193. ALDIZKARIA - 2023ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

55/2023 FORU AGINDUA, irailaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena uztailaren 5eko 47/2023 Foru Agindua. Azken horrek finantza transakzioen gaineko zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera egiteko prozedura garatzen du, eta "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa" 604 eredua onetsi.

Finantza Transakzioen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legeak karga hori ezartzen du Nafarroan, 2021eko urtarrilaren 16tik aurrerako ondorioekin, Hitzarmen Ekonomikoaren zazpigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa eragotzi gabe.

Uztailaren 5eko 47/2023 Foru Aginduak arautu egiten du aipatu zerga horri dagozkion autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera egiteko prozedura, eta onetsi egiten du autolikidaziorako 604 eredua. Azken xedapen bakarrean adierazten du bertan ezarritakoa lehen aldiz aplikatuko zaiela 2023ko iraileko autolikidazioei.

Halere, zailtasun teknikoak egon dira, eta, ondorioz, ezin da autolikidazio eredu berria aplikatu hasiera batean aurreikusitako epeetan. Horrenbestez, foru lege honek aldatu egiten du uztailaren 5eko 47/2023 Foru Aginduak indarra hartzeko eguna; izan ere, lehenengoz aplikatuko da 2024ko urtarrileko autolikidazioetan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru agindu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Foru agindu honetan dauden arauak gaitzen dituzte abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legearen 8. artikuluak eta azken xedapenetako lehenak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 47/2023 Foru Agindua, uztailaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinak finantza transakzioen gaineko zergaren autolikidazioen aurkezpena eta diru-sarrera egiteko prozedura garatzen baitu eta "Finantza transakzioen gaineko zerga. Autolikidazioa" 604 eredua onesten baitu.

Aldatu egiten da uztailaren 5eko 47/2023 Foru Aginduaren azken xedapen bakarra. Hona hemen testu berria:

"Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta 2024ko urtarrileko autolikidazioetan aplikatuko da lehenengoz; autolikidazio horiek 2024ko otsailaren 10etik aurrera aurkeztuko dira".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko irailaren 6an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2312877