Iragarkia
193. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 14a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BURLATA
Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko hautaprobak eginez eta oposizio bidez, aldi baterako betetzeko B mailako eta nahitaez euskararen C1 jakintza-maila eduki beharreko kultur koordinatzaile lanpostuan sortzen diren beharrak
Burlatako alkatearen abuztuaren 30eko 1020/2023 Ebazpenaren bidez, onetsi egiten dira baldintzak deialdi bat egiteko, izangaien zerrenda eratzeko hautaprobak eginez eta oposizio bidez, aldi baterako betetzeko B mailako eta nahitaez euskararen C1 jakintza-maila eduki beharreko Burlatako Udaleko kultur koordinatzaile lanpostuan sortzen diren beharrak.
Ikusirik kultur arloan dauden beharrak, deialdi bat egin beharra dago izangaien zerrenda bat eratzeko hautaprobak eginez eta oposizio bidez, aldi baterako betetzeko B mailako eta nahitaez euskararen C1 jakintza-maila eduki beharreko Burlatako Udaleko kultur koordinatzaile lanpostuan sortzen diren beharrak.
Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko B mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak izanen ditu, eta ezaugarri hauek izanen ditu:
"Kultur koordinatzailea", 12.5; hizkuntza-eskakizuna: C1; araubide juridikoa: funtzionarioa; B maila; sarbidea: oposizioa; lanpostuaren osagarria: %6,73; prestasun osagarria: %35".
Deialdi hau onesteko, plantilla organikoan 12.5 lanpostua sortuko da 2022ko plantilla organikoaren bigarren aldaketa behin betiko onetsi ondoren. Osoko bilkurak 2023ko abuztuaren 10ean onetsi zuen, hain zuzen ere.
Kontuan hartu da Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.1. artikuluak ezartzen duela aldi baterako langileen hautapen-prozesuetan bilatuko dela kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea.
Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Prozedura irekitzea eta onestea deialdiaren oinarriak izangaien zerrenda bat eratzeko, aldi baterako kontratuen bidez kultur koordinatzaile lanpostua betetzeko, Burlatako Udalean sortzen diren beharrak betetze aldera.
2. Agindua ematea deialdia argitara dadin Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udaleko ediktuen taulan eta web-orriko egoitza elektronikoan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea ordezkaritza sindikalari.
Burlatan, 2023ko abuztuaren 30ean.–Alkate udalburua, Berta Arizkun González.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xede da izangaien zerrenda bat eratzea, aldi baterako betetzeko B mailako eta nahitaez euskararen C1 jakintza-maila eduki beharreko kultur koordinatzaile lanpostuan sortzen diren beharrak.
Poltsa horrek indarrean jarraituko du beste deialdi bat egin arte, eta oinarri hauen mende egonen da, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluan eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoaren mende ere.
Deialdi honek indarrik gabe uzten ditu deialdia egiten duen administrazioan lehendik egon daitezkeen kontratazio-poltsak.
1.2. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu: kultur programak eta jarduerak diseinatzea, planifikatzea eta ebaluatzea; erakundeekin harremanetan jartzea; aurrekontuak kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; bere ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea; herriko elkarteekin eta mugimenduekin harremanetan egotea; eta jarduera eremuarekin lotura duten ekintzak eta gainerako eginkizunak koordinatzea. Era berean, beharrezkoa bada, udal bulegoetatik kanpo eginen ditu ekintzak eta kudeaketak, baita asteburuetan eta jaiegunetan ere.
Lanpostu honetan aritzeak berekin dakar, besteak beste, honako eginbehar hauek betetzea:
–Herritarrei harrera egin, eta informazioa eta orientabideak emanen dizkie bere lan esparruko gaietan.
–Herritarren eskakizunak eta eskabideak kudeatuko ditu, eta horiek betetzeko behar diren ekintzak diseinatu.
–Gobernu-organoetan parte hartu eta horiei informazioa eta aholkularitza emanen die, eta txostenak eginen ditu eta egin litezkeen hitzarmenak aztertuko.
–Ekipamendu eta instalazioen erabilera, artatze eta mantentze-lanak zuzendu eta gainbegiratuko ditu.
–Arloko materialen erosketak kudeatuko ditu, eta ondasunen inbentarioa eguneratuta izanen du.
–Kanpoko zerbitzuak azpikontratatzeko eskatu eta proposatuko du eta baldintza teknikoen orriak prestatuko ditu; gainera, zeharka kudeatzen diren zerbitzuen kontrola eta segimendua eginen du.
–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harremanak ezarri eta garatuko ditu beste erakunde, entitate, profesional, elkarte eta abarrekin, eta hitzarmenak osatu eta dirulaguntzak proposatuko ditu.
–Arloko agirien sistemez arduratuko da, bai fisikoez bai informatikoez, eta berak finkatuko ditu agiriok antolatu eta eguneraturik edukitzeko irizpideak, arauak eta jarraibideak.
–Arloko instalazioak erabiltzeko erregelamendu eta arauak prestatuko ditu eta horiek betetzen direla zainduko du.
–Arloa hobetzen saiatuko da, eta horretarako behar diren ekintzak eta aldaketak oro proposatuko ditu.
–Arloak landu beharreko programa eta jarduerak diseinatu eta planifikatuko ditu, baita horiek antolatu eta abian jarri ere, hartutako erabaki eta irizpideen arabera.
–Kultur jarduerarekin lotutako taldeak trebatu eta bultzatuko ditu eta behar den laguntza teknikoa emanen die, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.
–Bere jarduera esparruan herritarren mugimendu eta ekimenak sustatu eta sostengatuko ditu, elkarren arteko jardueren plangintza egin ahal izateko.
–Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratuko da.
–Programatutako jarduerak nola betetzen diren ebaluatu eta horien segimendua eginen du, eta beharrezkoak diren zuzenketak sartuko.
–Kultur etxeko espazioak erabiltzeko ordutegiak antolatuko ditu.
–Etengabeko harremana izanen du Udalaren gainerako arloekin, udalerrian kultura bultzatzeko.
–Udalerriko kultur eta jai programak diseinatu eta planifikatuko ditu, eta zuzendari lanak eginen ditu horiek antolatu, abian jarri, kontrolatu eta bukatzeko tenorean.
–Koordinatzeko lanak egiteko aukera izanen du arlo tekniko batzuetan: berdintasuna, aniztasuna, gazteria, kultura eta euskara. Honako hauek izanen dira koordinazio lanetako batzuk:
- Herritar politiken batzordeko idazkari izatea: landu beharreko gaiak proposatuko ditu arlo guztiekin eta dagokion agintari eskudunarekin bilera egin ondoren. Era berean, Batzordearen bilerarako deia eginen du eta landuko diren gaiak kudeatuko ditu.
- Arlo teknikoek eginen dituzten jarduerak koordinatuko ditu: jarduera motak, egutegiak, ordutegiak, lekuak, etab.
–Aipatutakoez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez aginduko zaizkionak.
1.3. Deialdi honetan izendatzen den pertsonak bitarteko lan-kontratua izanen du Burlatako Udalean, sortzen diren beharren araberakoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoari eta aplikatzekoa den gainerako legeriari jarraikiz. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.
1.4. Urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoetako langileei dagokiena izanen da; goiz eta arratsaldeko txandak izanen ditu, eta igande eta jaiegunetan lan eginen du.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da. Halere, organo administratibo eskudunek aldatzen ahalko dute zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko.
1.5. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko B mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak izanen ditu, eta ezaugarri hauek izanen ditu:
"Kultur koordinatzailea", 12.5; hizkuntza-eskakizuna: C1; araubide juridikoa: funtzionarioa; B maila; sarbidea: oposizioa; lanpostuaren osagarria: %6,73; prestutasun osagarria: %35".
Deialdi honetarako, plantilla organikoan 12.5 lanpostua sortuko da 2022ko plantilla organikoaren bigarren aldaketa behin betiko onetsi ondoren. Osoko bilkurak 2023ko abuztuaren 10ean hasiera batez onetsi zuen, hain zuzen ere.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Prozesuan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, lanpostuaren jabetza hartu arte eta kontratua indarrean egon bitartean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako baldintzei.
Gainerako izangaiek Espainiako Estatuko bizileku- eta lan-baimena izan beharko dute.
2.2. Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
2.3. Diploma edo unibertsitateko gradu, ingeniaritza tekniko, arkitektura tekniko edo titulu baliokide bat izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen hori lortzeko moduan egotea, edota titulua jasotzeko baldintzak bete izanaren ziurtagiria izatea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
2.4. Euskara titulua edukitzea, EGA edo Europako Esparru Bateratuko C1 maila (idatzian eta ahozkoan), edo euskara maila neurtzeko proba egin diezaiotela eskatzea.
Izangaiak ez badu gainditzen euskara maila neurtzeko proba edo ez badu euskara maila beste moduren batean frogatzen, eta, horrenbestez, ezin bada egiaztatu eskatzen den euskararen jakintza-maila duenik, hautapen-prozesutik kanpo geratuko da.
2.5. Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.
2.6. Ez egotea desgaiturik edo gabeturik eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea bereizirik administrazio publiko baten zerbitzutik.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.7. B1 gidabaimena izatea edo bitarteko propioen bidez lekualdatzeko konpromisoa aurkeztea.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau iragartzen duen aipua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdiaren testu osoa eskuragarri egonen da Burlatako Udaleko iragarki-taulan, eta eskatzen ahalko da udal bulegoetan nahiz posta elektroniko bidez, helbide honetan: rrhh2burlada@gmail.com.
3.2. Eskabideak aurkezteko modua.
Deialdian parte hartzeko eskabideak Erregistro Telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es) aurkeztu beharko dira, NAN-e bidez edo ziurtagiri digitalaren bidez (CLAVE), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan, 3. apartatuan, ezarritakoaren arabera: "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izanen dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela". 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen-prozesuei buruzko xedapenetan hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko." Alkatetzaren 381/2021 Ebazpenaren bidez, erabaki da Burlatako Udalari aukera ematea eskatzeko hautapen-prozesuetan eskabideak eta gainerako agiriak elektronikoki aurkeztuak izan daitezen, izangaiak aurkezpen elektronikorako gai direla uste bada. Deialdi honetan eskatzen diren tituluengatik eta bete beharreko eginkizunengatik, aski justifikatutzat jotzen da eskabideak eta gainerako agiriak elektronikoki aurkezteko eskakizuna.
Eskabideak eginen dira deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz.
3.4. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Eskatutako euskara mailaren egiaztagiria, edo, hala badagokio, euskara maila egiaztatzeko proba egiteko konpromisoa (I. eranskinean dagokion laukia markatu ez bada agiri baten bidez egiaztatuko).
b) Tasen ordainketen frogagiria edo ordaintzetik salbuetsita egotearena.
c) Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean (I. eranskina) dagokion laukia markatu beharko dute, eta adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Era berean, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonek, hala nola dislexia, disgrafia, diskalkulia, ADHN eta antzekoak. Zailtasun hori bitarteko ofizialen bidez egiaztatu beharko dute.
Egokitzapenen bat eskatuz gero, gaixotasun edo desgaitasun fisiko edo psikikoaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Egiaztagiria organo eskudunak eman beharko du, eta, horrez gain, bertan adierazi beharko du adierazitako gaixotasun edo desgaitasunak ez duela izangaia ezgaitzen lanpostuko zereginak behar bezala egiteko.
3.5. Hautatutako izangaiek aipatu baldintzak akreditatu beharko dituzte, eta, horretarako, kontratua sinatu aurretik agiri originalak aurkeztu beharko dituzte. Agiri originalak erkatu ondoren itzuliko zaizkio interesdunari.
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
4. oinarria.–Tasa ordaintzea.
Azterketa eskubideak izanen dira Agiriak egiteko eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritakoak; izan ere, ordenantza horrek arautzen du Burlatako Udaleko langileen lanpostuen deialdien tramitazioa, eta horretarako 15 euroko zenbatekoa ezartzen da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasaren zenbatekoa honela ordainduko da:
–Transferentzia agindua eginen da honako honen alde: "Burlatako Udala. Hautaprobak, "kultur koordinatzaile" lanposturako. Tasaren zenbatekoa honako kontu korronte honetara igorriko da: ES29 2100 5256 6722 0003 0756 (La Caixa).
Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko.
Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin eta izangaia baztertzen bada berari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere salbuetsiko hautaproban parte hartzeko eskabidea behar den denboran eta forman aurkeztu behar izatetik, eta hala egin ezean, izangaia baztertuko da, nahiz eta azterketa eskubideak ordaindu.
5. oinarria.–Izangaiak eta erreklamazioak onartzeko prozedura eta onarpena.
5.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, "Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatzen ahalko dituzte Nafarroako Administrazio Publikoek, hautatzeko honako sistema hauekin bat: (...) c) Kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangaien zerrendak, dagokion hautaproban lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz."
Halaber, 42. artikuluak honako hau ezartzen du: "Nolanahi ere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea bilatuko da."
5.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Burlatako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian (www.burlada.es) argitara emateko aginduko du.
Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Burlatako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori argitaratuko da Udaleko iragarki-taulan eta deialdiaren web-orrian, www.burlada.es web-orriko egoitza elektronikoaren bidez. Ebazpen horretan adieraziko da oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den.
Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin batera, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
5.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen ahal da berehalakoan, baldin eta izangai bat ere ez bada baztertzen.
5.5. Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen direnik. Izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak edo administrazioak bere eskuetan dauzkanak aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.
6.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Berta Arizkun González, Burlatako Udaleko alkate udalburua.
• Ordezkoa: Jose María Noval Galarraga, Burlatako Udaleko alkateordea.
–Epaimahaikidea: Jokin Campión Gastón, Uharteko Udaleko kultura teknikaria.
• Ordezkoa: Ainara Santaquiteria Etxarri, Antsoaingo Udaleko kultura teknikaria.
–Epaimahaikidea: Maider Sucunza Ruiz, Burlatako Udaleko euskara teknikaria.
• Ordezkoa: Santiago Gil-Ibarrola Grocin, Burlatako Udaleko aniztasun teknikaria.
–Epaimahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.
• Ordezkoa: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.
–Epaimahaikide-idazkaria: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko giza baliabideetako teknikaria.
• Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Burlatako Udaleko idazkaria.
6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.
6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aditu horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
Epaimahaia eratu ondoren, epaimahaiburua edo epaimahaikide-idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.
7. oinarria.–Euskara jakitea.
Nahitaezko euskararen C1 jakintza-maila agiri bidez egiaztatzen ez duten izangaiek euskara proba egitea eskatu beharko dute, eta, horretarako, I. eranskineko eskabidean dagoen laukia markatu.
Epaimahaiak probaren tokia, eguna eta ordua jakinaraziko ditu onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan.
Proba egin behar eta gainditzen ez duten izangaiek ez dute euskarako C1 jakintza-maila egiaztatuko, eta, beraz, hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira eta beren jarduketa guztiak baliogabetuko dira.
8. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.
Gehienez ere 105 puntu emanen dira.
Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
8.2.1. Lehen ariketa. Praktikoa. Gehienez ere 60 puntu.
Bi kasu praktiko edo gehiago ebatzi beharko dira; kasuak II. eranskinean jasotako gaiekin lotuta egonen dira. Proba honen bidez ebaluatuko da izangaiek duten jakintza-maila gaitegian sartutako araudiari dagokionez eta araudi hori lanpostuko eginkizunetan aplikatzeari dagokionez. Halaber, ebaluatuko dira lanpostuari dagozkion eguneroko egitekoei buruzko nozio praktikoak.
Ariketa honetan 60 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Prozesutik kanpo geratuko dira gutxieneko 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak, eta, beraz, ezin izanen dira hurrengo probara aurkeztu. Ariketa hori egiteko denbora argitaratuko da hautapen-prozesuan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen alkatetzaren ebazpenean.
Prozesuaren lehen fase honetan plika sistema erabiliko da.
Epaimahaiak lehen probaren behin-behineko emaitzak Udalaren web-orrian argitaratuko ditu eta hiru egun naturaleko epea emanen die izangaiei alegazioak aurkezteko.
8.2.2. Bigarren ariketa. Epaimahaiari ahozko aurkezpen bat egitea. Gehienez ere 40 puntu.
Epaimahaiari ahozko aurkezpen bat egin beharko diote izangaiek, lehen probaren kasu praktiko bati edo guztiei buruzkoa. Hori epaimahaiak erabakiko du eta kasuei buruzko nahi adina galdera egiten ahalko du.
Ariketa honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Baztertu eginen dira 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Bigarren probaren iraupena epaimahaiak erabakiko du, eta jakinaraziko du lehen probako behin betiko kalifikazioak jakiteko plikak irekitzeko dokumentuan. Bigarren probaren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira.
Proben emaitza guztiak www.burlada.es web-orriko egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
Epaimahaiak lehen probaren behin-behineko emaitzak Udalaren web-orrian argitaratuko ditu eta hiru egun naturaleko epea emanen die izangaiei alegazioak aurkezteko.
8.2.3. Hirugarren ariketa. Hizkera ez-sexista erabiltzea. Gehienez ere 5 puntu.
"Burlatako Udalak egiten dituen lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez-sexista erabili izana"; halaxe ezartzen du Burlatako Udalaren esparruan hizkuntza ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen 2005eko otsailaren 7ko udal ordenantzak (29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa; ondoren aldatu eta argitaratu zen, 2014ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 4koan). Beraz, 5 puntu emanen zaizkie lehen proba idatzia egitean hizkera ez-sexista erabiltzen dutenei. Lehen proba gainditu duten izangaiei besterik ez zaie baloratuko hizkera. Lehen probaren hizkera soilik ebaluatuko da eta ez da baztertzailea izanen. Izangaiek badute eskuliburu bat Burlatako Udalaren web-orrian (www.burlada.es), hizkera ez-sexistaren erabilerari buruzkoa.
9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.
Azken proba kalifikatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Burlatako Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzak lortutako kalifikazioekin eta puntuazio-ordenaren hurrenkeran. Zerrenda horrekin ordezkapenetarako poltsa sortuko da.
Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du guztira kalifikazio handiena lortu duen izangaiaren alde. Proposamena argitaratuko da Udaleko iragarki-taulan, baita Udalaren web-orrian (www.burlada.es) egonen den deialdiaren web-fitxan ere.
Zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egunean, proposatutako izangaiak Udalean aurkeztu beharko ditu deialdian eskatzen ziren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten egiaztagiri originalak. Agiriak erkatu ondoren itzuliko zaizkio.
Izendapena jakinarazten zaionetik, proposatutako izangaiak hamabost eguneko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko. Ez bada lanpostuaz jabetzen eta ez badu behar bezala justifikatzen, izangaiak funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.
10. oinarria.–Kontratazio zerrendaren kudeaketa.
10.1. Zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio. Berdinketa egonez gero, bigarren proba praktikoan puntu gehiago dituen izangaiaren alde eginen da. Orduan ere berdinketa egonen balitz, zozketa eginen litzateke.
10.2. 8. oinarrian adierazitako probak gainditu dituzten izangaiak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.
10.3. Deialdi honen arabera eratutako zerrendak indarrean egonen dira beste hautapen-prozesu baterako deialdia egin arte.
10.4. Zerrenda kudeatuko da Burlatako Udaleko zerbitzura aritzeko langileak aldi baterako kontratatzeko erregelamenduan ezarritakoaren arabera (2021eko 170. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 22koa).
10.5. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jar daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetzari zuzendutakoa, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutakoa, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendutakoa, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, eskumena duen organoari zuzendutakoa, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.
I. ERANSKINA.–Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua, V. kapitulua, 2. eta 3. atalak.
2.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa: I. titulua.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: Atariko titulua, VI. kapitulua.
4.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.
5.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: II. titulua, I. kapitulua: Pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak; II. kapitulua: Epe-mugak eta epeak bete beharra.
6.–Zabalkundea, publizitatea, ikusleen arreta eta kudeaketa kultur jardueretan.
7.–Kultur proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.
8.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.
9.–Kultur etxe batean jarduerak programatu eta gauzatzea. Kultur ekipamenduen motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.
10.–Burlatako Udaleko Kultur Zerbitzuaren antolaketa eta tokiko kultur eragileak, jaiak eta elkarteak ezagutzea.
11.–Kultur ekintzaren komunikazio eta hedapen estrategiak. Hartzaileen fidelizazioa eta heziketa.
12.–Hartzaile berrien kudeaketa eta kultur bitartekaritza.
13.–Kultur kudeatzailea: Prestakuntza profesionala. Enpatia: lanerako bertutea. Harremana beste kultur eragileekin eta artistekin. Hartzaileekiko harremana.
14.–Finantzaketa iturriak, udaleko kultur jarduera publiko zein pribatuarenak. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa.
15.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki erakundeei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.
16.–Nafarroako antzoki sarea.
17.–Euskararen udal ordenantza (2023ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 28koa). I., II., III., IV. eta VII. kapituluak.
Iragarkiaren kodea: L2312677
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
