193. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGARDA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Legardako Udalak, 2023ko ekainaren 27an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Legardako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2023ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 6an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Legardan, 2023ko irailaren 4an.–Alkate udalburua, Silvestre Belzunegui Otano.

ORDENANTZA, LEGARDAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Legardako Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapena, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Legardako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den eran. Legardako Udalak herri-ondasunen inguruan hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Legardako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, hura aplika dadin, baldin eta desagertzen badira edo ez badira betetzen karga horiek ezartzea eragin zuten helburuak edo lagapenari edo kargei zegozkien baldintzak. Itzuli beharra gertatzen bada, kargatutako ondasuna Legardako Udalaren ondarera itzuliko da herri-ondasun gisa.

Erabiliko den prozedura izanen da honako arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Legardako Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.

8. artikulua. Legardako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.

10. artikulua. Legardako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Legardako Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak suntsitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Legardako Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe hirugarrenek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Legardako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei Legardako Udalak.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua.

1. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

–Herri-larreen aprobetxamendua.

–Herri-baratzeen aprobetxamendua.

–Beste aprobetxamendu batzuk.

2. Nolanahi ere, daitekeena da Legardako udal-mugartearen gaineko administrazio espedienteek (lurzatiak biltzeko espedienteak, esaterako) arestian aipatutako aprobetxamenduak ukitzea, eta, hortaz, errentan emanen dira, baldin eta herri-lurrak benetan eskuragarri badaude.

15. artikulua.

1. Oro har, Legardako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1. Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

1.2. Herri-baratzeen aprobetxamendurako, inskribaturik egon beharko da Legardako Udaleko biztanleen erroldan, baina hori ez da beharrezkoa izanen laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako eta herri-larreen aprobetxamendurako.

1.3. Zerga betebeharrak egunean izatea Legardako Udalarekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Legardako Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.

16. artikulua. Herri-lurretan itxiturak jarri ahal izateko, ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Legardako Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.

17. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak baimentzeko, aldez aurretik baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute trukean interesa dutenek eta hark ukitutakoek, eta Udalak baimena eman beharko du aurretiaz.

18. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa –osorik edo zati batean–, onuradunari 3 hilabete lehenago jakinarazpena eginda, sustatzen dituenean zuhaitzen landaketak eta Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta horiek onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei eragiten badiete, behin-behinekoz nahiz behin betikoz.

Horri dagokionez, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

1. ATALA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

19. artikulua. Betiere 14.2 artikuluan aipatzen den benetako eskuragarritasunak baldintzaturik, Legardako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak bi modutan eginen dira:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

b) Legardako Udalak zozketa bidez eginiko adjudikazioa, eskaera bat baino gehiago izanez gero lursail bererako.

Legardako Udalak modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako hurrenkeraren arabera.

20. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. Legardako Udalak egokitzat jotzen badu fruta-arbolen edo mahastien landaketa baimentzea, epe hori luzatzen ahalko da hogeita lau urtera arte, gehienez ere, eta hura iraganik, hondar-balioa (mahastien eskubideak barne) Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe.

21. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordainduko dute (2023ari dagozkion zenbatekoak, gero eguneratzeko oinarri):

–Lehorreko lurrak: 23,10 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta eguneratuko dira kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera.

Urteko kanona gehituko da adjudikatutako aprobetxamenduak izan ditzakeen gastuekin (ureztalurren kanona, esaterako), horiek adjudikaziodunari igorriko baitzaizkio; betiere, kanonak izan beharko du toki erakundeak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa, gutxienez.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten horretara behartzen nekazaritza-urteko sasoien gorabeherek.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira gerora erasandako eritasun bat edo beste arrazoi pertsonal bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Legardako Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo dena delako beste arrazoiren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, hurrengo artikuluan xedaturikoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoagatik edo dena delako beste arrazoi batengatik, onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratu adjudikazioaren unean edo aprobetxamenduaren epearen barnean, Legardako Udalak adjudikatuko ditu herri-lurren hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Legardako Udalak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik.

Legardako Udalak badu eskumena ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko, horretarako egoki iruditzen zaion dokumentazioa eskaturik.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Legardako Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki laboratzen direla ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio lurra ez dela zuzenean eta pertsonalki laboratzen:

–Nekazaritzako makineria izanik, hura ez denean erabiltzen adjudikatutako herri-lurrak laboratzeko.

–Udal zerbitzuen, edo Herri-lurren Alorra esleiturik daukan udal batzordearen edo Alkatetzaren txostenaren arabera, adjudikaturiko lurzatiak lantzen ez direnean bat etorriz ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluekin.

–Eskaturik aurkez daitezela lurra laboratzeko lanak, lehengaien erosketa eta produktuen salmenta frogatzeko agiriak –adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak–, agiri horiek Legardako Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean.

–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean.

–Adjudikatutako lurzatiaren %50, gutxienez, lantzen ez denean.

–Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarrenei errentan eman zaizkienean.

–Adjudikatutako loteko lurzati guztien berri ematen ez denean Nekazaritza Politika Erkidearen aitorpenean.

2. ATALA.–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZ ADJUDIKATZEA EDO UDALAK ZUZENEAN USTIATZEA

26. artikulua. Lehen atalean ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurrik gelditzen bada sobera edo eskaera bat baino gehiago badago laborantzako lursail bakoitzeko, enkante irekian eginen du adjudikazioa Legardako Udalak, hurrengo adjudikazioa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanik.

Hasierako prezioa izanen da urte hartan herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan erregu bakoitzeko ezarritako kanona, eta urtez urteko igoera berberak izanen ditu.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez.

Herri-lurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Legardako Udalaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez.

Enkantea egin ondoan sobera gelditzen bada laborantzako lurrik, Legardako Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

3. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

27. artikulua. Legardako Udalak osoko bilkuran hala erabaki eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratu ondotik, hamabost egun naturaleko epea irekiko da, herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek. Horretarako, Udalak onetsitako eskabide-eredua erabili beharko da.

28. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, edo 15. artikuluko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

29. artikulua. Herri-lurren Alorra esleiturik daukan udal batzordeak edo Alkatetzak proposaturik, Udalak osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikazio modu bakoitzean, lehentasunezkoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

30. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai 15 egun baliodunean, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

31. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen da, eta onetsiko da adjudikazio modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

32. artikulua. Adjudikazioa zozketa bidez eginen da, eskaera bat baino gehiago izanez gero. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki-taulan emanen da argitara adjudikaziodun berrien zerrenda eta zein lurzati duten herri-lurretan.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

33. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko prozesua egin baino lehen, Udalbatzaren erabakiz ezarriko dira azienda-karga zehazki eta osoki definitzeko nondik norakoak.

"Azienda-karga", ardi-aziendako buru bat sei erreguko.

Azienda moten arteko baliokidetasunak:

–Zaldi-aziendako buru bat, behi-aziendako buru bat eta erdi adina.

–Behi-aziendako buru bat, ardi-aziendako zortzi buru adina.

–Ahuntz-aziendako buru bat, ardi-aziendako buru bat eta erdi adina.

Udalak onuradunek ordaindu beharreko kanona ezarri, eta hura berrikusi eginen du, organo eskudunak Nafarroan onetsitako indizeetara egokitzeko (nekazaritzako KPIa).

Bestalde, hobekuntzarik egiten bada uneko instalazioetan (horien egungo egoera hartu da, hain zuzen, urteko kanona ezartzeko oinarritzat), errenta igo eginen da, Udalaren eta adjudikaziodunaren artean adostutako zenbatekoa gehituta. Zenbateko hori ez da inola ere izanen hobekuntzen guztizko kostuaren %4 baino gutxiago urtean. Modu berean jokatuko da aprobetxamenduaren kalitatean hobekuntzarik eginez gero (ureztapena ezartzeak ekarritako aldaketak, esaterako). Irizpide bera erabiliko da –baina, logikoa denez, kontrara–, egoerak okerrera egiten badu instalazioetan eta/edo larreen aprobetxamenduan.

Urteko likidazioaren zenbatekoa Udalaren Diruzaintzan sartu beharko da, hura jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.

35. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

36. artikulua. Adjudikaziodunaren kontura izanen dira mantentze-lanen gastu guztiak.

37. artikulua. Jabetza partikularretan nahiz herri-lurretakoetan sartzeko, diren sarbideak erabiliko ditu beti aziendak.

38. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak eragozteko, Udalak baldintza hauek ezartzen ditu:

1.–Erremategileen aziendak ezin izanen ditu inola ere larreak aprobetxatu ureztalurretako finketan, mahastietan edo olibadietan, lurzatien jabeen eta errentarien baimen idatzia izan ezean. Erremategile horiek izanen dira erantzule, baldintza hori betetzen ez bada.

2.–Errentariak laborantza eta ereintza mota guztiak errespetatu beharko ditu, eta euri egunetan ezin izanen ditu belarrak aprobetxatu herri-lurzatietan eta finka partikularretan, ez eta ondoko egunetan ere, kalte nabarmenak egin daitezkeen bitartean.

Erremategileak, orobat, uztondoak errespetatu beharko ditu, lastoa aprobetxatzeko asmoa badago, hondar hori ere uztatzat hartzen baita.

Halakoetan, nekazariek egoki mugarriztatu beharko dituzte uztondoak, eta erremategileak errespetatu egin beharko ditu finka horiek, aprobetxatzeko moduko lastoa daukaten bitartean, urte bakoitzeko abuztuaren 31ra arte.

3.–Ez azienda, ez errentaria, ezin izanen dira uztondoetan sartu uzta guztia biltzen ez den bitartean, jabearen baimen idatzia izan ezean. Salbuespenez, hamar hektarea edo gehiagoko finketan larratzen ahalko da –behar den zatian betiere– finka horien erdi-partean uzta bildutakoan.

Nolanahi ere, errespetatu beharko dituzte finka partikularrak eta herri-lurzatiak, kazkabarrarengatik edo ezusteko beste gertakari batengatik, haziaren erdia baino gehiago badaukate eta jabeek hurrengo urterako aprobetxatu nahi badute.

Egoera hori gertatzen denean, lurzatiak mugarriztatu beharko dira argiro eta ongi ikusteko eran, uzta bildu eta berehala, eta Alkatetzari eta erremategileari horren berri eman. Orduan, Alkatetzak eta erremategileak peritu bana izendatuko dute, eta horiek txostena emanen dute, mugarriztatzea egokia den ala ez erabakitzeko. Peritu horien txostenak ez badira bat etortzen, horretarako izendaturiko hirugarren peritu batek erabakiko du.

Mugarriztaturiko finken jabeek edo errentariek erabakitzen badute, hala eta guztiz ere, finka horiek laboratzea uzta bildu baino lehen, erremategilea jakinaren gainean jarri beharko dute hori egin baino zortzi egun lehenago.

4.–Erabat debeku da sua piztea, inongo helburutarako, onura publikokoak deklaraturiko mendietan eta zuhaiztiak dauzkaten herri-lurretan.

Uztondoak erretzeari dagokionez, erreko dira bat etorriz Nafarroako Gobernuak horretarako ezarritako araudiarekin.

39. artikulua. Ez badago eskaintzarik larreen aprobetxamendurako, Legardako Udalak abeltzainei galdetzen ahalko die, suteak prebenitze aldera, ea aprobetxamendu hori interesatzen zaien, adostuko den kanon sinboliko bat ordaindurik.

IV. KAPITULUA.–HERRI-BARATZEEN APROBETXAMENDUA

40. artikulua. Legardako Udalak bere ondareko 19 baratze dauzka, herriko bizilagunek familia-baratzeen modalitatean aprobetxa ditzaten.

41. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

–Legardan erroldaturik egotea. Adjudikazioaldian, adjudikaziodunak baja ematen badu biztanleen erroldan, baratzea aprobetxatzeko eskubidea kenduko zaio.

–Ordainketak egunean izatea Legardako Udalarekin.

–Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

42. artikulua. Aprobetxamenduaren iraupena zortzi nekazaritza-kanpainakoa da, eta luzaezina. Hura hasi zen 2022ko martxoan, eta hurrengo nekazaritza-kanpainak barne hartzen ditu, zortzigarrenera arte, 2029-2030ekoa baita. Onuradunek ordaindu beharreko kanona 24,06 euro da.

V. KAPITULUA.–BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

43. artikulua. Lur horietan osaturiko ehiza barrutien aprobetxamendua arautuko da Nafarroako Foru Komunitatean indarrean den araudiari jarraikiz.

44. artikulua. Legardako Udalak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean jartzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

45. artikulua. Udal-mugarteko herri-basoen ustiapena eginen da beti Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen arabera, eta aldez aurretik baimena emanda.

46. artikulua. Udalerriko bizilagunentzako baso-aprobetxamendu bakarra izanen da, ohitura den bezala, etxerako egurra, indarrean den araudiaren arabera izapideturik.

47. artikulua. Erlauntz-ustiategien kokaleku jakinak baimentzen ahalko dira adjudikatzeko, horretarako erabiliz ordenantza honetan bazkalekuetarako ezartzen den prozedura. Kokaleku horiek ezarriko dira aziendaren iraganbideetatik eta edanlekuetatik urruti, eta kasu bakoitzeko belarren adjudikaziodunak txostena eman ondoren.

Behar bezalako seinaleak jarri beharko dira, arriskuak saihesteko.

Ustiategi horiek bete beharko dituzte otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan eta Nafarroako Foru Berriko 369. Legean xedatutakoak (edo horiek ordezkatzen edo osatzen dituzten geroko arauetan). Nolanahi ere, gorde beharreko distantziei dagokienez, honako hauek ezartzen dira, oro har, Legardako udal-mugartean:

1. Establezimendu kolektibo publikoetatik eta hirigune, bizigune eta etxebizitza bakartuetatik: 300 metro.

2. Abeltzaintzako instalazioetatik: 200 metro.

3. 300 metro familiakoak ez diren erlauntzetatik (4 erlauntz baino gehiago); eta 100 metro familiako erlauntzetatik (4 erlauntz bitarte).

4. Errepide nazionaletatik: 75 metro.

5. Eskualde errepideetatik: 75 metro.

6. Auzo-bide eta mendiko pistetatik: 50 metro.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

48. artikulua.

1. Legardako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin eta lur horietan gauzatzekoak badira xede hauetakoren bat duten proiektuak:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen araudia onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Udalak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

49. artikulua. Udalak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak. Aldez aurretik jendaurrean jarri beharko dira 15 egunean, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi beharko ditu Udalak ondotik.

50. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.

VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

51. artikulua. Arau-hauste administratibotzat jotzen dira laboreekin zerikusia duten egitate hauek:

1. Adjudikatutako lurzatiak pertsonalki ez lantzea.

2. Adjudikatutako lurzatien %80 bederen ez lantzea.

3. Herri-lurrak udal adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak edo beste norbaiti adjudikatutakoak izan.

4. Ez ordaintzea ezarritako epeetan kanonen zenbatekoak edo erregelamendu bidez ezarritako beste tasa batzuenak.

5. Nekazaritzako lanak egitea erregelamendu honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.

6. Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak...) Udalaren baimenik gabe landatzea.

7. Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

8. Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.

9. Bideak nahiz abelbideak goldatzea.

10. Bideetan edo abelbideetan harriak, zaborrak edo barazkien hondarrak botatzea.

11. Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioak egiteko makineria erabiltzea horretarako.

12. Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

13. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

14. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte, eta, horrez gain, abala galduko dute.

15. "Gehiegizko larratzea" egitea edo bazkalekuaren aprobetxamendua egitea, haren eremu guztian edo horren zati batean, adjudikazioduna izan gabe.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

52. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–1., 2., 4., 5. eta 6. arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da.

–12. eta 15. arau-hausteengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko desgaikuntza ezarriko da.

–Gainerako arau-hausteengatik (3., 9. eta 10. arau-hausteak), zehapena izanen da egindako kaltea halako 5etik 10era bitarte ordainaraztea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Eta bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225., 226., 227. eta 228. artikuluetan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluan, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.

Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egotzi ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu, egoki den eran eskaturik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantzak oro.

Iragarkiaren kodea: L2312830