2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ETXARRI ARANATZ
Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, oposizio-lehiaketa sistemako hautaproben bidez, garbitzaileen lanpostua bete dadin aldi baterako kontratuarekin
Tokiko Gobernu Batzarraren 2023ko uztailaren 27ko erabakiaren bidez, honako hau erabaki zen:
1.–Oinarriak onestea, honako deialdi honetan: deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, Etxarri Aranazko Udalaren zerbitzuko garbitzaileen lanpostua bete dadin aldi baterako kontratuarekin. Era berean, prozesuari hasiera ematea.
2.–Erabakia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, behar diren ondorioak izan ditzan.
3.–Dagokion lan eskaintza bete eta bidaltzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
4.–Herriko alkatea ahalduntzea beharrezkoak diren dokumentu guztiak sina ditzan, erabaki hau betetzeko.
Etxarri Aranatzen, 2023ko uztailaren 27an.–Alkatea, María Saez de Albeniz Bregaña.
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da lan-poltsa bat eratzea, horren bidez erantzuteko Etxarri Aranazko Udalean garbiketako langileak aldi baterako kontratatzeko beharrei, jarraikiz 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2.d) artikuluari. Horretarako, behar den enplegu eskaintza bidaliko da Nafarroako Enplegu Zerbitzura.
Enplegu poltsan sartuko dira hautapen-prozesua gainditzen dutenak, edo, gutxienez, probetako bat gainditzen dutenak, eta zorrozki ordenatuko da puntuazio-ordenaren arabera. 5 urteko indarraldia izanen du, edo beste deialdi bat onetsi arte.
1.2. Deialdi honetako 7. eta 8. apartatuetan ezartzen dira hautapen-probak.
Deialdiko 8. apartatuan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da lehiaketaldia.
1.3. Lanpostuak D mailari dagokion soldata izanen du, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari, gehi Udaleko plantilla organikoan ezarritako osagarriak.
1.4. Lanaldia aldatuko da zerbitzuaren beharren arabera, eta lanaldia osoa nahiz partziala izan daiteke. Etxarri Aranazko Udalak nahi bezala erabakiko du lan-ordutegia, ematen den zerbitzua egokien gauzatzeko.
1.5. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, uste baldin badu izangaietatik bakar batek ere ez duela lanpostuan aritzeko gutxieneko jakintza maila.
1.6. 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2.d) artikuluan dago ezarrita zerrendaren funtzionamendua. Lehenik puntuazio handiena lortu duen izangaiari deituko zaio. Ezetz esaten badu, kontratua gauzatzen hastean edo bitartean, zerrendako hurrengoari deituko zaio, eta horrela hurrengoekin ere. Zerrendako bukaerara iritsi eta beste dei bat egin behar bada, lehenbiziko izangaiari deituko zaio berriz ere, eta gero bigarrenari, eta horrela zerrendako bukaerara iritsi arte. Ondoren, berriz ere deituko zaio lehenbiziko izangaiari.
1.7. Lanpostuak euskarazko nahitaezko hizkuntza eskakizun hau du: Ahozko B2 maila eta idatzizko A2 maila.
1.8. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu. Zehazki, bere ardurapean hartuko ditu Etxarri Aranazko Udalaren instalazio eta eraikinetako txukunketa eta garbiketa, honako zeregin hauen bidez (besteak beste):
Bete beharreko eginkizunak eta zereginak:
Txukuntzea eta garbitzea kultura etxea (gelak), udaletxea, haurtzaindegia, udal eskolak, futbol zelaiko dutxak eta aldagelak, gaztetxokoa, musika eskola, liburutegia eta frontoia eta hari erantsitako instalazioak: hori dena, arlo horretako kargudunarekin batera ezarritako plangintzaren arabera.
Garbiketa beharrak eta material beharrak biltzea, eta arduradunari igortzea, egoki den eskaera-orriaren bidez.
Material biltegien kontrolaz arduratzea, bai eskolan, bai udaletxean (trapuak, mopak, erratza, arraspak, mustukak, zapiak, poltsak, produktuak: lixiba, amoniakoa, azido klorhidrikoa, aire-freskagarriak, papera, xaboia, etab.).
Lokalen kontrola:
Instalazioen egoeraz ohartzea, eta kalteen eta matxuren berri ematea zerbitzu anitzetako arduradunari (aipatutako instalazio guztiei dagokienez).
Instalazioen egoeraz arduratzea: kultura etxea, musika eskola, liburutegia, ludoteka, frontoia... Eta bermatzea erabiltzeko ongi egonen direla (argiak, entxufeak, berokuntza...).
Bere lanaldian arazoren bat edo kalteren bat topatzen badu, arloko arduradunari horren berri ematea.
Lokalak irekitzea, eta giltzak zaintzearen ardura hartzea.
Eskolan, arratsaldean instalazioak ixtea eta alarma piztea.
Festak antolatzen laguntzea, garbituz, jatekoak prestatuz eta laguntzarako beste lan batzuk eginez.
Eta, oro har, aipatutakoen gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta bere gain utzitakoak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek bete beharko dituzte prozeduran onartuak izateko baldintzak, eskaera aurkezteko unean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa. Orobat, parte hartzen ahalko dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez banandurik ez badaude, eta haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez banandurik ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanik ere, haien kontura bizi badira.
Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen joan-etorri askea aplikagarria bada.
b) 18 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
c) Edukitzea eskola-graduatuaren titulua edo baliokidea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.
d) Frogatzea euskarako ahozko B2 maila eta idatzizko A2 maila edo baliokidea, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiriaren bidez, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste titulu baten bidez, edo proba bat gaindituz, zeinak frogatuko baitu izangaiak baduela nahikoa hizkuntza maila, betiere jarraikiz 55/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluari.
Ahal bezain laster jakinaraziko zaie izangaiei euskara-mailako probarako eguna eta ordua.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
g) Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego batean izena emanda egotea lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko eskatzaile gisa.
3.–Inskribatzeko prozedura.
Aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea, jarraikiz 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluari.
3.1. Hautapen prozesuan onartuak izaten ahalko dira, aipatutako baldintzak betetzen badituzte, epaimahaiaren aurrean frogatzen dutenak hautaprobak hasi baino lehen enplegu eskatzaile direla edo enplegua hobetzeko eskatzaile direla, beste edozein enplegu bulegotan.
3.3. Deialdian aurkeztu nahi duten guztiek, parte hartzea eskatzeko, eskabide bat zuzendu beharko diote Etxarri Aranazko Udalari, 15 egun balioduneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Etxarri Aranazko Udaleko erregistroan aurkez daiteke eskabidea, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara (Kale Nagusia 10, Etxarri Aranatz), edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bideak erabiliz.
Eskabidea 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz aurkezten bada, 24 orduko epean posta elektronikoa igorri beharko da udala@etxarriaranatz.eus helbidera, horren berri emanez. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.
Eskabideek izan behar dute deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren araberakoak, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte:
–NANa.
–2. apartatuan eskatzen den titulazioa.
–Alegatutako merezimenduen frogagiriak, balora daitezen, 8. apartatuan ezarritakoaren arabera.
–Lan eskatzailearen edo enplegua hobetzeko eskatzailearen txartela.
Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute hori frogatzeko agiria, organo eskudunak emana. Era berean, erantsi beharko dute osasun ziurtagiri bat, frogatzen duena desgaitasun hori ez dela lanpostuan aritzeko gaitasuna kentzen dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikikoa.
3.4. Onartutako izangaien zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian eta izangai guztiei komunikatuko zaie, horretarako eman duten telefonoaren edo e-mailaren bidez.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Etxarri Aranazko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda horretan agertuko dira izangaien izen-abizenak eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoia.
4.2. Deialdiaren garapenari buruzko iragarki eta argitalpen guztien berri emanen zaie izangaiei, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.
4.3. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.
4.4. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko. Izangai bazterturik ez balego, besterik gabe onetsiko da behin betiko zerrenda; bertan agertuko dira izangaien izen-deiturak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:
–Epaimahaiburua: María Saez de Albeniz Bregaña, Etxarri Aranazko Udaleko alkatea. –Ordezkoa: Lur Iosu Larraza Lopez, alkateordea.
–Mahaikidea: Lidia Gartziandia Razkin, Arbizuko Udaleko garbitzailea. Ordezkoa, izendatzen duena.
–Mahaikidea: Susana Mendinueta, Cederna Garalur elkarteko teknikaria. Ordezkoa, Cederna-Garalurko beste teknikari bat.
–Idazkaria: Miren Josebe Pereda Razkin, Etxarri Aranazko Udaleko jarduneko idazkaria. Ordezkoa: izendatzen duena.
5.2. Epaimahaikideek ez dute parte hartuko, eta buruari jakinaraziko diote, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aurreikusten diren egoeratako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Halaber, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, egoera horietan badaude.
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko legez ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen prozesua.
6.1. Hautapen-prozesuak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Oinarri hauetan adierazi bezala eginen dira.
7.–Oposizioaldia.
7.1. Oposizioak proba bakarra izanen du:
–Oposizioaldian, proba teoriko-praktiko bat eginen da. Proba horretan, idatziz erantzun beharko zaie test motako galdera batzuei.
7.2. Lehenbiziko ariketa plika sistemaren bidez eginen da.
7.3. Ariketa bakoitza zuzendurik, kalifikazio-epaimahaiak emaitzak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta izangaiei horien berri emanen die.
7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo beren nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.
8.–Lehiaketaldia.
8.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.
8.2. Arauei jarraikiz alegatutako eta frogatutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, honela:
–Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 30 puntu, baremo honen arabera:
a) Administrazio publikoetan egindako garbiketa-lanengatik: 2 puntu, zerbitzu-urte bakoitzeko.
b) Enpresa pribatuentzat egindako garbiketa-lanengatik: puntu bat, zerbitzu-urte bakoitzeko.
Proportzioan kontatuko dira lanaldi partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak.
8.3. Aurreko apartatuetan aurreikusitako merezimenduak zenbatzeko, beharko da administrazio publikoaren ziurtagiria, edo legez eratutako enpresarena.
Frogatutako lan denbora urtebetetik beherakoa bada, edo lanaldi partzialean egin bada, araberan baloratuko da, hilabete osoak zenbatuz.
8.4. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
9.1. Azken ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak, eta buruari igorriko dio, hautapen prozesuko espediente osoarekin batera. Zerrenda horrek izangaien izen-abizenak jasoko ditu.
9.2. Bi izangaik edo gehiagok puntuazio bera baldin badute, berdinketa hausteko, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuazio handiena lortu duenak.
9.3. Erdietsitako puntuazioaren arabera deituko zaie izangaiei.
10.–Datu pertsonalak babestea.
10.1. Jarraikiz 3/2018 Legeari, deialdira aurkeztearekin batera izangaiek baimentzen dute beren datu pertsonalak tratatzea, prozedura honekin lotutako aferetarako.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen kontra, baita bere oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen honetatik aitzina.
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. eranskina.–Eskabide eredua (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L2312246