, erakunde antolatzaileak emana. Bertan, honako hauek jasoko dira: eskatzailearen izen-abizenak, NANa edo antzekoa, jardueraren izena, jarduera zer egunetan egin den eta ikastaroaren ordu kopurua.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagozkion gastuen fakturak eta egiaztagiriak, deialdi honen laugarren oinarrian ezartzen direnak, eskaneatuak eta PDF dokumentu bakar batean bilduak.

Zortzigarrena.–Hautapen Batzordea.

Laguntzak emateko proposamena egiteko, hautapen batzorde bat eratuko da, kide hauek izanen dituena:

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua, idazkari lanetan arituko dena.

–Unibertsitateaz kanpoko Irakasleen Batzordeak proposatutako pertsona bat, batzordekide gisa arituko dena.

Kide titular bakoitzari ordezko bat esleitzen ahalko zaio, justifikatutako absentzia-kasuetan haren ordez arituko dena, hitzarekin eta botoarekin.

Bederatzigarrena.–Deialdia ebaztea.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak jakitera emanen ditu honako hauetan argitara emanez:

–Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

–Nafarroako Atarian: www.nafarroa.eus.

Argitalpen horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinean esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Zuzenketak.

Eskatzaileek erreklamazioak eta zuzenketak aurkezten ahalko dituzte, hautapen batzordeari zuzenduak, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda hori argitaratu eta biharamunetik hasita. Zuzenketarik bat ere egiten ez badute, horretarako epea bukaturik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Erreklamazioak eta zuzenketak aztertu eta ebatzi ondoren, batzordeak laguntzak emateko behin betiko zerrenda argitaratuko du, eta haiek emateko proposamena eginen dio organo eskudunari.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Hamargarrena.–Laguntzak ordaintzea.

Esleitutako laguntzak eskaerak ebatzi ondoren ordainduko dira, bederatzigarren oinarrian jasotzen den bezala.

Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera izapidetu behar da Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean.

Izapide hori bi modutan egin daiteke:

–Aurrez aurre: finantza-erakundeak bete behar duen inprimaki baten bidez. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia esteka honetatik deskarga daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Finantza-erakundeak bete eta zigilatu ondoren, Ogasuneko Diruzaintza Atalean entregatu behar da, edo, bestela, Nafarroako erregistro elektronikoaren bidez erregistratu, Diruzaintza Atalera zuzenduta.

–Telematika bidez: online bankatik titulartasunaren ziurtagiria deskargatzen da. Titulartasunaren ziurtagiria lortu ondoren, Nafarroako erregistro elektronikoaren bidez erregistratu behar da, Diruzaintza Atalera zuzenduta.

Hamaikagarrena.–Konpromisoak.

Deialdi honetara aurkezteak berekin dakar deialdiaren oinarriak onartzea.

Deialdi honen babesean dirulaguntzak jasotzen dituzten irakasleek konpromisoa hartzen dute Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan arituko direla prestakuntza-jardueraren xedeko gaiarekin lotuak dauden irakasleen artean zabaltzeko bai eskuratutako ezagutzak, baita jasotako materiala eta dokumentazioa ere.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta hura aplikatzeko egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2312608