193. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

987E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2022-2023 ikasturtean" bigarren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 714405.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien 2022-2023 ikasturteko bigarren deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdi hori Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Laguntza osagarri hauen bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen nazioarteko proiekzioa sustatzeko, baita beste unibertsitate batzuetan ikasten duten eta unibertsitate horiek kudeatzen dituzten programetan parte hartzen duten ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2022-2023 ikasturtean" dirulaguntzaren bigarren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

–Aurrekontuko partida: G10001-G1100-4800-322300: trukeak atzerriko unibertsitateekin: Erasmus eta beste batzuk.

–Ekitaldia: 2023.

–Zenbatekoa: 50.000.00.

4 Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2023ko abuztuaren 28an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA.–2022-2023 IKASTURTEKO NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO UNIBERTSITATE PROGRAMEN LAGUNTZA OSAGARRIEN BIGARREN DEIALDIA

OINARRIAK

1.–Xedea.

Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2.–Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Deialdiari esleitutako aurrekontua 50.000 eurokoa da. 45.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 5.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen modalitate horretarako aurreikusitako diru zenbatekoa, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

b) 100 euroko modulu bat aplikatuko da egonaldiko hilabete oso bakoitzeko, eta 25 eurokoa aldi justifikatua bukatzeko falta diren aste bakoitzeko.

c) Eskaera aurkezterakoan egonaldia jada amaituta badago, "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagirian" (EAZ) justifikatutako aldiari dagokion zenbatekoa onartu eta ordainduko da. Ziurtagiri hori eskaerarekin batera aurkeztuko da.

d) Eskaera aurkezterakoan egonaldia amaituta ez badago, edo EAZ ez bada erantsi, eskaeran adierazitako zenbatekoa onartuko da. Ordainketa, aldiz, egonaldia amaitutakoan aurkeztuko den EAZn justifikatutako zenbatekoari dagokiona izanen da.

e) Dirulaguntza lehenbiziko aldiz onartzen bada, gehienez ere egonaldiko 9 hilabeteri dagokiona izanen da laguntza. Aurreko deialdietan laguntzarik jaso bada, bi laguntzen artean 12 hilabete egin arteko hilabete kopurua hartuko da aintzat gehienez ere.

f) Egonaldiaren iraupena bi hilabete baino txikiagoa bada, ez da laguntzarik emanen.

g) Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzeko mugaeguna 2023ko azaroaren 30a izanen da.

4.–Eskatzaileen betebeharrak.

a) Espainiako unibertsitate batean graduko edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako irakaskuntzak ez daude sarturik, haiek beren deialdi berariazkoa baitaukate.

b) Unibertsitateek 2022-2023 ikasturtean sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartu izana.

c) Nafarroan jaioa izatea edo gutxienez deialdia baino lehenagoko bi urteetan Nafarroan erroldaturik egotea, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatuta.

d) 2022-2023 ikasturtean egindako egonaldietarako nazioarteko mugikortasunerako lehen deialdirako laguntza-eskaerarik aurkeztu ez izana, edo 2022-2023 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako lehen deialdiaren ebazpenetik sortutako itxarote-zerrendan sartuta egotea.

e) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5.–Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntza eskaera eta eskatutako dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen "Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria" izeneko fitxaren bidez (aurrerantzean laguntzen fitxa), helbide honetan:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/segunda-convocatoria-de-ayudas-complementarias-a-los-programas-universitarios-de-movilidad-internacional

Aipatutako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta bost eguneko epean zuzen ditzan. Zuzendu ezean, espedientea artxibatuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

6.–Dokumentazioa.

Eskatzen den dokumentazioa nahitaez telematikoki aurkeztu beharko da, "Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria" izeneko fitxaren bidez.

Lehen deialdiko itxarote-zerrendan dauden eskatzaileak:

Aurrekontu faltagatik laguntzarik gabe gelditu eta lehen deialdiko itxarote-zerrendan daudenek honako hauek aurkeztuko dituzte:

a) Laguntza eskaeraren berrespena, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimaki telematikoa betez.

b) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

Nahitaezko dokumentazioa gainerako eskatzaileentzat:

a) Laguntza eskaera, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimaki telematikoa betez.

b) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen agiria. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

c) Ikasketen ziurtagiria:

–Graduko ikasleentzat: 2021-2022 ikasturteko notak frogatzen dituen agiria, non agertu beharko baitira egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta erabilitako deialdietan eskuraturiko kalifikazioa.

–Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko bidea eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen agiria.

Bi kasuetan, baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak web bidez egindako espedientearen kontsulta, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.

d) NANaren fotokopia, baimena ematen ez bada datu horiek kontsultatzeko Datuak Kontsultatzeko eta Egiaztatzeko Sisteman.

e) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua. "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" eskuragarri egonen da navarra.es/eu/ atariko laguntzaren fitxan:

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/segunda-convocatoria-de-ayudas-complementarias-a-los-programas-universitarios-de-movilidad-internacional

f) Nafarroako Gobernuaren unibertsitate beken deialdi orokorreko bekadun direnek eskabidean ageri den laukian horixe adierazi beharko dute.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

Nafarroan jaio ez diren eskatzaileak:

Ez bada baimenik ematen Datuak Kontsultatzeko eta Egiaztatzeko Sistemaren bidez datuak kontsultatzeko, Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko bi urteetan Nafarroan bizi izan direla egiaztatzeko. Bi urte horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatuko dira.

Egoitza Nafarroatik kanpo duten unibertsitateetan matrikulatutako eskatzaileak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Nafarroako Unibertsitatean matrikulatuak ez dauden ikasleek honako hau aurkeztuko dute:

–Ziurtagiri bat, eskatzaileak parte hartzen duen truke programaren edo hitzarmenaren datuak egiaztatzen dituena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, dioena ez dela jasotzen ari bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoak emandako beste laguntza osagarri bat nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Eskabidea aurkeztearen bidez frogatzen da aitorpen hori.

7.–Laguntzak emateko irizpideak.

a) Izangaien lehentasun ordena, modalitate bakoitzean (gradua edo masterra), honen arabera ezarriko da:

–Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuaren 2021-2022 ikasturtean unibertsitate beken deialdi orokorrean bekadun izan direnak.

–Ondoren, aurreko deialdietan laguntzaren onuradun izan ez direnei emanen zaizkie laguntzak.

–Azkenik, gainerako eskatzaileak.

b) Talde bakoitzaren barruan, eskatzaileak ikasketa espedientearen batez besteko notaren arabera ordenatuko dira.

Graduko ikasleentzat, 2021-2022 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da batez besteko nota. Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko bidea eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

Bi kasuetan, 1,17ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko da ingeniaritza eta arkitektura adarretako titulazioetarako.

Horrez gainera, 1,1eko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie egonaldia Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeko (ABEN) unibertsitateetako batean egiten duten eskatzaileei.

Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulen kopurua hartuko da kontuan; horrekin berdinketa hausten ez bada, lortutako bikainak, eta, horrela hurrenez hurren.

Batez besteko nota kalkulatzeko, Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

8.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Ebazpen horretan bi zerrenda ezarriko dira:

Lehenbiziko zerrendan egonen dira laguntza jasoko duten eskatzaileak, zeinei ordainduko baitzaie behin egonaldia justifikatu ondoren, deialdiaren 9. oinarrian ezarri bezala.

Bigarren zerrendan, hots, itxarote-zerrendan, egonen dira deialdian eskatutako betebeharrak bete arren laguntza jaso ezin dutenak deialdirako aurrekontua bukatua egoteagatik. Itxarote-zerrenda horretako eskatzaileek hamahirugarren oinarrian ezarritako baldintzetan jasotzen ahalko dute laguntza.

Laguntzak eman edo ukatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko da.

9.–Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu behar dute, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua. Dokumentu hori "Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria" izeneko fitxan dago eskuragarri, "www.navarra.es/eu/" atarian. Laguntza eskatzen denerako egonaldia amaitua badago, agiri hori eskaerari erantsiko zaio.

2023ko azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.

Agiri hori ezinbestekoa da laguntzak ordaintzeko. Unibertsitateko Atalera igorri beharko da, laguntzen fitxaren bidez.

10.–Uko egitea.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateko Atalari, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoaren bidez.

11.–Ez-betetzeak.

Honako kasu hauetan, onartutako laguntza ez da ordainduko:

a) Egonaldia ez egitea edo hori egin dela egiaztatzen duen "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.

b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagirian" agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela 2023ko azaroaren 30etik haratago joan.

12.–Laguntzaren ordainketa.

Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa, egonaldia egin dutela eta benetan zenbat iraun duen egiaztatu eta gero.

Egonaldia 2023ko azaroaren 30etik aurrera bukatzea espero duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria".

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez eginen da ordainketa.

13.–Itxarote-zerrenda.

Onartutako laguntzak ordaindu ondoren, ordainketa aldietan aurrekontu-baliabiderik gelditzen bada (izan onuradunen batek uko egin diolako edo izan esleitutako laguntzaren bat doitu delako justifikatutako aldia laburragoa izateagatik), proposatuko da laguntza itxarote-zerrendako onuradunei ematea eta ordaintzea, laguntzetarako aurrekontuko dirua bukatu arte. Onuradun horiek "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiriaren" bidez justifikatu beharko dute egonaldia.

14.–Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

15.–Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

16.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

17.–Informazioa eta harremanak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Atala.

Telefonoak: 848 433446; 848 426058.

Posta elektronikoa: ensenanzas.universitarias@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F2312656