194. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

153/2023 FORU DEKRETUA, irailaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa arautzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 47. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola hezkuntza arautzeko eta administratzeko eskumen osoa, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren eta Estatuaren eskumen diren lege organiko guztien manuetan ezarritakoaren arabera.

Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatu zituen. Ondorioz, Foru Komunitateak bere gain hartu zuen unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko anitzen funtzionamendu ekonomikoaren kudeaketaren ardura, eta hori antolatzeko, uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen funtzionamenduaren ondoriozko diru-sarrera eta gastuen araubidea ezarri zuena.

Foru dekretu horrek indarra du hogeita hamar urte igaro ondoren ere, eta oso baliagarria izan da unibertsitateaz kanpoko ikastetxeek egindako kudeaketa ekonomikorako. Hala ere, oso komenigarria da ikastetxeen kudeaketa ekonomikoa arautuko duen foru dekretu berri bat onestea, kudeaketa hori eguneratu eta egungo araudiaren esparrura egokitu ahal izateko.

Alde horretatik, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arreta berezia jartzen du ikastetxeen autonomian, bai arlo pedagogikoari dagokionez, bai beren baliabideen kudeaketa ekonomikoari dagokionez ere.

Hain zuzen ere, aipatutako lege organiko horren 123. artikuluak aitortzen du ikastetxeek autonomia izanen dutela beren kudeaketa ekonomikoan, lege organiko horrek berak, eta orobat, hezkuntza administrazio bakoitzak ezartzen dituzten araudien arabera.

Kudeaketa ekonomikoaren autonomia bitarteko egokia da hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, eta funtsean adierazten du ikastetxeek arduraz erabiliko dituztela funtzionatzeko beharrezkoak dituzten bitarteko guztiak, beren helburuak lortu ahal izan ditzaten.

Hezkuntza administrazioen betebeharra da ikastetxeak beharrezkoak diren hezkuntza baliabideez, giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzea, kalitateko irakaskuntza eskaintzeko eta hezkuntza sisteman sartzeko aukera berdintasuna bermatzeko. Gainera, ikastetxeen autonomia sustatu behar dute, ikastetxeek, beren baliabideen bidez, behar den erantzuna eta bideragarritasuna eman diezaieten hezkuntza proiektuei.

Foru dekretu honek ekartzen duen alderdi garrantzitsuenetako bat da diru-sarreren eta gastuen aurrekontuen egitura eguneratzea eta homogeneizatzea, ikastetxe publiko guztien azpikontuen mailan, eta, horrekin batera, kudeaketa ekonomikorako software bat ezarri du, nahitaez erabili beharrekoa, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko guztientzat. Tresna informatiko horrek, gainera, bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera sustatzeko aukera emanen du, transmisio elektronikoaren euskarri izan daitezen, kudeaketa kontuak modu arin eta errazean igortzeko ohiko bitarteko gisa.

Foru dekretu honen testuak bederatzi kapitulu, bost xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen jasotzen ditu.

I. kapituluan, "Xedapen orokorrak" izenburuarekin, azaltzen dira helburua eta aplikazio eremua, ikastetxeen kudeaketa ekonomikoaren autonomia eta kudeaketa horren eskumena duten organoak.

II., III. eta IV. kapituluetan ikastetxeen aurrekontua lantzen da, eta arautzen dira haren definizioa, prestaketa eta onespena, egitura, edukia eta egikaritzea.

V. kapituluak ikastetxeen kudeaketa kontuak arautzen ditu, eta kontuak emateko bi kudeaketa kontu ezartzen dira ekitaldi bakoitzeko.

VI. kapituluan arautzen dira euskarri informatikoa, kontabilitatea, kontabilitate eragiketen erregistroa eta informazioaren igorpena Hezkuntza Departamentura.

VII. kapituluan arautu eta garatzen da diruzaintzaren kudeaketa.

VIII. eta IX. kapituluek arautzen dituzte prezio publikoak eta tasak, hurrenez hurren, zehaztuz, alde batetik, prezio publikoen zenbatekoa finkatzea Hezkuntza Departamentuaren titularraren eskumena dela, eta bestetik, tasak direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean ezarritakoak, eta horien bidez bildutako dirua sartuko dela banku-kontu berezi batean.

Foru dekretuak lau xedapen gehigarri ditu, honako hauek arautzen dituztenak: ikastetxeak sortzean eta kentzean gertatzen diren egoera bereziak; ikastetxeetan zenbait organo ez daudenean eskumena duten haien organo baliokideak; dokumentazioaren artxibatzea eta zaintza; eta 2022ko abuztuaren 1ean Hezkuntza Departamentuari atxikita dauden haur eskolen kudeaketa ekonomikoari dagokionez Hezkuntza Departamentuak garatu beharreko araudi espezifikoa. Halaber, xedapen iragankor bakar bat du, non ezartzen baita Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bakarrik ematen duten institutuen tasak sartzeko banku-kontuen deuseztatuko direla.

Foru dekretuaren bukaeran biltzen dira xedapen indargabetzaile bat (orain artean aplikatzen zen araudia indargabetzekoa) eta bi azken xedapen (bata, dekretua garatzeko ahalmenei buruzkoa, eta bestea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indarrean jartzeari buruzkoa).

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluaren aldez aurreko txostena ikusirik eta Nafarroako Kontseiluarekin bat, Hezkuntza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2023ko irailaren 6an eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatzen dut:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da ikastetxe publikoek eskura dituzten baliabideen kudeaketa ekonomikoa arautzea eta garatzea.

2. Foru dekretu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko guztietan.

Ondorio horietarako, ikastetxe publikoak dira titulartasun publikokoak direnak eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotzen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzen dituztenak, eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Hezkuntza Departamentuak erregelamendu bidez zehazten ahal dituen zentro publikoak.

Era berean, aplikazio esparru horretan sartzen dira irakasleentzako laguntza zentroak, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa (NHEBZ) eta Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ).

2. artikulua. Kudeaketa ekonomikorako autonomia.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoek beren baliabide ekonomikorako autonomia izanen dute.

2. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen autonomia era honetan definitzen da: ikastetxe bakoitzak bere aurrekontu eta baliabide ekonomikoak arduraz administratzea eta egikaritzea, bere hezkuntza proiektuan ezarritako helburuak bete eta kalitateko zerbitzu publikoa eskaintze aldera.

3. artikulua. Organo eskudunak.

1. Ekonomia eta ogasun gaietan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuari edo Nafarroako Kontuen Ganberari egokitzen ahal zaizkien finantzen kontrola eta auditoretza eginkizunak ukatu gabe, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoaren gaian eskudunak dira, orobat, ikastetxe bakoitzeko eskola kontseilua, ikastetxeko zuzendaria, ikastetxeko idazkaria, eta ezartzen diren Hezkuntza Departamentuko administrazio unitateak.

2. Ikastetxeko eskola kontseiluak eskumen hauek izanen ditu:

a) Ikastetxearen aurrekontua eta haren aldaketak onestea.

b) Eraginkortasunaren jarraipena egitea baliabide ekonomikoen kudeaketan.

c) Ikastetxearen kudeaketa kontuak onestea.

3. Ikastetxeko zuzendariak, ikastetxeko idazkariaren laguntzarekin, ondoko eskumen hauek izanen ditu:

a) Ikastetxearen aurrekontuaren proiektua eta haren aldaketen proposamenak prestatzea eta eskola kontseiluari aurkeztea, hark onets ditzan.

b) Ikastetxearen kudeaketa kontuak prestatzea eta eskola kontseiluari aurkeztea, hark onets ditzan.

c) Aurrekontua eta kudeaketa kontuak bidaltzea Hezkuntza Departamentuari.

d) Diru-sarrerak kudeatzea.

e) Kontratazioak egitea ikastetxearen izenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontratazioari buruzko indarreko araudiaren arabera.

f) Gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea.

4. Ikastetxeko idazkariak eskumen hauek izanen ditu:

a) Ikastetxeko zuzendariarekin lankidetzan aritzea ikastetxearen aurrekontuaren proiektua eta haren aldaketen proposamenak prestatzen.

b) Ikastetxeko zuzendariarekin lankidetzan aritzea ikastetxeko kudeaketa kontuak prestatzen.

c) Ikastetxeko gastuen eta diru-sarreren kontabilitatea eramatea.

d) Ikastetxeko kudeaketa ekonomikoari dagokion dokumentazio administratiboa zaintzea, foru dekretu honen VIII. kapituluan ezarritakoa betez.

II. KAPITULUA.–AURREKONTUA. DEFINIZIOA, PRESTAKETA ETA ONESPENA

4. artikulua. Definizioa.

1. Ikastetxe publikoen aurrekontua ekonomiaren planifikaziorako tresna da eta honela definitzen da: ikastetxeak bere funtzionamendurako onartzen ahal dituen gehieneko betebeharren eta betebehar horiek finantzatzeko aurreikusten dituen diru-sarreren adierazpen zifratua, bateratua eta sistematikoa. Diru-sarrerak estimazioak dira, eta gastuak, berriz, mugatzaileak dira.

2. Ikastetxearen aurrekontuak gastu guztiak hartuko ditu barne, bai ohiko funtzionamenduari dagozkionak, bai egin asmo diren inbertsioei dagozkienak ere, baita gastu horiei aurre egiteko aurreikusten diren diru-sarrerak ere, foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera; diru-sarrera horien zenbateko osoa gehi aurreko urteko gerakina izanen da gehieneko gastu gaitasuna.

5. artikulua. Aurrekontuaren indarraldia.

Ikastetxe publikoen aurrekontu ekitaldia urte naturala izanen da, eta haren indarraldia urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartekoa.

6. artikulua. Aurrekontu oreka.

Ekitaldi bakoitzeko aurrekontua hasierako defizitik gabe aurkeztu behar da, eta aurreko ekitaldiko gerakinaren eta aurreikusten diren diru-sarreren arteko baturak izan behar du ekitaldi berrirako aurreikusten diren gastuen zenbateko osoa beste edo gehiago. Gainera, oreka horri eutsi behar zaio ekitaldi osoan eta aurrekontuak egikaritzean.

7. artikulua. Prestaketa, onespena eta aldaketa.

1. Aurrekontu ekitaldi bakoitzerako Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontuen proiektua onetsi ondoren, ikastetxeei jakinaraziko zaie beren funtzionamendu gastuetarako esleituko zaizkien baliabideetarako aurreikusten den zenbatekoa.

2. Ikastetxeko aurrekontuen proiektua, oro har, ekitaldi ekonomikoaren hasieran prestatuko da, eta eskola kontseiluari aurkeztuko zaio, hark aztertu, zuzendu eta onets dezan, aurrekontu ekitaldiko urtarrilaren 31 baino lehen.

3. Otsailaren 15a baino lehen, onetsitako aurrekontua igorriko zaio ikastetxeen kontabilitatearen kudeaketan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko organoari. Aurrekontua automatikoki baliozkotutzat joko da, salbu eta ikastetxeari, hilabeteko epean, egokitzat jotzen diren oharrak jakinarazten bazaizkio, eskola kontseiluak beste aurrekontu bat onets dezan.

4. Aurrekontu berria onesten ez den bitartean, aurreko urteko aurrekontua automatikoki luzatuko da, urtearen hasieran. Ikastetxeko zuzendaritzak soilik baimentzen ahalko ditu funtzionamendurako ezinbestekotzat jotzen diren ordainketak, aurreko ekitalditik heldu den gerakinaren edo uneko ekitaldian lortutako diru-sarreren kargura.

5. Aurrekontua aldatzen ahalko da, hura onesteko ezarritako prozedura bera betez.

III. KAPITULUA.–AURREKONTUAREN EGITURA ETA EDUKIA

8. artikulua. Aurrekontuaren egitura.

1. Diru-sarreren eta gastuen egitura Hezkuntza Departamentuak horretarako gaitu duen aplikazio informatikoan ezarritako ereduaren araberakoa izanen da.

2. Diru-sarrera eta gastuen egitura itxitzat eta nahitaezkotzat jotzen da, azpikontuen mailan, ikastetxe publiko guztientzat. Hala ere, ikastetxeek azpikontuak bereizten ahalko dituzte azpikontu osagarrietan, diru-sarreren eta gastuen aplikazio egokirako beharrezkoak ikusten direnean.

9. artikulua. Aurrekontuaren edukia.

Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen aurrekontuak honako informazio hauek jasoko ditu:

a) Aurreko urteko ekitaldia itxi ondoko gerakina.

b) Aurreikusitako diru-sarreren egoera-orria.

c) Aurreikusitako gastuen egoera-orria.

10. artikulua. Aurreko ekitaldiko gerakina.

Aurreko ekitaldia itxi ondoko guztizko gerakina izanen da kudeaketako banku-kontuaren saldoaren eta kutxako saldoaren arteko batura.

Gerakina banakatuta adierazi beharko da, atxikitako gerakina –xede espezifiko baterako diren ekarpenen saldoa– eta erabilera libreko gerakina –guztizko gerakinaren eta atxikitako gerakinaren arteko diferentzia– zehaztuta.

Gerakin hori baliabide gisa agertuko da hurrengo ekitaldiko aurrekontuan eta, oro har, ikastetxearen funtzionamendu operatiboaren gastuak finantzatzera bideratuko da, atxikitako gerakina dagozkion xede espezifikoetara bideratzen dela errespetatuz, betiere.

11. artikulua. Diru-sarreren egoera-orriaren edukia.

Aurrekontuaren diru-sarreren egoera-orria sailkatuko da haien jatorriaren arabera, eta jasoko ditu ikastetxearen irakas jarduera aurrera eramateko ekitaldi horretan aurreikusten diren diru-sarrera guztiak.

Diru-sarreren egoera-orrian jasoko dira:

a) Hezkuntza Departamentuaren baliabideak, ekitaldi bakoitzerako Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ezartzen direnak, bai funtzionamendu gastuetarako, bai bestelako gastuen finantzaketarako.

b) Beste departamentu batzuen baliabideak, ekitaldi bakoitzerako Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ezartzen direnak.

c) Beste administrazio publiko batzuen, Europar Batasuneko erakundeen edo nazioarteko beste erakunde batzuen baliabideak, eta, halaber, irabazi asmorik gabeko erakundeetatik datozen diru-sarrerak, helburu dutenak ikastetxearen jardueraren ondoriozko gastuei erantzutea.

d) Ikastetxe publikoek beren kudeaketa autonomia baliatuz lortzen ahal dituzten bestelako baliabideak.

12. artikulua. Gastuen egoera-orriaren edukia.

1. Ikastetxearen aurrekontuko gastuen egoera-orria sailkatuko da haien izaeraren arabera, eta jasoko ditu ikastetxearen funtzionamendu normala, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko betebeharrak finantzatzeko xedea duten kreditu guztiak, programa zentralizatuetan jasotakoak izan ezik, eta, horrekin batera, ekitaldi horretan aurreikusten diren inbertsioak.

2. Gastuen egoera-orrian jasoko dira:

a) Ikastetxearen jardueretarako eta funtzionamendurako beharrezkoak diren ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuak.

b) Testuliburuak edo haien baliokide digitalak eta behar den material didaktiko osagarria eskuratzeko gastuak, hezkuntza programetara bideratutakoak eta, haien arautegi espezifikoak ezartzen dituen irizpideen arabera, izaera finalista duten gainerako gastuak.

c) Hondatutako ondasunak mantendu edo ordezkatzeko inbertsioetarako gastuak, ondasun horiek erabiltzen jarraitu ahal izatea eta bizitza baliagarria luzatzea xede dutenak.

d) Ekipamendu eta material inbentariagarriak eskuratzeko gastuak, ikastetxearen erabilera orokorrera edo erabilera espezifiko batera zuzenduak.

3. Aurrekontuan c) eta d) letretan jasotako gastuak sartzen ahalko dira, baldin eta estalita badaude funtzionamendu normalerako aurreikusten diren premia guztiak, eta ikastetxeak haiei aurre egiteko baliabide aski badu.

13. artikulua. Hezkuntza Departamentuaren funtsen igorpenak.

Ikastetxearen funtzionamendu gastuetarako esleitutako zenbatekoak, Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen aurrekontu kredituen kargura direnak, hiru epetan igorriko dira, oro har: gutxienez %30 otsaila bukatu aurretik, %30 maiatza bukatu aurretik, eta gainerakoa iraila bukatu aurretik. Halere, beste ekarpen puntual batzuk ere egiten ahal dira.

Era berean, ekarpena doitzen ahalko du Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeen gaitasun ekonomikoaren arabera.

14. artikulua. Egoitza toki erakundeen jabegoko eraikinetan duten ikastetxeak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 15. xedapen gehigarriaren arabera, kasuan kasuko udalari dagozkio Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoak kontserbatu, mantendu eta zaintzeko gastuak.

Horregatik, egoitza toki erakundeen eraikinetan duten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Hezkuntza Bereziko ikastetxeek beren aurrekontuetan jasoko dituzte eraikinen mantentze, kontserbazio eta zaintza lanei ez dagozkien gastuak, besterik ez.

IV. KAPITULUA.–AURREKONTUAREN EGIKARITZEA

15. artikulua. Aurrekontuaren egikaritzea.

1. Ikastetxeko zuzendaria da onetsitako aurrekontuaren arabera gastuak baimentzeko eta ordainketak agintzeko eskumena duen organoa. Ez du gasturik baimentzen ahalko aurrekontuetan esleitutako kredituen zenbatekoaren gainetik, ez eta ordainketarik agindu ere baliabideen gainetik, eta erabat deusezak izanen dira arau hori urratzen duten egintza administratiboak, haietatik ondorioztatzen ahal diren legezko erantzukizunak ukatu gabe.

2. Aurrekontuen egikaritzean jasoko dira ekitaldi horretan egiaz bildu diren diru-sarrera guztiak, eta egindako eta ordaindutako gastu guztiak ere bai, eta kutxako irizpideei jarraikiz kontabilizatuko dira.

3. Diru-sarrerekin batera jasoko dira haien zilegitasuna egiaztatuko duten agiriak, Hezkuntza Departamentutik jasotako diru-sarreren kasuan izan ezik, horiek modu automatikoan erregistratuko baitira ikastetxe bakoitzaren kontabilitatean, Departamentuak horretarako ezarritako transakzioaren bidez.

4. Gastuekin batera haien justifikazioa egiaztatzen duten agiriak jaso behar dira, gehienetan fakturak.

5. Ikastetxeek ez dute langile gasturik sartzen ahalko.

6. Ez da onartuko ordainketak atzeratzerik, ez eta zatikatzerik ere.

7. Zerbitzu profesionalen ordainketa egin behar denean hizlari, artista eta abarren kasuan, PFEZ atxikipena egin behar da, ikastetxearen izenean emandako fakturaren edukiaren arabera. Egindako atxikipenak arautegi espezifikoan ezarritako epeetan kitatuko dira, eta Nafarroako Zerga Ogasunean sartuko dira.

8. Ikastetxeek ez dute inoiz dirulaguntzarik, laguntzarik edo diruzko saririk ematen ahalko.

9. Ez da finantzatzen ahalko toki erakundeek bete beharreko zerbitzu eta betebeharren gasturik.

V. KAPITULUA.–KUDEAKETA KONTUAK

16. artikulua. Kontuak ematea.

1. Kontu-ematerako, ikastetxeek ekitaldi bakoitzean bi kudeaketa kontu aurkeztu behar dituzte, non aurrekontuaren egikaritzea jasoko baita, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Lehenengo kudeaketa kontua ekaineko bigarren hamabostaldian igorri behar du ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentura, aldez aurretik eskola kontseiluak onetsita.

3. Bigarren kudeaketa kontuak ekitaldi horretako aurrekontuaren eragiketa guztiak jasoko ditu (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra) eta ikastetxeko zuzendariak igorriko du Hezkuntza Departamentura, hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen, aldez aurretik eskola kontseiluak onetsita.

4. Eskola kontseiluak kudeaketa kontua onesten ez duenean ere, hura Hezkuntza Departamentura igorri beharra dago eta, harekin batera, bilkuraren akta, erabakiaren arrazoiak jasotzen dituena. Hezkuntza Departamentuak hartuko du kasu bakoitzean bidezkoa den erabakia.

VI. KAPITULUA.–EUSKARRI INFORMATIKOA, KONTABILITATEA, KONTABILITATE ERAGIKETEN ERREGISTROA ETA INFORMAZIOAREN IGORPENA

17. artikulua. Kontabilitate programa.

Aurrekontua prestatzeko, diru-sarreren eta gastuen kontabilitate eragiketak erregistratzeko, eta kudeaketa kontua prestatu eta aurkezteko, Hezkuntza Departamentuak horretarako gaituko duen sistema informatikoa erabiliko da.

18. artikulua. Kontabilitatea eta kontabilitate eragiketen erregistroa.

Ikastetxearen funtsen mugimendua dakarren edozein eragiketa (kobrantza nahiz ordainketa) kontabilitate programan jasoko da.

19. artikulua. Informazioaren igorpena.

Aurrekontua eta kudeaketa kontuak euskarri informatikoan igorriko dira Hezkuntza Departamentura, horretarako ezarritako transakzioaren bidez, haien jatorria eta edukia bermatuta gelditu daitezen.

VII. KAPITULUA.–DIRUZAINTZAREN KUDEAKETA

20. artikulua. Kudeaketako banku-kontua.

1. Ekonomia eta ogasun gaietan eskumena duen departamentuak kudeaketako banku-kontu bat irekiko du finantza entitate batean, Hezkuntza Departamentuaren bidez, eta ikastetxearen eskura jarriko da; han jasoko dira aurrekontua egikaritzetik sortzen diren kobrantza nahiz ordainketa guztiak.

2. Banku-kontu horrek ez du saldo negatiboa izaten ahalko.

3. Kudeaketako banku-kontua deuseztatzea ekonomia eta ogasun gaietan eskumena duen departamentuak izapidetuko du, Hezkuntza Departamentuak eskatuta.

21. artikulua. Eskudirua erabili ahal izatea.

1. Ikastetxeek eskudirua baliatzen ahalko dute kantitate txikiko ohiko gastuei aurre egiteko. Zenbateko hori, eskudirutan nahiz aurreordainketa-txartelaren bidez, ezin da 500 eurotik gorakoa izan, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak eskaera arrazoitua igorriko du ikastetxeen kontabilitatearen kudeaketan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko organora eta hark, dagokionaren arabera, baietsi edo ezetsiko du eskaera.

2. Haren mugimenduak era egokian erregistratu eta justifikatuko dira kontabilitate sisteman.

22. artikulua. Funtsak erabiltzea.

1. Ikastetxeen banku-kontuen kargura egiten diren ordainketak, oro har, banku-transferentzia bidez eginen dira.

2. Kontu korronte baliagarri baten funtsak erabiltzeko, horretarako baimena duten pertsonen sinadura mankomunatua beharko da.

3. Banku-kontuan eragiketak egiteko gaitasuna duten pertsonak ondoko hauek izanen dira:

a) 6 eskola unitateko edo gehiagoko ikastetxeetan, ikastetxeko zuzendaria eta idazkaria edo zuzendaritza taldeko kide bat, ikastetxeko zuzendaritzak proposatuko duena, izanen dira.

b) 2 eta 5 eskola unitate bitarteko ikastetxeetan, ikastetxeko zuzendaria eta ikastetxeko irakasle bat, ikastetxeko zuzendaritzak proposatua, izanen dira.

c) Eskola unitate bakarreko ikastetxeetan, ikastetxeko zuzendaria izanen da baimendutako pertsona.

4. Irakasleentzako laguntza zentroetan, zentroko zuzendaria eta ILZko aholkulari bat, zentroko zuzendaritzak proposatua, izanen dira banku-kontuan eragiketak egiteko gaitasuna dutenak.

5. Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan eta baliabide zentroetan, zentroko zuzendaria eta zentroko irakasle bat, zentroko zuzendaritzak proposatua, izanen dira banku-kontuan eragiketak egiteko gaitasuna dutenak.

23. artikulua. Banku helbideratzea.

Banku helbideratzeak ur-hornidura, berokuntza, energia elektrikoa, telefonia eta fotokopiagailuak ordaintzeko soilik erabiltzen ahalko dira.

VIII. KAPITULUA.–PREZIO PUBLIKOAK

24. artikulua. Prezio publikoen definizioa.

Prezio publikoak diruzko kontraprestazioak dira, zuzenbide publikoko araubidean zerbitzuak emateagatik edo jarduerak egiteagatik ordaintzen direnak, baldin eta zerbitzu edo jarduera horiek sektore pribatuan ere eskaintzen badira eta administratuek beren borondatez eskatzen badituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean ezarritako moduan.

25. artikulua. Prezio publikoak ezartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean eta otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, foru dekretu horren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak, Hezkuntza Departamentuko titularraren eskumena izanen da departamendu horren mendeko ikastetxeetan eskaintzen diren jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzea.

IX. KAPITULUA.–TASAK

26. artikulua. Tasen definizioa.

Tasak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 10. artikuluan zehazten diren tributuak.

27. artikulua. Tarifak.

Tasa administratiboen tarifak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean ezartzen direnak.

28. artikulua. Tasen banku-kontua.

1. Ekonomia eta ogasun gaietan eskumena duen departamentuak diru-sarreretarako banku-kontu berezi bat irekiko du finantza entitate batean, Hezkuntza Departamentuak eskatuta, eta ikastetxearen eskura jarriko da, tasak biltzeko.

2. Kontu hori gaituta duten ikastetxeek kontu horretan sartuko dute sortutako tasen bidez biltzen dutena.

3. Tasen banku-kontuan baimendutako pertsonak izanen dira kudeaketako banku-kontuan eragiketak egiteko baimena duten berak.

4. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bakarrik ematen duten institutuek kudeaketako banku-kontuan sartuko dute tasen bidez bildutakoa.

5. Salbuespenez, subjektu pasiboak tasak eta prezio publikoak aldi berean ordaintzen dituen ikastetxeetan, diru-sarrera tasen banku-kontuan egiten ahalko da eta, ondoren, dagokion zenbatekoaren intsuldaketa egin, kudeaketako banku-kontura. Funtsen intsuldaketa egin aurretik, txosten xehakatua egin beharko da, ikastetxeko zuzendariak sinatua.

29. artikulua. Likidazioa.

1. Ikastetxe guztien nahitaezko betebeharra da tasa administratiboen bilketen likidazioak egitea.

2. Tasen likidazioa urtero eginen da, sei hileko aldietan, Nafarroako Foru Ogasunaren Diruzaintzan sartuta bildutako funtsak, dagokion ordainketa-gutuna igorriz. Lehenengo likidazioa urtarriletik ekainera bitarteko aldiari dagokio, eta bigarrena uztailetik abendura bitarteko aldiari.

30. artikulua. Informazioa ematea.

1. Likidatutako tasen bilketari buruzko informazioa nahitaez igorri behar dute ikastetxe guztiek.

2. Sei hilabetean behin, bilketaren xehetasunak eta ordainketa-gutuna igorri behar dira ikastetxeen kontabilitatearen kudeaketan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko organora, likidazioa egin ondoren, horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez. Dirurik batere bildu ez bada ere, igorpena berdin eginen da, egoera hori azalduz.

3. Likidatutako tasen dokumentu-euskarriak artxibatu eta zainduko ditu ikastetxeak.

4. Informazioa aldian behin igortzeko betebeharra betetzeaz gain, dokumentazioa Hezkuntza Departamentuaren, ekonomia eta ogasun gaietan eskumena duen departamentuaren eta Nafarroako Kontuen Ganberaren eskura egonen da.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Ikastetxeak sortzen eta kentzen direneko egoera bereziak.

1. Ikastetxe sortu berrietan, eskola kontseilua edo organo baliokideren bat eratu ez bada, ikastetxeko irakaskuntzako zuzendaritza karguak dituzten pertsonek onetsiko dute aurrekontua.

2. Ikastetxeak kentzen direnean, kontabilitate mugimendurik izan bada azken kudeaketa kontua onetsi eta aurkeztu zenetik, ikastetxeen kontabilitatearen kudeaketan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko organoak itxi eta onetsiko du behin betiko kudeaketa kontua.

Bigarren xedapen gehigarria.–Organo baliokideak.

Foru dekretu honetan eskola kontseilua aipatzen denean, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen kasuan, gizarte kontseilua aipatzen dela ulertuko da.

Era berean, foru dekretu honetan ikastetxeko zuzendaritza eta eskola kontseilua aipatzen direnean, bestelako zentroen kasuan, haien baliokide diren organoak aipatzen direla ulertuko da.

Idazkaririk ez dagoen ikastetxeetan, ikastetxeko zuzendariak beteko ditu haren eginkizunak.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Dokumentazioa artxibatzea eta zaintzea.

Ikastetxeen kontabilitate kudeaketaren ardura duten organoek artxibo bat gordeko dute; han jasoko dituzte aurrekontu ekitaldi bakoitzeko diru-sarrera eta gastuen dokumentu-euskarri guztiak eta, halaber, aurrekontua, kudeaketa kontua eta kudeaketa ekonomikoari dagozkion aktak eta administrazio dokumentu guztiak.

Ikastetxeko kudeaketa ekonomikoari buruzko informazioa aldian behin igortzeko betebeharra betetzeaz gain, dokumentazioa Hezkuntza Departamentuaren, ekonomia eta ogasun gaietan eskumena duen departamentuaren eta Nafarroako Kontuen Ganberaren eskura egonen da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolak.

2022ko abuztuaren 1ean Hezkuntza Departamentuari atxikirik zeuden haur eskolen kudeaketa ekonomikoa Hezkuntza Departamentuak arautuko du, haien kudeaketaren berezitasunei buruzko azterketa eta ebaluazioa egin ondoren.

Xedapen iragankor bakarra.–Tasen banku-kontuak deuseztatzea.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bakarrik ematen duten institutuetan tasak sartzeko dituzten banku-kontuak deuseztatuko dira, sei hilabeteko gehieneko epean, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Honen bidez indargabetzen dira Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen funtzionamenduaren ondoriozko diru-sarrera eta gastuen araubidea arautzen duen uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretua eta, halaber, foru dekretu honi aurka egiten dioten xedapen guztiak, maila berekoak edo txikiagokoak.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko irailaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2312892