1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
316E/2023 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa funtsezko bat egiteko Irunberriko udal mugartean haize-sorgailuentzako palak fabrikatzen dituen instalazio batean, pintura-lerroa aldatzeko proiektua aurrera eraman ahal izateko. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Nordex Blades Spain SAU da.
Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 11.1 taldean.
2022ko martxoaren 23an, titularrak pintura-lerroa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, isurien konfinamendurako inolako neurririk gabe jarduteko. Horretarako, disolbatzaileen kontsumoa murrizteko zenbait neurri proposatzen dira, jarduera horrek urtean 5 tona disolbatzaile baino gutxiago kontsumitzeko etengabe eta modu iraunkorrean, hau da, II. eranskineko baldintzak aplikatzeko 117/2003 Errege Dekretuan ezarritako atalasetik behera kontsumitzeko.
2023ko martxoaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako irizpenean erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, funtsezko aldaketa ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimena ematea aldaketa funtsezko bat egiteko Irunberriko udal mugartean haize-sorgailuentzako palak fabrikatzen dituen instalazio batean, pintura-lerroa aldatzeko proiektua aurrera eraman ahal izateko. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Nordex Blades Spain SAU da.
Bigarrena.–Instalazioaren aldaketa ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak, proiektuan gauzatutako zatiari dagozkionak, betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nordex Blades Spain SAUri eta Irunberriko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko irailaren 11n.–Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko burua, David Sotillo Portilla, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F2313133