196. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

69/2023 FORU AGINDUA, abuztuaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako hezkuntza inklusioa arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 1. artikuluan, hezkuntza sistemaren oinarrizko printzipioak ezartzen ditu, besteak beste, honako hauek: ikasle guztientzako hezkuntzaren kalitatea; eskubide eta aukera berdinak, diskriminaziorik eza eta hezkuntza inklusiboa bermatuko dituen ekitatea; malgutasuna, hezkuntza egokitzeko ikasleen gaitasunen, interesen, itxaropenen eta beharren aniztasunen arabera; bizitza osorako hezkuntza; antolamenduaren eta curriculumaren arloko jarduerak ezarri eta egokitzeko autonomia; eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea ikastetxeen antolamenduan, gobernuan eta funtzionamenduan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen, haietako asko, legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, jatorrizko testuan jasotzen ziren neurriak berrikustea komeni zelako ezarriak, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioen arabera egokitzeko helburuz, Europar Batasunak eta UNESCOk zehaztutako helburuekin bat. Ikuspegi horri jarraituz, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak, atariko tituluan, hezkuntzaren printzipio eta helburuen artean aipatzen du, besteak beste, haurren eskubideak egiaz betetzea, Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera, hezkuntza inklusioa eta ikaskuntzaren irisgarritasun unibertsalaren printzipioak aplikatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko arautegiaren barnean, aintzat hartuko da azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legea, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonei arreta emateari eta haien eskubideak bermatzeari buruzko.

UNESCOk honela definitzen du Hezkuntza Inklusiboa: "prozesu bat da, helburu duena hezkuntzaren hartzaile guztien premien aniztasunari heldu eta erantzutea, ikaskuntzan parte-hartze handiagoa eta kultura eta komunitate jarduerak sustatuz, eta hezkuntza sistemaren barne nahiz kanpoko esklusioa murriztea".

Hezkuntza inklusiboa giza eskubide bat da, exijentzia etikoa eta juridikoa, legezko oinarria duena Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan, han jasotzen baita estatuek ziurtatuko dutela hezkuntza sistema inklusibo bat maila guztietan, eta bizitza osorako hezkuntza ere bai, pertsonen ahalen erabateko garapena lortzeko, eta ahalbidetzeko desgaitasuna duten pertsonek egiaz parte hartzea jendarte libre batean.

Eskubide hori egikaritzeko bidean, ziurtatu behar da premiak izateagatik oztopoak aurkitzen dituzten ikasleak ez geratzea hezkuntza sistematik kanpo, bereziki desgaitasun arrazoiak tartean direnen kasuan, eta irisgarria izatea hezkuntza inklusibo bat, gainerako guztien baldintza berdinetan eta eskubide berekin. Hori lortzeko, ikasle horiei behar duten laguntza guztia emanen zaie, neurri pertsonalizatuak eta eraginkorrak erraztuko dira garapen akademikorik eta sozialik handienak sustatzeko moduko inguruneetan, erabateko inklusioaren helburua lortzeko, pertsona horien parte-hartze osoa bultzatzeko, aukera berdintasunez hezkuntzan eta komunitateko kide diren aldetik.

Horregatik guztiagatik, aurreikusia dago hainbat neurri eta jarduketa ezartzea, antolakuntza nahiz curriculum arloetan, aniztasunari erantzuteko, hezkuntzaren helburuak eta gaitasunak lortzea errazteko ikasle guztientzat.

Foru agindu honek barne hartzen ditu zazpi kapitulu, hogeita hamalau artikulu, hiru xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

I. kapituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu; II. kapituluak irisgarritasun unibertsala hezkuntzaren testuinguruan; III. kapituluak hezkuntzako ekitate eta inklusiorako neurriak eta jarduketak aurkezten ditu; IV. kapitulua eskolaren testuinguruan oztopoak aurkitzen dituzten ikasleei buruzkoa da; V. kapituluak jasotzen du hezkuntza inklusioa helburu duen ebaluazio psikopedagogikoa; VI.ak hezkuntza premia bereziak dituztelako hezkuntzaren testuinguruan oztopoak aurkitzen dituzten ikasleen eskolatzea arautzen du, lehenengo atalean adieraziz eskolatzeko modalitateak eta bigarren atalean onarpen prozesua; eta VII. kapituluak ekitatea eta inklusioa sustatzeko tresnak eta mekanismoak azaltzen ditu.

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da ikasle guztien aniztasunari erantzuteko neurriak eta jarduketak arautzea, bereziki hezkuntza laguntzaren premia espezifikoak dituztelako oztopoak aurkitzen dituzten ikasleen kasuan, eta modu partikularrean, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan.

2. Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztietan aplikatu beharrekoa da.

2. artikulua. Banakako desberdintasunei erantzuteko printzipio orokorrak.

1. Hezkuntza inklusioa pertsona guztien eskubide lagaezina da, eta hezkuntzaren testuinguruan etengabeko gogoeta eskatzen du, ikasleekiko arreta hobetzeko. Testuinguru horiek aldatu behar dira, ikasle guztien banakako desberdintasunen arabera eta norberak eskubidea baliatzeko duen erabakitasunaren arabera moldatzeko.

2. Etengabeko gogoeta eta hobekuntza prozesuak ikastetxeetako klaustroek hartutako erabaki adostu eta erantzunkideen emaitza izan behar du, klaustroak osatzen dituzten profesional guztiei dagozkien eginkizunak egikaritzetik.

3. Hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleekiko arreta integrala haiek aurkitzen dituzten oztopoak identifikatu bezain laster hasiko da, eta normalizazio, inklusio, ekitate eta kalitate printzipioak aintzat hartuta gauzatuko da.

4. Hezkuntza komun eta inklusiboaren printzipioekin bat, aniztasunari erantzuteko antolakuntza nahiz curriculum arloetako neurri desberdinak aplikatuko dira, helburua dela gaitasun gakoak eta proposatutako helburuak lortzea ikasle guztiek, etapa guztietan, hezkuntza ibilbide guztian barna.

5. Hezkuntza administrazioak eskubide hori baliatzeko prozesuaren bermea izan behar du, betetzen dela zainduz, eta ebidentzian oinarritutako prestakuntza eta programak erraztuz, eta hezkuntza inklusioa lortzeko ikerkuntza eta berrikuntza sustatuz. Era berean, saihestuko da ikasleak, banakako desberdintasunak, interes desberdinak edo hizkuntzak ikasteko programa desberdinak jarraitu behar dituztelako, edo antzeko edozein arrazoirengatik, baztertzen dituzten taldeak sortzea.

3. artikulua. Hezkuntza inklusioa Nafarroako hezkuntza sistemaren plan, proiektu eta programetan.

1. Hezkuntza inklusioa eta ikasleek aurkitzen ahal dituzten oztopoak ezabatzea eta/edo murriztea, eskolako testuinguruan behar diren egokitzapenak eginez, ikas prozesuan sartu, bertan jarraitu eta aurrera egitea errazteko, funtsezko zutabetzat hartu behar da, ikastetxe baten bizitzan hartzen diren hezkuntza eta pedagogia arloko erabakietan. Horregatik, aintzat hartu behar da ikastetxe bati dagozkion plan eta dokumentu instituzional guztietan.

2. Eta aintzat hartu beharko da, orobat, Hezkuntza Departamentutik ezartzen ahal diren proiektu eta programen garapenean, hala nola berrikuntza, ikerkuntza eta prestakuntza proiektuetan ere.

4. artikulua. Inklusio plana.

1. Inklusio plana hezkuntza inklusioa bermatzeko ikastetxeak antolakuntza, curriculum eta metodologia arloetan ezarritako neurriak jasotzen dituen dokumentua da. Neurri eta proposamen guztien erreferentea izanen da.

2. Koordinazio pedagogikoko batzordeak (KPB) prestatuko du, zuzendaritza taldeak zuzendua, eta hezkuntza orientazioaren aholkuarekin.

3. Inklusio planak jaso behar ditu, gutxienez, ondoko atal hauek, ikastetxearen testuingurura egokituak:

a) Ikas prozesuan egoteko, parte hartzeko eta ikasteko dauden hezkuntza premien eta oztopoen identifikazioa eta balorazioa.

b) Ikas prozesuan egoteko, parte hartzeko eta ikasteko dauden hezkuntza premiak eta oztopoak detektatu eta baloratzeko irizpideak eta prozedurak.

c) Helburuak zehaztea eta erabakiak hartzeko irizpideak ezartzea.

d) Neurri eta jarduketa orokorrak eta zehatzak.

e) Hezkuntza sisteman berandu sartu diren ikasleei harrera emateko plana.

f) Maiz huts egiten duten ikasleentzako harrera plana.

g) Inklusio plana garatzeko baliabide pertsonalak eta materialak.

h) Profesionalen eginkizunak eta erantzukizunak.

i) Koordinazioa eta lankidetza, hezkuntza komunitatearekin eta gizarte nahiz osasun baliabideekin eta inguruko bestelakoekin. Sareko lana.

j) Ebaluazioa, jarraipena eta hobekuntza proposamenak.

k) Foru agindu honen I., II. eta III. eranskinak.

5. artikulua. Koordinazioa.

1. Koordinazioa ikastetxeetan.

Ikasle guztientzako hezkuntza inklusioko erantzuna aurrera eramateko, etengabeko koordinazioa antolatuko da irakasle taldean, hezkuntza arloko erabakiak hartu eta egokitzeko, ikasturte bakoitzean.

Hezkuntza testuinguruan identifikatutako oztopoei aurre egiteko ikasleek erakusten dituzten premietan eta erreferentziako arautegian oinarrituta, inklusioa lantzeko akordioak lotuko dira, antolakuntza nahiz curriculum gaiei buruz, inklusioko neurriak eta metodologiak aintzat hartuta. Ikastetxearen inklusio planean jasotako neurrien eta jarduketen garapenean irakasleek darabilten jardunbidearen ebaluazioa jasoko da.

Ikaslea ikastetxe bat berean ari den ikasturte guztietan bermatu beharko da hezkuntza erantzunaren hobekuntzarako baliagarria izanen den informazio objektiboa eta garrantzitsua transmititzen dela. Era berean, ikaslea beste ikastetxe batera aldatzen denean ere bermatuko da inklusio arloko informazioa transmititzen dela.

2. Sareko lana.

Ikastetxetik kanpoko gizarte, osasun eta komunitate eragileekiko koordinazioa hezkuntza eginkizunen jardueratik garatuko da, indarreko arautegi eta protokoloetan ezarritako informazio eta/edo lankidetza bideak atxikiz. Horretarako, aintzat hartuko da ikastetxearen erreferentziako gizarte eta komunitate esparrutik sareko lanerako ezarritako metodologia.

II. KAPITULUA.–IRISGARRITASUN UNIBERTSALA HEZKUNTZAREN TESTUINGURUAN

6. artikulua. Hezkuntza testuingurua.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan kontuan hartu beharreko elementu guztiek osatzen duten multzoa da.

7. artikulua. Irisgarritasun unibertsala hezkuntzaren testuinguruan.

1. Irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua erabiltzen da aipatzeko ingurune, eraikin, espazio, prozesu, jarduera, material, objektu, tresna, zerbitzu, komunikabide, erreminta nahiz gailu batek behar dituen ezaugarriak, pertsona guztiek erabil dezaten erosotasun, segurtasun, berdintasun eta autonomia baldintzetan. Kontzeptua aintzat hartu behar da ikasle guztientzat, sortzen ahal diren bestelako neurriak eta egokitzapenak ukatu gabe.

2. Irisgarritasun unibertsala eskubide bat da. Horren helburua da aukera berdintasunean eta inklusioan aurrera egitea, diseinuaren estrategietan erantsiz inklusioaren ikuspegia, ikasleen parte-hartzea zailtzen ahal duten era guztietako oztopoak ezabatzeko.

3. Badira irisgarritasun mota diferenteak, erabilera eta eskura izatea errazteko moduaren arabera.

a) Irisgarritasun fisikoa eta organikoa: espazio egokitu batera iritsi edo erabiltzea erraza dela esan nahi du, norberaren mugikortasun gradua edo trebetasun fisikoa edonolakoa delarik ere.

b) Irisgarritasun sentsoriala: erabiltzea edo eskuratzea erraza egiten dela adierazten du, zentzumenen mugen mendean egon gabe.

c) Irisgarritasun kognitiboa: ulermena eta komunikazioa errazten direnean, trebetasun kognitiboak edozein direla ere.

d) Irisgarritasun emozionala: ikasle, irakasle, familia eta bestelako hezkuntza eragileen faktore emozionalen eta ikaskuntza testuinguruaren arteko interakzioa.

8. artikulua. Hezkuntza inklusiborako oztopoak.

1. Oztopoak izaten dira pertsona baten inguruneko faktoreak eta elementuak, aurrean direnean, edo falta direnean, mugatzen badizkiete ikasleei hezkuntzarako sarbidea edo ikasten aritzeko eta parte hartzeko aukerak.

2. Oztopoak batera agertzen ahal dira hiru dimentsiotan: eskolako kulturari lotua, ikastetxearen funtzionamenduko prozesuetan, edo ikastetxearen jardunbide zehatzetan.

3. Irakasle taldeek, tutoreek koordinatuta, eginen dute, oro har, oztopoen identifikazioa, dagozkien aldaketak egiteko, hezkuntza ikasle guztien banakako beharren araberakoa izan dadin. Jarduketa horiek egin ondoren, hezkuntza laguntzako unitatearen eta/edo orientazio departamentuaren lankidetza eta aholkularitza eskatzen ahalko dira, haien jarraipena egiteko, eta behar den kasuetan, bestelako neurriak ezarri ahal izateko, betiere, inklusio planean ezarritakoaren arabera.

4. Hezkuntza komunitateak identifikatuko ditu izaten ahal diren oztopo fisiko, sentsorial, kognitibo, emozional, kurrikular edo komunikatiboak, eta zuzendaritza taldearen ardura da irisgarritasunari dagozkion oztopoak eta aurretiko baldintzak baloratzea.

9. artikulua. Hezkuntzan hastea, jarraitzea, parte hartzea eta ikastea bermatzeko diseinu unibertsala.

1. Ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren ereduaren oinarriak hezkuntza arloko jardunbidearen eta ikerketaren emaitzak, ikaskuntzaren teoriak, teknologiak eta neurozientziaren aurrerapenak dira, eta konbinatzen ditu hezkuntzaren ikuspegi inklusiboa eta hori praktikan aplikatzeko proposamenak.

2. Ikastetxeetako ikaskuntzarako diseinu unibertsalak hiru printzipio hauek atxikiko ditu:

a) Irudikapenerako baliabide anitz eskuratzea informazioa jaso eta ulertu ahal izateko, pertzepziorako hizkuntza eta sinbolo aukera desberdinak eskainiz, eta informazioa ulertzeko aukera desberdinak ere bai.

b) Ekintzarako eta adierazpenerako baliabide anitz eskaintzea, ikasleen premien eta gaitasunen arabera egokituak, eta haien gauzapen funtzioak sustatzea eta zabaltzea.

c) Askotariko baliabideak eskaintzea ikaskuntzan motibatu eta inplikatzeko, eta hobetzeko ikasleen interesa, ahalegina, jarraitutasuna eta autoerregulazioa.

3. Ikaskuntzarako diseinu unibertsala aintzat hartzen duen ebaluazioak arestiko printzipio horietan oinarritutako ebaluazio tresnak eta bitartekoak erabiltzea eskatzen du.

III. KAPITULUA.–HEZKUNTZA EKITATERAKO ETA INKLUSIORAKO NEURRIAK ETA JARDUKETAK

10. artikulua. Neurri eta jarduketa orokorrak.

1. Jarduketa orokorrak dira hezkuntza komunitate osoari, ikasle talde bati edo ikasle bati zuzendutakoak. Ohiko eginkizun gisa ezarritakoak izaten dira, tutoreen eta irakasle taldeen proposamenez, oinarritzat hartuta erreferentziako arautegia, ikastetxearen inklusio plana eta hezkuntza testuinguruaren ezaugarriak, eta gauzatzen dira hezkuntza erantzun inklusiboa sustatzen duten jardunbideetan. Horretarako, aniztasunaren arretako espezialistak diren profesionalen aholkua izanen dute, hezkuntza laguntzako unitateetatik edo orientazio departamentuetatik hornitua.

Gainera, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren proposamenak ere baliatzen ahalko dira, hezkuntza erantzuna ikasle guztientzat doia izan dadin.

2. Neurri horiek ikastetxearen inklusio planean jaso beharko dira, eta haiek ezartzeko garatu beharreko prozedura ere bai, eta honako gai hauen inguruko erabakiak hartzeari buruzkoak dira:

a) Tutore ekintza eta irakasleen orientazioa.

Tutoretzatik koordinatuko da irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea, eta etengabeko harremana eratuko da gurasoekin edo legezko tutoreekin, ikasleen banakako arretako neurrien berri izan dezaten.

b) Hezkuntza testuinguruen aldaketa eta ikaskuntzarako irisgarritasun unibertsala.

Tutoretzak eta irakasle taldeak, beren eskumenen esparruan, eginen dituzte hezkuntza testuinguruen eta inguruneen aldaketak, irisgarritasun unibertsala eta inklusiorako oztopoak kontuan hartuta, eta hor aztertzen ahalko dituzte aldagai fisikoak, metodologikoak eta gizarte interakziokoak.

Haien helburua izanen da ikaskuntzarako irisgarritasuna errazteko eta oztopoak ezabatzeko behar diren egokitzapenak ezartzea.

c) Beharren prebentzioa.

Agertzen ahal diren zailtasunak aldez aurretik detektatu eta esku hartzeko neurriak eta protokoloak ezartzea, eta gaitasunak piztu eta bizkortzea.

Era berean, hezkuntza sisteman eskolara joateak eta ikasten jarraitzeak duten garrantzia ikusarazteko jarduketak eta protokoloak jasotzen dira.

d) Metodologia eta antolakuntza proposamen inklusiboak.

Ikasleentzako laguntza eta errefortzuak ikasgelan berean eginen dira. Ikasleek behar duten berariazko esku-hartzearen arabera, eta behar diren justifikazio eta baimenez, beste modalitateren bat ere erabiltzen ahalko da. Laguntza eta/edo errefortzu horiek inklusioko modalitate desberdinekin gauzatzen ahal dira: bi irakasle edo gehiagoren laguntza eta/edo errefortzua ikasgelan, laguntza espezializatua ikasgelan, taldeak bikoiztea, taldekatze malguak, irakaskuntza partekatua, lankidetzako ikaskuntza, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, talde interaktiboak, zerbitzu-ikaskuntza, eta bestelako modalitate inklusiboak.

e) Jokabidezko laguntza positiboaren esparruaren barneko esku-hartzea, edo bestelako esku-hartze eredu efikaz eta zientifikoki kontrastatuak, foru agindu honetan jasotakoa oztopatzen ez dutenak.

Ingurunea aldatzea eta ikasleengan gaitasunak sustatzea helburu duten jarduketa eta neurriak ezartzea, egoera arazotsuak eragiten dituzten jokabideak gutxitzeko eta ikasleen bizi kalitatea hobetzeko.

f) Curriculumaren garapena.

Curriculuma garatzeko, ikastetxeek, beren autonomia baliatuz, hainbat arlo batera lantzen ahalko dituzte, beren hezkuntza proiektuan eta Urteko Programazio Orokorraren urteko zehaztapen egokietan horretarako ezarritakoaren arabera. Era berean, erabaki horiek hartzen dituzten ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak horretarako xedatzen duena aintzat hartu beharko dute.

g) Hezkuntza errefortzurako eta curriculuma aberasteko neurriak ezartzea etengabeko ebaluazioaren testuinguruan.

Neurri horiek zailtasunak atzeman bezain laster hartu behar dira, eta haien helburua izanen da hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren edukiak ikasten direla bermatzea.

Curriculuma indartzeko edo aberasteko planak prestatuko dira, horren beharra duten ikasleen gaitasunen maila hobetu ahal izateko.

11. artikulua. Neurri eta jarduketa zehatzak.

1. Hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleen hezkuntza beharrei erantzutea helburu duten neurriak eta jarduketak dira, neurri orokorren bidez emandako erantzuna aski izan ez denean ezartzen direnak. Aniztasunari erantzuteko berariazko neurritzat hartzen dira tratamendu pertsonala eskatzen duten ikasleek beren gaitasunen garapenik osoena lortzea errazteko antolakuntza eta curriculum elementuetan egiten ahal diren aldaketak eta proposamenak.

Gainera, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren proposamenak ere baliatzen ahalko dira, erantzun hori doitzen laguntzeko.

2. Neurri horiek ikastetxearen inklusio planean jaso beharko dira eta, oro har, haiek aplikatzeko aldez aurretik ebaluazio psikopedagogikoa egin behar da, foru agindu honen V. kapituluan arautzen denaren arabera.

Behar diren aldaketen inguruko proposamena ebaluazio psikopedagogiko horretan identifikatu diren premietatik eta oztopoetatik abiatuta eginen da. Gainera, planaren ezarpenerako aurrera eraman beharreko prozedura ere jaso beharko da planean.

3. Proposatutako berariazko neurriak eta jarduketak hauek dira:

a) Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleen sarbidea errazteko egokitzapenak.

Sarbide mailako egokitzapenak dira hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleen sarbide fisikoa edo komunikazio mailakoa errazteko helburua dutenak, erraztasunak eskainiz informazioa eskuratzeko, komunikatzeko eta parte hartzeko.

Ebaluazio prozesuan, beharbada, egokitzapenak eskatzen ahalko dira, adibidez, ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren printzipioak atxikitzen dituzten tresnak eta ekintzak erabiltzea. Ebaluazioa egiteko erabiliko diren tresnek eta neurriek informazioa eman, bidea erakutsi eta alternatibak eskaini behar dituzte. Horretarako kontuan hartzen ahal dira, besteak beste, errubrikak, ikaskuntza ituak, portfolioa, ikaskuntza egunkariak, kontraste zerrendak edo lan baten gauzapenaren gainean lortutako informazioa erregistratzeko tresnak.

Irakurketa errazeko egokitzapenak egiten ahalko dira, zeregin edo/eta proba ahozkoak nahiz idatziak, test motakoak, galderen enuntziatuetan nabarmenduz gako hitzak, erantzun mota desberdinak eskatzen dituzten galderak eginez, esaterako sailkatzea, osatzea, denbora zabaltzea, galderak hautatzea, eta orobat, informazioaren teknologiekin edo/eta tresna digitalekin lotutako guztiak.

Ebaluazioaren egokitzapen horiek parekotasuna izan behar dute curriculumeko elementuen inguruan egindako irakaskuntza-ikaskuntza prozesu guztian aurrera eramandako neurri eta jarduketekin.

b) Curriculum egokitzapen adierazgarria.

Curriculum egokitzapen adierazgarriak dira curriculumaren ebaluazio irizpideetatik eta oinarrizko jakintzetatik nabarmen aldentzen direnak, etapako funtsezko konpetentziak eta helburuak ahalik eta gehien garatzeko aukera emateko xedearekin.

Curriculumaren egokitzapen adierazgarriak egiten ahalko dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, jarduketa orokorrak burutu ondoren, curriculumaren doikuntza behar denean, modu adierazgarrian aldentzen dena ikaslea egiten ari den mailari dagokion curriculumetik.

Curriculumaren egokitzapen adierazgarrien prestaketa, ezarpena eta jarraipena ikasle horiek egiten ari diren ikasturteko arloak edo ikasgaiak irakasten dituzten irakasleen ardura izanen dira. Prozesua tutoretzak koordinatuko du, eta hark zehaztuko du, curriculumaren egokitzapen adierazgarriari dagokion dokumentuan. Horretarako, ikasleen inklusiorako hezkuntza erantzunean esku hartzen duten aniztasunaren arretako eta hezkuntza orientazioko espezialisten aholkularitza eta lankidetza izanen dute. Prozesuaren ikuskapena eta jarraipena prestakuntza erara eginen dira, beharrezkoa ikusten denean, eta nolanahi ere, urtean behin, betiere ikasketa burutzaren lankidetzarekin, prozesuaren jarraipenari dagokionez.

c) Eskolaratzea adinagatik dagokiena baino maila baxuago batean hasten diren ikasleen kasuan.

Hezkuntza sisteman berandu hasten diren eta/edo gutxienez bi ikasturteko desfase nabarmena ekartzen duten ikasleen kasuan aplikatzen ahalko da, eta aldagai sozioemozionalak eta familiarrak aztertuko dira. Aplikatzen ahalko da gutxienez lehen hezkuntzako 2. mailako erreferentziako adin kronologikoa duten ikasleekin, eta egoera horiei aurre egiteko jarduketa prozedura ikastetxearen inklusio planean ezarriko da.

d) Berariazko aberaste programa.

Neurri eta jarduketa orokorrak burutu ondoren, adimen gaitasun handia dutelako hezkuntza laguntzaren berariazko premia erakusten duten ikasleentzat antolatutakoak dira. Besteak beste, hor sartzen dira aldaketak, estrategiak, egokitzapenak, jarduerak eta baliabide edo antolakuntza diferenteak.

Berariazko aldaketak eta neurriak jasoko dira, agortutako neurri orokorrekin batera, berariazko aberaste programa batean, eta ikaslearen familiari jakinaraziko zaizkio.

Programa hori prestazea eta ezartzea eta jarraipena egitea ikasle horiek egiten ari diren mailako arloak edo gaiak irakasten dituzten irakasleen ardura izanen dira. Prozesua tutoretzak koordinatuko du, eta hark zehaztuko du dagokion dokumentuan, hezkuntza orientazioaren aholkularitzarekin.

12. artikulua. Hezkuntza inklusiorako eta ekitaterako neurriak, ezohiko jarduketak, baliabideak eta programak.

1. Hezkuntza inklusiorako neurriak, ezohiko jarduketak eta programak hezkuntzaren testuinguruan sortzen diren oztopoak gutxitzeko ohikoetatik aparte ezartzen direnak dira, ikasleen inklusiorako hezkuntza erantzuna osatzeko eta errazteko helburuz.

2. Hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleei zuzenduko zaizkie, hezkuntza erantzunak eskatzen duenean inklusio gaietan eskumena duen departamentuaren unitate kudeatzailearen edo/eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren esku-hartzea, eta jarraipen espezializatua eta osagarria, ikastetxeak egiten duenaz gain. Arautegiaren arabera, ebaluazio psikopedagogikoko prozesuan lortutako datuen eta berariazko jarraipenaren emaitza izanen dira, eta erreferentziako irizpide teknikoei jarraiki ezarriko dira.

3. Hezkuntza inklusiorako neurriak, ezohiko jarduketak, eta programak hauek dira:

a) Hezkuntza Departamentuak artikulatzen ahalko ditu ikasle horientzako hezkuntza inklusiorako neurriak, ezohiko jarduketak eta programak, horien garapenaren bidez ikastetxeetan sustatzeko espezializazioa, prestakuntza eta jarraipena. Era horretan bultzatuko da berariazko izate hori onuragarria izatea irisgarritasuna hobetzeko, ikasle guztien hezkuntza testuinguruetan.

b) Ezohiko iraunkortasuna hezkuntza sistemaren etapetan.

Neurri hori hartzen ahalko da Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan, aldez aurretik ebaluazio psikopedagogikoa eginda, dagozkien hezkuntza etapen azken ikasturtean. Haren hartzaile izanen dira hezkuntza premia bereziak dituzten eta berariazko jarduketak eta egokitzapen adierazgarriak eskatzen dituzten ikasleak. Ebaluazioari dagokion araudian arautuko da.

c) Malgutasuna adinagatik dagokiena baino maila altuago batean hasten diren ikasleen kasuan.

Neurri hori hartzen ahalko da adimen gaitasun altuak dituztelako hezkuntza laguntzaren berariazko premia erakusten duten ikasleen kasuan. Neurri hori ezarri aurretik neurri eta jarduketa orokorrak eta berariazkoak erabiliko dira, haien premien arabera, eta egiaztatuko da ez dela aurreikusten zailtasun afektibo-sozialik goragoko maila batean hasteagatik.

Ezohiko neurri hau proposatzeko prozedura ikastetxeko zuzendaritzaren bitartez gauzatuko da, eta hark bidaliko du malgutze neurriaren eskaera inklusio gaietan eskumena duen departamentuko unitate kudeatzailera, oro har ikastetxeetan hurrengo ikasturterako aurreinskripzioa egiteko ezarritako epean. Eskaera horretan jaso beharko dira:

1) Irakasle taldearen txostena, tutoretzak koordinatua, egiaztatuz ikasleak eskuratu dituela malgutasun neurria gauzatuz gero laburtuko den ikasturteari dagozkion helburuak eta gaitasun gakoak.

2) Txosten psikopedagogikoa, ikastetxeko orientatzaileak egina, neurri agortuen deskribapena emanez, eta horren barnean, malgutzeko proposamena egin aurretik aurrera eramandako berariazko aberaste programa.

3) Ikaslearen gurasoen edo legezko tutoreen adostasuna idatziz jasoa. Hezkuntzako Ikuskatzailetzak txosten bat prestatuko du proposamenaren egokitasuna eta ikaslearen edo haren gurasoen edo legezko ordezkarien eskubideak errespetatzen diren baloratuz.

Inklusio gaietan eskumena duen departamentuko unitate kudeatzaileak, jaso dituen txostenak aztertu ondoren, ebatziko du malgutze eskaeraren gainean, eta horren berri emanen die ikastetxeari eta familiari.

Hartuko duen neurriaren gainean ebaluazio eta jarraipen prozesu bat egikarituko du irakasle taldeak. Zuzendaritza taldeak neurria ezabatzeko proposatzen ahalko du, ikusten badu ikasleak ez dituela iristen aurreikusitako helburuak eta desoreka atzematen bada garapen esparruetan.

IV. KAPITULUA.–HEZKUNTZA LAGUNTZAREN BERARIAZKO PREMIA ERAKUSTEN DUTEN ETA HEZKUNTZA TESTUINGURUETAN OZTOPOAK AURKITZEN DITUZTEN IKASLEAK

13. artikulua. Hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleak.

Hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleak dira hezkuntzaren testuinguruan oztopoak aurkitzen dituzten ikasleak. Ikasle horiek behar izaten dituzte aldaketak, doikuntzak, neurriak eta jarduketak, ohikoaz bestelako hezkuntza arreta bat jasotzeko, gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien lor ditzaten eta, nolanahi ere, ikasle guztientzat oro har ezarritako helburuak eskura ditzaten; hezkuntza premia bereziaren arrazoiak izaten ahal dira, besteak beste, heldutasun atzerapena, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak, arreta edo ikaskuntza nahasmenduak, ikaskuntza hizkuntzaren ezjakintasun larria, kalteberatasun sozioedukatiboko egoeran egotea, gaitasun intelektual handia izatea, hezkuntza sisteman berandu sartzea, edo egoera pertsonalak edo eskolako historiaren inguruabarrak.

14. artikulua. Hezkuntza premia berezia dutelako hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten ikasleak.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak dira oztopoak aurkitzen dituztenak hezkuntza sisteman egon, parte hartu edo ikasteko, desgaitasunen ondorioz edo jokabidearen, komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larriak dituztelako, horrek eskatzen duenean, eskolatze aldiaren tarte batean edo eskolatze aldi osoan, zenbait laguntza, neurri eta jarduketa, haien garapen mailarekin bat datozen ikaskuntza helburuak betetzeko.

15. artikulua. Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleei erantzun integrala ematea.

1. Hezkuntzaren testuinguruan ikasle horien sarbide osoa eta hezkuntza sisteman egoteko, parte hartzeko eta ikasteko aukerak mugatzen ahal dituzten oztopoak identifikatzen diren une beretik gauzatuko da ikasle horien hezkuntza erantzuna.

2. Oztopoak detektatu ondoren, irakasle taldeak, tutoretzak koordinatuta, eginen ditu ikasle guztien irisgarritasuna errazteko behar diren aldaketak. Aurrean aurkitzen dituen oztopoengatik berariazko neurriak eta jarduketak behar dituzten ikasleen kasuan, orokorrak agortu edo eskas geratu ondoren, hezkuntza orientazioko espezialisten aholkularitza edo/eta esku-hartzea baliatzen ahalko dira, ahal den hezkuntza erantzunik inklusiboena jaso dezaten.

3. Erantzun horrek foru agindu honetan eta ikastetxeko inklusio planean jasotakoa beteko du, eta aurrera eramatean etengabeko koordinazioa izanen da eta erabakiak hartuko dira, esku-hartzea ikasle guztiekikoa izan dadin, eta jarraipen berezia eginen da hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleentzat.

4. Hezkuntza laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleen erroldan ikasleren bat sartzen den kasu guztietan, funts publikoekin finantzatzen diren ikastetxeek berehala eman beharko diete egoera horren berri ikaslearen guraso-ahala duten gurasoei edo legezko tutoreei, eta espresuki adierazi beharko dute familiak jakinarazpen hori jaso duela.

V. KAPITULUA.–EBALUAZIO PSIKOPEDAGOGIKOA HEZKUNTZA INKLUSIORAKO

16. artikulua. Ebaluazio psikopedagogikoa beharrezkoa edo komenigarria den ebatzi aurreko jarduketak.

Irakasle taldeak, tutoretzak koordinatuta, aurrera eramandako neurri eta jarduketen analisia eta jarraipena eginen du, haien eraginkortasuna baloratuz, eta erabakiak hartuko ditu, haien jarraitasunaren edo bestelakorik garatu beharraren inguruan. Aipatu jarduketak ezarri eta ebaluatu ondoren, eskas direla edo dauden oztopoak ez dituztela gutxituko aurreikusten bada, hezkuntza orientazioaren lankidetza eskatuko da, eta baloratuko da, ikastetxeko inklusio planean ezarritakoaren arabera, beharrezkoa edo komenigarria den ebaluazio psikopedagogikoa egitea.

17. artikulua. kontzeptua.

1. Ebaluazio psikopedagogikoa da irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan esku hartzen duten elementuei eta esku-hartzea egiten den hezkuntza testuinguruari buruzko informazio garrantzitsua bildu, aztertu eta baloratzeko prozesua.

2. Ikasleen hezkuntza premiak eta hezkuntza testuinguruan aurkitzen dituzten oztopoak, ikaskuntzan haien sarbidea, jarraitzea, parte-hartzea eta aurrera egitea baldintzatzen dutenak, identifikatzeko egiten da. Helburua da erabakiak oinarritzea eta zehaztea modu tekniko, arautzaile eta objektibo batez, testuinguruaren aldaketekin eta ikasleek behar duten hezkuntza erantzunerako laguntza eta doikuntza mota egokiekin lotuak, ahal den garapenik handiena lor dezaten.

3. Ebaluazio psiokopedagogikoaren helburua izanen da, nolanahi ere, ikasleekiko aurrera eramaten den hezkuntza erantzuna hobetzeko neurriak eta laguntzak proposatzea. Horretarako, hezkuntza erantzunik inklusiboena erraztuko da, eta agortuko dira testuingurua aldatzeko eta ikasleek aurkitzen dituzten oztopoak ezabatzeko edo gutxitzeko ezartzen ahal diren neurri guztiak.

4. Ebaluazio psikopedagogikoa beharrezkoa izaten ahal da edozein unetan, behar diren premiak identifikatzeko eta hezkuntza testuinguruan aldaketak, doikuntzak eta neurriak ezartzeko. Hezkuntza premia bereziak dituztelako oztopoak aurkitzen dituzten ikasleen kasuan, nahitaezkoa izanen da ebaluazio psikopedagogikoa etapa bakoitzaren bukaeran, dagokion txostena eginez, eta horren berri emanez hurrengo etaparako, aurrera eraman beharreko proposamenarekin batera, indarreko legediari jarraiki.

18. artikulua. Arduraduna.

1. Ebaluazio psikopedagogikoa eta dagokion txostena egitea hezkuntza orientazioko irakasleen eskumena da, eta beharrezkoak izanen ditu irakasle taldearen lankidetza eta familien edo legezko ordezkarien parte hartzea. Informazioa eskatu edo trukatzen ahalko da bestelako profesionalekin, ezarritako protokoloak betez.

2. Ikasleen familiek edo legezko ordezkariek informazioa jaso beharko dute prozesu horren beharrari edo komenigarritasunari buruz, aurrera eraman aurretik. Idatziz jasoko da informazio hori hartu izanaren ziurtagiria, foru agindu honen II. eranskinaren arabera, eta prozesuaren partaideak izanen dira. Ebaluazio psikopedagogikoak ez du behar familien edo legezko ordezkarien baimenik. Hala ere, kanpoko eragileekiko koordinazioa beharrezkoa bada, aldez aurretik, familien edo legezko ordezkarien baimena beharko da, foru agindu honen III. eranskinaren arabera.

3. Ebaluazio psikopedagogikoaren ondorioz, ikasleren bat hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen erroldan sartzen den kasu guztietan, hezkuntza orientazioa behartuta dago horren berri berehala ematera ikaslearen guraso-ahala duten gurasoei edo legezko tutoreei, eta espresuki adierazi beharko dute familiak jakinarazpen hori jaso duela.

4. Txosten horren edukiaren edota ebaluazio psikopedagogikoaren berri duten profesionalek konfidentzialtasuna bermatuko dute. Espedientea zer administrazio unitatetan gordailutzen den, hura arduratuko da espedientea gordetzeaz eta zaintzeaz.

19. artikulua. Xedea.

1. Ebaluazio psikopedagogikoa eta dagokion txostena beharrezkoak izanen dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruko erabakiak hartzeko oinarria ezartzeko, adibidez, honako neurri hauek proposatzeko:

a) Eskolatzeko modalitatea.

b) Neurri eta jarduketa zehatzak. Baliabide eta laguntza espezializatuak behar diren ezartzeko.

c) Ezohiko neurriak eta jarduketak.

d) Aniztasunari arreta emateko programetarako sarbidea izateko, edo eskatzen denean, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

2. Berariazko eta/edo ezohiko neurriak eta jarduketak hartzeko proposamena zehaztuko da ebaluazio psikopedagogikotik eratortzen diren ondorioen arabera, dagokion txosten psikopedagogikoan jaso diren moduan.

Nolanahi ere, arestian aipatutako neurri horietakoren bat ezarritako irizpideen arabera baloratzeko aukeraz gain, ebaluazio psikopedagogikoa egin aurretik ezarritako neurri orokorrak zabaltzea edo/eta aldatzea proposatuko da, hezkuntza erantzuna ahalik eta inklusiboena errazteko.

3. Ebaluazio psikopedagogikoaren txostena hezkuntza inklusioan eskumena duen departamentuko unitate kudeatzailera bidaliko da, ebaluazio psikopedagogikoaren ondoren proposatzen badira:

a) Unitate espezifikoetan edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatzea.

b) Curriculumaren egokitzapen adierazgarria egiteko neurri espezifikoa aplikatzea hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat.

c) Ikasturte bat malgutzea adinaren gainetik.

d) Ezohiko iraunkortasuna hezkuntza sistemaren etapetan.

20. artikulua. Txosten psikopedagogikoa.

1. Ebaluazio psikopedagogikoa egin ondoren informazioa jasoko da txosten psikopedagogiko batean, eta honako atal hauek izanen ditu, foru agindu honen I. eranskineko ereduaren arabera:

a) Ikasleen datuak eta ebaluazioaren arrazoia.

b) Sintesia.

c) Ebaluazio psikopedagogikoa, ikasleari buruz eta eskola testuinguruari buruz jasotako informazio adierazgarrian oinarritua.

a. Ikasleari buruzko informazioaren atalean, haren historia pertsonala eta eskolako historia dokumentatuko dira; ikaslearen garapenari, indarguneei, trebetasunei eta mailari buruzko datuak eta haien balorazioa, eta familia eta gizarte testuinguruari buruzko datu adierazgarriak.

b. Testuinguruaren atalean jasoko da ikastetxeari eta ikastaldeari buruzko informazioa, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari buruzko datu eguneratuak, irisgarritasunari buruzko eta ezarritako neurri eta jarduketei buruzko informazioa jasoz.

d) Ebaluazio psikopedagogikoaren ondorioak, ikaslearen premien eta hezkuntza testuinguruan aurkitzen dituen oztopoen identifikazioa islatuz.

e) Hezkuntza erantzuna, proposamena jasoz, eskolatze modalitatearen, antolakuntzaren eta curriculumaren, baliabideen eta jarduketen inguruan, eta hura aurrera eramateko orientazioak.

2. Txosten psikopedagogikoak, sintesiaren atalean, informazioa familiari helarazi zaiola jasoko du, haren edo legezko ordezkarien sinadurarekin. Horrela ziurtatuko da jaso dutela ondorioei eta proposamenei buruzko informazioa, eta egokia bada, haien iritzia edo/eta adostasuna jasoko dira, I. eranskineko ereduaren arabera. Gainera, egokia den kasuetan, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren esku-hartzea ere jasoko da, eta ondoren hezkuntza orientazioak bidaliko du inklusio gaietan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko unitate kudeatzailera.

VI. KAPITULUA.–HEZKUNTZA PREMIA BEREZIAK DITUZTEN ETA HEZKUNTZA TESTUINGURUETAN OZTOPOAK AURKITZEN DITUZTEN IKASLEEN ESKOLATZEA

1. ATALA.–ESKOLATZE MODALITATEAK

21. artikulua. Eskolatzea.

1. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen ebaluazio psikopedagogikoa hezkuntza orientazioko irakasleek egin ondoren, eta txosten psikopedagogikoa eman ondoren, ikaslea eskolatuko da, egindako eskolatze modalitateko proposamenaren arabera. Ikasleen familiak edo/eta legezko ordezkariek neurri inklusiboena hautatzen ahalko dute proposatutakoen artean, indarreko irizpideen eta araudiaren arabera.

2. Era berean, eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroarekin lankidetzan, ikaslea eskolatzeko izan daitezkeen proposamenen artean orientazioa ematen ahalko zaie, indarreko araudian eta ebaluazio psikopedagogikoan oinarrituta, eta halaber hezkuntza testuinguruaren arabera. Gurasoek edo legezko ordezkariek sinatuko dute proposamenari buruzko informazioa jaso dutela, eta aurreinskripzioa egiten ahalko dute, txostenean jasotakoetatik familiak aukeratutako araubidearekin bat heldu diren plazak dituzten ikastetxeetan.

22. artikulua. Eskolatze modalitateak.

1. Ikasleak, oro har, ikastetxe arruntean eskolatzeko modalitatean eskolatuko dira, foru agindu honetan jasotzen diren salbuespenekin.

2. Ikaslea egiten ari den etapan hezkuntza orientazioko arreta ematen duen espezialistak, ebaluazio psikopedagogikoa egin ondoren, eskolatzean barna, kontuan hartuta haren hezkuntza premia bereziak, eskola testuingurua, indarreko araudia eta ezarritako irizpideak, proposatzen ahalko du ikastetxe arrunt bateko egitura espezifikoetan eskolatzea, edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatzea.

3. Ebaluazio psikopedagogikoa egiten bada modalitatea aldatzeko asmoz, hezkuntza bereziko ikastetxe baterako edo egitura espezifikoetarako sarbidea emateko, ebaluazio hori eta dagokion txosten psikopedagogikoa eginen dira aurreinskripzioko epea baino lehen, familiak edo/eta legezko ordezkariek aukera izan dezaten jasotako proposamenekin bateragarriak diren plaza hutsak eskuratzeko.

4. Eskolatzeko modalitateak dira ikastetxe arruntean edo hezkuntza bereziko ikastetxe batean:

a) Ikastetxe arrunteko modalitatea.

a.1. Ohiko ikasgela.

Ikasleak normalean ikastetxe arruntetan eskolatuko dira, foru agindu honetan ezarritako salbuespenekin, maila diferentetan behar dituzten neurri eta jarduketekin, eta eskatzen ahal dituzten laguntzekin, osagarriak izan daitezen inklusioaren ikuspegitik, tutoretzak eta irakasle taldeak aurrera eraman beharreko arretarako.

Ikastetxean egin beharreko jarraipena eta etengabeko gogoeta, informazioa eta lankidetza estua familiekin eta/edo legezko ordezkariekin, lagungarriak izanen dira eskolatzean barna aholkularitza emateko eta erabakiak hartzeko.

a.2. Egitura espezifikoak.

1. Hezkuntzako etapa desberdinetan barna, hezkuntza premia bereziak dituzten eta oztopoak aurkitzen dituzten ikasleak eskolatzen ahalko dira ikastetxe arruntean, egitura espezifikoetan, izan ere, testuinguru horretan neurriak eta jarduketak agortuta izanda ere, onuragarria izaten ahal baita ikaslearentzat, taldekatze espezializatu batetik egiten bada.

Egitura horiek testuinguru oso espezializatu bat eskainiko dute, eta haren helburu nagusia izanen da ikasleen inklusioa, eta ikastetxe arruntek eskaintzen duten guztia probetxugarria izatea haientzat.

2. Ikasleak talde arruntetan sartuko dira ahal den denbora guztian, haien ezaugarrien arabera, eta kasu guztietan ere, gutxienez eskolako jardunaldiaren heren bat izanen da, ikastetxeko bizitza aktiboan parte hartzeko aukera izan dezaten. Kalitateko inklusio erantzuna bultzatuko da, ikasleen garapen pertsonalaren arlo guztiak kontuan hartuta.

3. Ikasle horien tutoretza Pedagogia Terapeutikoko espezialista batek eramanen du, eta hark koordinatuko ditu jarduketak eta erabaki-hartzeak, ikasleekin esku hartzen duten profesional guztiekin. Koordinazio hori inklusio planean ezarriko da, dagozkion alderdi guztiak jasoz.

4. Ikasleak ikastetxe arruntetako egitura espezifikoetan hartzeko, familiaren eta/edo legezko ordezkarien adostasuna beharko da.

5. Egitura espezifikoen ezaugarriak:

–Oro har, eskolatzea bost ikaslerentzat izanen da, salbu eta curriculum espezifikoko unitateetan, derrigorrezko bigarren hezkuntzan.

–Egitura desberdinetan eskolatzen ahal diren ikasleen sarbidea baloratzeko, kontuan hartuko dira hezkuntza premia bereziak, testuingurua eta ikaslea eskolatzen den hezkuntza etapa. Unitate horietan eskolatzeko, betiere, ezohiko neurriak eta baliabideak behar dituzten egokitze gaitasunak izan behar dituzte.

–Egitura horietarako sarbidea hezkuntza etapa desberdinetan baloratzen ahalko da ikasleek, neurri eta jarduketa orokorrak eta espezifikoak agortu ondoren, hezkuntza premia bereziak erakusten badituzte, desgaitasun intelektual larria, desgaitasun intelektual moderatua, beste nahasmendu larriekin batera, edo autismoaren espektroko nahasmendua izatearen ondorioz, eta laguntza espezifikoak eta espezializatuak eta/edo intentsitate handiagokoak behar badituzte.

–Etapa desberdinetan, islatu diren hezkuntza premia bereziez gain, erantzuna emateko, egituratu beharko dira irakaskuntza-ikaskuntza ingurune oso espezializatuak, eta baliabide pertsonal eta material espezifikoen etengabeko esku-hartzea, ikasleen garapena sustatzeko.

–Premia horiek agertzen direnean testuinguru eta etapa bakoitzean, baloratzen ahal da egitura horietara sartzea komenigarria den, baina ez da nahitaezkoa ikaslea haietan sartzea, sustatu behar dena araubide ahalik eta inklusiboena baita, ahal den guztietan.

6. Arestiko horiez gain, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren etapan, curriculum espezifikoko unitateetan eskolatzen ahalko dira. Unitate espezifikoak dira horiek, bigarren hezkuntzako ikastetxe arruntetan, haien helburua dela erantzuna ematea ikastetxe arrunt batean hainbat neurri eta jarduketaren xede izan diren baina testuinguru horrek oraindik mesede egiten ahal dien ikasleen kasuei, egitura espezializatu batetik.

–Curriculum espezifikoko unitateetan eskolatzen ahalko dira desgaitasun intelektual arin edo moderatu baten ondorioz hezkuntza premia bereziak agertzen dituzten ikasleak, eta haien egokitzeko trebetasunak ezohiko baliabideen beharrik eragiten ez dutenean.

–Premia horiek agertzen direnean testuinguru bakoitzean, baloratzen ahal da unitate horietan hartzea komenigarria den, baina ez du nahitaezkoa ikaslea haietan hartzea, sustatu beharrekoa araubide ahali eta inklusiboena baita, ahal den guztietan.

–Curriculum espezifikoko unitateek eskolatuko dituzte, oro har, zazpi ikasle gehienez, eta kasu berezietan, bederatzi ere izaten ahal dira.

b) Hezkuntza Bereziko ikastetxeen modalitatea.

1. Ikasleak hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatuko dira oztopoei aurre egiteko neurri espezifikoak eta ezohikoak behar dituztenean, modalitate horrek erantzun probetxugarria eskaintzen ahal duelako haien garapenerako.

2. Eskolatzeko proposamena onartuko da hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, ez ikastetxe arrunt batean, ez eta unitate espezifikoetan ere, ezinezkoa izan denean inklusioko hezkuntza erantzun egokiagorik ematea, jarduketa orokor eta espezifiko guztiak agortu ondoren, eta modu argian aski izan ez direnean, ikaslearen garapena eta bizi kalitatea sustatzeko.

3. Ikastetxe horietarako sarbidea baloratzen ahalko da, kontuan hartuta hezkuntza premia bereziak, testuingurua eta hezkuntza etapa:

a) Haur Hezkuntzako etapan eskolatzen ahalko dira desgaitasun anizkoitzetik eratorritako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

b) Lehen hezkuntzako etapan (derrigorrezko oinarrizko hezkuntza bat DOH1), haur hezkuntzarako aipatutako ikasleez gain, eskolatzen ahalko dira hezkuntza premia bereziak desgaitasun hauen ondorioz dituzten ikasleak: desgaitasun intelektual larria, desgaitasun intelektual moderatua bestelako nahasmendu larriekin batera agertzen dena, eta autismoaren espektroko nahasmenduak, laguntza oso nabarmena eskatzen dutenak; aurretik agortu behar dira ikastetxe arrunteko eta/edo unitate espezifikoetako modalitateetako neurri eta jarduketa guztiak.

c) Bigarren hezkuntzako etapan (derrigorrezko oinarrizko hezkuntza bi DOH2), lehen hezkuntzarako aipatutako ikasleez gain, eskolatzen ahalko dira hezkuntza premia bereziak desgaitasun hauen ondorioz dituzten ikasleak: desgaitasun intelektual moderatua bestelako nahasmendu batzuekin batera agertzen dena, eta autismoaren espektroko nahasmenduak, laguntza oso nabarmena eskatzen dutenak; aurretik agortu behar dira ikastetxe arrunteko eta/edo unitate espezifikoetako modalitateetako neurri eta jarduketa guztiak.

2. ATALA.–ONARPEN PROZESUA

23. artikulua. Onarpena.

Ikasle horien eskolatzea normalizazio eta inklusio printzipioak betez eginen da; diskriminaziorik ez egotea ziurtatuko da, bai eta hezkuntza sisteman sartzeko eta jarraitzeko egiazko berdintasuna ere.

Funts publikoekin finantzatutako irakaskuntzetan ikasleak onartzeko prozesu arrunta, haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan, onarpeneko prozesu arruntean ezarritako epe eta datetan eginen da, eta zehaztuko dira eskolatze gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak horretarako argitara emanen duen urteko ebazpenean.

Prozesu horrek eskaerak aurkezteko ohiko epe bakar bat izanen du, desberdina izan daitekeena, ikasmaila edo irakaskuntza bakoitzaren arabera. Ikasle horien eskolatzea normalizazio eta inklusio printzipioetan oinarrituko da, eta bermatuko dira diskriminaziorik ez egotea eta hezkuntza sisteman sartzeko eta jarraitzeko egiazko berdintasuna.

Hezkuntza premia bereziak dituztelako oztopoak aurkitzen dituzten ikasleak eskolatzean, baloratzen ahalko da hezkuntza bereziko egitura edo ikastetxeetan sartzeko aukera, eta hogeita bat urtera arte luzatzen ahalko da eskolatze modalitate hori. Prozesu horretan beti kontuan hartuko dira adingabearen interes gorena eta araubide inklusiboena lehenesten duten familien borondatea.

24. artikulua. Onarpenerako irizpideak Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eta egitura espezifikoetan.

1. Ikasleak onartzeko prozesua irizpide hauen arabera gauzatuko da:

a) Ikasleak erakustea desgaitasunen bat eta/edo mendekotasun balorazioa izatea. Gehienez 4 punturekin baloratuko dira, era honetan haztatuta:

–Desgaitasun ziurtagiria: 1 puntu.

–Mendekotasun moderatua: 2 puntu.

–Mendekotasun larria: 3 puntu.

–Mendekotasun handia: 4 puntu.

b) Gurasoen edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia gertu izatea. Ikaslearen bizitokia ikastetxearen eraginpeko eremuaren barnean egotea. 2 puntuz baloratuko da.

c) Senideak izatea ikastetxe berean matrikulatuta. Senideak ikastetxean matrikulatuta izanez gero 2,5 puntuz baloratuko da, haien kopurua edozein dela ere.

–Baloratu ahal izateko, eskatzaileak inguruabar hori adierazi beharko du onartzeko eskaeran, eskatutako ikastetxe bakoitzerako.

–Ikastetxean matrikulatutako senidetzat joko dira dagoeneko ikastetxe horretan eskolatuta daudenak, baldin eta, onarpen eskaera egiten den ikasturtean, ikastetxe horretan eskolatuta jarraitu behar badute.

–Halaber, foru agindu honetan jasotako baremoa aplikatzearen ondorioetarako, honako kasu hauek ere senidetzat hartuko dira:

  • Indarreko legeriaren arabera ezkontza edo bikote egonkorrez osatutako familien seme-alabak, bi ezkontideen seme-alabak ez badira ere.
  • Legez eratutako tutoretza edo familia harreraren eraginpeko pertsonak, betiere familia unitate beraren barruan badaude.

–Irizpide hori egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

  • Familia liburuaren kopia edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein bide, familia lotura frogatzeko balio duena.
  • Tutoretza edo familia harreraren kasuetan, inguruabar hori egiaztatzen duen ebazpenaren kopia.
  • Ikastetxearen ziurtagiria, alegatutako senide guztien datu pertsonalak eta matrikulatuta dauden ikasmaila zehazten dituena.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarrita dagoen bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak); emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada. 1,5 puntuz baloratuko da.

e) Desgaitasuna agertzen bada zuzeneko familiarrengan. Desgaitasuna ikaspostua eskatzen duen ikaslearen gurasoek, legezko tutoreek edo senideek dutenean 0,5 puntu emanen dira, alde batera utzita zenbat pertsonak duten desgaitasuna, eta betiere ofizialki egiaztatuta badago.

f) Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea. Genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatearen egoera kontuan hartuko da bi inguruabarrak edo bietako bat gertatzen bada 1 puntu emanen da.

g) Gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxean lan egitea. Guraso edo legezko tutoreren batek ikastetxean lan egiten badu 0,5 puntu emanen dira.

–Irizpide hau baloratzeko, ezinbestekoa izanen da inguruabar hori ofizialki egiaztatzea. Halaber, kontuan hartu beharko da puntuazioa ez dela metatzen ahalko bi gurasoek edo legezko tutoreek ikastetxe berean lan egiten badute.

–Honako hauek dira ikastetxean lan egiten duten gurasotzat edo legezko tutoretzat hartuko direnak: ikastetxe horretan funtzionario harremanaren bitartez edo besteren konturako lan kontratuaren bidez lotuta daudenak eta ikasleak onartzeko eskaerak aurkezteko ohiko epea amaitzen denean ikastetxean zerbitzua ematen ari direnak.

–Lehentasunezko irizpide hori egiaztatzeko, ikastetxearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, langilearen datu pertsonalak eta plantillan okupatzen duen lanpostuari dagozkionak zehaztuta.

h) Legez familia ugariko kide izatea. Legez familia ugariko kide bada ikaslea 0,5 puntu emanen dira.

–Familia ugaritzat joko da indarreko araudiaren arabera halakotzat aitortzen dena.

–Legez familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren kopia baten bidez egiaztatuko da.

i) Ikaslea familia harrerako egoeran egotea. Ikaslea familia harrerako egoeran badago 0,5 puntu emanen dira.

Ikaspostua eskatzen duen ikaslearen familia harrera kontuan hartzeko, egoera horrek agiri bidez formalizatuta egon behar du.

–Familia harrerako egoera egiaztatuko da harrera hori formalizatu duen agiri ofizialaren kopia aurkeztuta.

j) Familia guraso bakarrekoa izatea. Guraso bakarreko familiako kide bada ikaslea 0,5 puntu emanen dira. Guraso bakarreko familia dela egiaztatzeko, inguruabar hori jasotzen duen titulu ofizialaren kopia aurkeztu beharko da.

k) Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleak. Erditze anizkoitzetik sortutakoa bada ikaslea 0,5 puntu emanen dira. Ikasleak erditze anizkoitzaren ondorioz jaio direla egiaztatzeko, inguruabar hori jasotzen duen agiri ofizialaren kopia aurkeztu beharko da.

2 Puntuaketan berdinketarik izanez gero, horiek hausteko aurreko apartatuan azaldutako irizpideak aplikatuko dira, adierazitako hurrenkeran, berdinketa hautsi arte.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa publiko bidez ebatziko da. Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 4ko 46/2021 Foru Aginduaren 13.1 artikuluan aipatzen den gisan, Hezkuntza Departamentuan ikasleen onarpenean eskuduna den organoak eginen du zozketa; foru agindu horren bidez garatu zen ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua, haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan, derrigorrezko bigarren hezkuntzan eta batxilergoan ikasteko.

25. artikulua. Onarpenerako prozedura.

1. Aurreinskripzioa egiten ahalko da funts publikoez finantzatutako ikastetxe arruntetan edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan, ohiko eta ezohiko epean.

2. Aurreinskripzio horretan familiak edo legezko ordezkariek frogatuko dute txosten psikopedagogikoan jasotako proposamenetan hautatutako plazak edo/eta postu hutsak eskuratzeko aukera dutela.

3. Hezkuntza orientaziotik eskatzen ahalko da Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren aholkularitza eta lankidetza, ebaluazio psikopedagogikoa egiteko. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren esku-hartzea beharrezkoa izanen da, ebaluazio horretatik ondorioztatzen denean beharrezkoak direla ezohiko neurriak eta jarduketak, edo eskolatze modalitatearen proposamenak ikastetxe arrunteko unitate espezifikoa edo hezkuntza bereziko ikastetxea lehenesten dituenean.

4 Eskolatzeko modalitateen proposamenean Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroak esku hartzen duenean, hezkuntza orientazioak txosten psikopedagogikoa bidaliko du Hezkuntza Departamentuan inklusio gaietan eskumena duen unitate kudeatzailera, eta hark helaraziko dio modalitatearen proposamena eskolatze gaietan eskuduna den unitateari.

5 Txosten psikopedagogikoa ikasleen Ikasketa Espedienteari erantsiko zaio.

6 Onarpena aurreinskripzio prozesuaren ondorengo datetan egiteko aukera baloratuko da, berandu hasten diren ikasleen kasuan, aurreinskripziorako epean Nafarroako Foru Komunitatean eskolatuta ez bazeuden.

26. artikulua. Eskolatze modalitatearen berrikuspena eta etapa aldaketagatik.

Une zehatz batean hartzen den erabakia nahitaez berrikusi beharko da ikasleen eskolatze aldian barna. Nolanahi ere, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskolatze modalitatearen berrikuspena nahitaez egin beharko da, etapa bakoitzaren bukaeran eta, orobat, adingabearen interes gorena aintzat hartuta, eskaera motibatua eta arrazoizkoa aurkezten denean, ikastetxearen edo familiaren nahiz legezko ordezkarien aldetik. Berrikuspen hori aurreinskripzio epearen aurretik, 25. artikuluan jasotzen denari jarraiki, egin beharreko ebaluazio psikopedagogikoa erabiliz egin beharko da.

VII. KAPITULUA.–EKITATEA ETA INKLUSIOA INDARTZEKO TRESNAK ETA MEKANISMOAK

27. artikulua. Bekak eta laguntzak.

Hezkuntza Departamentuak, aukera berdintasuna sustatzeko eta ekitate nahiz inklusio printzipioak indartzeko, bekak eta laguntzak jasotzeko deialdiak ezarriko ditu urtez urte.

28. artikulua. Sarbide probetara egokitzea.

Hezkuntza laguntzaren berariazko premia izanik beren ikasketak egiten Lanbide Heziketan edo unibertsitate ikasketetan jarraituko duten ikasleei dagokienez, behar diren sarrera probak egokitzeko ezartzen diren prozedurak erabiliko dira, betiere Hezkuntza Departamentuak ezarritako jarraibideak aintzat hartuta eta indarreko araudiaren babesean.

29. artikulua. Ekitatea eta inklusioa indartzeko mekanismoak.

1 Hezkuntza inklusiboaren mapa. Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza inklusiboaren mapa eta ikastetxe bakoitzean laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze indizea erabiliz, hezkuntza erantzuna bultzatzeko mekanismo eta ekintza zuzentzaileak edo indartzaileak ezarri behar diren baloratuko du.

2 Hezkuntza Departamentuak artikulatzen ahalko ditu arreta ahalik eta egokiena emateko neurriak, hezkuntza laguntzaren berariazko premia duten edo SEKI (estatus sozial, ekonomiko eta kulturalaren indizea) zehatz batzuk erakusten dituzten ikasleen proportzio handiena eskolatzen duten ikastetxeen beharrei erantzuteko.

3 Jarduketa eta jardunbide egokien optimizazioa eta garapena sustatuko da, hezkuntza inklusiorako programen bidez, eta erraztuko da prestakuntza espezializatua edo haren garapenarekin lotutako zerbitzu eginkizunak onartzea.

4. Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren programek, hura arautzen duen Foru Dekretuan adierazitako funtzioei jarraiki, erantzunen diete tratamendu espezifikoagoa edo bereziagoa eskatzen duten egoera partikularrei edo testuingurukoei, doikuntza zehatzago bat eskainiz, hezkuntza erantzun inklusiboaren kalitatea hobetzeko.

30. artikulua. Prestakuntza.

1. Hezkuntza Departamentuak sustatu eta antolatuko ditu ekitate eta inklusio gaietarako ebidentzian oinarritutako prestakuntza jarduerak.

2. Hezkuntza inklusiorako programen garapenean eta aplikazioan, prestakuntza espezializatua eginen da, programa horien garapenarekin lotua.

31. artikulua. Hezkuntza berrikuntzako eta ikerkuntzako proiektuetan parte hartzea.

Ikastetxeek eta hezkuntza eragileek berrikuntza eta ikerkuntza proiektuetan parte hartzea sustatu eta erraztuko da, hezkuntzaren hobekuntza eta kalitatea sustatzeko, eta bidenabar, ikastetxeentzako bultzada eta pizgarri eraldatzaileak izan daitezen.

32. artikulua. Unibertsitateekiko lankidetza.

Hezkuntza Departamentuak unibertsitateekiko hitzarmenak eratzen ahalko ditu, ekitatea eta inklusioa indartzen ahal dituzten neurriak eta jarduketak bultzatu eta ezartzeko asmoz, foru agindu honetan xedatutakoarekin lotuta.

33. artikulua. Gainerako hezkuntza, osasun nahiz gizarte zerbitzuekiko lankidetza.

Hezkuntza Departamentuak sustatuko ditu eta parte hartuko du departamentu arteko prozeduretan, adingabearen interes gorena hobesteko eta hari eta haren familiei arreta emateko, foru agindu honetan ekitate eta inklusio gaiei dagokienez jasotakoarekin lotutako alderdietan.

34. artikulua. Gizarte ekintzako hirugarren sektoreko erakundeekiko koordinazioa eta lankidetza.

1 Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren Hezkuntza Inklusiorako Batzordearen bitartez, sareko lana sustatuko da, aniztasunarekiko arreta hobetzen ahal duten iradokizunak eta ekimenak jasoko dira, informazioa trukatuko da ikasleen premia orokorrei buruz, eta prestakuntzarako eta difusiorako elkarlanerako jarduketak bultzatuko dira.

2 Horiek eginen dira Hezkuntza Departamentuaren jarraibideak aintzat hartuta, hark ezarritako moduan, eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroa arautzen duen Foru Dekretuan xedatutakoa betez.

Lehen xedapen gehigarria.–Aniztasunari erantzuteko plana.

Foru agindu honek indarra hartzen duen unetik, aniztasunari erantzuteko planak inklusio plana izena hartuko du.

Bigarren xedapen gehigarria.–Irisgarritasuna.

Inklusioa indartzeko, Hezkuntza Departamentuak, banako desberdintasunak aintzat hartuta, desgaitasuna duten ikasleek erabiltzen dituzten komunikazio moduak eta euskarriak ezagutzea eta horien kontzientzia hartzea sartzen ahalko ditu bere hezkuntza eskaintzan, adibidez, komunikazio sistema handigarriak eta alternatiboak ezagutzea, barne direla ahozko komunikazioari laguntza emateko produktuak eta Espainiako zeinu-hizkuntzak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Kasu bereziak ebaztea.

Hezkuntza inklusioaren inguruko edozein berezitasun, foru agindu honetan jaso ez bada, Hezkuntza Departamentuan inklusio gaietan eskuduna den unitateak ebatziko du.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

1. Indarrik gabe geratzen dira arau hauek:

–93/2008 Foru Agindua, ekainaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunarekiko erantzuna arautzen duena, salbu eta 30., 31., eta 32. artikuluak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako curriculum egokituko programei dagozkienak.

–65/2012 Foru Agindua, ekainaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana; horren bidez arautzen da ikastearen nahasmenduengatik eta arreta faltagatiko nahasmenduarengatik (hiperaktibitatearekin) hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

2. Orobat, indarrik gabe geratzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 21ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

I. ERANSKINA.–TXOSTEN PSIKOPEDAGOGIKOA

1.–Ikaslearen datuak.

Deiturak:

Izena:

Jaioteguna:

Tokia:

Helbidea:

Telefonoa:

Herria:

PK:

Maila/kurtsoa:

Etapa:

Aitaren, amaren, edo legezko tutorearen izena:

Telefonoa:

Helbide elek.:

Aitaren, amaren, edo legezko tutorearen izena:

Telefonoa:

Helbide elek.:

IKASTETXEAREN DATUAK

Ikastetxea:

Herria:

Telefonoa:

Helbide elek.:

Ebaluazio psikopedagogikoaren arrazoia:

2.–Sintesia.

Hezkuntza laguntzaren berariazko premiarik ez du. Hezkuntzako premia arruntak.

Hezkuntza laguntzaren berariazko premia.

Hezkuntza premia bereziak.

Beste batzuk.

Premien identifikazioaren deskribapen laburra:

Eskolatze modalitateak.

Ikastetxe arrunta.

Ikastetxe arrunta: unitate espezifikoa.

Ikastetxe arrunta: curriculum espezifikoko unitatea.

Hezkuntza Bereziko ikastetxea.

Neurriak, jarduketak eta baliabideak:

Txosten honen edota ebaluazio psikopedagogikoaren edukiaren berri izaten ahal duten profesionalek KONFIDENTZIALTASUNA bermatuko dute. Espedientea zer administrazio unitatetan gordailutzen den, hura arduratuko da espedientea gordetzeaz eta zaintzeaz.

Sinadura: izena eta abizenak. Hezkuntza orientazioa

NHEBZ:

Sinadura eta zigilua

Informazioa familiei eta/edo legezko ordezkariei:

Familiak informazioa jaso du datarekin.

Txosten psikopedagogikoaren kopia eraman du.

Jakinarazi zaio datuak jaso direla hezkuntza laguntzaren premia berezia duten ikasleen Educa erroldan (egokia denean indarreko araudiaren arabera).

Eskolatze modalitatearen proposamenari buruzko iritzia:

Ados dago/ ez dago ados.

Azpimarratu beharreko bestelako alderdiak:

Familiaren sinadura

Inklusio gaietako unitate kudeatzaileari helarazi da datarekin:

3.–Ebaluazio psikopedagogikoa.

3.1. Ikaslea.

3.1.1. Ikaslearen gaineko informazioa.

a) Historia pertsonalaren alderdiak.

b) Eskola historia.

3.1.2. Garapenaren datu eguneratuak.

a) Garapenaren eta indarguneen balorazio eguneratua.

b) Gaurko trebetasunak eta gaitasun maila.

3.1.3. Gizarte eta familia testuinguruari buruzko datu adierazgarriak.

3.2. Eskola testuingurua.

3.2.1. Testuinguruari buruzko informazioa.

3.2.2. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari buruzko datu eguneratuak.

a) Ikastetxea eta ikasgela.

b) Ezarritako neurriak eta jarduketak.

4.–Ebaluazio psikopedagogikoaren ondorioak.

4.1. Ikaslearen premien identifikazioa.

4.2. Hezkuntza testuinguruan aurkitzen dituen oztopoak.

5.–Hezkuntza erantzuna.

5.1. Eskolatze modalitatea.

5.2. Antolakuntza eta curriculum arlokoa. Baliabideak, neurriak eta jarduketak.

5.3. Proposatutako hezkuntza erantzuna garatzeko orientazioak.

II. ERANSKINA.– EBALUAZIO PSIKOPEDAGOGIKOA - FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA

..................................................................................ikastetxean .......................... mailan eskolatutako ....................................................................................................................... ikaslearen ama/aita/legezko ordezkaria naizen honek.

Hezkuntza orientazioko profesionalak jakinarazi digu ebaluazio psikopedagogikoa egiteko prozesu bat abiarazi behar dela, prozesua egiten hasi aurretik.

Prozesua egiten da ikasleen hezkuntza premiak eta aurkitzen dituen oztopoak identifikatzeko, helburua dela, betiere, aurrera eramanen den hezkuntza erantzuna hobetuko duten neurriak eta laguntzak proposatzea.

Hori guztia, Hezkuntzako kontseilariak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako hezkuntza inklusioa arautzeko emandako foru aginduaren V. kapituluan xedatutakoarekin bat.

.............................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.

Sinadura

(ama-aita-legezko ordezkaria)

III. ERANSKINA.– KANPOKO ERAGILEEKIKO KOORDINAZIOA - FAMILIEN BAIMENA

..................................................................................ikastetxean .......................... mailan eskolatutako ....................................................................................................................... ikaslearen ama/aita/legezko ordezkaria naizen honek.

Informazio adierazgarria jasotzeko, ebaluazio psikopedagogikoko prozesuan, edo/eta garatutako hezkuntza erantzuna hobetzeko, osasun nahiz gizarte zerbitzuetako bestelako profesionalekin, edo bestelako kanpoko eragileekin, beharrezkoa balitz, ezarritako protokoloak aintzat hartuta:

Baimentzen dut kanpo eragileekiko koordinazioa.

Ez dut baimentzen kanpo eragileekiko koordinazioa.

.............................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.

Sinadura

(ama-aita-legezko ordezkaria)

Iragarkiaren kodea: F2312735