Iragarkia
194. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
841E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Ribaforadako udalerriko La Dehesa parajean haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 txahal hazteko ustiategi bat jartzeko proiektuari buruz. Proiektu horren sustatzailea Ganados Barberena SL da.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1. multzoan, f) letraren 3. atalean.
Bi ustiategi ezarri nahi dira, elkarren ondoan eta independenteak: bata, haragitarako 2.495 moxal hartuko dituena, Ribaforadako 1. poligonoko 355. lurzatian dagoen ustiategia handitzeko, eta bestea, hegoaldean, aurrekoaren ondoan, haragitarako 1.415 txahal hartzeko.
Txosten honen I. eranskinean proiektuaren funtsezko datuak laburbiltzen dira.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten.
Honako hauei egin zaie kontsulta: Ribaforadako Udalari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsari, Erribera-Landazuria Ekologistak Martxan elkarteari, "Lurra" Lurra Babesteko Elkarteari eta Greenpeace elkarteari. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna jaso da (Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala), non jarduketaren alde agertzen baita, ez delako inolako aztarnategi arkeologikorik kaltetuko.
2023ko ekainaren 8an, sustatzaileak beste dokumentu bat aurkeztu zuen, lehenago aurkeztu zuenaren gehigarri gisa, organo substantiboaren tramiteari dagokionez, Sustraia Erakuntza Fundazioak 2023ko maiatzaren 12an aurkeztutako alegazioei erantzuteko.
–Proiektuaren ingurumen ebaluazioa.
Abeltzaintzako instalazioa Ribaforadako herritik hegoaldera dago, 4,5 km-ra, AP-68 Ebroko autobidetik 110 metro ekialdera, ureztaketako alor batzuk hartzen dituen lautada baten gainean. Eremu horretan ubide sare korapilatsu bat dago, jarduketa-esparruaren perimetroko lau aldeetatik igarotzen dena eta El Casetón de la Dehesako putzuarekin lotura duena. Putzu horrek 3400 m² inguruko azalera du eta proiektatutako ustiategitik 100 metrora baino gutxiagora dago, ekialderantz.
Instalaziotik 700 metrora hegoaldera, Peñadil, Montecillo eta Monterrey Kontserbazio Bereziko Eremua dago (ES2200042), mendebalderantz hedatzen dena. Eremu horretako kontserbaziorako gako-elementuetako bat estepako fauna da.
KBE horren iparraldean, 1.500 metrora baino gutxiagora, simaurrak kudeatzeko lurralde planaren alderik handiena ezarrita dago. Inguru horretan estepako abifauna ikusi da: ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), ganga azpizuria (Pterocles alchata) eta atalarra (Burhinus oedicnemus).
Bereziki nabarmena da aipatutako KBEaren iparraldeko mugaren ondoan dauden bi lurzati handi samarrek duten interesa, zeinak jardueraren simaurrak kudeatzeko planean sartuak baitaude. Horiei dagokienez, ustiategiaren ingurumen bateragarritasuna hobetzeko zenbait neurri proposatzen dira ingurumen inpaktuaren txosten honetan.
Gainera, esanguratsua da instalazioaren perimetro osoan 2.000 m ingurura dauden aire-sorgailuek eragin dezaketen efektu sinergikoa.
Ustiategia Ebro ibaiaren uholde-arriskuko eremutik kanpo dago; izan ere, ibaia 7 km-ra dago, iparralderantz. Nitratoek kutsatzeko arriskua duen eremua Ebro ibaiaren inguruan dago, eta haren hegoaldeko muga ustiategitik 800 metrora dago.
Bi abeltegietan sortuko den simaur guztitik urtero 20.000 tona kudeatzaile baimendu batek erretiratuko ditu, eta gainerakoa, 5.000 tona inguru, proposatzen diren lurzatietan banatzea aurreikusita dago. Lurzati horiek ingurumen agiriaren 4. eranskineko 9. planoan eta Lurralde Planean adierazita daude, eta nitratoek kutsatzeko arriskua duen eremutik kanpo daude.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.
Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.
Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, ez dela ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri nabarmenik aurreikusten, baldin eta betetzen badira ingurumen inpaktuaren txosten honetan jaso diren determinazioak, proiektuaren baimen substantiboan integratuko direnak. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ribaforadako udalerriko La Dehesa parajean haragitarako 2.495 moxal eta haragitarako 1.415 txahal hazteko ustiategi bat jartzeko proiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarri bezala, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena. Proiektu horren sustatzailea Ganados Barberena SL da.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Azienda gobernatzeko erabiltzen diren patioak eta eremuak aire zabalean badaude, abereen eginkariekin kontaktuan dauden euri-urak bilduko dira eta kudeatzeko eremu egokietara bideratuko dira, jariatzeak inguruneko landaredi naturalari kalterik eragiten ez diola bermatzeko.
–Simaurrak kudeatzeko planari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:
- Simaurrak banatzeko orduan, kontuan hartuko dira Simaurrak kudeatzeko Lurralde Plana eta aurkezten den ingurumen agiriaren 4. eranskineko 9. planoa. Plano horretan, lurralde planean sartuak dauden lurzati guztiak adierazten dira (den-denak nitratoek kutsa dezaketen eremutik kanpo daude). Simaurrak kudeatzeko lurralde plan horri edozein aldaketa egiteko, eremu kalteberan lurzati gehiago sartzea badakar, arroko erakundearen berariazko aldeko txostena beharko da.
- Kontu handiz banatu beharko dira simaurrak Ablitasko 9. poligonoko 841. lurzatian eta 11. poligonoko 866. lurzatian, Peñadil, Montecillo eta Monterrey KBEaren mugaren ondoan daudelako. Lurzati horiei dagokienez, ongarritzeak abeltzaintza-ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa beteko du. Protokolo hori txosten honen II. eranskinean dago jasota.
- Simaurra banatuko den lurzati batzuen barruan Europako intereseko habitatak daude, baso-lurzoruak dituzte edo erreka-zuloetatik hurbil daude (Mendianiqueko erreka-zuloa edo Malpisako erreka-zuloa); beraz, ongarritzea lurzati horietako laborantza-eremuetan soilik eginen da, abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoekin bat (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua), eta habitatak, baso-eremuak eta ibai-ibilguak babestuz betiere.
–Abeltegia inguruko haize-parkeetatik nahiko urrun egonen bada ere (2 km inguruko distantzia), aurkeztu diren neurriak bete beharko dira, abeltegia ez dadin izan hegaztientzako erakargune bat, hurbileko haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua ekar dezakeelako. Beraz:
- Ezinbestekotzat jotzen da abere hilen edukiontzia eraikin itxi batean mantentzea.
- Simaurtegiak erabat estaliko dira.
- Azkenean, ustiategiaren funtzionamendu-fasean hegaztientzako erakargune bihurtzen bada eta horrek talka-arriskua areagotzen badu, Biodibertsitatearen Zerbitzuarekin adostuta (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua), neurri berriak ezarriko dira sinergia-inpaktu hori saihesteko edo minimizatzeko.
–Ustiategiaren integrazioa hobetzeko, abeltzaintza-esparruaren perimetroan landaketa trinko bat eginen da, zuhaixka eta zuhaitz aleak sartuz. Espezie autoktonoak edo inguruko laboreei loturikoak erabiliko dira, hala nola tamariza (Tamarix gallica), zurzuria (Populus alba), Alepo pinua (Pinus halepensis), karraska (Quercus rotundifolia), abaritza (Quercus coccifera), hesilaharrak (Rhamnus lycioides), otabera horia (Retama sphaerocarpa), masustondoak, olibondoak edo almendrondoak. Zuhaitzen landaketetan, 1,2 eta 1,5 m bitarteko altuera duten aleak erabiliko dira, batetik bestera 5 metroko distantzia utziz. Zuhaixkak, berriz, ilara bikoitzean landatuko dira, batetik bestera 3 metroko distantzia utziz. Ureztapen sistema izanen dute. Aleak ongi zurkaiztuak egonen dira eta behar bezalako mantentze-lanak eginen zaizkie. Ondoak sartu eta hurrengo hiru urteetan, gutxienez, galdutako aleak ordeztuko dira.
–Ustiategia ezartzeko beharrezkoak diren indusketetan sobran geratzen diren lurrak eremuaren urbanizazio lanetan egokituko dira, edo kudeatzaile baimendu batek erretiratuko ditu espazio degradatuak lehengoratzeko, beste obra bat egiteko, edo deuseztatzeko, hondakinei buruz indarrean dagoen legeriaren arabera.
–Ustiategian kanpoko argiteria behar bada, gaueko ingurunea babesteko indarrean dagoen araudian adierazitakora egokitu beharko da. Gainera, Balsa del Casetón izeneko putzua hurbil dagoenez, eta argi arrotza eta fauna-espezieen gaineko eragina minimizatzeko (batez ere, saguzarren eta gaueko intsektuen gainekoa), kanpoko argietan, sodio-lurrunezko lanparak edo LED anbarreko lanparak erabiliko dira (440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaziz).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Lehendik dagoen ustiategi hau Ribaforadako 1. poligonoko 355. lurzatian dago (UTM ETRS 89 koordenatuak. X: 621.803, Y: 4.645.631) eta zaldi-aziendako 800 buru eta 200 txahal-buru ditu. Proiektu honen bidez, elkarren ondoko bi ustiategi independente egin nahi dira: bata, zaldi-aziendarena, iparraldean, lehendik dagoena handituz, eta bestea, gizentzeko behi-aziendarena, hegoaldean.
Proiektua egikaritzeak aldameneko lurzatiak okupatzea ekarriko du, bai iparraldean (418. lurzatia), bai hegoaldean (422. eta 423. lurzatiak), guztiak ere udalerri horretako 1. poligonokoak.
Zaldi-aziendaren ustiategiak haragitarako 2.495 moxal-buru izanen ditu, eta, ustiategi horretatik 10 metrora hegoaldera, haragitarako behi-aziendaren ustiategia ezarriko da, 1.415 txahal-buru izanen dituena. Jarduketa udalaren lurzatiak biltzeko prozesuan dagoen finka batean eginen da. Finka horrek 57.290 m²-ko azalera du, eta horietatik 18.050 m² okupatuko dira.
–Zaldi-aziendaren ustiategia:
Oraingo ustiategiak, bigarren eraikuntza-fasea gauzatu ondoren, abeltzaintzako nabe estali bat du, 180 m x 25 m-ko azalera duena, eta 7,2 m-ko altuera gailurreraino. Nabearen ekialdean, 10 m x 70 m-ko eremu bat du erantsia, non kokatzen baitira erizaintzako eremua, boxak, askotariko erabileretarako biltegia, zamalanetarako kaia eta sarrerako gunea. Nabearen alboei atxikita, aziendarentzako kanpoko patioak daude.
Mendebaldean ur-putzu bat du, 844 m³-ko edukiera duena, lurrean hondeatua eta EPDM xaflaz iragazgaiztua. Putzuaren ondoan, hormigoiztatutako simaurtegi bat dago, 1.670 m³-ko edukiera duena. Simaurtegia iparraldetik irekita dago, eta 8 cm-ko hormigoizko irtengune bat du, balizko lixibiatuak saihesteko. Nabearen ekialdean abere hilentzako edukiontzi bat dago, estalkia eta hormigoizko pareta prefabrikatuak dituena, baita 40 m3-ko edukiera duen ur-biltegi goratu bat eta elektrizitatea sortzeko sistema bat ere (20 kva-ko sorgailua eta 720 litroko gasolio-biltegi independentea).
Zaldi-ustiategia handitzeak berekin dakar abeltzaintza-nabe berri bat eranstea iparraldean, gaur egun dagoen nabearen neurri eta ezaugarri berberekin eta harekin paralelo, bai, orobat, egungo simaurtegia handitzea haren ondoan simaurtegi berri bat ezarriz, 2.100 m³ edukierakoa (guztira 3.770 m³-ko edukiera lortuko da), eta ur-biltegi goratu berri bat eta zamalanetarako kai bat instalatzea, horiek ere ekialdean.
–Behi-aziendaren ustiategia:
Behi-aziendaren ustiategia zaldi-aziendaren ustiategiaren hegoaldean kokatu nahi da, 210 m x 25 m-ko nabe estali batean. Nabeari atxikita, ekialdean, 10 m x 45 m-ko eremu bat egonen da, non kokatuko baitira erizaintza eremua, boxak, askotariko erabileretarako biltegia, zamalanetarako kaia eta sarrerako gunea.
Nabearen alboei atxikita, kanpoko patio estali gabeak egonen dira. Nabearen mendebaldean, barruko patioak simaurtegi gisa gaituko dira (azkeneko 30 metroko tartea); beraz, 10 m x 30 m x 3 m-ko altuerako bi simaurtegi izanen dira, guztira 2.100 m³ simaur bildu ahal izateko.
Nabearen ekialdean 40 m³-ko ur biltegi goratu bat eta abere hilen edukiontzia hartuko duen etxola bat proiektatu dira, zaldi-ustiategiaren edukiontzitik hurbil. Argindarra eguzki-instalazio fotovoltaiko baten bidez sortuko da. Egungo perimetro-hesia modu independentean egokituko da instalazio berrietara. Nabeen estalkietan biltzen diren euri-urak PVCzko lurpeko hodien bidez bideratuko dira lurraren jariatze-lerro naturaletara.
Behi-aziendaren ustiategian, frisiar arrazako txahalak 50 kg-ko pisuarekin sartuko dira eta 300 kg-ra arte gizenduko dira. Bestalde, haragitarako arrazetako txahalak 180 kg-ko pisuarekin sartuko dira eta 450 kg-ra arte gizenduko dira. Urtean 2 ziklo kalkulatzen dira.
Zaldi-aziendaren ustiategian moxalak 12-15 hilabeterekin sartuko dira, 330 kg-tik 350 kg-ra bitarteko pisua dutela, eta handik 100-120 egunera aterako dira, 500 kg-ko pisuarekin. Urtean 2,8 ziklo inguru kalkulatzen dira.
Batez beste txahal bakoitzeko 250 kg eta moxal bakoitzeko 420 kg kalkulatuta, urtean 73,05 tona hilotz sortuko dira.
Simaurra ekoizteari dagokionez, bi ustiategietan urtean 24.916 tona simaur ekoiztea aurreikusten da, eta biltegiratzeko ahalmena 8.770 tonakoa izanen da. Bi abeltegitan sortutako simaur guztitik 20.000 tona kudeatzaile baimendu batek erretiratuko ditu. Sortutako gainerako simaurra, hots, 5.000 tona, Simaurrak Kudeatzeko Planean onartuak dauden finketan banatuko da.
Abeltegiari hornitzen zaion ura "Finca La Dehesa" ureztatzaileen elkartetik dator. Sustatzaileek duten emakida horren arabera, ur putzua premien arabera betetzen da eta horrela asetzen da abeltegiaren kontsumoa.
Bi ustiategietako jardueraren ondorioz, 12.452 tona pentsu, 1.422 tona bazka eta 49.949 m³ ur kontsumituko direla kalkulatu da.
Esparru osoaren perimetroa paisaian integratzeko, landare-pantailak jarriko dira zuhaitz- eta zuhaixka-aleak landatuz, ureztatzeko sistema eta guzti.
II. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO PROTOKOLOA
Kontuan hartzekoak:
–Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa, natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzkoa.
–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentaraua, 2009ko azaroaren 30ekoa, basa hegaztiak zaintzeari buruzkoa.
–Espezie mehatxatuei eta babestuei buruz indarrean dagoen araudia, Europako, Espainiako eta autonomia erkidegoko araudiaren katalogoetan jasotzen dena.
–Estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuak (AICAENA). (Kartografia hori eskuratzen ahal da Nafarroako Datu Espazialei buruzko Azpiegituran –NDEA–, "Ingurumen eta biodibertsitatea" izeneko atalean: https://idena.navarra.es/Portal/Descargar).
–Hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE) eta kontserbazio bereziko eremuak (KBE), Natura 2000 Sarearen barnean daudenak. (Kartografia hori eskuratzen ahal da Nafarroako Datu Espazialei buruzko Azpiegituran –NDEA–, "Ingurumen eta biodibertsitatea" izeneko atalean: https://idena.navarra.es/Portal/Descargar). Natura 2000 Sarearen barnean dauden lekuen kudeaketa planak.
Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak,Natura 2000 Sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneetan), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Debeku da urak kutsa dezaketen edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.
–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.
–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.
–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.
–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.
–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa-baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).
–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon ala ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubideetara edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egin.
–Gatz-hezegune eta erreka-zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).
Iragarkiaren kodea: F2312590
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
