1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
833E/2023 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, honi buruzko ingurumeneko txosten estrategikoa ematen duena: "Iruñeko Udalaren Hirigintza Planeko aldaketa egituratzailea U.I.IX Beloso unitatean". Amaia Kirol Hiria da aldaketaren sustatzailea.
Udalak 2023ko maiatzaren 11n hasiera batez onetsi ondoren aldaketa hori, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 25ekoan. Aldaketaren helburua da Amaia KHko instalazioak dauden eremuko lurzoruaren kalifikazioa eta sailkapena egokitzea, baita inguruko espazioena ere (Argaren eta Belosobeitiko erriparen inguruak). Azken batean, aldaketak estaldura urbanistikoa eta eraginkortasuna eman nahi dizkio Amaia KH klubaren eta Iruñeko Udalaren artean 2022ko ekainaren 1ean izenpetu zen hirigintza-hitzarmenaren aldaketari.
Aldaketaren eremua Belosobeitin dago, Iruñea eta Burlata arteko udal-trantsizioko mugan. Ibai-terraza bat da, oso ongi zedarritua, Arga ibaiaren eta Belosoko erripen artean dagoena, non kokatzen baitira Amaia klubeko kirol instalazioak, besteak beste. Ibai-terraza, bere osoan, Iruñeko udal-plangintzako IX. unitatearen barruan dago.
Kirol-instalazioen (ZNO-1) perimetroa lurzoru urbanizaezinek inguratzen dituzte. Lurzoru horiek Arga ibaiaren (A-2) ezkerreko ertza, Belosobeitiko erripa (A-4) eta hegoaldeko sarbideko zabalgune txiki bat (A-1) zeharkatzen dituen lur-zerrenda bati dagozkio. Zabalguneak lotzen du ibaiaren bidea erriparekin eta Arga gaineko oinezkoentzako pasabidearekin. Kirol instalazioen mugak doitzeak ekarri du Iruñeko Udalarenak diren lurrak kirol klubari lagatzea, eta alderantziz: IX-ZNO-1 unitatearen barruan dauden lurrak klubak udalari lagatzea. Hau da proposamen zehatza:
a) ZNO-1 unitatearen (hiri-lurzorua, non kokatzen baitira Amaia KH klubaren instalazioak) eta A-1, A-2 eta A-4 ondoko unitateen (lurzoru urbanizaezineko eremuak) mugak aldatzea:
–ZNO-1en azalera 2.498,66 m²-koa da, gutxi gorabehera. Azalera horren sailkapena aldatzen da: hiri-lurzorutik lurzoru urbanizaezinera. Horietatik, 922,27 m² A-1 unitateari gehitzen zaizkio; 1.215,41 m² A-4 unitateari eta 360,98 m² A-2 unitateari. Titulartasun publikora pasatzen diren lurzoruak dira.
–Lurzoru urbanizaezinetik hiri-lurzorura pasatzen den azalera 2.498,42 m²-koa da. Horietatik: 360,99 m² A-2 unitatetik datoz, eta 2.137,34 m² A-4 unitatetik. Lur horiek Amaia KH klubaren titulartasunera pasatzen dira.
Zedarritze berri horrekin instalazioen muga eta hesia atzeraematen dira, halako moldez non ibaiaren eta erriparen inguruan, muga berria instalazioen barnera biltzen baita.
b) Lurzoru urbanizaezinen kategoriak eta azpikategoriak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak ezartzen dituenetara doitzea. IX A-1 eta A-2 unitateei arriskutik babestu beharreko lurzoru urbanizaezinen eta paisaia eta ingurumenaren aldetik balioa duen lurzoruen kategoria eman zaie, eta IX A-4 unitateari, paisaia eta ingurumenaren aldetik balioa duen lurzoruen kategoria.
c) Aldaketak determinazio xehatuetan, esaterako altura eraikigarria, B+1 izatetik B+2 izatera pasatzen baita; berdeguneen ehunekoaren murrizketa, %33tik %30era pasatzen baita; eta itxituraren altuera handitzea, 2 m-tik 2,5 m-ra pasatzen baita.
Dokumentazioaren barruan dago udalak eta Amaia KH klubak izenpetutako hitzarmena, eta aldaketaren arautegian sartzen dira hitzarmen horren alderdi batzuk, honako hauek, esaterako: Arga ibaiaren parkea eraikitzea/urbanizatzea A-2 unitatearen eremuan, eta aldez aurretik ere han zen (A-4) erripako bidea egokitzeko obren proiektua, Argaren gaineko pasabideraino eta ibai parke berriaren hegoaldeko muturreraino luzatzeko.
Eremu hartan, Argaren ieta erriparen inguruak ingurumen-garrantzi handienekoak dira. Belosobeitiko erripan (A-4) aurreikusten den jarduketaren kasuan, ez da uste ingurumen-ukipen esanguratsurik izanen denik, jarduketa aldez aurretik dagoen bide baten gainean egiten delako. Arga ibaiaren inguruan (A-2), instalazioetako hesia atzeraematearen ukipena potentzialki positiboa da, erripako espazioa handiagotzen delako. Gaur egun, Argako ezkerreko ertzean zabalera aldakorra (0,5 m eta 1,5-2 m artean) duen oinezkoentzako bide batetik ibiltzen da. Bidea egokitzen da ibai bazterraren ezaugarrietara eta ez da konstantea tarte guztian. Oro har, ibai bazter hauek ez dute egitura eta mantentze-egoera onik. Horregatik da hain garrantzizkoa ibai parkearen neurriak ibai bazterraren ezaugarrietara egokitzea, bideak, ezarri den 3 m-ko zabalerarekin, ez ditzan ingurumen-ukipen berririk sor erriparen inguruan.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.
Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumeneko txosten estrategikoa ematea, honi buruzkoa: "Iruñeko Udalaren Hirigintza Planeko aldaketa egituratzailea U.I.IX Beloso unitatean", ez duelako ingurumen-ukipen esanguratsurik eragiten. Amaia Kirol Hiria da aldaketaren sustatzailea.
2. Aldaketa garatzen denean ingurumen-dokumentu estrategikoa biltzen diren neurri zuzentzaileak aplikatuko dira. Arga ibaiaren inguruan (A-2), ibai parkearen zabalera eta trazatua espazioaren erabilgarritasunera eta erripako formazioetara egokituko dira, eta horrela, lehentasuna emanen zaio trazatua hesitik ahalik eta hurbilen joateari, ibilgutik urruti, ibarbasoari ukipenik ez egiteko.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iruñeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abuztuaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2312404